Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Falta de descuento a familias numerosas por asistencia a centro lúdico
Exp: 09/681/B
Nº: 232
Gizarte ongizatea
2009ko urriaren 1ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten zuen.
Azaltzen du Iruñeko San Agustín kaleko “Aquabox” zentrora joaten diren familia ugariei ez zaiela inongo beherapenik egiten zentroan sartzeko eta jarduerak erabiltzeko ordaindu beharreko kuotan. Azaltzen du familia ugariei bai egiten zaiela, ordea, % 50eko beherapena Sanduzelaiko eta Arantzadiko igerilekuak erabiltzeko.
Gehitzen du udalak egoera hori justifikatzen duela esanez Aquabox zentroa enpresa pribatu baten bitartez kudeatzen dela.
Amaieran adierazten du beherapenik ez egiteak familia ugariak baztertzea dakarrela.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Lehendabizi, adierazi beharra dago instalazioen jabetza Pamplona Centro Históriko S.A.rena –IFK: A-31722325– dela, eta ez Iruñeko Udalarena, jendeak pentsa dezakeen bezala. Aipatutako merkataritza-enpresako administrazio batzordeak, 2009ko martxoaren 27an eginiko bilkuran, instalazioak kudeatzeko baldintzen orriak eta kasuko lehiaketa publikoaren deialdia onetsi zituen. Lehiaketa horretan parte hartzeko oinarriak 2009ko apirilaren 1ean eman ziren argitara Kontratazioen Atarian.
2009ko maiatzaren 28an, PCH enpresaren administrazio batzordeak erabaki zuen kirol instalazioen kudeaketa [?] enpresari esleitzea, kontratazio mahaiak proposatuta, enpresa hori baita aurkeztu ziren 5 enpresetatik puntuazio orokor handiena lortu zuena.
Adierazi beharra dago Aquavox kirol instalazioen kudeaketa eredua Arantzadikoaz edo Sanduzelaikoaz bestelakoa dela, zeren eta azken bi horietan udalak ez baitu haien kudeaketa integrala kontratatu; izan ere, zerbitzu batzuk baizik ez baitu kontratatu. Abonatuen kuotak biltzea Iruñeko Udalari berari dagokio. Eta horretantxe datza desberdintasuna, zeren eta Aquavox, PCH S.A.ren kasuan instalazioen kudeaketa integrala kontratatu baita.
Halaber, esan beharra daukagu Aquavox instalazioetan sartzeko kuotak eta eguneko sarreraren prezioa Arantzadiko eta Sanduzelaiko instalazioetan kobratzen direnez bestelakoak direla.
[?]-ren eskaintzan, ez zen deskonturik sartzen; halere, herritarren laguntzarako telefonoan jaso ditugun eskarien aurrean, harremanetan jarri gara enpresa kudeatzailearekin eta hark determinatu du familia ugariek % 50eko deskontua izanen dutela kutan, familia-unitateko kide guztiek ordaintzen dutenean.
Iruñeko Udalak, bere burua antolatzeko dauzkan ahalmenez baliatuta, “Pamplona Centro Histórico S.A.” udal sozietate publikoaren bitartez, zerbitzua emateko ardura, hau da Aquavoxen kudeaketa eta ustiaketa, enpresa partikular baten eskuetan utzi du, baldintzen orri jakin bati jarraituz betiere. Hori dela eta, Aquavoxen abonuak ez dira ematen udalaren ordenantza fiskalei jarraituz, baizik eta kontzesio administratiboaren baldintzen orrietan zehaztutakoaren arabera.
Hori, halere, ez da oztopoa sozietate publikoaren jarduera guztiek jurisprudentziaren agindu eta irizpideak hertsiki betetzeko, hain zuzen ere arau administratiboak toki entitatearentzat horiexek ezartzen baititu.
Familia ugarien eskubideak herritarren eskubide baten gisara egituratzen dira. Horrek berekin dakar udalaren betebehar korrelatiboa, alegia, prestazio jakin batzuen hartzaileak izateko betebeharra, alde batera utzita prestazio horiek ematen dituen subjektu juridiko publikoa edo pribatua den. Hori, betiere, zerbitzu horiek emateko eraginkortasun handiagoa lortzeko udalak hartzen duen erabaki politikoaren menpe egonen da.
Familia ugariak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan babestea lege mailako bi arautan dago erregulatuta gaur egun. Horietako lehenengoa azaroaren 18ko 40/2003 Legea da, Familia Ugariak babestekoa. Bigarrena martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea da, Familia Ugariei buruzkoa. Azken horren xedea da, lehenengo artikuluan aurreikusitakoaren arabera, horrelako familietarako babes-ekintza ezartzea.
Foru lege horren 9. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko duela familia ugarientzako hobari sistema bat aisialdiko jardueren tarifetarako. Legearen agindu hori ez da bete, omisioz, administrazioaren jarduera ezaren ondorioz. Doktrinaren arabera, legeak betearazteko erregelamenduzko ahalmena ez da guztiz eskumenekoa edo ahalmenekoa; izan ere, Administrazioak bere gain hartu beharreko betebehar bat da, baldin legearen eraginkortasuna eta aplikagarritasuna erregelamendu osagarri baten menpe badaude. Eta betebehar horren existentzia bereziki argia da legea bera denean arau mailako garapen hori enkargatzen duena.
Arrazoizkoa da, erakunde honen ustez, ezen udalak uste baldin badu familia ugariak babesteko neurrietako bat dela % 50eko beherapena egitea udal igerilekuetako kuota ordaintzeko garaian, bada beherapen hori udalaren aisialdirako ur-instalazio guztietara zabaldu behar dela, haien kudeaketa publikoa zein pribatua izan.
Hori dela eta, gure ustez udalak eta bere tresna-entitate “Pamplona Centro Histórico S.A.” Sozietate Publikoak familia ugariak babesteko ekintzak kontuan hartu beharko dituzte ez soilik San Agustin kaleko “Aquabox” delakoaren kudeaketarako eta ustiaketarako datozen kontzesioetarako baldintzen orrietan, baizik eta “Aguavox”-en instalazioen oraingo ustiaketa-aldian ere, eta horretarako udalak behar diren jarduerak erabaki beharko ditu udal ordenantzetan ezarritako baldintza betetzen dituzten familia ugarietako kideak % 50eko beherapenaz balia daitezen San Agustin kaleko “Aquavox”-en instalazioak erabiltzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iruñeko Udalari iradokitzea ezen familia ugariei udalaren kirol instalazioak erabiltzeagatik kuotan egiten zaien % 50eko beherapena udal instalazio guztietara zabal dezala, organo kudeatzailea publikoa ala pribatua den alde batera utzita.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari erakunde honi jakinarazi diezaion iradokizun hau onartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal diezazkion. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia