Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Imposibilidad de obtener licencia de animal potencialmente peligroso por cuanto la Ordenanza reguladora de su Ayto no lo regula
Exp: 10/126/M
Nº: 65
Ingurumena
Azaltzen zuen Rottweiler arrazako txakur eme bat erosia zuela, eta otsailaren 19an iritsi zitzaiola Agoizko bere etxera. Adierazten zuen arauetan horrelako animalia bat edukitzeko exijitzen diren dokumentu guztiak badauzkala: aurrekari penalen ziurtagiria, azterketa mediko eta psikoteknikoa, [?] aseguru konpainiarekin asegurua kontratatua edukitzeari buruzko informazioa eta abar.Hori dela eta, Agoizko Udalean arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren eskaria aurkeztu zuen, baina kexa aurkezteko egunera arte ez du inongo erantzunik jaso.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkadan zehazteko, idazki bat igorri nuen Agoizko Udalera, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.
2010eko otsailaren 15ean, Agoizko alkateak txosten bat igorri zuen erakunde honetara. Hartan, izan ere, honakoa jakinarazten digu.
“Udal honetan Nafarroako Arartekoaren Erakundearen idazki bat jaso dugu, haren 10/126 espedienteari dagokiona, joan den otsailaren 19koa. Idazkia [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa da, hain zuzen ere Agoitzen arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziarik ezin izan duelako lortu. Bada, horri buruz honakoa eman behar dizut jakitera:
Agoizko Udalak animaliak edukitzeko ordenantza bat dauka onetsia. 2001eko abuztuaren 20ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Hain zuzen ere, haren bidez udal dermioan animalien presentzia arautzen da, eta horretarako zenbait baldintza ezartzen dira: osasungintza aldetik arriskurik ez egotea, animaliak berak arriskugarri ez gertatzea eta abar.
Hori guztia pertsonalki azaldu zitzaion kexa-egileari, udal idazkariak eginiko txostenean ageri den bezala –erantsita dator–, baina dirudienez erakunde horri ez zaio informaziorik eman ez horri buruz, ez Agoitzen dagoen ordenantzari buruz ere.
Udal honek gardentasun eta arreta osoz jardun du eta ez du eskatzailearen inongo eskubiderik urratu. Harekin, izan ere, bilera bat egin zen Agoizko arauak azaltzeko. Bestetik, argi dago arau hori Nafarroako Arartekoari ezkutatu egin zaiola.
Agoizko Udalak gai horren sakoneko aldeari buruz duen jarrera oso argia da, espedientean jaso diren aurrekariekin: animaliak edukitzeko ordenantza bete egin beharra dago, eta horixe jakinarazi zaio eskatzaileari”.
Agoizko Udalak adierazi du ezen, animaliak edukitzeko ordenantzaren arabera –2001eko abuztuaren 20ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–, Agoizko udalerrian animaliak edukitzeko zenbait baldintza bete behar direla: osasungintza aldetik arriskurik ez egotea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea eta abar.
Egiazki, Agoitzen animaliak edukitzeko ordenantzako 1. artikuluan honakoa ezarri zen:
“Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea”.
Enuntziatu orokor hori bat dator, neurri handi batean, Animaliak Babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeko zenbait araurekin. Zehazki, eta arriskugarritasunari dagokionez, arau horrek soilik adierazten du pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliek albaitarien kontrolaren pean egon behar dutela. Aitzitik, ezer ere ez du esaten arriskugarri gerta daitekeen animalia bat edukitzeko ezintasunari buruz.
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoa ezarri zuen abenduaren 23ko 50/1999 Legeko 3. artikuluak ezartzen du arriskugarritzat sailkaturiko edozein animalia izateko aurrez lizentzia administratibo bat eduki beharra dagoela, eta lizentzia hori eskatzailea bizi deneko udalak eman behar duela, behin legeak berak arautzen dituen baldintza batzuk betetzen direla egiaztatuta.
Bestalde, arestian aipaturiko 50/1999 Legeko xedapen iragankor bakarrak ezartzen du udalek, legeak indarra hartu eta sei hilabeteko epean, kasuko udal erregistroa eratuta eduki beharko dutela, eta zehaztu beharko dutela arriskugarri gerta daitezkeen txakurren egungo jabeek nola bete beharko duten udal erregistroan izena emateko betebeharra, bai eta altak, bajak eta gorabeherak erregistro zentral informatizatuetan komunikatzeko modua ere.
Horrenbestez, erakunde honen iritziz, lizentzia ematea funtsezko baldintza bat da arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubidea arautzen duen araudian, halako punturaino non legean huts-egite oso larritzat sailkatzen baita udalaren baimenik ez izatea.
Aurrekotik guztitik ondorioztatzen da arriskugarri gerta daitekeen animalia bat daukanak ezinbestez lizentzia administratibo bat eduki beharko duela, eta lizentzia hori bizi deneko udalak eman beharko diola, kasu honetan Agoizko Udalak, eta udal horrek arriskugarri gerta daitezkeen animalien udal erregistro bat sortu behar duela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Agoizko Udalari gogoraraztea legez Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoa ezarri zuen abenduaren 23ko 50/1999 Legea bete behar duela, bai eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua ere.
Aztertzen ari garen kasu zehatzean, Agoizko Udalari gomendatzea berariaz eta legez ezarritako epean ebatz dezan kexa-egileak eginiko lizentzia-eskaria, legeetan eta aplikatzekoak diren ordenantzetan ezarritakoaren arabera.
Bi hilabeteko epea ematea Agoizko Udalari gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela-eta zer neurri hartu behar duen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia