Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 10eko 225/2008 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 17

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Incumplimiento de normativa sobre contratación temporal de personal en Osasunbidea

Exp: 09/459/F

: 225

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 1ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, langileak kontratatzeari buruzko araudia ez betetzeagatik.

    Azaltzen zuen 2006ko irailetik Bideko Ama Birjina Ospitalean lan egiten duela erizaintzako laguntzaile gisa, lanaldi erdiko kontratu batekin.

    Adierazten du beti prest egon dela lanaldi osoz lan egiteko eta hori adierazi izan duela behin eta berriz ahoz eta idatziz; besteak beste, 2008ko irailaren 19an aurkeztu eta erantzunik izan ez zuen eskabidearen bitartez.

    Gehitzen du aldi baterako kontratuetarako zerrendetan zegoela, Bideko Ama Birjina Ospitalearen esparruari dagozkionetan; hain zuzen ere 711. tokian iraupen laburrekoetan eta 805. tokian iraupen luzekoetan.

    Interesdunaren kexa heldu da 2001eko urtarrilaren 9an Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta sektorea ordezkatzen duten sindikatuek hartutako akordioa ez betetzetik. Akordioa, izan ere, osasun zentroetan langileak aldi baterako kontratuetarako hautatzeari buruzkoa zen. Izan ere, kexa-egilearen arabera, lanaldia osatzeko beste pertsona batzuk –beste esparru batzuetako aldi baterako langileak– kontratatu dira, hain zuzen ere Bideko Ama Birjina Ospitalearen esparruko kontratazio-zerrendetan ez dauden pertsonak. Kexa-egileari, ordea, nahiz eta Bideko Ama Birjina Ospitalean bere lanaldia osatu nahi duen, ez diote proposamen bakarra ere egin.

  2. Uztailaren 3an, abuztuaren 24an eta irailaren 23an, erakunde honek planteatutako gaiari buruzko informazioa eskatu zion Osasun Departamentuko kontseilariari.
  3. Kontseilari andreak bi txosten igorri zizkigun: Lehenengoa irailaren 4an jaso genuen. Hauxe dio hitzez hitz:

    Ez 2001. urteko kontratazioari buruzko akordiotik, ez abuztuaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko akordio berritik ez da inongo eskubide subjektiborik ondorioztatzen kontratazioko lanaldia luzatzeari begira. Horrenbestez, ezin da kontratazio-araubide jakin baterako inongo eskubiderik aldarrikatu. Aipatutako akordio horiek arautzen dutena da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren premietarako deialdiak eta kontratazioak, direla lanaldi osokoak, direla lanaldi partzialekoak.

    Lanaldi partzialeko kontratazio bat lanaldi osoko kontratazio bilakatzea bi alderditatik hel daiteke: edo kontratazioa hobetzea deitzen den kasu batetik, hau da, lanaldi osoko lan eskaintza berri bat sortzea eta kontratazioaren baldintzak hobetzen dituenez kontratazioetarako zerrendako hurrenkeraren arabera jokatzen da; edo erabilitako kontratazio motatik –esate baterako, lanaldi murriztu bateko ordezkapen batean, gero lanaldi osoko ordezkapen batera pasatzea–.

    Horrenbestez, ez dugu atzematen kontrataziorako akordioetako bakarra ere urratu denik. Bestalde, erreklamazio-egileak ez du aipatzen balizko urratze hori zeri dagokion. Jasota ageri dena da erreklamazio-egileak kontratazio mota jakin baten aurka dagoela, baina horri buruzko erantzuna eman zitzaion, eta sindikatuei hari buruzko informazioa eman zitzaien kontrataziorako akordioaren jarraipen-batzordean, horixe baita gorabeherak ezagutzeko eta akordioaren aplikazioa zaintzeko organo eskuduna”.

    Bigarren txostena urriaren 30ean sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da, hitzez hitz:

    “Aldi baterako kontratazioetan, bi kasu bereizi behar dira:

    • Lanaldia luzatzeko kontratua
    • Enplegua hobetzeko kontratua

    Lanaldia luzatzeko kontratua soilik aplika dakioke lanaldi murriztu baten ordezkapena egiten ari denari (hau da, pertsona batek lanaldi partzialeko ordezkapen kontratu bat badu, eta aurreikusten dena da haren lanaldia luzatzea harik eta pertsona horrek berak lanaldi osoa hartu arte); beraz, iraupen laburreko kontratazio zerrenden barruan dago kasu hori.

    Enplegua hobetzeko kontratua iraupen luzeko (sei hilabete baino gehiago) kontratazio zerrendetan sartzen den kasu bat da, eta haren helburua da interesdunari beste kontratu bat eskaintzea, baldintza hobeagoekin (zehazki, iraupen luzeagoarekin).

    Bada, [?] andrea lanaldi murriztu baten ordezkapen lanak egiten aritu da urte askotan (horrenbestez, iraupen laburreko kontratazio-zerrendatik heldu da). Jende guztiak dakien bezala, finkoa den pertsona bajan dagoenean edo oporretan dagoenean eta abar, [?]andreari kontratuaren lanaldia luzatzen zaio, lanaldia osatzeraino.

    [?] andreari ez zaio lanaldia luzatzen, ez dituelako lanaldi murriztu baten ordezkapen-lanak egiten. Ezinezkoa da lanaldi osoa duten langileen ordezkapen laburrak egiten dituelako. Dirudienez, erreklamazio-egileak planteatzen duena da enplegu-hobekuntza aplika dakion (iraupen luzeko sei hilabete baino gehiagoko kontratuak), baina hori aurrekoaz bestelakoa da, eta ez zaio [?] andreari aplikatzen ari. [?] andrea 805. postuan dago enplegua hobetzeari dagokionez, eta gaur-gaurkoz 734. postura arte daudenei baizik ez zaie eskaini enplegua hobetzeko aukera. Horrenbestez, postu okerragoan dagoen inork ez du enplegu hobekuntzarik lortu.

AZTERKETA

  1. Interesdunak planteatzen duen gaia da ez zaiola erantzunik eman 2008ko irailaren 19an Bideko Ama Birjina Ospitalean aurkeztutako eskabideari.

    Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez dela adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

    Azken batean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez dio idazki horri inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  2. Departamentuetako txostenen edukiak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen die erakunde honek igorritako idazkiei, bai eta interesdunak irailaren 19an aurkeztutako eskabideari ere.

    Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostenak ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [?] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.

     

  2. Osasun Departamentuari Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideari erantzun formala eman beharko dio.

     

  3. Erabaki hau Osasun Departamentuari eta kexa-egile [?] andreari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia