Partekatu edukia
Euskara
Gaia: El texto en euskera de una tela es más pequeño y difuso que el texto en castellano
Exp: 09/608/C
Nº: 228
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an, Behatokiko zuzendari Paul Bilbao Sarria jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du Sanferminetan Gazteluko Plazan agertoki bat jarri zela, eta hura estaltzen zuen ehunean iragartzen zela Iruña 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaia zela. Esaldia euskaraz ere bazegoen arren, euskarazko testua ezin zen ikusi, tonu argia zuelako eta haren letra gaztelaniazkoa baino txikiagoa zelako. Horretaz gaienera “Plaza Abierta” testua gaztelania hutsez zegoen.
2009ko urriaren 28an, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, eginiko txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Horri buruz, jakitera ematen dizut aipatutako afixak euskararen erabilerari buruzko ordenantza betetzen zuela, elebitan zegoelako, eta ez dela egia euskarazko testua ez zela ikusten. Bestalde, “Plaza Abierta” izena ez da itzuli behar, hain zuzen ere izen bat delako”.
Aztergai dugun kasuan, Administrazioak nolabait ere aitortzen du “Iruña 2016. Europako Kultur Hiriburua” afixako euskarazko testua txikiagoa zela gaztelaniazko testua baino.
Udalak uste du testua euskaraz ere inprimatuta dagoenez jada elebiduna dela (euskara-gaztelania) eta, horrenbestez, euskararen erabilerari buruzko udal ordenantza betetzen duela.
Erakunde honen iritziz, ezin da baieztatu udalak ez duela urratu Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen da bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”. Ordenantzak ez ditu alderaketarako terminoetan arautzen bi hizkuntzetako bakoitzean idatzitako testuei eman beharreko tokia edo haietan erabili beharreko tamaina.
Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen edo hura garatzen duen foru dekretuaren aginduarekin, baizik eta udal ordezkarien borondatearekin. Izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.
Euskarazko testua txikiagoa baldin bada eta toki gutxiago hartzen baldin badu gaztelaniazko testuak baino, hizkuntza bati garrantzi gehiago eman zaio beste bati baino, alegia, gaztelania nabarmendu da euskararen gainetik. Bada, euskararen gutxiagotze hori ordenantzaren izpirituaren aurkakoa izan daiteke eta, horrenbestez, udal ordenantzaren aginduaren aurkakoa, bi hizkuntzak berezkotzat jo baitzituen, inongo bereizketarik egin gabe. Are gehiago, ordenantzan ageri den borondatea da euskara sustatzea, hizkuntza gutxiagotua izateagatik.
Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela. Horrenbestez, euskaraz inprimatutako afixaren tamaina eta tokia gaztelaniaz inprimatutakoaz desberdina izatea ez dator bat izpiritu horrekin, hau da, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren hermeneutika zuzenarekin. Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari iradokitzea azaldutakoaren ildotik interpreta dezan ordenantzaren aplikazio zuzena.
“Plaza Abierta” (“Plaza Zabalik”) adierazpideari dagokionez –haren testua gaztelania hutsez zegoen–, erakunde honek uste du ez dela izen berezi bat, eta horrenbestez euskarara itzuli egin behar dela. Ez dirudi horrek inongo arazo teknikorik planteatzen duenik. Erakunde honen iritziz, “Plaza Zabalik” adierazpideari dagokionez, eslogan bat da, hizkuntza guztietara itzul daitekeena eta, are gehiago, euskarara, eremu misto osoan euskara sustatzeko agindua baitago, eta Iruñean eremu horretan dago. Adierazpide horren esanahia, bisitariei eta eslogana irakurtzen dutenei esan nahi diena da hiriak (plazak) Europako kultura desberdinak zabalik hartzen dituela. Hori dela eta, arrazoizkoa da, lehenengo eta behin, Nafarroako kultura hartzea, eta, horren barrenean, euskararen erabileratik heldu den kultura.
Horixe ulertu izan du Iruñeko Udalak, zeren eta Iruñeko Udalaren esparruan Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzako 8.a) eta 9.1 artikuluetan ezartzen baitu afixetako elementu guztiak elebikoak izanen direla.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari iradokitzea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzaren artikuluak interpreta ditzan Euskarari buruzko Foru Legea inspiratu zuten printzipioen arabera. Printzipio horiek, bestalde, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko ordenantzako zioen azalpenean bertan jasota daude. Zehazki, iradokitzen diogu euskarazko testuari gaztelaniazko testuaren tamaina bera ematea eta distantzia beretik ikusteko modukoa izatea.
Iruñeko Udalari gogoraraztea euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko udalaren araudian bertan ezarritakoaren arabera jarduteko legezko betebeharra duela, zehazki “Iruña zabalik” esloganaren testuari dagokionez.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari iradokizun hori eta legezko betebeharren gogorarazpena onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia