Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Disconformidad con autorización de afecciones ambientales para seis puntos de sondeo en Zilbeti
Exp: 09/884/M
Nº: 66
Ingurumena
2009ko abenduaren 22an, [?]-ko idazkari [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, Zilbetin sei zundaketa-gunetarako sarbideak egiteko eta gune horiek egiteko prozesuko ingurumen ukipenetarako baimena emateagatik.
Azaltzen du 2008ko azaroaren 3an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuela Ingurumen Kalitateko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 26ko 475/2008 Ebazpenaren aurka; izan ere, haren bitartez, “[?]”-ri ingurumen ukipenei buruzko baimena eman zitzaion, Zilbetin sei zundaketa-gune berrietarako sarbideak egiteko eta gune horiek egiteko prozesurako.
Azalpenak erakusten du kexa-egilea ez dagoela ados baimendutako jarduerarekin, zeren eta zundaketak egiteko jarduketa-eremua zainketa bereziko eremu bat baita, Habitat naturalak eta basa fauna zaintzeari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/CEE zuzentarauaren babesean deklaratua, eta eremu horretako betebeharrak, zuzentarauan bertan eta kudeaketa-planean jasotakoak, hura mantendu eta zaintzera bideratu behar baitira, eta ez hura suntsitzera.
Kexa-idazkitik nabarmentzekoa da, halaber, jotzen duela kontraesan bat dela jarduketa batzuetarako baimena ematea –esate baterako, basabideak, dekantazio baltsak eta zelaitze-lanak– espezie mehatxatuak bizi direneko pagadi batean; izan ere, zuhaitzak desagerraraziko dira eta obrekin “Aldude” zainketa bereziko eremuaren zati den eremu bat kutsatuko da, magnesita zeru zabalean ustiatzeko jarduera bideragarritzat ebaluatu baita, nahiz eta jarduera horrek ingurumenaren arloko arau indardunak urratzen dituen.
Kexa-idazkiak adierazten zuen ez dela inongo jarduketarik egin suntsitutako balio natural eta paisaiakoak lehengoratzeko.
Gehitzen du, urtebete baino gehiago iragan denean ere, Administrazioak ez duela gora jotzeko errekurtsoa ebatzi, eta baimendutako jarduerek eremu babestuaren zainketa babesten eta arautzen duen araudia hausten dutela; hori, izan ere, herritarrek ingurumen egokia edukitzeko daukaten eskubidea hausten du.
Amaitzeko, eskatzen du erakunde honek esku har dezan, legezkotasunaren berrezarpena premiatzeko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
92/43 Zuzentarauko 6.3 artikuluan zehazten da eskatzen den ebaluazioaren xedea honako hau dela: “tokiaren kudeaketarekin lotura zuzena izan ez edo hartarako beharrezkoa ez den edozein plan edo proiektu, aipatutako tokietan atzemateko moduko eragina izan dezakeena”. Argi dago hasierako proiektuak harremanik ez duela zainketa bereziko eremuarekin; alabaina, bai du harekin harremana behin exekutatu ondoren, zeren eta zundaketak amaitzen direnean pistei emanen zaien erabilera mendiko basoen kudeaketa izanen baita.
Bestalde, ukitutako eremuaren ezaugarriak eta zundaketek zainketa bereziko eremuaren zabalerarekin alderatuta proportzioan oso azalera mugatuan eragina izanen luketela aztertu ondoren, ondorioa da proiektuak ez diola kalterik eraginen tokiaren osotasunari.
Proiektuaren ukipen nagusia pistak zabaltzearen ondoriozkoa da. Kontuan izan beharra dago zundaketa bakoitzak ukitzen duen azalera ez dela 50 m2 gorakoa izanen. Dekantazio baltsen xedea da zulatzailea hozteko garaian uretan dauden ale finei eustea, eta haren okupazioa oso-oso txikia da (1 eta 2 m3 bitarte). Izan ere, aurretik antzeko ezaugarriak izan dituzten zundaketa batzuk baimendu dira eremu berean, eta ez dute ingurumenean ukipenik eragin.
Zundaketak egiteko eremuan egin diren baso-ustiapenak direla eta, ez dago pago ale zaharrik, ez eta egur hilik ere. Hori dela eta, baztertuta dago pizidoek habiak egiteko eremuetan ukipenik izatea.
Baimena zundaketetarako proiekturako eman da, betiere kontuan izanda pista berriek mendiko basoen kudeaketarako eragin dezakeen onura. Baimenak ez du bere baitan hartzen harrobia irekitzeko proiektua.
Basoen kudeaketa eta haiei buruzko ikerketa Natura 2.000 Sareko eremuen kudeaketaren zati bat direnez, ingurumen ukipenetarako baimenak ezartzen du zundaketak eginen diren tokiak lehengoratu egin behar direla, eta behin zundaketa-lanak egin ondoren, pistak mantendu egin behar direla, mendiko kudeaketari zerbitzua emateko.
Gora jotzeko errekurtsoan erabiltzen diren argudioak laburbiltzeko, esan daiteke errekurtso-egilea ez dagoela ados baimendutako jarduerarekin, zeren eta zundaketak egiteko jarduketa-eremua zainketa bereziko eremu bat baita, Habitat naturalak eta basa fauna zaintzeari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/CEE zuzentarauaren babesean deklaratua, eta eremu horretako betebeharrak, zuzentarauan bertan eta kudeaketa-planean jasotakoak, hura mantendu eta zaintzera bideratu behar batira, eta ez hura suntsitzera, horixe gertatu behar baita.
Gainera, errekurtso-egileak planteatzen du zundaketak bideratuta daudela eremu berean magnesita ateratzeko etorkizuneko jarduera aztertzera, eta hori guztiz bateraezina da eremua kontserbatzearekin; horrenbestez, zundaketen emaitzak edozein direla ere, zundaketa horiek ez dute ezertarako balioko. Horri buruz alegatzen dute magnesita ateratzeko Kintoko egungo harrobia ikusita, ukaezinak direla jarduera horrek ingurumenean dauzkan eragin negatiboak.
Argudio horien aurrean honakoa adierazi beharra dago: [?]-k aurkeztutako proposamena ingurumen ukipenetarako baimenaren prozeduraren bitartez izapidetu beharra dago, eta jendaurreko izapidea egin zenean, ez zen inongo alegaziorik jaso. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak eta Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuak proposamenari buruzko txostenak egin zituzten, eta baloratu zituzten bai onura publikoko mendian, bai Aldudeko zainketa bereziko eremua kontserbatzeko helburuetan ere gerta zitezkeen eraginak.
Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuaren txostenean jotzen da “eragina onartzeko modukoa izan daitekeela, baldin eta pistak zabaltzeari erabilgarritasun gehiago ematen bazaio”; izan ere, aipatzen du “zundaketak egiteko pistak egurra ateratzeko baliagarri gertatzeko moduan diseinatu beharko liratekeela, eremua antolatzeko proiektuan programaturiko hobekuntza mozketak hobeki egin ahal izateko. Horri dagokionez, proiektuari baimena emateko eskatzen da proiektatutako pistetan zenbait alderdi aldatzeko. Baldintza horiek ingurumen ukipenetarako baimenean ezarri ziren. Garrantzitsua da esatea aipatu txostenak, bere hasierako zatian, “Aldude” zainketa bereziko eremuan eta intereseko habitat gisa katalogatutako pagadi azidofiloan gerta zitekeen eragina aztertzen duela.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazio publikoek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarritako gehieneko epean bete behar da. Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko epea hiru hilekoa da (42.2 artikulua, aipatutako 30/1992 legeko 115.2 artikuluarekin lotura duena).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko duten eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Kexa-idazkian adierazitakoaren arabera eta departamentuaren txostenean ageri diren informazio osagarriak kontuan izanda, erakunde honen iritziz ezin da ondorioztatu administrazio jardueretan herritarren eskubideak urratu direnik (esate baterako, ingurumen egokirako eskubidea). Alde batetik, [?]-k egindako lanek, Ingurumen eta Ur Zuzendaritza Nagusiko Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuaren eta Basozaintzaren arabera (ingurumenaren arloko organo administratibo eskuduna da), bete egin dituzte jarduera baimentzeko ebazpen administratiboa; bestetik, ez da aurreikusten harrobia irekitzeko proiekturik. Horrenbestez, baimendutako jarduerak baliagarri gertatzen dira mendia zaintzearekin lotutako jardueretarako.
Nolanahi ere, Natura 2000 Europako Sareko zainketa bereziko eremu batean –1992ko maiatzaren 21eko 92/43/CEE Zuzentarauak babestua– gizakiak eginiko esku-hartze bat denez, egokia da ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuari gogoraraztea legez zaindu egin behar duela eremu horretan ez gertatzea hura ezin lehengoratzeko moduko ukipenik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea legez baimendutako jarduera zaintzeko betebeharra duela, eta bermatu beharra daukala Habitat naturalak eta basa fauna zaintzeari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/CEE Zuzentaraua modu eraginkorrean beteko dela, jarduera egin beharreko tokia zainketa bereziko eremu bat baita.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia