Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 24ko 237/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 24

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de participación de la Comisión de Fiestas del Casco Viejo en la organización de las fiestas de San Femín Txikito

Exp: Expediente 09/666/D

: 237

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 7an, [?] andreak [?]-ren izenean eta Alde Zaharreko Jai Batzordearen izenean eta haiek ordezkatuz aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Idazkian kexa azaltzen zen herritarren kolektibo horiek ezin izan zutelako parte hartu Iruñeko Alde Zaharreko jaien antolaketan.

    Laburbilduz azaltzen da Alde Zaharreko Jai Batzordeak 30 urte daramatzala auzoko jaiak antolatzen, eta kolektibo gisa komunikazio arina ezarri behar duela Iruñeko Udalarekin jai horiek ongi antolatzeko. Alabaina, Iruñeko Udalak sistematikoki komunikazio hori saihesten du eta ez du aitortzen tradizionalki kolektibo hori egiten aritu den lana. Izan ere, Iruñeko udaleko gobernu-taldeak kolektiboen lana ordeztu nahi du, jaien antolaketa guztiz monopolizatuz.

    Zehazkiago, salatzen da ekitaldi jakin batzuk antolatzeko udalean aurkezten diren baimen-eskabideei edo udalak ez die erantzuten edo berandu erantzuten die, kasuko ekitaldia antolatzeko denbora materialik ez dagoenean (Udalari 2009ko abuztuaren 28an aurkeztutako eskabidea erantsi dute, non baimena eskatzen baitute zenbait ekitaldi antolatzeko; bada, Mugikortasunerako eta Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuak ez zuen hura ebatzi eta jakinarazi jaiak hasteko egunetara arte). Adierazten dute gisa horretako udal jarduerek zalantza eta segurtasun eza eragiten dietela egin dezaketenari eta egin ezin dezaketenari dagokienez, eta zalantza hori ez dagoela inolaz ere justifikaturik.

    Azken batez, kexa da azken urteetan udalak sistematikoki ukatzen diela jaien antolaketan eta garapenean parte-hartze aktiboa izateko daukaten eskubidea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari. 2009ko azaroaren 20an, Iruñeko Udalaren txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

    “Alde Zaharreko Jai Batzordeak alde zaharreko jaietan ezin parte hartzeari buruz [?] andreak Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexari dagokionez, honakoa azaldu behar dugu:

    Alde Zaharreko Jai Batzordeak Aldapako San Fermin jaiak erabili dituenez ETA erakunde terroristako presoen mezuak zabaltzeko, halakoak jasotzen baitziren jaietako beren programan, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak erabaki zuen jai horiek udalak berak antolatzea.

    2008an eta 2009an, jaiak udalak antolatu izan ditu. Alde Zaharreko Jai Batzordeak, beste edozein elkartek edo herritarrek bezala, edozein josteta jarduera edo ikuskizun publiko antola dezake behar den baimena baldin badauka. Izan ere, bai 2008an, bai 2009an, Alde Zaharreko Jai Batzordeak, Aldapako San Fermin jaiak aprobetxatuz, zenbait jarduera antolatu izan ditu.

    Halaber, komeni da gogoratzea udalak 2008rako programaturiko jai-ekitaldiak saboteatzeko ekintzen ondorioz eta 2007ko programarekiko desadostasuna nabarmenarazteko, Osoko Bilkurak erabaki zuela Alde Zaharreko Jai Batzordea premiatzea indarkeriatik bereiz zedin. Batzordeak ez du horri buruzko inolako adierazpenik egin.

    2009. urtean, udalak hiru bilera izan ditu Alde Zaharreko Jai Batzordearekin, haren jarduerak ez daitezen izan udalak programatzen dituenen aldi berean eta jarduera horien baldintzak argitzeko.

    Jaiak iragan ondoren, beste bilera bat egin da aipatutako batzordearekin.
    Jaiak irailaren 25ean hasi ziren, eta Alde Zaharreko Jai Batzordeak zenbait jarduera egiteko baimena irailaren 21ean izenpetu eta jakinarazi zen”.

AZTERKETA

  1. Azaldutakoaren arabera, kexa-egileak bi gai baieztatzen ditu: lehenengoa, 2008tik Iruñeko Udala Aldapako San Fermin jaien antolaketa protagonizatzen ari dela, Alde Zaharreko Jai Batzordea ordeztuz eta baztertuz, nahiz eta batzorde hori 30 urtez aritu den jai horiek antolatzen; bigarrena, Iruñeko Udala bide guztietatik saihesten ari dela batzorde horrek aipatutako jaien antolaketan parte har dezan.
  2. Lehenengo gaiari dagokionez, hau da, Iruñeko Udala jaien antolaketan eta garapenean hatu duen protagonismoari dagokionez, adierazi beharra dago Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.1 artikuluak eskumen zabala ematen diela udalei auzo-erkidegoaren beharrak eta nahiak betetzen lagundu dezaketen jarduera mota guztiak bultzatzeko eta nahi adina zerbitzu publiko eskaintzeko. Jarduera eta zerbitzu horien artean sar daitezke hiriko edo hiria osatzen duten auzuneetako jai patronalak antolatu eta finantzatzea. Eginkizun hori udalek hartu izan dute tradizionalki beren gain, udal eskumenen esparruko berezko jardueratzat hartuta.

    Eskumenen atribuzio zabal eta orokor horren arabera, Iruñeko Udalak erabateko legezko gaitasuna dauka hiriko zein hiriko auzuneetako jai patronalen antolaketa eta finantzaketa bere gain hartzeko. Lehenago jai horien antolaketaz auzuneko elkarte edo batzorde bat guztiz arduratzea ez da oztopoa edo eragozpena orain egiteko hori udalarena izateko.

    Are gehiago, Auzitegi Gorenak behin eta berriz adierazi izan du ezen, determinatzeko ea Administrazioak ondare-erantzukizuna duen jai baten antolaketak eragindako kalteengatik, udalak antolatutako edo diruz lagundutako herriko jaien kasua zerbitzu publikoen funtzionamenduaren arloan sartu beharra dagoela, nahiz eta jai horien kudeaketaz batzorde bat edo nortasun juridiko independentea duten entitate bat arduratu (Auzitegi Gorenaren 1995eko maiatzaren 25eko epaia, 1998ko azaroaren 17ko epaia eta abar). Izan ere, udalak erantzukizun hori hartu beharra dauka bere gain, jaien udal programazioan aurreikusitako jarduera guztiak direla eta, neurriren batean udalarekin hitzartuta daudelako edo udalak onartu dituelako, edo, bestela ere, udalak jakin duelako jarduera horiek egin eginen zirela eta haiek direla-eta ezer ez egitearekin baimendu egin baititu (Auzitegi Gorenaren 1998ko azaroaren 17ko eta 1999ko abenduaren 27k epaiak).

    Azken batez, baldin eta udala baldin bada herriko jai baten antolaketaren ondorioz gerta daitezkeen kalte edo galeren arduraduna, nahiz eta jai hori udalbatzak zuzenean antolatua ez izan, ezin zaio inolaz ere ukatu herriko jaien antolaketa bere gain hartzeko eta protagonizatzeko daukan ahalmena eta legitimazioa.

  3. Kexan baieztatzen den bigarren gaiari dagokionez, hau da, Alde Zaharreko Jai Batzordeak jaien antolaketan eta garpenean parte-hartze aktiboa izan dezan Iruñeko Udala jartzen ari den trabei dagokienez, administrazio publikoen berezko jardueran herritarrek parte hartzeko printzipioa gogorarazi beharra dago.

    Izan ere, beren interesetan eragina duten erabaki publikoak hartzerakoan herritarrek parte hartzea gizarte demokratikoetan ezin saihets daitekeen printzipioa da. Eta hori horrela da parte-hartze horrek, doktrina zientifikoak agertu duen bezala, erabakien kalitatea hobetzen duelako, hartutako erabakiak praktikan jartzea errazten duelako –legitimazio handiagoa ematen baitie– eta administrazio jardun ororen gardentasuna hobetzen duelako.

    Printzipio horren zehaztapen juridikoa zenbait arautan topa daiteke. Arau horiek, izan ere, tresnak ad hoc diseinatzen dituzte herritarren parte-hartzea efektiboa egiteko. Horren adibide egokiak hirigintza- eta ingurumen-arauak dira. Administrazioaren edozein arlotan aplikatzekoa den araua den aldetik, gogora dezagun ezen administrazio egokia izateko eskubidea nabarmenduz, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 84., 85. eta 86. artikuluek interesdunek administrazioaren jardueran parte hartzea erregulatzen dutela. Toki esparruan herritarrek parte hartzeko printzipioa irmo oinarrituta dago –ezinbestez hala behar baitu–, tokiko jarduera parte-hartze hori bideratzeko bereziki egokia delako, Administrazioa eta herritarra hurbil egotearen ondorioz. Horri dagokionez, nahitaez aipatu beharra dago Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 69.1 artikulua. Izan ere, artikulu horrek toki administrazioei agintzen die errazteko herritar guztiek tokiko bizitzan parte har dezaten; artikulu hori 72.aren osagarria da, azken horrek honakoa ezartzen baitu: Toki-korporazioek lagundu egiten dute auzotarren interes orokorren edo arlokoen alde egiten duten elkarteen garapena, beren jarduerei buruzko informaziorik ahalik eta zabalena ematen diete, eta beren ahalbideen baitan, baita herri-baliabideak erabiltzea eta beren jarduerak aurrera eramateko diru-laguntzetara iristea ere, eta korporazioaren kudeaketan auzotarren parte-hartzea bultzatzen dute, hori guztia 69. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Artikulu horiek aipatuz, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 27ko 165/1987 epaiak jada azpimarratu zuen auzokideen elkarteak herritarrek bizitza publikoan, bereziki tokiko bizitzan, parte hartzeko tresna bat direla. Bere aldetik, Auzitegi Gorenak 2000ko urriaren 11ko epaian gogoratu du 69. eta 72. artikuluetan argi azpimarratzen dela tokiko udalbatzak behartuta daudela herritarren interes orokor edo sektorialak defendatzen dituzten elkarteen garapena erraztera, eta horrekin batera modua badagoela, beren jarduerak egin ahal izan ditzaten, haiei baliabide publikoak erabiltzen uzteko eta diru-laguntzak emateko, udalbatza horien kudeaketan haien parte-hartzeari bultzada ematearren, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 69. artikuluan ezarritako moduan.

    Eta erakunde honen iritziz, herritarren parte-hartzea bideratzeko arlo edo esparru bereziki egokia da herrietako jaien antolaketa, zeren eta jaien protagonista nagusiak haiek ospatzen diren hiriko edo auzuneko bizilagunak baitira hain zuzen ere. Hori dela eta, herritarrek josteta-ekitaldi horien antolaketan eta garapenean parte hartzea, herritarren elkarteen bitartez, elkarte horiek formalizatuta egon nahiz ez egon, guztiz deseatzeko modukoa da.

    Argi dago arrazoi ugari direla eta (babes zibila, osasungarritasun publikoa, herritarren arteko bizikidetasuna, segurtasun publikoa eta abar), eremu publiko batean ospatu beharreko jai-ekitaldien gaineko azken hitza eta ospakizun horiek zein tokitan eginen diren erabakitzea udalari dagozkiola beti, zeren eta kontrakoak udalak bere eskumenetan eta arduretan utzikeriaz jokatzea erakutsiko bailuke. Baina, jaietako programen prestaketari, egin beharreko ekitaldien aukeraketari eta haiek eginen diren unea eta tokia hautatzeko uneari dagokionez, bai eta jaiaren garapenari dagokionez ere, herritarren parte-hartzearen printzipioak aginduta eta hura betearazteko legezko betebeharraren ondorioz, udalak jaia antolatzeko interesa duten auzokideen elkarteekiko lankidetza estuan jardun beharko du.

    Alde Zaharreko Jai Batzordearen parte-hartze eskasa edo deuseza justifikatzeko, Udalak argudiatzen du batzorde hori Aldapako San Fermin jaiez baliatzen dela ETA erakunde terroristaren presoen mezuak zabaltzeko. Hala eta guztiz ere, arrazoi horrek ez du balio herritarrek eskatutako parte-hartzea ukatzeko edo eragozteko. Horri dagokionez, ezin da ahaztu nolabaiteko maiztasunez kolektibo batzuk herrietako jaiez baliatu direla –antolatzaileekin bat etorriz edo bat etorri gabe– mezu ideologiko edo politikoak erakusteko edo zabaltzeko, baita mezu horiek bizikidetasunerako eta demokraziarako gutxieneko arauen kontrakoak direnean ere. Mezu horiek legez kanpokoak badira, aplikatzekoa den legezkotasunaren arabera jokatu beharko da, erakusketa horiek galaraziz. Alabaina, ETAren aldeko kartelak edo leloak erakustea edo legez kanpoko ekitaldi edo jarreren goraipamena guztiz zentsuragarriak diren arren –izan ere hala baitira, nabarmena denez– ezin dira “a priori” erabili justifikazio-argudio gisa herritarrek tokiko bizitzan parte hartzeko duten eskubide legitimoa ukatzeko edo murrizteko.

    Hori dela eta, irizpide egokiagoa dirudi “a priori” ez debekatzea eta ez baldintzatzea ezin gainditzekoa den moduan eta itxura batean edo hasiera batean legitimoak diruditen ekitaldiak egiteko asmoa, uste izateagatik haien babesean terrorismoa goraipatzeko ekintzak edo delitu-edukia duten beste batzuk eginen direla. Zuzenbideari hobeki egokitzen zaio eta proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioekin hobeki ezkontzen da legezkotasun itxura batekin eskatzen dena baimentzea, eta legez kontrako ekintzak egitekotan, haien egile arduradun zehatzak banaka identifikatzea eta Zuzenbidearekin bat haiek pertsonalki zehatzea. Horrela saihestuko dira aldez aurretik gaitzespen kolektiboko ekintzak eta, aldi berean, ez da eragotziko herritarrek gizarte-bizitzan eta udal bizitzan parte hartzea, hala erabakitzen baldin badute.

  4. Gauzak horrela, kexa-egileak salatzen du zenbait ekitaldi antolatzeko udalari aurkeztutako baimen-eskabideei udalak ez ziela erantzun, edo berandu erantzun ziela, jada kasuko ekitaldia antolatzeko denbora materialik ere ez zegoenean. Adierazten du gisa horretako udal jarduerek zalantza eta segurtasun eza eragiten dietela egin dezaketenari eta egin ezin dezaketenari dagokienez, eta zalantza hori ez dagoela inolaz ere justifikaturik.

    Gai horri buruz, Iruñeko Udalak jakitera eman behar du jaiak irailaren 25ean hasi zirela, eta Alde Zaharreko Jai Batzordeak zenbait jarduera egiteko baimena irailaren 21ean izenpetu eta jakinarazi zela.

    Data horiek ikusita, ezinbestez arrazoia eman behar zaio puntu horretan kexa-egileari, zeren eta nekez antola daitezke zenbait ekitaldi edo ikuskizun, behar diren kontratuak egin eta abar hiru egun bakarrik edukita (irailaren 22a, 23a eta 24a, hain zuzen). Baimena emateko ebazpen horrek ia ezertarako ez du balio, denborarik ez baitago baimendutako ikuskizunak antolatzeko. Ebazpena emateko izandako geroratzeak egiazki segurtasun eza eta zalantza eragiten dizkie baimenaren eskatzaileei, eta pertsona horiek ez dute horiek jasateko betebehar juridikorik.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea ezen, Toki-araraubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeko 69. artikuluan ezarritakoa betez, bidera eta berma dezan Alde Zaharreko Jai Batzordeak egiazki parte hartuko duela Aldapako San Fermin jaietako antolaketan eta garapenean, eta “a posteriori” zeha ditzan legearen aurkako ekintzen egile zehatz eta indibidualizatuak.

  2. Halaber, Iruñeko Udalari gomendatzea ezen Alde Zaharreko Jai Batzordeak aurkezten dizkion eskabideak ebatzi eta komunika ditzan behar den denborarekin, hain zuzen ere baimentzen diren ekitaldi edo ikuskizunak behar bezala antolatu ahal ditzaten.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hauen onarpenari eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  4. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia