Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con procedimiento de selección para puesto de trabajo en Servicio Navarro de Empleo, no pudiendo ocupar la plaza a pesar de haber sido seleccionada
Exp: 09/586/F
Nº: 230
Funtzio Publikoa
2009ko irailaren 9an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen prestakuntza eta enpleguko erdi mailako teknikari lanpostu bat (Nafarroako Enplegu Zerbitzua-CENIFER) aldi baterako betetzeko moduarekin.
2009ko uztailaren 3an, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak interesdunari gonbitea egin zion hautapen prozeduran parte hartzeko. Prozedurak bi fase zeuzkan (aurre-hautapena, prestakuntza eta lanbide-esperientzia baloratuz, eta elkarrizketa pertsonala).
Interesdunak prozeduran parte hartu zuen, eta erakunde hartatik jakinarazi zioten elkarrizketen faserako aurre hautaturik zegoela. Elkarrizketen fase hori abuztuaren 3ko goizeko 11etan izanen zela erabaki zen.
Abuztuaren 3an bertan, elkarrizketa egin ondoren, prozesuko arduradunak (Orientazio Ataleko burua) telefonoz hots egin zion interesdunari eta jakinarazi zion bera zela lanposturako hautatutako pertsona, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak deitu arte itxaron behar zuela.
Ondoren, interesdunak pertsona horrekin lanpostuan hasteko egunari buruzko xehetasun batzuk zehaztu zituen, eta biharamunean (abuztuaren 4an), jakinarazi zioten irailaren 1ean has zitekeela lanean, berak nahi zuen bezala.
Abuztuaren 14an, pertsona beraren beste telefono dei bat jaso zuen, eta jakinarazi zion Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak beste pertsona bati hots egina ziola lanposturako. Gertatutako egoerarengatiko harridura adierazi zion.
Egun berean, interesdunak telefono bidezko elkarrizketa bat izan zuen Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko gai horretako arduradunarekin (Sustapeneko eta Aldi Baterako Kontratazioetarako Ataleko burua). Elkarrizketa horretan jakinarazi zioten lehendik lehentasuna zuen beste kontratazio-zerrenda bat bazegoela, eta hartan pertsona bat lanerako prest zegoela. Interesdunak adierazitakoaren arabera, elkarrizketan esan zioten egin berria zen zerrenda horrek ez zuela jada ezertarako balio.
Interesdunak azaltzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarduerak hasi zituenean, erdi mailako teknikari lanpostu bat eskaintzen zen, presaz bete beharrekoa (ez zen deus ere esaten zerrenda bat egiteari buruz, ez eta lehentasunezko beste zerrenda batzuei buruz ere). Interesdunak adierazten du, gainera, ez duela ulertzen zergatik ez zen prozesua gerarazi uztailaren 22an, baldin eta lanpostua bete behar zuen beste pertsona bat bazegoen.
Azken batean, kexatik ondorioztatzen den bezala, hautapen prozedura batean parte hartu ondoren eta hautatuta zegoela ahoz adierazi eta ondoren, eta, are gehiago, lanean hasteko eguna zehaztu ondoren ere, interesdunari adierazi zioten ez zuela lanpostu hori betetzeko eskubiderik.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txostenak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak honako txostena eman du:
2009ko ekainaren 3an, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatu zuen prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludun lanpostu bat aldi baterako betetzea, hain zuzen ere Energia Berriztagarrien arloko Prestakuntzarako Zentrorako (CENIFER). Lanpostu hori betetzea “Orientaziorako, Lanbide Heziketarako eta Sarbiderako Plan Berezian” sartzen zen. Plan hori krisiaren aurkako eta langabeziaren aurkako neurrien barrenean sartzen zen.
Eskaera egin zen unean, ez zegoen lanean hasteko prest zegoen izangairik ez zerbitzu berezietako egoerako prestakuntzarako izangaien zerrendetan, ez eta aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan ere. Aurrekoaren ondorioz eta kontratazioaren helburuak zeuzkan ezaugarri bereziak eta presa ikusita, baimena eman zen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez presako hautapen prozedura bat egiteko, hain zuzen ere CENIFER zentrorako prestakuntza eta enpleguko erdi mailako teknikari bat aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat egiteko.
2009ko uztailaren 21ean, [?] andreak, zeina ordura arte prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunen aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan lanerako prest ez zeudenen artean baitzegoen –zerrenda hori Funtzio publikoaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 7ko 1909/2006 Ebazpenaren bitartez onetsi zen–, idazki bat aurkeztu zuen, lanean hasteko prest zegoela adieraziz. Zerrenda hori Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 16ko 82/2006 Ebazpenaren bitartez onetsitako deialdi baten bidez osatu zen. Aipatu deialdia 2006ko otsailaren 13ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginiko hautapen prozesua bukatuta, 2009ko abuztuaren 5ean, prestakuntza eta enplegurako erdi mailako tituludunak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda igorri zen. Zerrenda horretako lehenengo tokian [?] andrea ageri da.
Funtzionario gisa lanpostuak betetzeko azken deialdiko azkenaurreko ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, non proba guztiak gainditu eta plazarik gabe gelditu diren izangaiak ez diren egonen.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko hautapen probetarako deialdi publikoen ondorioz sorturiko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez sortutako izangaien zerrendak.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez egin zen hautapen prozesuak helburu zuen aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzea, ez kontratu bat eskaintzea, zeren eta lehentasunezko hurrenkera eta kontratazioetarako deialdia –Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarduten duen aldi baterako kontratazioen esparruan– Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari baitagozkio, Sustapeneko eta Aldi Baterako Kontratazioetarako Atalaren bitartez”.
Bere aldetik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak honako txostena eman du:
“Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduera, lanpostu hori betetzeko prozeduraren izapidetzeari dagokionez, honako hauetan zehaztuta dago:
Kexa-egileak adierazi du langileriaren arloko hautapen-prozesu batean parte hartu ondoren –prozesu horren xedea zen, adierazi ziotenaren arabera, lanpostu bat presaz betetzea– eta ahoz jakinarazi ondoren bera zela hautatutako pertsona, azkenean ezin izan dela lanpostu horretara sartu, zeren eta Administrazioak ondorioztatu baitu badagoela lanpostu horretan aritzeko prest dagoen pertsona bat lehentasuna duen zerrenda batean.
Horri dagokionez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenean azaltzen da zein den aldi baterako kontrataziorako “mekanika”, eta aldi berean izangaien zerrenda bat baino gehiago egon daitezkeela. Halaber, arau indardunek ezartzen dute zerrendetatik zeinek duen lehentasuna (arrazoibide horren kontra, abstraktuan, ezin da ezer ere esan).
Aipatutako txostena bukatzen da esanez, “Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez egin zen hautapen prozesuak helburu zuela aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzea, ez kontratu bat eskaintzea”, zeren eta lehentasunezko hurrenkera eta kontratazioetarako deialdia, Nafarroako Enplegu Zerbitzua sartuta dagoen aldi baterako kontratazioen esparruan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari baitagokio...”
Bestalde, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak igorritako txostenean adierazten da Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari lanpostu hori betetzeko eskatu ondoren, hura betetzeko izangairik ez zegoenez, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bakarrean ere ez zegoelako lanean hasteko prest zegoen inor ere, baimena eman zitzaiola Nafarroako Enplegu Zerbitzuari hautapen-proba batzuk egiteko, hain zuzen ere kasuko lanposturako kontratazioa egin ahal izateko.
Egiazki, baldin eta hautapen prozesuaren helburua bazen aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzea, lehentasunetarako ezarrita dauden arauen arabera, halaxe adierazi behar zen deialdian (kasu honetan, enplegu-eskatzaileei igorri zitzaien zitazio-agirian).
Alabaina, ez dugu atzeman informazio hori eman zenik zitazioaren garaian. Izan ere, agiri horretan, hitzez hitz, honakoa esaten da:
Hautapen-prozesua: 1. Curriculum Vitaearen araberako aurre hautapena. 2. Elkarrizketa pertsonala aurrez hautatutakoei”.
Litekeena da aldi baterako kontratazioaren logikari jarraituz, prozesuaren helburua izatea Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenean adierazitakoa (aldi aterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzea); hala eta guztiz ere, interesdunei igorri zitzaien agiria ikusita, hura baitzen prozesua zabalduko zuena, inongo zalantzarik gabekoa iruditzen zaigu de facto eskaini zena lanpostu bat izan zela (berriz diogu ez dugula atzeman inongo erreferentziarik egin zaionik zerrenda bat egiteari buruz, betiere Foru Komunitateko Administrazioaren kontratazioetarako araudiari dagozkion lehentasun arauen menpean).
Horiexek izan ziren agerrarazi ziren baldintzak eta horiexek dira kexa-egileari jakinarazi zitzaizkionak, prozeduran parte har zezan. Prozesu horretan parte hartu ondoren eta hautatua zegoela jakinarazi ondoren, adierazi zitzaion ezin izanen zela kontratua gauzatu, lehentasunezko zerrendan beste pertsona bat “aktibatu” berria baitzen.
Egiazki, aldi baterako kontratazioetarako lehentasunei buruzko arauen ikuspuntutik, ezin da ondorioztatu interesdunak eskubide gutxiago zuenik amaieran kontratatu zen hirugarren pertsonak baino –azken hori sortutako arazoaz kanpokoa da–; halere, arrazoibide horren logikaren abiapuntua da, hain zuzen ere, azken hautapen prozesu horren xedea zerrenda bat egitea izan zela.
Eta, atzeman dugunaren arabera, egiazki eskaini zena kontratu bat izan zenez, hautatutako interesdunari lanpostu hori kentzea da, gure iritziz, haren aldekoa zen egitate bat indarrik gabe uztea edo, ondorio berera garamatzan beste ikuspegi batekin, a posteriori aldaraztea zitazioaren baldintzak, hau da, hautapen-prozeduraren xedea.
Horrenbestez, uste dugu interesdunaren konfiantza legitimoa urratu dela (prozesura baldintza jakin batzuetan aurkeztu zen, baina baldintza horiek, geroan aldarazi egin dira), eta interesdunak ez duela administrazio jarduera hori jasateko betebehar juridikorik. Hori dela eta, gomendatzen dugu erreferentziakoaren antzerako beste lanpostu bat eskain dakion edo, hori ezinezkoa bada, Administrazioaren ondare-erantzukizunaren espedientea abiaraz dadin. Erakunde honek uste du behar adinako oinarria dagoela, gutxienez ere, hura abiarazi eta izapidetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 80. artikuluari eta hurrengoei jarraituz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gogoraraztea langileriaren arloko hautapen prozeduretarako deialdi edo zitazio guztietan legez aldi baterako kontratua egiteko deitua izateko eskubidean eragina izan dezakeen informazio guztia adierazi behar dutela, horren barne dela lehendik egon daitezkeen zerrendak eta lehentasunak.
Bi departamentu horiei gomendatzea ezen, aztertutako kasu zehatzean, adierazitako inguruabarrak direla eta, eta bidezkoa den organoaren bitartez, interesdunari eskain dakion prozeduraren xedea zen lanpostuaren antzeko beste lanpostu bat edo, halakorik ez badago, Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren prozedura abiarazi eta izapide dezan.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duten eta azaldutakoaren ildotik zer neurri hartuko dituzten, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea erabaki hau onartzen ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia