Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 11ko 198/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 11

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Dificultades de acceso a oficinas

Exp: 10/37/D

: 198

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 27an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Narbarteko Kontzejuaren funtzionamendua dela eta.

    Azaltzen zuenez, iragarkien oholean bando bat paratu zen, Narbarteko 5. poligonoko 5. eta 67. lurzatien artetik doan bide publiko baten kalifikazio juridikoa aldatzeko espediente bat abiarazteari buruzkoa. Espedientea hilabetez paratu zen jendaurrean, baina bandoan ez zen zehazten bizilagunek zer ordutan azter zezaketen espedientea bulegoan.

    Zioenez, abuztuaren 17an, kontzejuburuari eskatu zion bandoan bulegoaren ordutegia zehatz zezan, espedientea kontsultatu ahal izateko, baina ez du halakorik egin, eta, horrenbestez, jendaurreko epea iragan da eta ezin izan du ez espedientea kontsultatu ez haren kopia lortu, kasua baldin bazen alegazioak egin ahal izateko.

  2. Kexaren espedientea berriz ere irekita, kexa-egileak aurkeztutako auziari buruzko txostena egiteko eskatu genion Narbarteko Kontzejuari. 2010eko azaroaren 10ean, Narbarteko Kontzejuaren txostena sartu zen erakunde honetan; hartan adierazten denez, kexa-egileari 2010eko irailaren 20an eman zitzaion bidearen kalifikazio juridikoa aldatzeari buruzko espedientearen kopia; kopia eman izana ziurtatzen duen dokumentazioaren kopia ere jaso zen.

AZTERKETA

  1. Kontzejuaren jokabidea behar bezala aztertzeko eta, horrenbestez, kexa hau ebazteko ondokoak eduki behar dira kontuan:

    1. Narbarteko Kontzeju-batzarrak, 2010eko abuztuaren 10ean egindako bilkuran, Narbarteko 5. poligonoko 5. eta 67. lurzatien artetik doan bide publikoaren kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientea abiaraztea erabaki zuen. Orobat erabaki zuen (bigarren eta hirugarren puntuetan) espedientea hilabeteko epean jendaurrean paratzea, Udaleko iragarkien oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita, eta ezarri zuen “jendaurreko epean inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikotzat hartuko dela ondasunaren kalifikazio juridikoaren aldaketa”.

    2. Kontzejuko bulegoetako sarrera-erregistroan 2010eko abuztuaren 28ko datarekin, kexa-egileak idazki bat aurkeztu zuen Narbarteko Kontzejuan, espedientea aztertu ahal izateko eta haren kopia eskuratu ahal izateko ordutegia jakinaraz ziezaioten eskatuz. Hurrengo egunetan ezin izan zuenez eskatutakoa lortu, kexa aurkeztu zuen erakunde honetan.

    3. Kontzejuari txostena eskatu genion, eta hark ziurtatu zuen 2010eko irailaren 29an espedientearen kopia eman ziola kexa-egileari.

    4. Ondasunaren kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientearen iragarkia 2010eko irailaren 29ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.

  2. Jendaurrean paratuta egon beharreko hilabeteko epea, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izatearen ondorioetarako, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofiziala argitaratzen denetik hasi behar da kontatzen, eta ez bandoa iragarkien oholean paratzen denetik. Hortaz, epea 2010eko urriaren 29ra bitartekoa zen.

    Kexa-egileak 2010eko irailaren 29an jaso zuen espedientearen kopia, hau da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egun berean. Horrenbestez, hilabeteko epea izan du egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko.

  3. Kontzejuak 2010eko abuztuaren 10eko bilkuran hartutako erabakian espresuki adierazten da “jendaurreko epean inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikotzat hartuko dela ondasunaren kalifikazio juridikoaren aldaketa”.

    Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 103. artikuluaren arabera eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuko 12. artikuluaren arabera, berriz, hori ez da posible; izan ere, manu horiek ezartzen dutenez, jendaurrean hilabeteko epean egon ostean, ondasunaren kalifikazio juridikoaren aldaketa gehiengo osoz espresuki onetsi behar da, eta erabaki horretan orobat onartu edo baztertu behar dira, modu arrazoituan betiere, aurkeztutako alegazioak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ondokoa

EBATZI DUT:

  1. Narbarteko Kontzejuari gogoraraztea legez behartuta dagoela jabari publikoko ondasunen eta ondare bidezko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko espedienteen fase guztiak betetzera.

  2. Narbarteko Kontzejuari gomendatzea Osoko Bilkura batean gehiengo osoz onets dezan ondasunaren kalifikazio juridikoaren aldaketa, eta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen denetik hasita zenbatutako epean alegaziorik aurkeztuz gero, aurkeztutako alegazioei buruzko ebazpena eman dezan.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Narbarteko Kontzejuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  4. Interesdunari eta Narbarteko Kontzejuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia