Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Denegación de ayuda económica dos años después del fallecimiento
Exp: 10/709/B
Nº: 202
Gizarte ongizatea
2010eko irailaren 14an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, bere amak eskatutako laguntza baten espediente bati buruzko komunikazioa dela eta, komunikazio hori hura hil eta bi urtetara egin baitzen.
Azaltzen du bere ama, [?] andrea, hil eta bi urtetara, bere etxean Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen ekainaren 17ko 2253/2010 Ebazpenaren jakinarazpen bat jaso zuela. Ebazpen horretan, jakinarazten zitzaion eskatutako laguntza ez zitzaiola emanen “aurrekontuan dirurik ez egoteagatik”.
Kexa-egileak kexa agertzen du bere ustez arduragabekeria bat den jokabide horrengatik eta Nafarroako Mendekotasun Agentziaren sentiberatasun ezarengatik, laguntza-eskaria egin eta interesduna hil zenetik bi urte iragan direnean bidali baitu azaldutako komunikazioa.
Adierazten du ezen, jada azken momentuan, bere amaren mendetasun egoera baloratzeko zitazioa jakinarazi ondoren, komunikazio bat igorri ziola Nafarroako Mendekotasun Agentziari, eta haren bidez jakinarazi ziola harrezkero hila zela, eta heriotza-ziurtagiria ere igorri zuela.
Interesdunaren ustez, Administrazioak, dauzkan bitartekoekin, bere kexa eragin dutenak bezalako egoerak saihestu beharko lituzke, eta egoeraren absurdua salatzen du.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
“2008ko irailaren 24an, [?] andreak hirugarren adinaren arloko laguntza berezi bat eskatu zuen, oherako baranda bat eta segurtasun uhal bat erosteko. Guztira, 140,43 euro ziren.
Kontzeptu horiek soilik ordain zitezkeen Gizarte zerbitzuen arloko eta laguntza banakako eta familiarrak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuan jasotako laguntza berezien bitartez; izan ere, haren 7. artikuluan halako laguntzak definitzen dira eta esaten da larrialdiko egoerei konponbidea emateko erabiltzen direnak direla; eta besteak beste, gutxitu fisikoen mugikortasun handiagoa errazteko balio dutenak aipatzen dira.
7. artikulu horretako bigarren idatz-zatian ezartzen da laguntza horien zenbatekoa –behin baizik ezin izanen dira jaso eta ez aldizka– kasu zehatz bakoitzean gertatzen diren inguruabar berezien araberakoa izanen dela, eta haiek emateko honako irizpideei begiratuko zaiela:
Bestalde, arau horretako 4. artikuluak ezartzen du laguntzak ematea, nolanahi ere, horretarako unean-unean aurrekontuetan dagoen diruaren araberakoa izanen dela, hain zuzen ere eskabideen ebazpen administratiboa emateko momentuari dagokionean.
Aipatutako laguntzen kudeaketa zehaztasun handiagoz egiteko behar diren irizpideak, gehieneko topeak eta aplikazio baremoak 2008an onetsi ziren, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen apirilaren 10eko 1135/2008 Ebazpenaren bitartez. Hain zuzen ere, urte hartan egin zen txosten honen xedea den eskaria.
Ebazpen horretan zehazten zen laguntza horien xedea zela hirugarren adineko pertsonei erraztasunak ematea beren eguneroko bizitzako jarduera arruntetan ari daitezen, adinaren beraren ondorioz heldutako zailtasunen aurrean. Horretarako, diru-laguntzak ematea aurreikusten zen, haien ongizaterako, mugigarritasunerako nahiz egoera fisiko-sanitariorako onuragarri gerta daitezkeen elementuak erosteko. Halaber, laguntzen xedea hedatzen zen pertsona horiek bizi diren etxebizitzen egokitzapenetarako, modu horretara adineko pertsonen segurtasuna eta erosotasuna erraztuz eta, azken batean, etxean gertu ahal izatea bideratuz eta autonomia pertsonala sustatuz.
Ebazpen horrek, aurkezteko epea zehazten ez zuenez, aukera ematen zuen eskabideak urte natural osoan zehar aurkezteko; gero, eskabide horiek banakako ebaluazio prozedurari jarraituz ebatziko ziren, horretarako ezarritako erregistroan eskabideak sartzeko hurrenkeran.
Ebazpen horretako 11. idatz-zatian, azkenean, xedatzen da laguntzak ematea horretarako unean-unean aurrekontuetan dagoen diruaren araberakoa izanen dela.
2008. urtean, laguntza berezi horiek ordaintzeko ezarritako kontusailean (920005-91810-4809-231405 kontusaila, “Hirugarren adineko pertsonentzako laguntza teknikoak eta mugigarritasunerako laguntzak” izenekoa) ez zen behar beste aurrekontu-kreditua ezarri aurkeztutako eskabide guztiak ordaindu ahal izateko.
Egoera horren aurrean, erabaki zen laguntza horien ebazpena hurrengo aurrekontu-ekitaldirako geroratzea. Erabaki horren helburua zen erantzun gabeko eskabideak hurrengo urteko, 2009. urteko, kontusailaren kargura izapidetzea, aurreko beste batzuetan jada egin bezala.
Ekitaldi horretan, halere, ez zen aurrekontu-krediturik izan aipatzen ari garen laguntza horiek ordaintzeko; hori dela eta, ez zen ebazpen bat onetsi, aurreko urteetan bezala, irizpide horiek finkatzeko, nahiz eta interesdunek laguntza horiei buruzko eskabideak aurkezten jarraitu zuten.
Azkenean, 2010ean, berriz ere horrelako laguntzetarako kontusail bat ezarri da aurrekontuetan. Hala eta guztiz ere, xede horretarako ezarritako kontusaila (920005-91810-4809-231405 kontusaila, “Hirugarren adineko pertsonentzako laguntza teknikoak eta mugigarritasunerako laguntzak) zuzenduta dago soilik mendetasuna duten pertsonei laguntzak ematera, eta ezin dira kontu horren kargura ordaindu aurreko urteetako eskabideak.
Hori guztia kontuan izanda, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren irailaren 2ko 272/2010 Foru Aginduaren bitartez, deialdi bat onetsi da mendetasuna izan eta Nafarroan bizitokia duten pertsonei diru-laguntzak emateko, hain zuzen ere laguntzako produktuak erosteko eta beren etxeetan irisgarritasuneko eta egokitzapeneko lanak egiteko, beren autonomia pertsonala sustatze aldera eta gizarte gaien arloan mendetasunari aurrea hartzeko.
Horren arabera, mendetasuna duten pertsonek laguntza horiek eskatu ahal dituzte, eta diru-laguntzak eman ahal dira egiazki kreditatuta dauden gastuak ordaintzeko, hain zuzen ere 2008ko urriaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitarteko aldian egin direnetarako.
Horrela, ahal den guztian gutxitu nahi izan dira 2008an eta 2009an, aipatutako laguntzak ordaintzeko, aurrekontuetan krediturik ez izatearen ondoriozko eragin negatiboak.
Alabaina, saihestezina da 2008ko eta 2009ko ebatzi gabeko hirugarren adinaren eta ezgaitasunaren arloko laguntza berezien eskabide guztiak ebaztea, eta horrekin, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritako betebeharra betetzen ari gara, alegia, esanbidezko ebazpena ematea prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.
Agindu horren arabera, ezezko ebazpena eman zen kexa-egilearen kasuan bezala ebatzi gabe zeuden laguntza bereziak eskatu ziren eskabide guztietan, aurrekontuetan horretarako dirua ez egotearen ondorioz. Arrazoi hori, bestalde, laguntza horiei buruzko arauetan jasota dago.
Hori da, horrenbestez, egindako eskabidea ebazteko hainbeste denbora tardatzearen arrazoia, baita interesdunaren ama hil eta ondoren emateraino ere. Nolanahi ere, oso atsekabetuta gaude hori dela eta”.
Kexa-egileak salatzen du Nafarroako Mendekotasun Agentziaren jokabidea bere amak hasitako espediente baten izapidetzean. Izan ere, interesdunaren amak 2008ko irailaren 24an eskaera egin zuen, hirugarren adinaren arloko laguntza berezi bat jasotzeko.
2008ko urriaren 13an, kexa-egilearen ama hil egin zen, eta Nafarroako Mendekotasun Agentziari heriotza horren berri eman zitzaion, haren mendetasuna baloratzeko errekerimendu baten harira. Izan ere, Gil jauna posta elektronikoz zuzendu zitzaion administrazioari eta erregistro zibileko ziurtagiriaren kopia erantsi zuen.
Eskatutako laguntza ekonomikoari buruzko espedientea ez da 2010eko ekainaren 17ra arte ebatzi (2253/2010 Ebazpena, ezezkoa ematekoa, aurrekontuan dirurik ez egoteagatik). Nafarroako Mendekotasun Agentziak jakinarazpena Vera andreari zuzendu zion, ebazpenaren bigarren idatz-zatian ageri den moduan.
Gil jaunak salatzen du jarduera hori arduragabea izan dela, bai geroratzeagatik, bai, kexan azaldutakoaren arabera, absurduak diren jakinarazpenak egiteagatik.
Bere aldetik, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ebazpena ematerakoan geroratzeko izandako arrazoiak azaltzen ditu, eta, halere, adierazten du hura nahitaez eman beharra zegoela, zeren eta horixe ezartzen baitu Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak. Atsekabea agertu du gertatutakoa dela eta.
Egiazki, arduragabekeriak eragin juridiko materialik ez duen arren, ezinbestez ados egon behar dugu kexa-egilearekin hura existitu dela esaterakoan.
Alde batetik, agerikoa da ebazpena denboraz kanpo eman dela, zeren eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak igorritako txostenean emandako azalpenez harago –azalpen horiek Administrazioaren urrats guztietarako eman dira eta haietan atzematen da aurkeztutako eskabideei baiezko erantzuna eman nahi zitzaiela–, egia baita ez zela bete prozedura ezarritako epean ebazteko legezko betebeharra. Betebehar horixe da, hain zuzen ere, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak aipatzen dutena, eta eskatutako prestazioaren kasu zehatzean hiru hilabetekoa zen.
Aurrekontuetan dirurik ez izatea, egiazki, Administrazioak ematen dituen diru-laguntzak ukatzeko arrazoietako bat bada, baina ez du inongo eraginik eskabideak ebazteko betebeharrean eta ebazpena horretarako ezarritako epean ematean. Baldin eta Nafarroako Mendekotasun Agentziak bere garaian hartu zuen erabakia –baiezkoa ematerik izan ez zen laguntza horiei buruzkoa, dirurik ez egoteagatik–, azaldu den bezala, espediente horien izapidetzea hurrengo ekitaldira arte geroratzea izan baldin bazen, bere garaian jakinarazi behar zitzaien hori interesdunei.
Ezin uka daitekeena da eskabide bat aurkezten duen herritar orok eskubidea duela erantzuna garaiz jasotzeko, eta horixe da administrazio publikoak betetzen ez duen eskubidea bere erabakiak, edozein direla ere, komunikatzen geroratzen denean.
Bestalde, aurrekoa alde batera utzita, kasu honetan gertatzen da eskabidea aurkeztu zuen pertsona, hura aurkeztu eta denbora gutxira hil zela, eta kexa-egileak hori Nafarroako Mendekotasun Agentziari jakinarazi egin ziola. Hori gorabehera, Administrazioak aipatutako eskabideari ezezkoa emateko ebazpena eman zuen, eta jakinarazpena hildako pertsonari igorri zion.
Administrazioak eginiko txostenean adierazten den bezala, legediak ezartzen du prozedura guztiak ebatzi egin behar direla; hori dela eta, ebazpena, berandu heldu bada ere, bidezkoa da juridikoki.
Hala eta guztiz ere, interesdunaren heriotza gertatu denez, Administrazioak konturatu beharra dauka egintzaren elementu subjektiboa aldatu egiten dela eta jarduketak –alferrik da esatea– jada ezin zaizkiola berari jakinarazi. Eta hori, ondorengotzako zuzenbideari buruzko arauetan ez ezik, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legean ere ezarrita dago; izan ere, haren 31.3 artikulua harreman juridikoak eskualdatzeko aukerari eta ondorengotzari buruzkoa da, “prozedura edozein urratsetan dagoela ere”.
Arrazoitutakoa dela eta, Nafarroako Mendekotasun Agentziak kexan azaldutakoa bezalako jarduerak saihets ditzake eta saihestu behar ditu, eta bere erabakiak arau indardunetan aurreikusitako epeetan jakinarazi behar ditu, eta herritar interesdunak hiltzen badira, eta haien heriotza jasota badago, bere jarduketak harreman juridikoaren arabera haren ondorengoa denari jakinarazi beharko dizkio. Prozedurazko arau horiek ez betetzeak –garrantzi praktikoa duen ala ez alde batera utzita– kexan azaldutakoa bezalako egoerak dakartza, eta haiek Nafarroako Mendekotasun Agentziak saihestu beharko lituzkeen eragozpenak eragin ditzake herritarrengan.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. eta 31. artikuluetan ezarritakoa bete behar duela, prozeduran behar den epean ebazteari dagokionez eta haien xede diren harreman juridikoak eskualdatzeko aukerari dagokionez.
Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia