Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 30eko 81/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 14

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a instancia presentada en el Ayto solicitando el abono de determinadas cantidades económicas.

Exp: 10/273/D

: 81

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 24an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen du Erriberriko Udalean aurkeztutako eskabide bati erantzun ez zaiolako.

    Interesdunak zioen 2009ko martxoaren 5ean, eskabide bat aurkeztu zuela Erriberriko Udalean, eta haren bidez eskatu zuela Erriberriko gune historikoko eraikuntza jardueretarako laguntza ordaintzeko. Denbora-tarte luzea iragan arren, kexa-egileak dio ez duela inongo erantzunik jaso.

  2. Erriberriko Udalari txostena eskatu ondoren, 2010eko apirilaren 22an, txosten hori sartu zen gure erakundean. Txostenean esaten da 2010eko apirilaren 13an erantzuna eman zitzaiola interesdunak aurkeztutako eskabideari.

AZTERKETA

  1. Antolamendu juridikoak herritarrei eskubidea aitortzen die administrazio publikoei aurkezten dizkieten idazki edo eskaeren erantzuna jasotzeko eta, gainera, erantzun hori legez ezarritako epeetan jasotzeko.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazio Publikoari, interesdunek aurkezturiko eskaerak ebazteari dagokionez, eta legezko betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ez dela Administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, udalak aurkezturiko eskaerak ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Halaber, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak eskubide hori aitortzen du, eta adierazten du “toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela”, eta epe zehatzagorik ezartzen ez den kasuetarako, hiru hilabeteko epe orokorra ezartzen du.

  2. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Kexaren xedea den kasuan, Erriberriko Udalak 2009ko martxoaren 5ean jaso zuen interesdunaren eskabidea, eta ez zion 2010eko apirilaren 13ra arte erantzun; hau da, hura aurkeztu eta urtebete baino gehiago iraganda erantzun zuen.

    Interesdunek aurkezten dituzten eskaerak behar den epean ebazteko Administrazioak duen betebeharra herritarrarentzako egiazko berme bat da, zeina zuzenean lotuta baitago Administrazioaren jarduera gidatu behar duen eraginkortasunaren printzipio konstituzionalarekin.

    Horrenbestez, Udalak eman beharreko erantzuna eman badu ere, erantzun hori iritsi da interesdunak erakunde honi kexa aurkeztu eta ondoren, eta zabal gainditu da legez ezarrita dagoen epea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Erriberriko Udalari gogoratzea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 318. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela, eta legez ezarritako epeetan erantzun behar diela herritarrek aurkeztutako eskaerei.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Erriberriko Udalari gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Erriberriko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia