Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Solicitud de que, en los comedores gestionados por las APYMAS se apliquen los criterios establecidos por el Departamento de Eduación para niños con intoleracia a algunos alimentos
Exp: 09/593/E
Nº: 234
Hezkuntza eta irakaskuntza
Joan den irailaren 11n, [?] jaunaren eta [?] andrearen idazki bat aurkeztu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten beren seme [?] ezin delako ikastetxeko jantokian bazkaltzen gelditu ikaskideekin batera.
Azaltzen dute beren semea zeliakoa dela, eta arrautzak, urrak eta almendrak jateko intolerantzia larria duela. Joan den urtean, ikasten diharduen La Compasión ikastetxeko jantokian apuntatu zuten. Hala eta guztiz ere, cateringaz arduratzen den enpresak ez du bere gain hartzen horrelako gaixotasunak dituzten haurren janaria. Hori dela eta, beraiek izaten dira egunero bazkaria motxila batean eraman behar izaten diotenak.
Haien desioa da semeari beste guztiei ematen zaien tratu bera ematea, zeren eta pairatzen duen gaixotasun kronikoak ez baitio eragozten bizimodu normala eramatea. Hori dela eta, eskatzen dute [?]k ikastetxeko bere ikaskide eta lagunekin bazkaltzeko modua izan dezan.
Hezkuntza Departamentuak honakoa dioen txostena igorri du:
“Hezkuntza Departamentuari igorritako idazkitik ondoriozta daitekeenez, kexa lotuta dago ikastetxe pribatu batean ematen den eskola-jantokiaren zerbitzuarekin. Hori dela eta, jakitera ematen dizut departamentu honen eskumena mugatzen dela ikastetxe publikoetako eskola-jantokien zerbitzua kontratatzera.
Hala eta guztiz ere, informazio-eskariari dagokionez, jakitera ematen dizut Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetako eskola-jantokiaren zerbitzua kontratatzeko 2009-2010 ikasturterako baldintza administratiboetako orrien II. klausulan aztertzen ari garen gariari buruz ezarritakoa:
“Esleipena hartzen duen enpresak zerbitzu mediko batek agin ditzakeen dietak zerbitzatu beharko ditu, izaera orokorreko tokiek finkatuta duten prezioa aldatu gabe.
Jankide alergikoen dietak, klausula teknikoetan aipatzen direnenak, esleipena hartzen duen enpresak zerbitzatu beharko ditu izaera orokorreko tokiek finkatuta duten prezioa aldatu gabe”.
Gainera, joan den ikasturtean, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak elikagaien alergiek ukitutako jankideak direla-eta igorritako komunikazioa erantsi dizut. Komunikazioa eskola-jantokiaren zerbitzua ematen duten ikastetxeetako zuzendariei igorri zitzaien. Baliagarri gerta dakioke zure erakundeari aurkeztutako kexa ebazteko.”
Hezkuntzarako eskubidea, Espainiako Konstituzioko 27. artikuluan jasotakoa, garraio-zerbitzuarekin eta eskola-jantokiaren zerbitzuarekin osatu izan da azken urteetan. Zerbitzu horiek desberdintasuna berdintzeko tresnen gisara egituratu ziren hasiera batean, bereziki landa ingurunean. Gaur egun, ordea, ezinbesteko zerbitzua dira familia askorentzat, familia eta lana uztartzeari begira.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 80. artikuluan, ezartzen du herri-administrazioek konpentsazio-ekintzak eginen dituztela egoera txarrean dauden pertsonentzat, taldeentzat eta lurralde-eremuentzat, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta laguntzak emanen dituztela. Halaber, ezartzen du estatuari eta autonomia-erkidegoei dagokiela beren eskumenen eremuan osabidezko hezkuntzaren lehentasunezko helburuak finkatzea.
Aurrekotik ondorioztatzen da hezkuntzarako eskubidea eraginkorra izateko eta eskubide hori bere osotasunean garatzea eragozten duten era guztietako baldintza ekonomiko, geografiko edo sozialak deuseztatzeko, beharrezkoa izanen dela kasuan kasuko berezitasunei erreparatzea.
Planteatutako kasuan, [?] ikasten ari den ikastetxea itundutako ikastetxea da, eta, horrenbestez, ikastetxeko gurasoen elkarteari dagokio eskola-jantokiaren kudeaketa.
Hori, halere, ez da oztopoa Administrazioak zerbitzu horren funtzionamendua gainbegiratu edo ikuskatzeko, osasunari, segurtasunari edo higieneari dagozkion alderdiak direla eta, esate baterako. Are gehiago, Hezkuntza Departamentuak berak aholkua eman diezaioke gurasoen elkarteari eskola-jantokiaren antolaketari eta kudeaketari buruz.
[?] zeliakoa da, eta intolerantzia larria dauka arrautzak, urrak eta almendrak jateko. Jatekoa ematen duen enpresak ez duenez horrelako gaixotasunen ardura hartzen, [?] ikaslearen gurasoek egunero jatekoa eramaten dute etxetik eskolako jantokira.
Horrenbestez, bere ikaskideei ez bezala, daukan gaixotasuna dela eta, [?]i ez diote jatekorik ematen ikastetxean. Hori dela eta, gerta daiteke desberdin edo bazterturik sentitzea, daukan gaixotasunaren ondorioz.
Hori dela eta, erakunde honen irizpideari jarraituz, eta itundutako ikastetxea izanda ere, erakunde honek uste du Hezkuntza Departamentuak behar diren kudeaketak egin behar dituela bermatzeko [?]k jantoki-zerbitzua jaso ahal izatea pairatzen duen egoerarako egokiak diren baldintzetan, halako moduan, non gainerako ikaskideekiko berdintasun erreal eta efektiboa bermatuko baita (Konstituzioko 9.2 artikulua), eta ez soilik berdintasun formal edo uniformea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren kudeaketak egin ditzan [?]k jantoki zerbitzua erabili ahal izan dezan gainerako ikaskideen berdintasun efektiboko baldintzetan, betiere elikaduraren arloan dauzkan premietara egokituta.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia