Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 17ko 200/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun talde baten izenean [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 17

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Disconformidad de licenciados en económicas y LADE con la Orden Foral 60/2009, de 8 de mayo, por no poder impartir la especialidad de matemáticas como contratados temporales

Exp: 10/768/F

: 200

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urriaren 8an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun talde baten izenean, titulazio akademiko horiek bigarren hezkuntzako irakasle gisa aldi baterako kontratatuak izan ahal izateko titulazioen artean sartu ez zirelako eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztutako eskabide bati erantzunik eman ez zitzaiolako.

    Azaltzen zutenez, Irakasleen aldi baterako kontratazioa arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduko 5.1 artikuluak ezartzen du zer arauren bidez kudeatu behar diren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak, eta foru agindu horretako I. eranskinean ezartzen da zer titulazio eduki behar den espezialitate bakoitzerako. Matematikako espezialitatearen kasuan, Matematikako lizentziaduna, Fisikako lizentziaduna edo ingeniaria izatea eskatzen da.

    Adierazten zutenez, Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulazioak matematikako espezialitatean sartzea ahalbidetzen du, eta karrera horietan matematikako irakastordu asko ematen da, hala arlo horretako ikasgai berekien bidez nola bi titulazio horietako beste ikasgai batzuetan sartutako funtsezko zati gisa.

    Hartara, haien ustez, titulazio horiek jasota egon beharko lirateke maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduko I. eranskinean, zeinaren bidez onetsi baitziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko aldi baterako irakasle izateko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

    Ziotenez, 2010eko martxoaren 31n eskabide bat aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan, zeinaren bidez eskatu baitzuten titulazio horiek sar zitezen matematikako espezialitatean bigarren hezkuntzako irakasleak aldi baterako kontratatzeko ezarritako titulazioen artean. Halere, erantzunik jaso gabe zeuden oraindik. 2010eko abuztuan, berriz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten, bere eskabidean jasotzen zen eskariari ezezkoa emateagatik administrazio-isiltasunaren bidez.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso genuen, eta bertan ondokoa ageri da jasota:

“Martxoaren 31n, [?] jaunak, bere izenean eta aldi baterako kontratatzeko zenbait izangairen izenean, eskabide bat aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuan, zeinaren bidez eskatu baitzuen Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatura sar genezan Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduan jasotako titulazioen artean, matematikako espezialitateko eskolak emateko balio duten titulazio gisa, agindu horren bidez onetsi baitzen zer arauren bidez kudeatu behar diren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak.

Eskabide horri gaur arte erantzun ez baldin bazaio ere, urriaren 27an txosten juridiko bat egin da, bere eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi izanaren aurka interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazte aldera, zeina une honetan izapidetzen ari baita. Honi erantsirik doa Hezkuntzako kontseilariaren foru aginduaren proiektua, errekurtsoa ez onartzeari buruzkoa eta auziaren mamia ebazten duena, eskatzaileei erantzun bat emate aldera.

[?] jaunak erreklamatzen duen auziari dagokionez adierazi beharra dago foru agindu horren eranskinean, Matematikako espezialitatean irakatsi ahal izateko, Matematikako lizentziaduna, Fisikako lizentziaduna edo ingeniaria izatea soilik onartzen direla.

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak zer arauren bidez kudeatu behar diren onesten duen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduko I. eranskina prestatzeko –“Titulazio baldintzak”–, lan-talde bat eratu zen, departamentu honetako zerbitzuetako teknikariek osatua, eta lan-talde horrek erabaki zuen ordura arteko araudiak ezartzen zuen muga gainditzea (ordura arte, Matematikako zerrendan sartu ahal izateko Matematikako lizentziaduna izatea eskatzen zen), Fisikako eta Ingeniaritzako lizentziadunak ere onartze aldera zerrenda horretan.

Departamentu honen ustez, erabaki horrek organo tekniko horien zuhurtziarakotasunaren babes osoa du, ez baitago horri buruzko lege-manamendurik. Baliatutako irizpidea bat dator, orobat, uztailaren 2ko 860/2010 Errege Dekretuan derrigorrezko bigarren hezkuntzan edo batxilergoan irakatsi ahal izate aldera ezarritako baldintzekin.

Aipatu dekretu horretan ez dira onartzen Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulazioak Matematikako espezialitatean irakasteko; izan ere Unibertsitateko Titulazio Ofizialen Katalogoari jarraikiz unibertsitateko titulazio akademikoen homologazioa arautzen duen irailaren 30eko1954/1994 Errege Dekretuaren arabera,, titulazio horiek Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen titulazioen artekoak dira, eta araudi berriak eskatzen duena da titulazioak Zientzia Esperimentalen edo Osasun-zientzien arlokoak izatea edo Zientzien edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren arloko graduatuko edozein titulazio ofizial izatea. Eskatzen duten titulazioa, hortaz, ez dago espezialitate hori irakasteko eskatzen den antzekoenen artean.

Horregatik guztiagatik, une honetan ez da egokitzat jotzen aldaketak egitea Matematikako espezialitatean irakaste aldera Hezkuntza Departamentuak ontzat jotzen dituen titulazioei dagokienez.”

AZTERKETA

  1. Bi dira kexa-egileek planteaturiko gaiak. Lehendabizikoa, haien titulazioak matematikako espezialitatea irakasteko onartzeari buruzkoa. Bigarrena, 2010eko martxoaren 31n aurkeztutako eskabideari erantzun ez izanari buruzkoa.
  2. Lehendabiziko auziari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak eginiko txostenean adierazten da bigarren hezkuntzan irakasteari buruzko uztailaren 2ko 860/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzekin parekatzen ahal dela hartutako irizpidea (Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulazioak Matematikako espezialitatean irakasteko ez onartzea). Errege dekretu horrek ezartzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan matematika irakasteko baldintza lizentziatua, ingeniaria edo arkitektoa izatea dela, Zientzia Esperimentalen edo Osasun-zientzien arlokoa edo Zientzien edo Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren arloko graduatuko edozein titulazio ofizialekoa. Ekonomiako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaturak ez dira arlo horietan sartzen.

    Horri dagokionez onartu beharra dago Hezkuntza Departamentuak eduki badaukala askatasun edo diskrezionalitate teknikoa espezialitate jakin batzuk irakasteko baldintzak ezartzerakoan, ez dagoelako maila handiagoko araurik auzi horri buruz, irakaskuntzako espezialitateak eta titulazio akademiko jakin batzuk parez pare jartzen dituenik. Halatan, Administrazio Publikoek jarduteko tarte handia dute bere hezkuntza-egiturak sendotu, aldatu edo osatzeko eta bere zerbitzuko langileen estatusa antolaketaren aldetik taxutu edo zehazteko. Administrazio Publikoen jardun diskrezionalen gaineko kontrolari dagokionez, aski ezaguna da horri buruzko jurisprudentzia (horra Auzitegi Gorenaren 1991ko ekainaren 11ko RJ/1991/4878 epaia), administrazio-ahalmenaren alderdi diskrezionaletara ere hedatzen duena kontrol judiziala, baina, aipatu epaian jasotzen den legez, soilik ondoko jarraibideen bidez:

    1. gertakari erabakigarrien kontrola, diskrezionalitate orotik at daudenak bere izaeraren eta ezaugarrien arabera.

       

    2. Jardun diskrezionala zuzenbidearen printzipio orokorren argitan aztertzea edo epaitzea, antolamendu juridiko osoa informatzen baitute, eta, horrenbestez, baita diskrezionalitate-ahalmena ematen duen araua ere, hortik heldu baita ahalmen hori printzipio horiei lotu beharra.
    3. Botere publikoen arbitrariotasun-debekuaren printzipioa, Konstituzioaren 9.3 artikuluan jasotakoa, Administrazioak interes orokorrari arrazoizkotasunez erantzutea bilatzen duena (Espainiako Konstituzioaren 103.1 artikulua).

      Hala bada, Hezkuntza-administrazioaren erabakia –matematika irakasteko eskatu ohi den titulazioak uztailaren 2ko 860/2010 Errege Dekretuan ezarritako titulazioen esparrura egokitzea– arrazoizkoa da alderdi juridikoari erreparatuz gero, eta antolamendu juridikoa informatzen duten printzipio orokorrak errespetatzen ditu.

      Alegia, baliteke kexa eragin duen administrazioaren erabakiak guztiz askiegarria ez izatea zenbait titulazioren interesei begira, baina hortik ezin da ondorioztatu antolamendu juridikoan aitortutako eskubideak urratzen dituenik.

  3. Kexan planteatutako bigarren auzia 2010eko martxoaren 31n Hezkuntza Departamentuan aurkeztutako eskabide bati erantzun ez izanari buruzkoa da.

    Auzi horri dagokionez, Departamentu horrek bere txostenean dio ez diola eskabide horri erantzun. Halere, urriaren 27ko datarekin txosten juridiko bat egin du, eskabideari erantzun ez izateagatik aurkeztutako errekurtsoa, gora jotzekoa, ebazte aldera. Erantzun hori ez da nahikoa orain dela zazpi hilabete baino gehiago aurkeztutako eskabideari ez erantzuteari dagokionez.

    Ordenamendu juridikoak administrazio publikoetan aurkezten dituzten idazkien edo eskabideen erantzuna jasotzeko eskubidea aitortzen die herritarrei, legez ezarritako epean jasotzekoa hain zuzen ere.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: “administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere”. Hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua).

    Nafarroako Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluaren arabera, “Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eskumeneko prozeduretan espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegian finkatzen dena izanen da, sei hilabetetik beherakoa betiere, non eta lege edo foru lege batek epe luzeagoa ezartzen ez duen edo Europar Batasunaren arauetan hala ezartzen ez den”. Prozedurari buruzko arauek ez badute eperik ezartzen espresuki ebatzi eta jakinarazpena egiteko, epea hiru hilabetekoa izanen da.

    Horrenbestez, Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea du, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko legez edo erregelamenduz ezarritako epean, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den.

  4. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Kexaren xede den kasuan, Hezkuntza Departamentuak 2010eko martxoaren 31n jaso zuen interesdunen eskabidea, eta eskabidea aurkeztu zenetik zazpi hilabete baino gehiago iragan arren ez dio erantzun, ez baita aski Departamentuaren txostenean adierazten denaren arabera prestatzen ari den gora jotzeko errekurtsoari erantzunez erantzutea.

    Administrazioak epean ebatzi behar ditu interesdunek aurkezten dizkioten eskariak, hori benetako bermea delako herritarrarentzat, eta zuzenean lotzen zaio Administrazioaren jardunak bete beharreko eraginkortasunaren konstituzio-printzipioari.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela Nafarroako Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluan xedatutakoa betetzera, erantzuna eman behar baitie, legeak ezarritako epean betiere, herritarrek aurkeztutako eskabideei eta, zehazki, kasu honetan aurkeztutakoari.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

     

  3. Interesdunei eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia