Partekatu edukia
Euskara
Gaia: El texto en euskera de una pancarta es más pequeño y difuso que el texto en castellano
Exp: 09/607/C
Nº: 227
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an, [?] erakundeko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du Sanferminetan, barrakak jartzen diren eremuan eta Antoniuttin, afixa batzuk jarri zirela iragartzeko Iruña 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaia dela. Esaldia euskaraz ere bazegoen arren, euskarazko testua ezin zen ikusi, tonu argia zuelako eta haren letra gaztelaniazkoa baino txikiagoa zelako. Horretaz gainera, Torun hiriari buruzko aipamena gaztelaniaz baizik ez zegoen idatzia.
2009ko urriaren 28an, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, eginiko txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Horri buruz, jakitera ematen dizut aipatutako afixak elebitan zeudela eta euskararen erabilerari buruzko ordenantza betetzen zutela, eta ez dela egia euskarazko testua ez zela ikusten. Bestalde, “Torun” izena ez da itzuli behar, hain zuzen ere izen berezi bat delako”.
Aztergai dugun kasuan, Administrazioak nolabait ere aitortzen du Arrotxapeako eta Antoniuttiko barraketan jarritako “Iruña 2016. Europako Kultur Hiriburua” afixetako euskarazko testua txikiagoa zela gaztelaniazko testua baino.
Udalak uste du testua euskaraz ere inprimatuta dagoenez jada elebiduna dela (euskara-gaztelania) eta, horrenbestez, euskararen erabilerari buruzko udal ordenantza betetzen duela.
Erakunde honen iritziz, ezin da baieztatu udalak ez duela urratu Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen da bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”. Ordenantzak ez ditu alderaketarako terminoetan arautzen bi hizkuntzetako bakoitzean idatzitako testuei eman beharreko tokia edo haietan erabili beharreko tamaina.
Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen edo hura garatzen duen foru dekretuaren aginduarekin, baizik eta udal ordezkarien borondatearekin. Izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.
Euskarazko testua txikiagoa baldin bada eta toki gutxiago hartzen baldin badu gaztelaniazko testuak baino, hizkuntza bati garrantzi gehiago eman zaio beste bati baino, alegia, gaztelania nabarmendu da euskararen gainetik. Bada, euskararen gutxiagotze hori ordenantzaren izpirituaren aurkakoa izan daiteke eta, horrenbestez, udal ordenantzaren aginduaren aurkakoa, bi hizkuntzak berezkotzat jo baitzituen, inongo bereizketarik egin gabe. Are gehiago, ordenantzan ageri den borondatea da euskara sustatzea, hizkuntza gutxiagotua izateagatik.
Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela. Horrenbestez, euskaraz inprimatutako afixaren tamaina eta tokia gaztelaniaz inprimatutakoaz desberdina izatea ez dator bat izpiritu horrekin, hau da, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren hermeneutika zuzenarekin. Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari iradokitzea azaldutakoaren ildotik interpreta dezan ordenantzaren aplikazio zuzena.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari iradokitzea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzaren artikuluak interpreta ditzan Euskarari buruzko Foru Legea inspiratu zuten printzipioen arabera. Printzipio horiek, bestalde, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako zioen azalpenean bertan jasota daude. Zehazki, iradokitzen diogu euskarazko testuari gaztelaniazko testuaren tamaina bera ematea eta distantzia beretik ikusteko modukoa izatea.
Iruñeko Udalari gogoraraztea euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal Ordenantzan ezarritakoaren arabera jokatu behar duela, Torun hiriaren aipamenari buruzko testu osoari dagokionez.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari iradokizun hori eta legezko betebeharren gogorarazpena onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia