Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 23ko 204/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako kexei buruzkoa.

2010 azaroa 23

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Disconformidad con la exigencia de las concretas titulaciones válidas para el acceso a puesto de trabajo de Titulado Superior del Gobierno de Navarra

Exp: 10/588/F

: 204

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko uztailaren 23an, eduki berdin-berdineko bi kexa sartu ziren erakunde honetan, [?] jaunak eta [?] janak aurkeztuak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 15eko 128/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren aurkakoak ziren kexa horiek.

    Interesdunak, Lanaren Zientzietan lizentziadun direnak, deialdiaren edukiaren aurka daude, zehazki exijitzekoa den titulazioaren baldintzari dagokionez:

    Psikologiako, Pedagogiako, Psikopedagogiako lizentzia edo baliokidea edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea”.

    Laburbilduz, argudiatzen zuten Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako lanpostu horietara sartzeko aukera eman beharko litzaiekeela Lanaren Zientziak lizentziatura egina duten pertsonei. Beren asmoa oinarritzeko apatzen dute aipatutako lizentziaturaren edukien eta deitutako lanpostuen edukien artean antzekotasun material bat badagoela, eta antzekotasun hori deialdiko gai-zerrendan ageri dela.

    Horretatik ondorioztatzen zuten kaltea egina zitzaiola funtzio publikora berdintasun baldintzetan sartzeko daukaten eskubideari; izan ere, gora jotzeko errekurtsoa jarriz aurkatua zuten deialdia, eta errekurtso horretan aurkatutako egintza bertan behera uzteko eskatzen zuten.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiari buruz.
  3. Gero, erakunde honetan 2010eko irailaren 14an jasotako idazkiaren bitartez –[?] jaunak aurkeztu zuen–, salatu zen Administrazioak aurrera jarraitu zuela prozedura izapidetzen, nahiz eta errekurtsoa aurkezterakoan hura bertan behera uzteko eskaria egin eta eskari horri oraindik ere erantzunik eman gabe egon.

    Halaber, adierazten da ezen, behin onartuen behin-behineko zerrenda aurkezturik interesduna txanda librean onarturik ageri zela, eta zalantza batzuk planteatzen dira jokabide administratibo horren norainokoari eta eraginei buruz.

    Idazki horren edukiaren berri Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ere eman zitzaion.

  4. 2010eko urriaren 8an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak eginiko txosten bat sartu zen gure erakundean. Haren batera, urriaren 4ko 619/2010 Foru Aginduaren kopia bat ageri zen; izan ere, haren bitartez aurkeztutako errekurtsoak –haien edukia aurrerago azaltzen da– ezesten ziren.
  5. 2010eko urriaren 20an, [?] jaunaren beste idazki bat jaso genuen. Haren bitartez, informazioa eskatzen zuen prozedurako izapideen jarraipenari buruz (behin betiko onarpenaren ekintza aipatzen zen). Funtsean, iraileko idazkian baieztatutakoaren edukia berresten zuen.

AZTERKETA

  1. Azaldutako aurrekarietatik ondorioztatzen da bat baino gehiago direla –eta izaera desberdinetakoak– kexa-espediente honetan azaldutako gaiak, guztiak ere Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 15eko 128/2010 Ebazpenaren bitartez irekitako hautapen prozedurari buruzkoak. Ebazpen haren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

    Alde batetik, aipatutako deialdiaren edukiaren aurka dagoela adierazten da, zeren eta kexa-egileei eragozten baitie haren xede diren lanpostuetara sartzea –goi mailako tituludun lanpostuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan destinoa dutenak–.

    Bestetik, salatzen da (zehazki, erakunde honetan [?] jaunaren idazki bat sartu zen) ezen, deialdiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zen arren eta hura zuzentzeko eskatu zen arren, Administrazioak, eskaera intzidental hori ebatzi gabe, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aintzat hartu ez eta hartan ezarritakoaren aurkako jarduketekin jarraitu zuela.

    Jarraitutasun horren ondorioz, interesduna hautapen-prozeduran onartu gisa ageri da, eta horren aurrean harrituta dagoela adierazten du.

  2. Azken gai horretatik hasita, honakoa adierazi beharra dago: deialdian, izangaien baldintzak zein diren ezarri ondoren (besteak beste, titulazioari dagokionez), hirugarren oinarrian, parte hartzeko eskabideak aipatzen direnean, aipatzen da haiek “deialdiko eranskineko ereduaren araberakoak izan behar dutela” eta eskabideetan izangaiek adierazi beharko dutela hartan exijitzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela”.

    Gero, eskabideari erantsi beharreko dokumentazioari buruzko atalean, erreferentzia egiten zaio soilik “Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik tasa ordaindu izanaren frogagiria” (3.3 oinarria, lehenengo atala).

    Azkenik, zazpigarren oinarrian (probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena), titulazioaren baldintza betetzeari buruzko egiaztagiria eskatzen da.

    Ezarritako horiek direla eta, ondorioztatzen da titulazioaren baldintza betetzeari buruzko kontrola ez duela administrazio dei-egileak eginen hautapen prozeduraren hasierako fasean, baizik eta amaierako fasean (probak egin ondoren eta izendapen proposamena baino lehen), eta soilik probak gainditu dituzten izangaien kasuan egiaztatuko dela. Horrenbestez, prozedura horrela taxutu ondoren, izangai bat hautaprobetarako onartzeko egintzak –deialdiaren laugarren oinarrian aipatzen dena, bai behi-behineko bertsioan, bai behin betikoan ere–, hemen aztergai dugunari begira, ez du garrantzi juridikorik, zeren eta hartatik ez baita inongo ondoriorik eratortzen exijitzen den titulazioaren baldintza betetzen den ala ez ezartzeari dagokionez.

    Erabilitako teknika, zeina funtsean bat baitator Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71 bis) artikuluan jasotako erantzukizunezko aitorpenarekin juridikoki onargarria da (interesdunak administrazio-prozeduraren hasierako fasean aitortzen du, bere erantzukizunaren menpean, arau indardunetan exijitzen diren baldintzak betetzen dituela, geroko kontrolak kendu gabe). Gainera, bat dator administrazioaren jardueran bete beharreko arintasunaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zama formalak saihesten dituen neurrian, bai izangaiei –hautaprobetan parte har dezakete jatorrizko titulua edo haren kopia konpultsatua aurkeztu behar gabe–, bai administrazio publikoari berari ere –baldintzaren betetzea hautaprobak gainditu dituzten izangaien kasuan egiaztatuko du soilik–.

    Aurrekoa ezarrita, ez da ahaztu behar, ezta ere, teknika horrek herritarrengan eragin dezakeen segurtasun eza, baldintzaren egiaztapenak arloan prestakuntza tekniko jakin bat izatea exijitzen duen edo exiji dezakeen kasuetan. Eta horixe da gertatzen dena zuzenean aplikatutako arauak (kasu honetan, deialdia, gutxienez ere zentzu funtzionalean, da arau hori) ez dituenean amaieraraino eta modu orohartzailean determinatzen hartan ahokatzen diren kasu guztiak (kasu honetan, tituluak).

    Horri dagokionez, tituluaren baldintza egituraturik, zehazki aipatzen diren batzuei erreferentzia eginez, eta aurreikuspen hori osatuz “baliokideak” ere onartuz, gerta daiteke titulu horren egiaztapenak exijitu dezakeela titulazio akademikoen baliokidetasuna arautzen duten xedapen normatiboetara jo behar izatea. Horri gehitu beharra zaio titulazioak ugaldu egin direla egiazki, eta gerta daitekeela, gutxienez ere herritarren kasuan, argi ez egotea zer jo behar den baliokidetzat eta nork erabaki behar duen baliokidetasun hori. Eta horrenbestez, ulertzekoa da izangaien zalantza nondik heldu den.

    Aurrekoa ezarrita, herritarraren esku uztea aipatutako baldintza betetzen duen ala ez intzidentalki jotzeko zama, funtzio publikoan sartzekoak bezalako prozedura kostu handikoetan, proportziorik gabekoa gerta daiteke, erakunde honen iritziz.

    Aurrekoa dela eta, erakunde honek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzen dio ezen, aurreko arrazoibideak haztatuz, erabilitako teknika bertan behera utzi behar izan gabe hari eustea egokia dela jotzen baldin bada, behar diren neurri berriak aintzat hartu eta, kasua bada, ezar ditzala izangaiek titulazioaren baldintzaren norainokoa hobeki ezagutzen dutela bermatze aldera. Horretarako, honako aukerak iradokitzen ditugu:

    1. Deialdietan, informazio izaeraz, adieraztea zein diren, onarpena emateko unean, berariaz aipatutakoen baliokidetzat aitortutako tituluak, ezertan kendu gabe izangaiak, kasua bada, egokitzat jotzen dituenak alegatu ahal izatea.
    2. Aurrekoa komenigarritzat jotzen ez bada, informazio hori, gutxienez ere, Nafarroako Gobernuaren web atarian jartzea, kasuan kasuko hautapen prozeduraren iragarkiarekin batera.
  3. Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa ez betetzeko aukerari dagokionez, egintza administratiboen exekuzioa bertan behera uzteari dagokionez, erakunde honek ezinbestez jo beharra dauka kexak oinarria baduela.

    Administrazio prozedurari buruzko legeko 111. artikuluak, administrazio errekurtsoak aurkeztearen ondorioz egintzen etendurari dagokionez, lehenengo berresten du arau orokorra dela egintzak berehala betearaztekoak izatearena eta, horrenbestez, errekurtso bat aurkezte hutsak ez duela determinatzen etenduraren eragina; eta gero onartzen du ezen, interesdunak eskatuta, etendura erabaki ahalko dela, eta kasu horretarako, honakoa aurreikusten du:
    “Aurka egindako egintza betearaztea eten egin dela ulertuko da, hori ebazteko eskumena duen organoak egintzaren etendura-eskabidea jaso eta hogeita hamar egunetan gaiaz ebazpen adierazirik eman ez badu”.

    Arau horren arabera, etenduraren eragina ope legis gertatzen da administrazioak etenduraren eskaria dela-eta ezer ere egiten ez duenean –hari buruz ezarritako epean erabakirik hartzen ez duenean–.

    Kexaren xedea den kasuan, argi dago administrazioak eskabidea zela-eta ez zuela ezer egin; izan ere, errekurtsoa ebazteko foru aginduak bera, laugarren aurrekarian, prozedura eteteko jasotako eskaerei buruz ari dela, honakoa esaten du: “beste bi errekurtsoetan (kexa-egileenetan) ageri diren etendura-eskaerei ez zaie berariazko ebazpenik eman”.

    Alabaina, aurrekarietan ez-egite hori aitortuta ere, foru aginduak, zazpigarren oinarrian, honako arrazoibidea erabiltzen du:

    “Errekurtsogile [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako idazkiei dagokienez –haietan esaten dute Administrazioak ezin zuela abuztuaren 25eko 57/2010 Ebazpena eman, zeinaren bidez aurkatutako deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesten zen, gora jotzeko errekurtsoetan eskatu bezala deialdia etenik zegoelako–, adierazi beharra dago data horretan oraindik ere iragan gabe zegoela Administrazio eta Prozedura Legeko 111.2 artikuluan jasotako hogeita hamar eguneko epea, eta, horrenbestez, data horretan ezin zela ulertu deialdia etenik zegoenik”.

    Oinarri horretan jasotako baieztapena, alegia, aurkatutako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda hogeita hamar eguneko epea iragan aurretik eman zela, egia izanik ere, garrantzirik gabekoa da deialdia etetek eginiko eskaria bete behar zen ala ez erabakitzearen ondorioetarako.

    Behin-behineko onarpenaren egintza adierazitako hogeita hamar eguneko epea iragan aurretik eman baldin bazen, epe hori iragan ondoren behin-behineko onarpenaren ondorengo eta errekurtsoa ebatzi aurreko egintza administratibo guztien izapidetzea gerarazi behar ziren (behin-behineko onarpenaren aipatutako egintzaren argitalpena eta onartuen behin betiko zerrendaren onespena eta argitalpena); izan ere, izapide horiek aurkatutako ebazpenaren eraginak betearazteko izapideak dira, eta ebazpen horren –hau da, deialdiaren beraren– etendura eskatua zen.

    Azken batez, etendurari buruzko eskaria ebatzi gabe hogeita hamar eguneko epea iragan ondoren, etendura ope legis gauzatu zen, eta Administrazioak deialdiaren exekuzioa gerarazi behar zuen, egun hartan zegoen bezalaxe, edozein zela ere hurrengo prozedurazko izapidea. Are gehiago, herritarrek irailean aurkeztutako idazkian argudiatzen zenaz harantzago –alegia, bidezkoa zen ala ez izangai onartuen behin-behineko zerrendaren egintza betetzea– eskatzen dena da “aurkatutako ebazpena etentzat ematea”, hau da, deialdia etentzat ematea; beraz, ezinbestean ulertu beharra dago eskatutakorako eskubidea zeukatela.

    Horrenbestez, Administrazioak ez zuen aitzat hartu berretsitako arauan ezarritakoa, eta prozedurazko arau horren ez betetzeaz harantzago, behin errekurtsoa ebatzita, interesdunei kalte efektiboak eragin zaizkien ala ez alde batera utzita –aukera hori, aldez aurretik, ezin da ez baieztatu, ez baztertu–, bidezkoa da kasuko legezko betebeharren gogorarazpen bat egitea.

  4. Eta aztertu beharra dago, bestetik, espedientearen funtsezko xedea den gaia, zeina baita erabakitzea ea Zuzenbidearen araberakoa den deialdian titulazioa dela-eta ezarritako baldintza, zeinak deitutako lanpostuetarako sarbidea murrizten baitu.

    Horri dagokionez, aitortu beharra dago ezen, administrazio publikoek beren baliabideez hornitzeko daukaten antolamenduzko ahalmenaren berariazko agerpen gisa, administrazio horiei zuhurtziarakotasunerako tarte bat badagokiela beren egiturak eta lanpostuak diseinatzerakoan, eta, zehazki, haietara sartzeko baldintzak zehazteari dagokionez. Halatan, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro esan izan du “administrazio publikoek jarduteko tarte handia dutela bere egiturak sendotu, aldatu edo osatzeko eta bere zerbitzuko langileen estatusa antolaketaren aldetik taxutu edo zehazteko” (Konstituzio Auzitegiaren epaiak, 57/1990, 293/1993 eta 9/1995).

    Hori dela eta, legedi indardunak konponbide jakin bat ezartzen duen kasuetan izan ezik, administrazio publikoari egokituko zaio exijitzekoa den titulazioari buruzko azken erabakia hartzea, eta, printzipioz, ikuspuntu juridikotik, bidezko aukera bat baino gehiago egon daiteke. Eta hori horrela da zeren eta, legediak Administrazioaren erabakia aurrez determinatzen ez duen kasuetan, erabaki horrek oinarrituta egon beharko baitu ez hainbeste legezkotasun-arrazoietan baian bai jokabide horretarako aukera egokian eta hura zuzena izatean.

    Sakoneko gaia horrela planteatuta, Administrazioak erabakia hartzeko daukan zuhurtziarakotasun administratiboa aitortu ondoren, erakunde honek ikuskatu behar du zuhurtziarakotasuneko ahalmen hori bat ote datorren bera mugatzen duten printzipio orokorrekin eta, bereziki, arbitrariotasunaren debekuaren printzipioarekin, eta begiratu behar du erabaki hori –harekin ados egon nahiz ez egon– oinarrituduna eta arrazionala den.

    Horri dagokionez, Administrazioak honela oinarritzen du bere erabakia:

    “Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Atalak txosten bat egin du, non adierazten baitu bi lanpostu horiek heldu direla Enplegu Institutu Nazionalak 1989an egin zuen langileen aurreikuspen batetik; aurreikuspen horretan, izan ere, “goi mailako tituludunen” lanpostu batzuk ageri ziren. Izen hori gorabehera, lanpostu horietan Psikologiako Lizentziatura eskatzen zen, zeren eta haien xedea baitzen lanbide orientazioko eta hautapen teknikoko betebeharrak betetzea enplegu bulegoetan. Hamaika lanpostu horietatik bi dira orain hautapen prozesu honetan sartu direnak.

    Bi lanpostu horiek Psikologiako, Psikopedagogiako eta Pedagogiako lizentziatuentzat gordetzeko arrazoiak teknikari horiek egin beharreko lan motari dagozkie: enplegurako eta prestakuntzarako lanbide orientazioko ekintzak, banakakoekin nahiz taldeekin.

    Ekintzarik ohikoena banakako tutoretza da, non artatutako pertsonekin eginiko elkarrizketa pertsonal batean edo batean baino gehiagotan gauzatzen baita haiei enplegua bilatzeko prozesuan eman beharreko aholkua, betiere dauzkaten gaitasun pertsonal eta profesionalen araberakoa. Ekintza horretan honakoak hartzen dira kontuan: balio, motibazio, jarrera, eskuragarritasun- eta profesionaltasun-mailak, helburu profesionalak eta egoera sozioekonomiko eta pertsonal zehatzak.

    Eginbehar nagusietatik beste bat da langileen hautapen teknikoko prozesuak egitea. Halakoetan, langile hauen ardura izanen da kasuko proba psikoteknikoak hautatu, aplikatu, ebaluatu eta interpretatzea eta behar diren hautapen-elkarrizketak egitea, zertarako eta neurtzeko prozesuan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren egokitasun pertsonala eta profesionala zenbateraino egokitzen zaizkion kasuko enplegu eskaintzari.

    Proba psikotekniko konplexu horiek deialdian exijitzen diren hiru titulazioetatik edozein dutenek ezarri, aplikatu eta interpretatu ahalko dituzte soilik.

    Gainera, bai lanbide-orientazioaren esparrua,n bai hautapen teknikoaren esparruan egiten diren elkarrizketa pertsonalek eskatzen dute aintzat hartzea eta baloratzea bai herritarren alderdi pertsonalak –motibazioak, itxaropenak, balorazioak eta frustrazioak–, bai haien gaitasunak, trebetasunak eta konpetentziak ere, eta horretarako ezinbestekoa da haiek burutzen dituen teknikariak ezaupide oso zehatz eta berariazkoak edukitzea, hain zuzen ere zehaztutako titulazioei dagozkien ikasketetan baizik ikasten ez direnak.

    Horrenbestez, aipagai ditugun “goi mailako tituludun” hauek interesei, gaitasunei eta nortasunei buruzko proba psikoteknikoak aplikatu eta interpretatzeko lanak egiten dituzte, eta egoera pertsonal eta sozial konplexuetan maneiatzen dira, eta horrexetarako, izan ere, nozio jakin batzuk ezagutu eta erabili behar izaten dituzte, Laneko Zientzien Lizentziaturan behar diren sakontasunarekin lantzen ez direnak.

    Litekeena da horrelako ikasketak dituen pertsona batek tokia izatea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zerbitzu zentralen antolamendu-lanpostuetan, baina lizentziatura horren edukiek zerikusi eskasa edo deuseza daukate enplegu-agentzietan enplegu eskatzaileei arreta emateko lanetan izaten diren eginbeharrekin, eta azken horiexetara daude zuzenduta lanpostu hauek.

    Esate baterako, errekurtsoa aurkeztutako deialdia aztertuz gero, aurkitzen dugu III. atalak, lanbide informazioari eta orientazioari buruzkoak, Psikologia, Psikopedagogia eta Pedagogia lizentziaturetako ikasgaietan landutako gaietatik asko biltzen dituela.

    Aipatutako ikasketek, gainera, tituludun horiei gaikuntza ematen diete neurketa-tresnak –testak– erabiltzeko eta haiek interpretatzeko”.

    Erakunde honek uste du Administrazioak behar beste justifikatzen duela baldintza hori zergatik exijitzen duen. Nabarmena da ezen erabilitako arrazoibidean deialdiaren xedea den lanpostuari buruzko eta tituludun batzuk eta besteak hura betetzeko gai edo egokiak izateari buruzko kontzepzio jakin bat ageri dela inplizituki. Gerta daiteke arrazoibide horrekin ados egotea ala ez egotea, hura egokitzat jotzea ala ez jotzea –hori, izan ere, neurri handi batean berezkoa da zuhurtziarakotasunaz baliatuz gero– eta beste aukera batzuk badaudela baieztatzea, baina erakunde honek, bere ikuskapen eginkizunaz baliatuta, ez du atzeman kexaren xede den erabakia legez kanpokoa denik edo herritarren konstituzio-eskubideak urratzen dituenik, eta, horrenbestez, ez da bidezkoa hura deusezta dadin eskatzea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari (NAPI) iradokitzea neurri berriak har ditzatela ziurtatzeko izangaiek hobeki ezagutzen dutela titulazioaren baldintzaren norainokoa, eta, zehazki, “baliokidetasunak” zein diren, ebazpen honetako bigarren gogoetan adierazitakoaren arabera.

     

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 111.3 artikuluan ezarritakoa bete behar duela, aurkatutako egintza administratiboen exekuzioa ope legis eteteari dagokionean, eskari hori legez ezarritako epean ebatzi ez baldin bada.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  4. Interesdunei eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia