Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 6ko 63/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 apirila 06

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Irregularidades en el desarrollo de un proceso selectivo

Exp: 09/50/F

: 63

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 26an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, Nafarroako Foruzaingoaren gorputzeko ehun polizia lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian izandako irregulartasunengatik.

    Laburbilduz, gertaera hauek azaltzen zituen.

    Oposiziogile gisa parte hartu zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak Nafarroako Foruzaingoaren gorputzeko ehun polizia lanpostu oposizio bidez betetzeko martxoaren 6an eman zuen 22/2008 Ebazpenaren bidez onartutako deialdian.

    2008ko azaroaren 10ean, honako informazio hau argitaratu zen iragarki taulan: oposizioko proba psikoteknikoen behin betiko emaitzak; gaur egungo gaien inguruko probaren behin betiko emaitzak; oinarrizko ikastarorako behin-behinean onartutako izangaien zerrenda —[?] jauna 62.a zen, puntuazio ordenaren arabera—; mediku probetarako deia; eta aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda. Hori guztia, zer errekurtso jar zitezkeen adierazi gabe eta alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko eperik eman gabe.

    2008ko azaroaren 17an (emandako epearen barruan, azaroaren 25ean baitzen bukatzekoa), besteak beste, deialdiko 3.1.g) paragrafoan ezarritako eskakizuna aurkeztu zuen, hau da, A motako ibilgailuak gidatzeko baimena, 2008ko azaroaren 17an bertan emana.

    Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an emandako 236/2008 Ebazpenaren bidez, hautaketa prozesutik bazter utzi zen, deialdiko 3.1 g) oinarrian ezarritako eskakizuna betetzen zuela ez egiaztatzeagatik.

    Kexa-egileak argudiatzen du oinarrizko trebakuntza ikastarorako onartu eta baztertu ziren izangaien zerrenda ez zela oraindik argitaratu 2008ko abenduaren 31n, eta, ondorioz, A motako zirkulazio baimena garaiz eta forman aurkeztu zuela.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko otsailaren 3an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
    1. “Nafarroako Administrazio Publikoaren zuzendari kudeatzaileak martxoaren 6an emandako 22/2008 Ebazpenaren bidez —37. zenbakiko NAOn argitaratu zen, 2008ko martxoaren 7an—, Nafarroako Foruzaingoaren gorputzeko ehun polizia lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onartu zen.
    2. Nafarroako Administrazio Publikoaren zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 7an emandako 52/2008 Ebazpenaren bidez —64. zenbakiko NAOn argitaratu zen, 2008ko maiatzaren 23an—, deialdi horretan onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda onartu zen. Zerrenda horretan, izangai onartu gisa agertzen zen [?] jauna.
    3. Interesduna Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 25ean emandako 102/2008 Ebazpenaren bidez sartu zen hautaketa probetan parte hartzeko behin betiko izangai onartu gisa. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren gorputzeko ehun lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartu zen.
    4. Aipatutako deialdiko 7.2.1 oinarrian ezarritako hautaketa probak egin ostean, Epaimahaiak 2008ko azaroaren 10ean hartutako erabakiaren bidez, deialdiko 7.2.2 paragrafoan aipatzen den oinarrizko prestakuntza ikastarorako behin-behinean onartutako izangaien zerrenda argitaratu zen. Zerrenda horretan, [?] jauna agertzen zen, proba guztiak gainditu ostean. Erabaki horretan, epe bat ematen zen 3.1 oinarrian ezarritako eskakizunetako zenbait egiaztatzeko dokumentuak aurkezteko; horien artean, izangaiek ibilgailuak gidatzeko A, B eta BTP motako baimenak bazituztela egiaztatzeko agiriak.
    5. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an emandako 236/2008 Ebazpenaren bidez —159. zenbakiko NAOn argitaratu zen, 2008ko abenduaren 31n—, hautaketa prozesutik kanpo gelditu zen [?] jauna, Epaimahai Kalifikatzailearen txostena oinarritzat hartuta. Izan ere, txosten horrek dio interesdunak ez duela egiaztatu deialdiko 3.1.g) oinarrian ezarritako eskakizuna betetzen duenik.
    6. 2009ko urtarrilaren 7an, [?] jaunak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen —Lehendakaritza kontseilariari zuzendu zion—, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57.4. artikuluan oinarrituta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako 236/2008 Ebazpenaren kontra. Errekurtsoa onartzea garaiz eta forman aztertu ostean eta errekurtso-jartzailearen legitimazioa ere aztertu ostean, errekurtsoa gaur egun izapidetzen ari dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Kudeaketa eta Araubide Juridikoaren Atalean.
    7. 2009ko urtarrilaren 26an, [?] jaunak hautaketa prozesutik kanpo utzi zuen abenduaren 23ko 236/2008 Ebazpena eteteko eskabidea aurkeztu zuen. Etete eskabide hori behar bezala ezetsi zen, otsailaren 6an eman eta 2009ko otsailaren 16an jakinarazi zen 60/2009 Foru Aginduaren bidez.
    8. Araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 115.2. artikuluak dio gorako errekurtsoen gaineko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa dela; beraz, prozedura honi aplikatzekoa zaion epea ez zen amaitu 2009ko apirilaren 7ra arte, eta legezko epe barruan gaude ebazteko eta interesdunari erantzun espresa jakinarazteko.
    9. Hala, bada, [?] jaunak aurkeztutako kexaren edukiak oso-osorik erreproduzitzen dituenez kexaren aurretik jarritako administrazio errekurtsoan erabilitako argudioak —behar bezala ebatzi eta jakinaraziko da errekurtsoa, ezarritako legezko epean—, errekurtso hori gaur egun zertan den jakinarazten dizut, zure informazio eskaerari erantzuteko asmoz”.
  4. Transkribatutako txostenaren edukia ikusita, non soil-soilik gertaerak azaldu ziren, 2009ko martxoaren 4an, txosten osagarri bat eskatu genuen, adieraz zezaten Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an emandako 236/2008 Ebazpena zein motibo eta arrazoi juridikotan oinarritu zen kexaren sustatzailea Foruzaingoko ehun lanpostu oposizio bidez betetzeko hautaketa prozeduratik kanpo uzteko.
  5. 2009ko martxoaren 23an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txosten osagarri hori sartu zen erakunde honetan. Bertan, honako hau azaltzen da:
    1. Lehenik eta behin, adierazi behar da arartekoari emandako informazioan, otsailaren 23an erakunde horretan jasotako hartan, jadanik adierazten dela, 5. paragrafoan, hautaketa prozesutik kanpo utzi dela [?] jauna, Epaimahai Kalifikatzailearen txostenean oinarrituz. Izan ere, txosten horrek dio interesdunak ez duela egiaztatu deialdiko 3.1.g) oinarrian ezarritako eskakizuna, eta horixe da kanpoan uzteko oinarri juridikoa.
    2. [?] jaunak 2009ko urtarrilean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 23an hautaketa prozesutik kanpo uzteko emandako 236/2008 Ebazpenaren kontra jarri zuen gora jotzeko errekurtsoari dagokionez, adierazi behar da, aginduzkoa den bezala, argitalpen ofizial batean argitaratu dela, edozein interesdunek errekurtsoaren edukia jakiteko modua izan dezan eta gehienez ere hamar egun balioduneko epean alegazioak aurkezteko modua izan dezan. Betebehar juridiko hori errekurtsoa 2009ko martxoaren 9an Nafarroako Aldizkari Ofizialean (29. zenbakikoa) argitaratuta bete zen, bai eta errekurtsoen kopia interesdunen eskura jarrita ere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan Sartzeko Hautaketa Zerbitzuan. Alegazioak aurkezteko ezarritako legezko epea martxoaren 21ean (larunbata) amaitu zen.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foruzaingoaren gorputzeko ehun polizia lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiko 3.1.g) oinarriak —31. zenbakiko NAOn argitaratu zen, 2008ko martxoaren 7an—, besteak beste, gutxienez A, B eta BTP motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea ezartzen du oposiziora aurkezteko baldintza gisa. Bestalde, 3.2 oinarriak ezartzen du nahikoa izanen dela baldintza hori deialdiko 7.2.2 paragrafoan aipatzen den oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean betetzearekin. Aldi berean, 7.2.2 oinarriak ezartzen du 3.1 oinarrian ezarritako baldintza betetzen dela ziurtatzen duen gidabaimena “hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutako izangaien behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarki taulan argitaratzen denetik aurrera” aurkeztu beharko dela.
  2. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 30.2 artikuluak honako hau xedatzen du: “Aipatutako eskakizunak eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik bete beharko dira, g letran jasotakoa izan ezik (erregelamenduz ezartzen den motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea), eskakizun hori prestakuntza ikastarorako onartutako izangaien zerrenda argitaratzen den egunean egiaztatu beharko baita”. Komeni da nabarmentzea ez duela behin-behineko zerrendarik aipatzen, baizik eta soil-soilik prestakuntza ikastarorako onartutakoen zerrenda.

    Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 30.2 artikulu hori bat dator Nafarroako Poliziei buruzko urriaren 14ko 213/2003 Legegintzako Foru Dekretuko 32.2 artikuluarekin.

    Bada, urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretua garatzeko, azaroaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Polizia Gorputzetako Langileei buruzko Erregelamendua onartu zen. Hauxe xedatzen du dekretu horretako 18.3 artikuluak: "Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendak (gainditu dutenen zerrenda eta prestakuntza ikastarorako behin-behinean onartutako izangaien zerrenda) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean, prestakuntza ikastarorako onartutako izangaiek deialdian eskatzen diren eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dizkiote deialdia egin duen Administrazioari.

    18.3 artikuluan xedatutakoaren ildotik, deialdiko 7.2.2 oinarriak honako hau xedatzen du: "Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek deialdiko 3.1 oinarriko f), g) eta h) eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute hamabost (15) egun naturaleko epean, Nafarroako Gobernuko iragarki taulan ikastaro horretarako onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera”.

  3. Hala, bada, transkribatu dugun Nafarroako Polizia Gorputzetako Langileei buruzko Erregelamenduko 18.3 artikuluan eta deialdiko bertako 7.2.2 oinarrian xedatzen denaren arabera, azaroaren 10ean prestakuntza ikastarorako onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu zelarik, onartutako izangaiek, horien artean kexaren sustatzaileak, azaroaren 20 arteko epea zeukaten —azaroaren 25era arte luzatua deialdian— g) eskakizuna betetzen zutela egiaztatzeko. Horretarako, gutxienez A, B eta BTP motako ibilgailuak gidatzeko baimenak aurkeztu behar zituzten.

    2008ko azaroaren 17an, interesdunak gidabaimen hori aurkeztu zuen. Beraz, Nafarroako Polizia Gorputzetako Langileei buruzko Erregelamenduko 18.3 artikuluan eta deialdiko 7.2.2 oinarrian ezarritako epearen barruan aurkeztu zuen, eta, azken batean, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen arabera.

    Erakunde honen iritziz, aipatutako araudi horren eta deialdiko oinarrien bidezko exegesiak ondorio honexetara darama: berdin diola gidabaimena onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu aurretik edo ondoren emana zen; izan ere, erabakigarria ez da hori, izangaiak agiri hori Erregelamenduko 18.3 artikuluan ezarritako epearen barruan aurkeztea baizik, eta halaxe gertatu zen. Hain zuzen ere, epea azaroaren 25ean zen amaitzekoa, eta izangaiak azaroaren 17an egiaztatu zuen eskakizun hori betetzen zuela, zegokion dokumentua aurkeztuta.

    Izan ere, gidabaimena, izangaiak bazeukala egiaztatzeari dagokionez, oposizioko prozeduraren barruan epe jakin batean aurkezteko eskakizunak ez dauka beste justifikaziorik hautaketa prozesua modu ordenatuan garatzea baino. Horregatik, gidabaimena bazeukalarik eta hainbestetan aipatu dugun 18.3 artikulu horretan eta deialdiko 7.2.2 oinarrian ezarritako epearen barruan aurkeztu zuelarik, kontuan hartuta ordutik aurrera egin zela prestakuntza ikastarorako onartutakoen behin betiko zerrenda, ulertu behar da bete dela gidabaimena izateko eskakizuna edo baldintza .

    Gogora dezagun berriro ere Foru Legeak ez duela behin-behineko zerrendarik aipatzen, baizik eta prestakuntza ikastarorako onartutakoen zerrenda soilik aipatzen duela.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 30.2. artikuluari dagokionez Nafarroako Polizia Gorputzetako Langileei Buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuko 18.3 artikulua betetzea.

     

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  3. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia de Barne Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia