Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Irregularidades y retrasos en un proceso selectivo de ingreso en la Administración
Exp: 09/604/F
Nº: 236
Funtzio publikoa
2009ko irailaren 16an, [?] andreak eta [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen dute Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 14ko1583/2007 Ebazpenarekin hasitako oposizio bidezko hautapen prozesua dela eta. Izan ere, oposizio horren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologikoa izateko 44 lanpostu oposizio bidez betetzeko deia egin zen.
Kexan, interesdunek, hautapen prozesuan izandako gorabeheren berri eman ondoren, salatzen dute prozesu hori arrazoizkoa dena baino askoz gehiago luzatu dela (galderak egitean eginiko akatsak aipatzen dituzte, eta azterketak egiteko datetan izandako luzapenak eta errekurtsoak ebazteko gertaturiko geroratzeak).
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 1583/2007 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologiko izateko 44 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Deialdia 2007ko ekainaren 4ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
2007ko ekainaren 27an eta uztailaren 3an, gora jotzeko bi errekurtso aurkeztu ziren aipatutako deialdiaren aurka. Aurkeztutako errekurtsoen edukiari buruzko txostena eskatu zitzaion orduko Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, eta institutu horrek 2007ko abuztuaren 2an eman zuen txostena.
2007ko abuztuaren 29an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ediktu bat argitaratu zen. Haren bidez, jakitera ematen zen gora jotzeko errekurtso horiek aurkeztuak zirela, eta interesdunei jakinarazten zitzaien hamar eguneko epean alegazioak aurkeztu ahal zituztela.
2007ko irailaren 7ko eta 10eko idazkien bitartez alegazioak aurkeztu ondoren, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Orokorrak behar ziren txostenak eman ondoren (2007ko urriaren 5ean eta 23an, hurrenez hurren), Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urriaren 30eko 508/2007 Foru aginduaren bitartez hein batean baietsi ziren aurkeztutako errekurtsoak, eta deialdiko oinarriak aldatzeko agindua eman zen, titulazioaren baldintzari eta eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzeari dagokienez.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 4036/2007 Ebazpenaren bitartez –2008ko urtarrilaren 7ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–, deialdiko oinarriak aldatu eta hogeita hamar egun naturaleko epea eman zen eskabideak aurkezteko.
Eskabideak aurkezteko bigarren epe hori amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren otsailaren 25eko 659/2008 Ebazpenaren bitartez –2008ko martxoaren 21eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen– onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi zen, eta hamar egun balioduneko epea eman zen erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, deialdiko oinarrietan ezarritakoa betez.
Epe hori iraganik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren apirilaren 21eko 1220/2008 Ebazpenaren bitartez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi zen, eta 2008ko irailaren 28a finkatu zen lehenbiziko ariketa egiteko data gisa.
2008ko urriaren 31n eta azaroaren 4an, 6an, 12an, 14an, 19an eta 20an gora jotzeko errekurtsoak aurkeztu ziren lehen ariketako behin betiko emaitzen aurka. Aurkeztutako errekurtsoak ikusita eta hautapen-prozesua izangaientzako ahal ziren berme guztiekin egin zedin, epaimahai kalifikatzaileak 2008ko azaroaren 7an iragarri zuen bigarren ariketa egiteko aurreikusita zegoen eguna geroratu egiten zela, eta ariketa hori egiteko eguna behar bezala iragarriko zela.
Jardun hori, zalantzarik gabe apartekoa dena, urriaren 31n eta azaroaren 4an aurkeztutako errekurtsoetan oinarritu zen, ulertu baitzen errekurtso horiek, agian, baiestekoak izanen zirela, eta, horrenbestez, lehen ariketako behin betiko emaitzak aldatuko zirela. Hori dela eta, beharrezkotzat jo zen bigarren ariketa atzeratzea, harik eta errekurtsoak bide administratiboan ebatzi arte. Honakoa izan zen errekurtso horiek ebazteko egutegia:
Berriz ere, gora jotzeko zenbait errekurtso aurkeztu ziren bigarren ariketako behin betiko emaitzen aurka. 2009ko irailaren 17an, Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuak txostena eskatu dio epaimahai kalifikatzaileari, eta gaur egun hura jasotzeko zain gaude, ebazpena eman ahal izateko. Hori alde batera utzita, epaimahai kalifikatzaileak jada hautapen prozesuko behin betiko emaitzak argitaratu ditu, eta datozen egunetan Nafarroako Aldizkari Ofizialera izendapen proposamena igorriko du, argitara dadin eta deialdiko oinarrietan ezarritako prozedurarekin aurrera egin dadin.
Aurreko guztia ikusita, ondoriozta daiteke zaintzaile gerontologikoa izateko 44 lanpostu betetzeko prozesua luzatu izana izangaiei ahal den berme gehien ematearren gisa honetako prozeduretan zaindu beharreko segurtasun juridikoaren ondorioz gertatu dela, bai deialdiko oinarrien aurka, bai bi ariketen emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazio eta errekurtsoak aztertu ondoren”.
Kexa-egileek salatzen dute aipagai dugun langileriaren arloko hautapen-prozesua izapidetzean eta ebaztean pairatu behar izan duten geroratzea (bi urte eta erdi, gutxi gorabehera, deialdia egin zenetik kexa aurkeztu denera, eta une horretan ere prozesua oraindik izapidetzen ari zen).
Funtzio Publikoaren zuzendaritza nagusiak igorritako txostenean hautapen-prozeduraren inguruabarren berri ematen da eta inguruabar horiek azaltzen dira, eta ateratzen den ondorioa da geroratzea segurtasun juridikoa eta izangaien eskubideak eta interesak bermatzeko beharraren ondorioa izan dela, prozesuko ekintzen aurka aurkeztutako erreklamazioak eta errekurtsoak direla eta.
Egiazki, segurtasun juridikoa Administrazio Publikoak bete beharreko printzipio konstituzionala da, hain zuzen ere haren jarduerak gidatu behar dituena. Baina egia da, era berean, jarduera horiek eraginkortasun printzipioa ere bete behar dutela, eta printzipio horrek, prozeduren planora aldatuta, ezartzen duela prozedurak behar den arintasunaz ebatzi behar direla, arrazoizko epe batean eta beharrik gabeko geroratzerik gabe.
Eraginkortasunaren printzipioa lotuta dago herritarrek administrazio egokirako duten eskubidearekin. Eskubide hori, hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan berariaz aitortuta dago, eta ezartzen du gaiak arrazoizko epe batean landu behar direla.
Funtzio publikoaren arloko legediak ez du eperik ezartzen langileriaren arloko hautapen-prozedurak izapidetu eta ebazteko. Bereziki konplexuak izaten dira prozedura horiek, bai berekin dakartzaten ekintzen aniztasunarengatik, bai, nagusiki, haietan izena ematen duten interesdunen aniztasunarengatik eta dauzkaten interes kontrajarriengatik ere.
Hala eta guztiz ere, adierazi beharra daukagu hemen aztergai dugun hautapen-prozeduraren iraupena (2007ko maiatzean egin zen lehenengo deialdia) gehiegizkoa dela nabarmen, eta geroratzearen arrazoiak, nahitaez, hartan parte hartu duten organo administratiboei egotzi behar zaizkiola (deialdia egin zuen organoa, epaimahai kalifikatzailea eta epaimahaiaren ekintzak berrikusi zituen organoa).
Deialdia partzialki legez kanpokoa zela atzeman zen, kasuko titulazioaren aurreikuspenari zegokionez (deialdia Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 1583/2007 Ebazpenaren bitartez onetsi zen, eta urte bereko ekainaren 4ko NAOn argitaratu zen, hautaprobak 2007ko urrian egiteko asmoarekin).
Horrek berarekin ekarri zuen aipatu deialdia aldatu behar izatea. Deialdi berria ez zen 2008ko urtarrilaren 7ra arte argitaratu; horrenbestez, zenbait hilabetez geroratu zen hautaproben hasiera (2008ko irailean hasi ziren, 2007ko urrian hasi beharrean, horixe baitzen hasieran aurreikusitakoa).
Bigarren azterketaren geroratzea (hasiera batean, 2008ko azaroaren 16rako ezarri zen), lehenengo ariketan epaimahai kalifikatzaileak izandako jokabidearen aurka aurkeztutako errekurtsoak baietsiko zirela aurreikusi baitzen; izan ere, horixe gertatu zen amaieran (Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren otsailaren 23ko 468/2009 Ebazpena, aurkeztutako errekurtsoak baietsi eta oposizioko lehen ariketa berriz zuzentzea agintzen duena).
Geroratze hori sine die iragarri zen, bigarren ariketa egiteko eguna ez baitzen 2009ko martxoaren 6ra arte ezarri; izan ere, urte bereko apirilaren 26rako ezarri zen.
Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko eta jakinarazteko izan ziren geroratzeak; izan ere, bai deialdia aurkatzen dutenei zegokienen kasuan, bai lehen ariketako behin betiko emaitzak aurkatzen zituztenei zegokienen kasuan ere, ebazpen-ekintzak legez aurreikusitako hiru hilabeteko epean gauzatu eta jakinarazi ziren.
Aipatutako inguruabar guztiak lagungarri gertatu dira hautapen prozedura desio zenaz eta arrazoizkoa zenaz harantzago luzatzeko. Inguruabar horiek guztiak, bestalde, espedientean esku hartzen zuten organo administratiboek berek eragindakoak ziren.
Ongi dakigu nolako zailtasunak izaten diren horrelako espediente administratiboak kudeatzeko. Ulertzen dugu akatsen bat egitea eta egindako akatsak berraztertu behar izatea behar diren bermeekin. Baina, halere, espediente honetan gertaturiko akats pila dela-eta, aurkeztutako kexa baietsi beharrean gaude, eta jo behar dugu prozedura honetan Administrazioak ez duela behar den diligentziaz jokatu.
Horren guztiaren emaitza izan da prozedura gure ustez arrazoizkoa dena baino gehiago luzatzea, eta horregatik ondorioztatu behar dugu herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea urratu dela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez langileriaren arloko hautapen prozedurak arrazoizko epe batean izapidetu eta ebatzi behar dituela, eta horretarako behar diren neurriak hartu behar dituela delako prozeduran esku hartzen duten organo administratiboei dagokienez, epaimahai kalifikatzaileak barne direla.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia