Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 6ko 67/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 apirila 15

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con su nombramiento como Directora del Centro Escolar y con la retribución por este concepto

Exp: 09/154/E

: 67

Hezkuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 26an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, [?] ikastetxeko zuzendari izendatu zutela eta.
    Laburbilduz, gertaera hauek azaltzen zituen:

    2007ko maiatzean, berak eta bere senarrak beren hiru alaba txikiak zaintzeko lanaldia murriztuta zeukatelarik, Hezkuntza Departamentuak, bere borondatearen kontra, ikastetxeko zuzendari izendatu zuen, nahiz eta Departamentuko Ikuskaritzari gogorarazi zion zein ziren bere lan (lanaldi murriztua) eta familia baldintzak. Hala ere, ez zioten kasu egin bere eskabideari, eta zuzendari lanpostuari dagozkion funtzio guztiak bete behar izan zituen.

    Lan horren ordain gisa, zuzendaritzako osagarri espezifikoaren bi herenak jaso zituen, lanaldia heren bat murriztu zitzaionez gero.

    Horrez gain, adierazten zuen ez zegoela ados Hezkuntza Departamentuaren jarrerarekin, arrazoirik gabe behartu baitzuen eskolako zuzendaritza kargua hartzera, nahiz eta beste pertsona batzuk izenda zitzakeen, bere lan eta familia egoeraren jakitun. Ez zegoen ados, ezta ere, zuzendaritza postuari dagokion osagarria heren bat murriztearekin, lanpostuari dagokion lana oso-osorik egin baitu.

    Azkenik, kexa-egileak erakunde honi jakinarazi zion behin ere ez duela jaso bere lehen alaba jaio zenez geroztik (2004ko apirilaren 22a) zegokion familia laguntza, eta, ondorioz, 2009ko otsailaren 16an eskabide bat aurkeztu zuela Hezkuntza Departamentuan bere alabengatik zegokion familia laguntza eskatzeko, eta eskatu ere atzeraeraginarekin eskatu zuela, hain zuzen ere bere lehen alaba jaio zenez geroztiko eraginarekin.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 32009ko martxoaren 25ean, Hezkuntza kontseilariaren txostena jaso genuen erakunde honetan. Bertan, honako hau azaltzen du:

    • Zuzendari hautatzeari dagokionez.
      • Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko modua, 2007-08 ikasturtetik aurrera, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendariak martxoaren 13an emandako 236/2007 Ebazpenaren bidez arautu zen (NAO, 45. zenbakia, 2007-04-11)
      • Ebazpen horretako hamaikagarren oinarriak hauxe ezartzen du:
        • Hamaikagarrena. Izendapen berezia.
        • 11.1. Hautapen Batzordeak ez duenean ikastetxe baterako hautagai bakarrik ere proposatzen edo hautagairik ez dagoenean, edo, beste edozein arrazoirengatik, ikastetxea zuzendaririk gabe gelditzen denean, Eskola eta Lanbide Zuzendaritzaren zuzendari nagusiak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak proposaturik, zuzendari izendatuko du, lau urterako, kasuan kasuko ikastetxeko hezkuntza maila irakasten duen irakasle funtzionario bat, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 134. eta 137. artikuluek ezartzen dutenaren arabera.
        • D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe batean zuzendari berezi izendatzen den irakasle funtzionarioak EGA titulua edo baliokidea izan beharko du.
      • Egoera horixe zen, hain zuzen ere, [?] ikastetxe publikokoa: ez zegoen zuzendari izateko hautagairik eta D ereduko ikastetxekorik.
      • Egoera horretan, agindutakoaren arabera, Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeko ikuskatzailearen bidez, zuzendari gisa [?] andrea izendatzea proposatu zuen. Izan ere, haren ustez, betekizun guztiak betetzeaz gain (ikastetxeko irakasle finkoa eta EGA tituluduna), bera zen pertsonarik egokiena, izan zitezkeenen artean, ikastetxea zuzentzeko.
      • Proposamena 2007ko ekainaren 1ean egin zuen, eta zuzendariaren agintaldia lau urterako da, hau da, 2007ko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era. Hau da, 2007-08 ikasturte osoan eta 2008-09 ikasturteko zati batean aritu da zuzendari lanetan, eta orain arte ez du inolako eskabiderik egin uko egiteko, dimisioa emateko, kexatzeko edo antzeko ezertarako, eta ez du egin ez adierazitako araudiaren aurka eta ez zuzendari hautatu izanaren aurka.
      • Bestalde, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak xedatzen du ikastetxe publiko guztiek izan behar dutela, gutxienez, zuzendari bat (131. art.); gainera, zuzendaria izendatzeko prozedura zein den adierazten du, eta, zehazki, hautagairik ez dagoenean izendapen berezia egiteko prozedura zein den azaltzen du (137. art.). Horrek, beraz, beti zuzendari bat izendatzera behartzen du Hezkuntza Departamentua, eta hori besterik ez da gertatu [?] ikastetxe publikoaren kasuan.
      • Azkenik, adierazi behar da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Lanbide Hastapeneko Programetan irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetako langileen lanaldia eta ordutegia arautzen duen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak hirugarren xedapen gehigarrian xedatzen duenez irakasle guztiek dutela izendatu zaien gobernu organoan parte hartzeko beharkizuna:
        • “Hirugarrena.- Irakasleek oso-osoan bete beharko dute dagokien irakaskuntza eginkizuna, zeina ez baita irakastea eta irakasleei ikastetxean dauden bitartean kasu egitea soilik, baizik eta beste beharkizunak ere baditu berekin, hala nola, gobernu organoetan eta irakaskuntza koordinazioan parte hartzea eta horiei aktiboki laguntzea baldin eta horien kide ez bada, horrela, guztien partaidetza aktiboaren bidez eta aipatu organo horiek esleituak dituzten eginkizun eta eskumenak zuzenki erabiliz, ikastetxeen antolaketa koherentea eta eraginkorra eta behar bezalako funtzionamendua lortu ahal izan dadin”.
    • Lansari osagarria murrizteari dagokionez.
      • Zuzendaritza postuari dagokion osagarriaren herena murrizteari dagokionez, adierazi behar da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden enplegatuen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuak hauxe xedatzen duela 6. artikuluan:
        1. “Lanaldi murrizketek berekin ekarriko dute ordainketei dagokien murrizketa proportzionala, familia laguntzarena izan ezik.
        2. Era berean, gizarte kotizazioak eta dagozkion deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion lansariaren gainean kalkulatuko dira”.
      • Ondorioz, [?] andreari dagokion lansariaren murrizketa proportzionala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden enplegatuen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera egin da.
  4. Maiatzaren 11n, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 18an emandako 293/2009 Ebazpena igorri zion kexa-egileak erakunde honi. Haren bidez, ezetsi egin zitzaion alaba txikienarengatiko familia laguntza atzeraeraginarekin ordaintzeko eskabidea, eta 2009ko martxoaren 1etik aurrera jasotzeko eskubidea onartu zitzaion.

AZTERKETA

  1. Hasteko, ezer ez dugu esateko Hezkuntza Departamentuak Ikuskapen Zerbitzuak proposaturik [?] andrea zeudenen artean pertsonarik egokiena bera zela-eta [?] ikastetxe publikoko zuzendari izendatzeko erabakiaren kontra.

    Horren inguruan ez da ahaztu behar funtzionario ororen betebeharra dela beste lankide funtzionarioen eta, are, nagusien funtzioak betetzea, haiek kanpoan direlarik. Funtzionarioen betebehar propio eta saihestezin gisa ezartzen du hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen estatutuaren testu bategina onartzekoak, 56. g) artikuluan. Ondorioz, ez hainbeste Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 13an emandako 236/2007 Ebazpenarengatik nola legezko agindu horrek ezarritako betebehar horrengatik, irakasle funtzionarioek, zuzendaria eta hartarako hautagairik ez dagoenean, ikastetxeetako zuzendaritza beren gain hartzeko beharkizuna dute, txosten justifikatu eta arrazoitu batean funtzio horretarako proposatzen direnean, hizpide dugun kasu honetan gertatu den bezala.

    Funtsean, nahiz eta onartu gomendagarriagoa litzatekeela ikastetxearentzat berarentzat ikastetxeko zuzendari funtzioa norbaitek bere borondatez hartzea, beharrezkoa da onartzea halako borondaterik ez dagoenean Administrazioari dagokiola egokien irizten dion pertsona hautatzea kargu hori betetzeko, postu horrek hautatuarentzat dakartzan betebeharrekin eta prebendekin.

  2. Kexa-egileari ikastetxe publiko bateko zuzendari den aldetik dagokion ordainsariari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak, lanaldi murriztua duen langile horren egoera pertsonal konkretua kontuan hartuta, aplikatzekoa den legea (apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretua) hitzez hitz aplikatu besterik ez du egin, eta ulertu du zuzendaritzaren osagarri espezifikoaren bi herenak ordaindu behar dizkiola.

    Dena dela, kontuan hartuta ikastetxe publikoetako zuzendari postuaren funtzioak egunero oso denbora tarte laburrean betetzen direla eta kexa-egileak benetan eta nahitaez bete zituela funtzio guzti-guztiak, erakunde honek uste du kasu honetan bidezkoagoa dela zuzendaritza osagarri espezifikoaren ehuneko ehuna ordaintzea. Horretarako, interesdunaren aldeko interpretazio zabalago bat egiten du, eta alde batera uzten du araua hitzez hitz betetze hori; izan ere, hitzez hitz aplikatuz gero, eragotzi egiten dio zuzendaritzako osagarri espezifikoa osorik kobratzea hain zuzen ere zuzendari funtzioa oso-osoan bete duen bati.

  3. Administrazioak laugarren aurrekarian aipatu dugun familia laguntza atzeraeraginarekin ordaintzeko eskabidea ez onartzeko, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Lansarien Behin-behineko Erregelamenduko 33, 34 eta 35. artikuluak hartzen ditu oinarri gisa. Izan ere, hauxe xedatzen da horietan: “Funtzionarioak behartuta egonen dira dagokion Administrazio Publikoaren organo eskudunean familia laguntza onartzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak edo laguntza hori hartzeko bete behar dituzten betekizun guztiak egiaztatzera (33. art.); famili egoeran izandako altak, bajak eta gainerako aldaketak, familia laguntzaren zenbatekoan erabakigarriak badira, hilero jakinaraziko zaizkie dagozkien organo kudeatzaileei, gertatu eta hamar egun igaro baino lehen (34. art.); eta funtzionarioen altek eta bajek, zeinahi izanik ere hartarako arrazoia, gertatu diren hilabetean ez eta hurrengoaren 1etik aurrera izanen dute eragina (35. art.)”.
    Erakunde honek uste du familia laguntzaren ordainsaria jasotzeko eskubideak atzeraeragina duela, hala xedatzen baitu Nafarroako Administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko xedapen iragankor bakarrak. Hain zuzen ere, hauxe ezartzen du: “Foru Lege honetan bildutako ordainsari neurriak atzeraeraginarekin aplikatuko dira, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera”. Foru Lege horretako 1. artikuluan jasotzen diren neurrietako bat Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean sartutakoa da, zehazki 50. artikuluko 1. azpiataleko c letran sartutakoa. Honela dio: “Emantzipatu gabeko seme edo alaba adingabe bakoitzeko: % 3”. Beraz, ulertu behar da emantzipatu gabeko seme edo alaba adingabeen familia laguntzaren ordainsaria jasotzeko eskubideak atzeraeragina duela, hala xedatzen baitu otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeak. Horixe bera dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko Salaren 1. Sekzioak irailaren 28an emandako 306/2005 Epaiak ere (AS\2005\2630).

    Otsailaren 14ko 4/2004 Foru Legeak berariaz arautzen du seme edo alaba adingabe bakoitzeko familia laguntzaren atzeraeragina. Beraz, ez bakarrik du lehentasuna Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduaren aurretik, baizik eta erregelamendu hori lege araudi horri dion mendekotasunaren arabera interpretatu behar da.

  4. Nolabaiteko inkongruentzia dago Hezkuntza Departamentuko Nomina Zerbitzuak egindako bi jarduketen artean. Izan ere, batetik, urtero eskatzen, jasotzen eta, beraz, jakiten du kexa-egilearen egoera pertsonala zein den eta harekin zenbat seme-alaba adingabe bizi diren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zer atxikipen portzentaje ezarri behar zaion erabakitzeko, eta, bestetik, ez zaio ordaintzen seme-alaba horiei dagokien familia laguntza, eta irakasle funtzionarioari ez zaio jakinarazten laguntza hori badela eta jasotzeko eskubidea duela.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela Nafarroako Administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko xedapen iragankor bakarra betetzea, eta horren arabera, kexa-egileari emantzipatu gabeko seme edo alaba bakoitzeko dagokion familia laguntza 2004ko apirilaren 22tik 2009ko otsailaren 28ra bitartean ordaintzea.

  2. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea zuzendaritzako osagarri espezifikoari dagokion zenbateko osoa ordain diezaiola kexa-egileari.

  3. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia