Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 2ko 61/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 apirila 02

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respuesta por parte del Ayuntamiento a dos escritos presentados relativos a sonometrías por ruidos

Exp: 09/22/D

: 61

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 20an, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen, Antsoaingo Udalak bere bi idazkiri erantzun ez ziela eta. Idazki horiek 2008ko irailaren 8an eta 2008ko urriaren 2an sartu zituen udal erregistroan, kexaren sustatzailearen etxe parean abiadura mugatzeko jarritako banda horizontalak ken zitzatela eskatzeko.

  2. Antsoaingo Udalari txostena eskatu zitzaion, eta 2009ko martxoaren 10ean, haren txostena sartu zen gure erakundean. Txosten horretan dio kexaren sustatzaileak aurkeztutako bi eskabideei ahoz (telefonoz) erantzun ziela Udaleko lehen alkateordeak, eta orduan azaldu zizkiola eskatutakoa ez onartzeko arrazoiak.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea da Antsoaingo Udalak ez diela erantzun jarduketa jakin bat eskatzeko igorri dizkioten bi idazkiei, hau da, ez diola erantzun kexaren sustatzailearen etxe parean ibilgailuek baimendutakoa baino zarata handiagoa sortzen dutela-eta abiadura mugatzeko jarri dituzten banda horizontalak kentzeko eskaerari.

    Antsoaingo Udalak adierazi du banda horiek ibilgailuen abiadura murrizteko jarri dituztela, eta, modu horretan, zirkulazioak alde hartan ateratzen duen zarata murrizteko eta minimizatzeko. Adierazi digu lehen alkateordea telefonoz jarri zela harremanetan interesdunarekin, eta ahoz azaldu zizkiola aipatutako arrazoi horiek. Udalak uste du modu horretan behar bezala erantzun ziela eskabideei.

  2. Administrazio prozedura erkidean bada arau klasiko eta funtsezko bat: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideen gainean ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harendako egiazko berme bat ere bada. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak berak ere ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Hori kontuan hartuta, bi ondorio garrantzitsu atera daitezke: lehena, administrazio-isiltasuna —kasu honetan sortu dena— ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

  3. Kexaren xedea den kasuan, Antsoaingo Udalak ahoz baizik ez dio jakinarazi interesdunari zein diren haren eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

    Alabaina, aipatutako 42. artikulu horrek dio idatziz jaso behar dela administrazio prozedura guztien gaineko ebazpena, interesdunari edo interesdunei jakinarazteko. Gainera, jakinarazpenean nahitaez adierazi behar da errekurtsoak jartzeko zer izapide jarraitu behar diren, jakinaraziak, egoki irizten badio, bidezko errekurtso administratibo eta judizialak jartzeko modua izan dezan.

    Lege hori kasu honetan aplikatuta, ondoriozta daiteke Antsoaingo Udalak ez diela behar bezala erantzun kexaren sustatzaileak aurkeztutako eskabideei, hau da, ez diela idatziz erantzun erabakia hartzeko oinarri izan dituen arrazoi eta zio teknikoak edota juridikoak azaltzeko.

    Udalak erantzunean erabili eta agertu dituen arrazoi konkretuak kontuan harturik, kexaren sustatzaileak arrazoi horiek onartu ahalko ditu, edo, bestela, bere eskubideak aldezteko komenigarritzat jotzen dituen jarduketak egin ahalko ditu. Horretarako, hartutako ebazpenaren jakinarazpenean errekurtsoak jartzeko zer izapide jarraitu behar diren jaso beharko da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Antsoaingo Udalari gogoraraztea beti bete behar duela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua.

  2. Antsoaingo Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Antsoaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia