Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 7ko 64/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Urzainkiko Baso Jabeen Elkarteak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 apirila 07

Energia eta ingurumena

Gaia: Demanda de compensaciones por la prohibición de aprovechamiento forestal de explotaciones sitas en Lugar de Interés Comunitario (LIC)

Exp: 09/148/M

: 64

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 25ean, Urzainkiko Baso Jabeen Elkarteak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren kontra, eta konpentsazio bat eskatzen zuten, komunitate intereseko leku (KIL) batean dauden ustiategietako baso aprobetxamendua debekatzeagatik.

    Laburbilduz, gertaera hauek azaltzen zituen:

    Urzainkiko Baso Jabeen Elkartea hogeita sei bazkidek osatzen dute, eta 220 hektarea baso finkaren titularrak dira “Urralegiko sakanako eguteran” (Arrigorrietako mendilerroko hegoaldea eta ekialdea), Erronkari ibarrean, Urzainkiko udal barrutian. Hedadura osotik, soilik 15 hektareatan egin daitezke baso finketan ohikoak diren lanak: landatzea, bakantzea, garbitzea eta ateratzea edo aprobetxatzea. Gainerakoan, hau da, 205 hektareatan, Ezkaurre-Arrigorrietako komunitate intereseko lekutzat jo denez, hain dira handiak erabiltzeko eta kudeatzeko murriztapenak (are kudeaketa plana kontuan hartu gabe), non ez baitzaie soilik beren finketako egur ekoizpena aprobetxatzea galarazten, menderen mendetan egin izan duten bezala, baizik eta, gainera, basogintza ere debekatu egiten baitzaie, basoa garbituz eta bakanduz zaintzeko jarduera den aldetik. Gutxienez duela hamabost urte ezarritako debeku horrek berekin dakar, inolako beharrik gabe, basoan suteak izateko arriskua areagotzea, kalitate txarreko egur ugari izatea, sarbideak hondatzea eta abar.

    Komunitate intereseko lekutzat jo ondoren, hainbat muga berezi eta eraginkor ezarri dituzte, eta horiek bateraezinak dira lehen egiten zituzten landa munduko jarduerekin eta erabilera tradizional eta finkatuekin (basogintza eta egurraren aprobetxamendua). Basogintzako lanak eta egurretik lortzen zuten etekina parte garrantzitsua ziren demografia eta jarduera ekonomiko aldetik atzera egiten ari diren Nafarroako alde batzuetako (Erronkari ibarra) zenbait bizilagunen familia errentan.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko martxoaren 18an, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariaren txostena jaso genuen erakunde honetan. Bertan, honako hau azaltzen du:

“Aurrez, beharrezkoa da bi kontu adieraztea:

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ez du eman ez ebazpenik eta ez foru araurik elkarte horren barruko lurren baso erabilera mugatzen duenik.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ez du elkarte horretako ordezkarien inolako idazkirik jaso kexa horren inguruan.

Departamentu honen iritziz, kexaren idazkia Urzainkiko Baso Jabeen Elkartean sartutako mendien kudeaketa plan teknikoa egiteko lanei buruz ari da. Plan hori Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzua ari da egiten, foru araudiak xedatzen duen bezala. Plan hori idazteko eskabidea elkarte horretako lurren titularrek egin zuten.

Basoa Kudeatzeko Plan Teknikoa oinarrizko plangintza tresnatzat jotzen da basoko finketan dauden baliabideak modu iraunkorrean kudeatzeko eta aprobetxatzeko. Gisa honetako azterlanak egiteko, Nafarroako Baso Planean ezarritako ekintza ugari hartu behar dira kontuan. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: basogintza egokiak aplikatzea, espezie bitxiak sustatzea, bioaniztasuna zaintzea, eta basoko bide sarea sortzea, hobetzea eta zaintzea.

Ingurumen zuzendari nagusiak 2007ko maiatzaren 29an emandako 1116 Ebazpenaren bidez, Urzainkiko Baso Jabeen Elkarteko jabetza partikularreko lurren kudeaketa plan teknikoa idazteko lana [?] enpresari esleitu zitzaion, 16.993,38 eurotan, BEZa barne. .

Egindako kudeaketa plan teknikoa 2008ko abenduaren 17an aurkeztu zioten elkarteko zuzendaritza batzarrari Basoa Kudeatzeko Ataleko aholkulariek eta teknikariek. Aurkezpen horren helburua dokumentutik ateratako ondorio nagusiak azaltzea eta planaren zirriborroa ematea izan zen, jabeek egoki iritzitako behar beste alegazio egin ditzaten.

Eskuarki, kudeaketa plan teknikoetan antolatutako baso lurren titularrek zirriborroaren gaineko alegazioak aurkezten dituzte, beren sentsibilitate eta interesen arabera. Alegazio guztiak aholkulariekin eta Baso Administrazioarekin eztabaidatzen dira, eta onartu egiten dira, teknikoki bidezkoak direla jotzen bada. Alde horretan, orain arte, Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuan ez dugu jaso aurkeztutako planaren zirriborroaren gaineko alegazio idazkirik eta desadostasunik. Beraz, harrigarria da kexa hori, Nafarroako arartekoak argudiatu duen moduan.

Arartekoaren idazkiak hauxe dio hitzez hitz: “Hedadura osotik, soilik 15 hektareatan egin daitezke baso finketan ohikoak diren lanak: landatzea, bakantzea, garbitzea eta ateratzea edo aprobetxatzea. Gainerakoan, hau da, 205 hektareatan, Ezkaurre-Arrigorrietako komunitate intereseko lekutzat jo denez, hain dira handiak erabiltzeko eta kudeatzeko murriztapenak (are kudeaketa plana kontuan hartu gabe), non ez baitzaie soilik beren finketako egur ekoizpena aprobetxatzea galarazten, menderen mendetan egin izan duten bezala, baizik eta, gainera, basogintza ere debekatu egiten baitzaie, basoa garbituz eta bakanduz zaintzeko jarduera den aldetik. Gutxienez duela hamabost urte ezarritako debeku horrek berekin dakar, inolako beharrik gabe, basoan suteak izateko arriskua areagotzea, kalitate txarreko egur ugari izatea, sarbideak hondatzea eta abar.

Urzainkiko Baso Jabeen Elkartearen Kudeaketa Plan Teknikoaren bereizgarria da kalitate txarreko estazio gisa antolatuta dagoela baso azalera, eta azpiegitura sare eskasa duen fisiografia malkartsua duela. Ingurune fisikoak berez dituen muga horiek dira, aholkularien iritziz, elkarteko lurretan basogintza iraunkorra garatzeko eragozpena. Beraz, arrazoi objektibo eta bakar horietan oinarrituta soilik erabaki da ekoizpen xedeko baso azalera txikia izatea.

Bestalde, ez da egia komunitate intereseko lekutzat jo izanak jarduera eta erabilera tradizional eta finkatuekin (basogintza eta egur aprobetxamendua) bateraezinak diren muga berezi eta eraginkorrak sortu dituenik Elkarteko lurren gaineko kudeaketa plan teknikoaren ondorioak berberak izanen dira, KIL bati eragin edo ez. Aski da esatea antolatutako azaleraren beste aldeko mendi hegalean, zeina Arrigorrietako Mendilerroa/Ezkaurreko Haitza (Urralegiko sakana) KIL berberean sartuta baitago, bere estazioek kalitate ona dutenez eta fisiografia leunagoa duenez, baso masa gehienetarako xedeak ekoizpen irizpideei loturik ezartzen dira.

Amaitzeko, adierazi behar dugu Urzainkiko Elkartearen kudeaketa plan teknikoan antolatutako baso azalera oso konplexua dela fisiografia eta ekologia aldetik, eta horrek, egurraren merkatuko kalitate eskakizunarekin batera, bideraezin egiten duela ekoizpen irizpideak esleitzea elkarteko mendiaren azalerarik handienean.

Bestalde, jabeek kudeaketa planaren zirriborroaren gainean alegazioak aurkeztea espero du Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuak, alde guztien kezka eta espektatibei kasu egingo dien dokumentu baten gainean eztabaidatu eta adosteko.

AZTERKETA

  1. Planteaturiko arazoa aztertzeko orduan, beharrezkoa da oinarrizko premisa bat ezartzea, hau da, Arrigorrietako mendilerroa-Ezkaurre haitza komunitate intereseko lekutzat jotzeak ondorio dakarrela hango lurren menderen mendetako titularrek (toki erakunde publikoak eta partikularrak) irizpide kontserbazionistekin erabili eta aprobetxatu izan dituztela, horko habitata errespetatuta.

    Horri dagokionez, lurren titularrei ingurumena zaintzeko eginkizunean eragile nagusi izan direla onartu behar zaie. Izan ere, haiek, beren baliabideekin, Foru Komunitateko, Estatuko eta Europako erakundeek balio ekologiko handikotzat jo dituzten mendiak eta basoak etorkizuneko belaunaldiei helarazten jakin izan dute.

  2. Aitortza horren haritik, uste dugu ezinbestekoa dela lurren titularrek mendiaren kudeaketa plan teknikoan parte hartzea. Ez da bideragarria mendiaren kudeaketa planak jabeek parte hartu gabe onartzea, eta are gutxiago haiek aurka egonik garapen iraunkorra bermatzea.

    Urzainkiko base jabeek duela mende askotatik erakutsi dute basogintza aplikatzeko eta bioaniztasuna zaintzeko gaitasuna. Horregatik, guztiz komenigarria da haiek beren ideiak eta konponbideak ematea elkartearen jabetza partikularreko lurren kudeaketa plan teknikoa egin, onartu eta garatzeko orduan.

    Ondorioz, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak jarrera proaktiboa hartzea mendiaren jabeengana hurbiltzeko, iritzia eskatzeko, mendiaren titularrek emandako konponbideak eztabaidatu, aurkeztu eta hartzeko gaitasuna bide arin eta berdintasunezko bat ezartzeko.

  3. Komunitate intereseko leku izendatzeko proposamenaren harira (Natura 2000 sareko formulario ofizialak) Arrigorrietako mendilerroari eta Ezkaurre haitzari buruz egindako lanetan, adierazten zen inguru horretan kalte handia egiten duela baso eta abere bideen ugaritzeak, asaldura eta eragozpena baitira gizakiaren presentziak kalte egiten dien zenbait espezierentzat, hala nola hartzentzat.

    KIL gisa joz gero, Europako 43/92 Zuzentarauak exijitzen duen bezala, prebentzio neurriak ezarri behar dira, fauna eta flora zainduko direla bermatzeko. Prebentzio neurri horiek, guri dagokigun kasu honetan, berekin dakarte Urralegiko sakanako eguteran dauden 205 hektareetan landatu, bakandu, garbitu, atera eta aprobetxatzeko jarduera eta erabilera tradizional modu berezi eta eraginkorrean mugatzea, hori ez baita bateraezina giza presentziak kalte egiten dien espezien kontserbazioarekin.

    Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 28.3 artikuluak eta Basa fauna babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 25.2 artikuluak ezartzen dute Administrazioak kalte-ordaina eman behar diela aprobetxamendu eta erabilera finkatuen titularrei, jarduera horiek bateraezinak izateagatik araudiak aprobetxamendu eta erabilera horietarako ezartzen dituen muga berezi eta eraginkorrekin.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari iradokitzea jarrera proaktiboa har dezala Urzainkiko Baso Jabeen Elkarteak jabetza partikularreko lurren kudeaketa planean parte har dezan, ideiak eta konponbideak emanda.

  2. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko 28.3 artikulua eta Basa fauna babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 25.2 artikulua betetzea.

  3. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Barne Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia