Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: No contesta a instancia presentada con hoja de aprecio
Exp: 09/713/D
Nº: 229
Eskubideen sustapena
2009ko urriaren 16an, Irunberriko bizilaguna den [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertu zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurka, aurkeztutako eskabide bati erantzunik ez emateagatik.
Azaltzen zuen 2008ko ekainaren 6an, eskabide bat aurkeztu zuela Nafarroako Gobernuko Erregistroan (2008/266327 sarrera-zenbakia), Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari zuzendua. Harekin batera, “prezamendu-orria” igortzen zuen, desjabetze-espediente bati lotutako finka baten balioarekin.
Amaieran, eskatzen zuen aurkeztutako eskabideari erantzuna emateko.
Urriaren 30ean, erakunde honek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariari planteatutako gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
Kontseilari andreak, azaroaren 10ean, txostena igorri zigun, non, hitzez hitz honakoa baitzioen:
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren ekainaren 1eko 77/2007 Foru Aginduaren bitartez, informazio publikoko fasea ebatzi zen, eta behin betiko onespena eman zitzaion “Pirinioen Hegoaldeko A-21 Autobia, III. tartea: Izko-Judasen Benta” eraikitzeko proiektuari.
Herri Lan zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 916/2007 Ebazpenaren bitartez, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko deia egin zen. Ekitaldi hori 2007ko irailaren 10ean egin zen [?] jaunarekin, eta bertan eskatu zen finka osoa desjabetzeko, hondar-zatia ekonomikoa ez izategatik.
2008ko martxoaren 10ean, [?] jaunari zita igorri zitzaion, apirilaren 4rako, adiskidetasunezko adostasuna lortzeko. Administrazioaren eskaintzan jaso zen finka osoa erostea, eta metro koadro bakoitzeko 3,6 euroko prezioa eskaini zuen.
Bi aldeak ez ziren ados jarri, eta, horrenbestez, 2008ko maiatzaren 27an, jabeari prezamendu-orria eskatu zitzaion.
Une horretarako, autobiaren trazadura aldatzea planteatuta zegoen. Hori dela eta, aldaketa horrek interesdunarengan eragina zuenez, atzeratu egin zen desjabetuaren prezamendu-orriari erantzuna ematea, harik eta beste desjabetze prozedura bat egin eta hartan adiskidetasunezko adostasunera iristen saiatu arte.
Trazaduraren aldaketa horri Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren martxoaren 9ko 19/2009 Foru Aginduaren bitartez eman zitzaion behin betiko onespena, eta foru agindu horretan bertan, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak berriz egiteko deia egin zen. Adostasunera iritsiz gero, ordainketak apirilaren 6an, 7an eta 8an eginen ziren. Zehazki, [?] jaunari okupazio berriaren aurretiko akta egin zitzaion, eta egun berean adiskidetasunezko adostasunera iristea eskaini zitzaion, baina orduan ere bi aldeak ez ziren ados jarri.
Une honetan, Administrazioa proiektu honen prezamendu-orriak idazten ari da; gero, jabeei helaraziko zaizkie”.
Interesdunak hemen azaldutako gaia da ez zaiola erantzunik eman 2008ko ekainaren 6an Nafarroako Gobernuko Erregistroan aurkeztutako eskabideari. Eskabide horrekin batera, “prezamendu-orria” aurkeztu zen, desjabetze espedienteari gehitzeko.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ez dio idazki horri (prezamendu orriari) inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Departamentuaren txostenak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen dio erakunde honek igorritako idazkiari, bai eta interesdunak 2008ko ekainaren 6an aurkeztutako eskabideari ere.
Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [...] jaunari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideari erantzun formala eman beharko dio.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia