Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Disconformidad con la instalación de carpa situada pegada a sus viviendas durante las fiestas de la localidad
Exp: 09/568/O
Nº: 231
Herri lanak
2009ko abuztuaren 28an, Erriberriko Karlos III.a plazako zenbait bizilagunek aurkeztutako kexa bat sartu zen gure erakundean. Kexa beren etxebizitzetako balkoi eta leihoei itsatsitako “karpa” bat jartzearen aurka aurkeztu zuten.
Adierazitakoaren arabera, instalazioa joan den urteko herriko jaietan jarri zen. Udalaren jokabidearekin ados ez zeudenez, 2008ko urriaren 3an, bizilagunek idazki bat aurkeztu zioten udalari, egoera salatuz eta eskatuz beste konponbide batzuk bila zitzan, inplikatutakoen eskubideak hobeki uztartze aldera.
Zehazki, idazkian aipatzen da karpa “etxebizitzei itsatsita dagoela, hitzez hitz, eta haren egiturak eta lonak eraikin mugakideak ukitzen dituela”. Hurbiltasun horrek, kexa-egileen iritziz, zenbait kalte dakartza, egun gertatzen direnak zein gerta litezkeenak.
Aurreko idazkia aurkeztu eta zenbait hilabete iragan ondoren, inongo erantzunik jaso gabe, bizilagun batzuek udalarengana jo zuten berriz ere (2009ko uztailaren 20ko idazkia), eta beren eskaria berretsi zuten, hain zuzen ere beren eskubideak errespetatuko zituen konponbide bat aurkitu nahian.
Egun batzuk geroago, udalak erantzun bat igorri zien, beren interesetarako egokia ez zena, zeren eta ez baitzuen ezer ere esaten jabe gisa zeuzkaten eskubideei buruz eta alegatutako eragozpen eta kalteei buruz.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Erriberriko Udalari.
Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“Esan behar dudan lehendabiziko gauza da karpa hori udalak jarri duela bere eskumenez baliatuta, eta horrekin bilatu duela bizilagunei eta bisitariei beste instalazio bat eskaintzea. Izan ere, karpak eragina du haren pean antolatzen diren ekitaldiak hobeki egin daitezen. Lurzorua eta gainerako espazioa jabari-ondasunak dira. Eta. gainera, Karlos III:a plazako instalazioa, hasiera batean, aldi baterakoa da, berriki ospatu diren herriko jaietarako.
Ez da egia instalazio hori etxebizitzei itsatsita dagoela, erreklamazio-egileek beren idazkian adierazi bezala. Ez da egia etxebizitzetatik hurbil egoteak errazten duenik etxebizitzetara sartu ahal izatea, haien eta karparen egituraren artean dagoen tartea dela eta. Ez da egia, ezta gutxiagorik re, inongo arriskurik sortu denik, gerta zitekeen suteren batengatik, zeren eta itxiturarako eta estaldurarako erabili den materialari buruz kontratuan exijitutako baldintzetako bat baita suaren kontrakoa izatea. Guztiz gezurra da euria izatekotan tantarik txikiena ere inguruko higiezinetara irits daitekeela. Azkenik, aipatutako karpak ez du argia eta bistak izateko inongo eskubiderik urratzen, arrazoizkoa denaz eta guztiz toleratzekoa denaz harantzago. Hori, halere ez da oztopoa ukitutako bizilagunek epaitegietara jo dezaten, ustez urratu zaizkien eskubideak baliarazteko.
Halaber, jakitera ematen dizut hurrengo egunetan, behin jaiak iragan ondoren, karpa kendu eta beste eremu publiko batean jarriko dela, Erriberriko herritarrek modu egokiagoan erabili ahal izan dezaten. Hori, halere, ez da oztopoa berriz ere plaza berean jar dadin, udalak, bere eskumenez modu legitimoan baliatuta eta herritarren zerbitzurako baliagarri den moduan, egokitzat jotzen duenean”.
Agertu den bezala, kexa bizilagun batzuek aurkeztu zuten, Erriberriko Udalak instalazio desmuntagarri bat jarri zuelako haien etxebizitzetatik hurbil. Instalazio horrek, kexa-egileen arabera, kalteak eragiten ditu gaur egun eta arriskuak ekar litzake etorkizunean.
Interes publiko baterako baliagarriak diren instalazio horiei dagokienez (kasu honetan, karpak erraztasun handiagoa ematen du aisiaz gozatzeko herriko jaietan), zalantzagabea da udalak ahalmen legitimoa duela haiek jabari publikoan jartzeko –kexa-egileek ez dute ezer ere adierazi arrazoibide horren aurka–, betiere hirugarrenen eskubide legitimoak kaltetzen ez dituen bitartean.
Erakunde honek ezin da sartu baloratzera instalazioa toki batean zein bestean jartzea egokia den. Ez dugu, ezta ere, elementurik ondorioztatzeko hautaturiko kokapen zehatzak kalte bidegabeak eragin dituenik edo arrisku bat denik bizilagunen etxebizitzen integritaterako.
Hala eta guztiz ere, nabarmena denez etxebizitzetatik hurbil dagoela, exijitzekoa iruditzen zaigu, nolanahi ere, errespeta daitezela argia eta bistak izateko eskubidea dela-eta lege indardunek ezartzen dituzten neurriak. Horri dagokionez, Foru Berriko 403. legeak, Nafarroako Zuzenbideko argia eta bistak izateko araubidea egituratzen duenak, honakoa ezartzen du: “Argi-bisten zortasunek horien titularrari eskubidea ematen diote beraren horman zuloak zabalik izateko, eta zortasunpeko funtsetik argia jasotzeko edo funts horren gainetik begiratzeko. Halako zortasunek zortasunpeko lurraren jabeari eragozten diote horma edo hegalkinetik hiru metro baino tarte laburragoan eraikitzea, horrekin argiak edo bistak urritu edo oztopatzen diren neurrian”.
Horixe da, gure iritziz, erreferentzia gisa hartu behar den neurria, determinatzeko ea instalazioak etxebizitzetako jabeek duten eskubidea betetzen duen, eta, horrenbestez, hurbiltasuna “toleratzeko modukoa den” esan ahal izateko.
Bestela, instalazioak etxebizitzetatik hiru metroko distantzia betetzen ez badu, argia eta bistak izateko eskubidea, aldi baterako besterik ez bada ere, urratzen ari da, eta eskubide-urraketa hori zuzenbidearen aurkakoa da.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Erriberriko Udalari gomendatzea erreferentziako karpa jarriz gero, Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioak argia eta bistak izateko eskubidea dela-eta ezarritako hiru metroko distantzia errespeta dezan.
Bi hilabeteko epea ematea Erriberriko Udalari gomendio hori onartu duela jakinaraz diezaion erakunde honi eta adieraz diezazkion, halaber, kasua dela eta hartu behar dituen neurriak, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia