Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 11ko 199/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 11

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Mala información y redacción confusa de convocatoria de oposiciones de Auxiliar Administrativo

Exp: 10/771/F

: 199

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urriaren 8an [?] andreak kexa-idazkia aurkeztu zuen, nahasgarria izan zitekeelako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpenaren bitartez onetsitako deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzaile izateko 148 lanpostu huts oposizio bidez betetzekoa.

    Kexa-idazkian azaltzen zuenez, deialdiaren arabera, Administrazio erroan aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda osatzeko beharrezkoa zen deialdian ezarritako azken bigarren ariketa gainditua izatea.

    Zioenez, azterketak bi zati zituen, eta horietako bakoitzak, berriz, bi ariketa. Kexa-egileak lehen ariketako bi azterketak gainditu zituen, eta ez zuen gainditu bigarren ekitaldiko lehen proba (informatikako proba). Gauzak horrela, pentsatu zuen informatikako ariketa zela aldi baterako kontratazioen zerrendan sartu ahal izate aldera deialdian aipatzen zen azken bigarren ariketa, eta, hortaz, ez zen hautapen prozesuaz gehiago arduratu. Orobat dio Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hori horrela zela ziurtatu ziola telefono bidez.

    2010eko irailean ikasi zuen Administrazio erroan ordezkapenak egiteko bi zerrendatan ageri zela bere izena, oposizioko azken bigarren ariketa gainditu zuelako. Halere, ordezkapenen zerrendan egoteko beharrezkoa zen dokumentazioa aurkezteko epea itxita zegoen.

    Azaltzen zuenez, berriz ere jarri zen harremanetan Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin, eta han azaldu zioten azken bigarren ariketa azterketaren lehen zatia zela, horrek bi proba zituela eta interesdunak horiek gainditu zituela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

2010eko azaroaren 2an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:

  1. “Printzipio orokor gisa, lehia-prozesu batean –hori besterik ez baitira funtzio publikoan sartzeko deialdi publiko bat nahiz aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat osatzea– alderdi guztiek (Administrazioak, epaimahai kalifikatzaileak eta izangaiek) bete behar dituzte araudia indarduna nahiz deialdiko oinarriak; izan ere, horrela izanen ez balitz, ez lirateke errespetatuko berdintasunaren, merezimenduen, gaitasunaren eta publizitatearen konstituzio-printzipioak, prozesu horietan gailendu behar direnak.
  2. Halatan, aipatu deialdia onetsi zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpeneko 10.3 oinarrian ezartzen denez (2008ko urriaren 31ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), “Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du, deialdiko azken bigarren ariketa gainditu eta Administrazio Erroko kontratazio zerrendak hautatu dituzten izangaiekin”.

    Deialdi horretako 6.2 oinarriak zalantzarik gabe ezartzen duenez, berriz, oposizioak bi ariketa izanen ditu, eta ariketa bakoitzak, berriz, bi proba; deialdian argi eta garbi bereizten dira, bi atal bereizi jarrita, lehenengo eta bigarren ariketa eta ariketa horietako bakoitzak izanen zituen probak.

    Horrenbestez, ez dago, kexa-egileak baieztatzen duenaren kontra, okerra eragin dezakeen zehaztugabetasun terminologikorik edo sistematikorik. Deialdiko oinarrietatik ezin da inolaz ere ondorioztatu, kexa-egileak antza denez baieztatzen duen bezala, “azterketak bi zati zituela, eta horietako bakoitzak, berriz, bi ariketa”.

  3. Interesdunari, hark dioenez, “Funtzio Publikoak” emandako informazioari dagokionez, kexa-egileak ez du ematen, eta orain ezin da hori argitu, nork eman zion informazio hori, ez eta elkarrizketa hartan zer adierazi zen edo elkarrizketaren terminoak zein izan ziren ere.

    Hartara, adierazi beharra dago ezen zuzendaritza nagusi horretan gisa horretako espedienteen kudeaketaz arduratzen den atalak, Sustapeneko eta Aldi Baterako Kontratazioetarako Atalak, horri buruz jaso dituen kontsulta guztietan adierazi duela arestiko atalean adierazitako gauza bera; alegia –lehenago ere azaldu dugu, baina berriz ere adierazi behar dugu–, deialdiko oinarriak argiak dira eta ez dute zalantza egiteko modurik ematen.”

AZTERKETA

  1. Emandako informazioan azaltzen da ezen, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpenaren bitartez onetsitako deialdian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzaile izateko 148 lanpostu huts oposizio bidez betetzekoan, xedatzen den legez, oposizioak bi ariketa zituela, eta ariketa bakoitzak bi proba zituela, eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan egon ahal izateko beharrezkoa zela, besteak beste, deialdian ezarritako azken bigarren ariketa gainditzea (10.3 oinarria).

    Informazio hori ikusita, hautapen prozesuan bete beharreko oinarriak hitzez hitz interpretatuta, ezin da esan oinarriei dagokienez kontraesan terminologikoa dagoenik, eta ez da, hortaz, kexa-egilearen eskubideen urraketarik gertatu.

  2. Deialdiko 10.3 oinarriaren xedea da aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda osatzea, deialdian ezarritako azken bigarren ariketa gainditu eta azken ariketa gainditu ez duten izangaiek osatua. Jokabide hori Administrazioko lanpostuetarako deialdi guztietan baliatu ohi da.

    Garrantzitsuena da aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan sartu ahal izatea azken azterketa gainditu ez baina azken bigarren ariketa gainditu duten izangaiak. Ondorioz, berdin dio deialdiak bi, hiru zein lau ariketa dituen. Erabakigarria dena da azken bigarren ariketa gainditu izana baldin eta ez bada azkena gainditu, eta ez azken bigarren hori bi ariketen artean lehendabizikoa da. Bigarren ariketa azken ariketa baldin bada, lehena azken bigarrena baita. Kasu honetan, bat bera dira azken bigarrena eta lehenengoa.

    Deialdiak, bestalde, bi “ariketa” aipatzen ditu 6.3 oinarrian. Eta ariketa bakoitzak, berriz, bi “proba” ditu. Ariketak eta probak bi kontzeptu ezberdin dira hemen, eta ezin dira parekatu. Hortaz, 10.3 oinarrian azken bigarren ariketa gainditzea eskatzen denean, lehen ariketa osatzen duten bi probak gainditzea eskatzen ari da; izan ere, lehen ariketa hori bigarren edo azken ariketaren aurrekoa baita.

    Logikoa denez, idazketa horretatik ezin da ondorioztatu konstituzio-eskubide bat urratzen denik; besterik da testua teknikaren aldetik hobe daitekeela. Idazketa nahasgarri batek ez ditu, berez, eskubide subjektiboak urratzen.

  3. Halere, onartu beharra dago 10.3 oinarrian “azken bigarren ariketa” aipatzea ez dela ez gramatikaren aldetik okerra ez arauz kontrakoa ere, baina nahasbidera eraman dezake, kasu honetan bi ariketa besterik ez zeudelako (gogoan hartu behar da bi ariketa besterik ez zeudela eta horietako bakoitzak bi proba zituela).

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuak betetzeko hautapen prozesuetan lehen ariketa eta bigarren ariketa aipa daitezen deialdiko oinarri guztietan, baldin eta bi ariketa soilik baldin badaude, eta lehen ariketa aipatzeko “azken bigarren ariketa” aipatzea ekidin dadin.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

     

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia