Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 24ko 235/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 24

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias por el funcionamiento de una explotación ganadera extensiva

Exp: 09/710/M

: 235

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 15ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitzarekin mugakidea den eta hartatik hurbilegi dagoen abeltzaintza estentsiboko ustiategi batek sortzen dizkion eragozpenengatik.

    Azaltzen du Labion bizi dela, [?] kaleko [?] zenbakian, eta bere etxebizitzatik 40 metro eskasera finka bat badagoela (152 A lursaila), non [?] sozietateak abereentzako janlekuak jarri dituen eta behi-azienda jarri duen. 151. lursailean duen abeltzaintza ustiategiaren osagarri moduan erabiltzen du. Abeltzaintza jarduera horrek eragozpenak sortzen dizkie kexa-egileei, zaratengatik, usainengatik, euliengatik eta abarrengatik.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Arangurengo Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    2009ko azaroaren 12an, Arangurengo Udaleko Alkatetzaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Horrekin batera, udalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta SEPRONAren ikerketa taldeak, kexa-egileak eskatuta, eginiko jarduera guztiak deskribatzen dituen txostena aurkeztu zuen. Txostenarekin batera, eginiko jarduerei dagokien dokumentazioa erantsi zen.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak azaltzen du Arangurengo Udalari erreklamazio bat aurkeztu ziola bere etxetik 40 metrora dagoen 152/A finkan garatzen den abeltzaintza jarduerarengatik. Idazkiaren bitartez, eskatzen zuen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako distantziak aplika daitezela. Horri erantzuteko, udalak esan dio abeltzaintza estentsiboko ustiategi bat dela, eta orduan ezin dela aplikatu aipatu foru dekretuko I. eranskinean distantziei buruz ezarritakoa.

    Izan ere, Ingurumen zinegotziaren irailaren 29ko bi idazkitan interesdunari jakitera ematen zaio [?] sozietateak 151. eta 152. lursailetan kokaturiko abeltzaintza instalazio batzuk badituela, eta ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren arabera ez dagoela abeltzaintza estentsiboko ustiategietatik herriguneetara gorde beharreko gutxieneko distantziarik, eta [?] sozietateak 152. lursaila erabiltzen duela eta bertan abeltzaintza estentsiboko ustiategi bat duela; bada, ustiategi hori dela-eta ez dago gorde beharreko distantziarik, foru dekretuari jarraituz.

    Horrenbestez, Arartekoaren erakundera jo du, jakiteko ea abeltzaintza estentsiboko ustiategi bat izanda ere, I. eranskin hori aplikatzekoa den. Bestela ere, jakin nahi du etxebizitzaraino gutxieneko distantziak zein diren.

  2. Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoei buruzko ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 2. artikuluak zenbait definizio jasotzen ditu. Hemen errepikatuko ditugu guk, aztertzen ari garen gairako interesatzen baitzaizkigu:
    1. Abeltzaintzako instalazioa abeltegiaren parte bat da, hau da, abeltzaintzako erakin edo barrunbeak, eta ekipoak, multzo bat osatzen dutenak halako toki batean. Abeltzaintzako instalazioak, tamainaren arabera, etxeko ukuilua, edukiera txikiko instalazioak edo edukiera handikoak izaten ahal dira, eta, tipologiaren arabera, abeltegi intentsiboa edo estentsiboa.
    2. Abeltzaintza estentsiboko ustiategitzat hartzen da, berriz, abereak, gehienbat, aire librean daudena; halako ustiategi batean abere zama txikia da azalera unitatean, eta berezko landaretzak edo ezarritako laboreak ez du ia sumatzen haien eragina. Definizioak alde batera uzten du gutxieneko azpiegitura sanitariorik baden (abereak gobernatzeko manga bat edo harrapatze-tokiak edo antzeko instalazio bat, abereak geldirik edukitzeko).
    3. Edukiera txikiko instalaziotzat jotzen du honako edukiera baino txikiagoa duena: 60 A.L.U., behi, zaldi, ardi eta ahuntz aziendetan; 30 A.L.U., txerri eta hegaztietan, oro har; eta 4 A.L.U., untxi, ahate eta ostruka aziendetan, espezie guztien artean mugetako bakoitza gainditzen ez bada, ezta 80 A.L.U. ere, denetara (A.L.U. abere larriko unitatea da, behi heldu –24 hilabete baino gehiagokoa– baten baliokidetzat hartzen dena, foru dekretuko VI. eranskinean ageri den baliokidetasunen taularen arabera).

      Foru Dekretuko I. eranskinak gutxieneko tarte batzuk ezartzen ditu auzunetik kanpoko etxebizitzetatik eta auzuneetatik gorde eta txerritegiak ez diren abeltzaintzako instalazio guztietan bete beharrekoak. Honakoak dira, hain zuzen:

      AUZUNE MOTA

      EDUKIERA TXIKIKO INSTALAZIOAK

      EDUKIERA HANDIK INSTALAZIOAK

      Auzunetik kanpoko etxebizitza

      50

      100

      <300 bizt.

      50

      100

      <500 bizt.

      100

      200

      <1500 bizt.

      300

      500

      <5000 bizt.

      500

      750

      >5000 bizt.

      1000

      1000. Komeni da ohartaraztea tarteak ezartzerakoan eranskinak ez dituela abeltzaintza estentsiboko eta intentsiboko ustiategiak bereizten.

      Bestalde, behin eta berriz aipatu dugun foru dekretuko 5.7. artikuluak honakoa dio: Eginak dauden instalazioen kasuan, eta foru dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko behar diren ingurumenaren arloko hobekuntzak hartu ahal izateko, salbuespen gisa, baimena eman liteke hondakinak tratatzeko ekipoak edo biltegiak paratzeko edo bestelako neurriak hartzeko I., II. eta III. eranskinetan aipatzen diren distantziak baino eremu hurbilagoetan, betiere eskura dauden teknika onenak aplikatuko direla egiaztatzen bada.

  3. Zalantzarik gabe, espedientean erantsitako dokumentazioa ikusita, abeltzaintza estentsiboko ustiategi bati buruz ari gara. Abeltzaintza-jarduera hori 152. lursailera zabaltzeari dagokionez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, 2009ko martxoaren 24ko idazkian, adierazi zuen Departamentuak aldeko ebazpena eman zuela 152. lursailean eraikitako instalazioak garatzeko, eta 210/97 zenbakiko jarduera-lizentziaren espedientean sartu zirela. Izan ere, jotzen da 152. lursaileko labore-eremua abereek bazkatzeko erabiltzea arau indardunetan babestutako zerbait dela, baldin eta ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira eta azalera-unitate bakoitzeko abere-zama baxua baldin bada, ezarritako landaredian edo laborean sumatzeko moduko eraginik sortu gabe.
  4. 2009ko abuztuaren 12an, SEPRONAren ikerketa-taldeak emandako txostenaren arabera, Ustiategiaren Liburuan egiaztapenak egin ondoren, ustiategian honakoak daude: behi-azienda (28 ar, 84 behi eta 59 eme) eta ardi-azienda (1.200 ardi). Txosten horretan adierazten da, era berean, salatzailearen etxebizitzatik ustiategira 41,70 metroko tartea dagoela.
  5. Aurrekotik guztitik argi eta garbi ondorioztatzen da 152. lursailak, abeltzaintza estentsiborako ustiategia den aldetik, ez dituela betetzen 148/2003 Foru Dekretuko I. eranskinean exijitzen diren gutxieneko distantziak (50 metro auzunetik kanpoko etxebizitzetarako, instalazioa edukiera txikikoa denean, eta 100 metro instalazioa edukiera handikoa denean).

    Aurreko guztiaren ondorioz, etxebizitzatik 152. lursailera 41,70 metroko tartea dagoenez, esan daiteke aipatutako 152. lursaila txerritegia ez den edukiera txikiko abeltzaintza instalazio baterako baizik ezin dela erabili, eta, gainera, lursaila behar den tokian itxi egin behar dela, kexa-egilearen etxebizitzatik gutxienez ere 50 metroko tartea dagoela bermatzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Arangurengo Udalari gogoraraztea legez [?] Sozietateari betearazi behar dizkiola ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarri eta aplikatzekoak zaizkion zehaztapen guztiak, eta oso bereziki I. eranskinaren arabera kexa-egilearen etxebizitzatik gorde beharreko gutxieneko tarteari dagokiona.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Arangurengo Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Arangurengo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia