Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 29ko 83/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 apirila 29

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con la eliminación de zonas limítrofes y áreas de influencia para la escolarización en Pamplona y Comarca

Exp: 09/198/E

: 83

Hezkuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko martxoaren 18an, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen ikasleak ikastetxe publiko eta itunduetan onartzeko irizpideen inguruan.
    Zehazki, kexatzen zen Iruñeko eta Iruñerriko udalerriek eremu bakarra osatzen dutela onarpenaren ondorioetarako. Interesdunak salatu du arauak, de facto, ezabatu egiten duela gurasoen bizilekua edo lantokia hurbil egoteagatik ematen den puntuazioa, eta nabarmen egiten diola kalte lan eta familia bizitza bateratzeko beharrari.

    Adierazi du erabaki horrek modu bidegabean egiten diela mesede ikastetxe itunduetako ikasle izandakoen seme-alabei, haiek lehentasuna izanen baitute aldirietan bizi direnen aldean.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

2009ko apirilaren 15ean, Hezkuntza Departamentuaren erantzuna sartu zen erakunde honetan. Honako informazio hau ematen zuen:

“Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 3/2006 Lege Organikoko 86. artikuluak, ikastetxe publikoetan eta itunduetan eskolatzeko araudiaren esparruan, onarpen arauen aplikazioan berdintasuna bermatze aldera, xedatzen du hezkuntza administrazioek eragin esparru berberak ezarriko dituztela herri edo lurralde eremu bereko ikastetxe publikoetarako eta pribatu itunduetarako.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak, unibertsitatez besteko irakaskuntza ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituenak, 7. artikuluan xedatzen du Hezkuntza Departamentuak zedarrituko dituela ikastetxeko publikoetako eta pribatu itunduen eragin esparruak, aplikatzekoa den araudiak xedatzen duenarekin bat. Horrekin batera, ikastetxe publikoetarako eta pribatu itunduetarako eragin esparru berberak ezartzen dira, ikasleak onartzeko prozedura guztia behar bezala egin dadin.

Hezkuntza kontseilariak apirilaren 16an emandako 31/2007 Foru Aginduaren bidez, ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 7. artikuluan jasotako ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin esparruak ezarri ziren, dekretu horretako azalpen zatian adierazten den bezala. Hala, bada, horren bidez, kontuan hartuta batez ere Iruñeko eta aldameneko herrietako gaztelaniazko nahiz D ereduko ikastetxe itunduak ez zeudela modu berean banatuta, hiru sareetako bakoitzerako (publikoa, itundua eta D eredukoa) zonifikazio bat zuten ikastetxeen eragin esparruak mugatzeari utzi zitzaion, eta zonifikazio bera ezarri zen hiruretarako, goian aipatutako eta LOEn sartutako eskakizunei doituta. Izan ere, eragin esparru zabalak ezartzera behartzen du legeak, batez ere Iruñerrian, hiru sareetarako eskariaren araberako eskaintza egiteko.

Foru agindu horrekin, Iruñean eta Iruñerrian bi eremu besterik ez zegoen, eta aurrekontuetatik bertatik abiatu zen mugaketa aldatzeko. Hain zuzen ere, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 19ko 17/2008 Foru Aginduaren bidez, 31/2007 Foru Aginduaren bidez ezarritakoa ordezkatu zen, eta soil-soilik bi eremu utzi ziren.

2008ko azaroaren 20an Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako izenpetu zuten aurrekontu akordioaren ondoren —IRUÑERRIKO ESKOLA BARRUTI BAKARRA sortzeko konpromisoa hartu zen—, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduaren bidez, eremu bakarra ezarri zen Iruñerako eta Iruñerrirako (Antsoain – Aranguren – Barañain – Beriain – Berriobeiti – Berriozar – Burlata – Zizur – Egues – Ezkabarte – Galar – Huarte – Noain (Elortzibar) – Oltza Zendea – Orkoien – Atarrabia – Zizur Nagusia).

Funtsean, Hezkuntza Departamentuak, Konstituziotik eta Espainiako Konstituzioko 149.1.30 artikuluaren babesean emandako oinarrizko arauditik eratorritako eskakizun logikoen ildoan, une oro lortu nahi izan du eragin esparruak oztopo ez izatea ikastetxe tipologietako edozein hautatzeko, ikasleak edozein tokitakoak izanik ere, egoera okerragoan egon ez dadin ikastetxe horietatik urrutien dagoen hura, gurasoek (edo legezko tutoreek) beren seme-alabentzat nahiago dituzten ikastetxe motak hautatzeko orduan.

Kexaren sustatzaileak uste du zonifikazio horrek eraginik gabe utz lezakeela ikastetxe batean sartzeko eskariari erantzuteko behar beste leku ez dagoenerako eskolatze prozesuan aplikatu beharreko araudian ezarritako lehentasun irizpideetako bat, zehazki gurasoetako edo legezko tutoreetako baten bizilekua edo lantokia hurbil egotearena.

Horregatik, Iruñerrian zonifikazioa zergatik dagoen eta nola eratua dagoen azaldu eta justifikatu ondoren, bidezkoa da adieraztea zonifikazio hori bateragarria dela ikasleak onartzeko prozesua arautzearekin; hain zuzen ere, hori bi ikuspegitatik eginen da: alde batetik, eskolatzeari buruzko araudia onartzen duen otsailaren 11ko 2/2009 Foru Agindua ez dela urratu justifikatuta; eta, bestetik, eskolatze prozesuaren oinarri diren printzipioak aztertuta.

Lehenengo ikuspegiari dagokionez, abiaburutzat hartu behar da LOEko 84.2 artikuluak lehentasun irizpide batzuk ezartzen dituela eskaria eskainitako plazekin guztiz bat ez datorren kasuetarako; hala, bizilekuaren edo lantokiaren hurbiltasun irizpideaz gain, beste hiru irizpide ere ezartzen ditu (anai-arrebak edo guraso nahiz tutoreak izatea ikastetxean, errenta eta ezintasuna), eta ezein kasutan ez da ezartzen balio konkreturik bakoitzarentzat, ez eta batzuek eta besteek izanen duten haztapena ere; hori horrela, oinarrizko legeak autonomia erkidego bakoitzean garatzen den araudiaren esku uzten du irizpide bakoitzaren balioa edo pisua zehaztea, eta autonomia erkidegoko araudi bakoitzean modu batera finkatu da irizpidea.

Horregatik, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak 11. artikuluan guraso edo legezko tutoreetako baten bizilekua edo lantokia hurbil egotearen lehentasun irizpideari ematen dion balioa edo otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduan ezarritako zonifikazioari dagokionez artikulu horren aplikaziotik ondorioztatzen dena ezin jo daiteke LOEko oinarrizko araudiaren kontrakotzat.

Kontuan hartu behar da, gainera, araudia urratuko litzatekeela baldin eta autonomia edo foru araudi batek lehentasun irizpideetako bati baliorik batere emanen ez balio, baina ez dela halakorik gertatu Nafarroako hurbiltasun irizpidearekin, ez baitzaio balioa kendu, garrantzi gutxiago eman baizik; izan ere, konparazio batera, eskaintza baino eskari handiagoa duen ikastetxe batera sartzeko hainbat izangai badira, irizpide hori soil-soilik aplikatuko da Iruñeko eta Iruñerriko eremu bakarraren barruan eta kanpoan bizi direnek ikastetxe horretan batera sartu nahi dutenean; eta, hala ere, aplikatzen jarraituko da.

Bigarren ikuspegiari helduz, ezin ahantz daiteke eskolatze prozesua ez dela ari batez ere onarpen irizpideez, baizik eta gurasoek eta tutoreek beren seme-alaben edo ardurapekoen hezkuntzari dagokionez dituzten eskubideak izan behar dituela abiaburu, eta halaxe dituela, Espainiako Konstituzioko 27. artikuluko 1. idatz zatian xedatutako irakaskuntza askatasunarekin lotuta; hau da, eskubidea dute botere publikoek sortutako ikastetxe publikoak nahiz bestelakoak hautatzeko (eskubide hori jasota dago, halaber, nazioarteko itunetan, hala nola eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei buruzko 1996ko abenduaren 19ko Nazioarteko Itunean (13.3 artikulua); itun horiek ere, Espainiako Konstituzioko 10.2 artikuluarekin bat, lagundu egin behar dute Konstituzioak onartzen dituen oinarrizko eskubideen eta askatasunen inguruko arauak interpretatzen, nola baita Espainiako Konstituzioko 27. artikuluaren kasua. Eskubide hori lege hauek ere onartzen dute: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE), berariaz bermatzen baitu 84. artikuluan; eta Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak (LODE), 4.1 b) artikuluan, LOEko azken xedapenetako lehenengoan datorren 1. idatz zatiak aldatutako erredakzioan.

Jakina, hautatzeko eskubide hori, beste edozein bezala, ez da mugagabea, eta kontuan hartuta eskaintza ez datorrela beti bat eskariarekin, beharrezkoa da zenbat irizpide izatea nahitaezko eskolatze adina duten ikasle guztiak eskolatuta daudela eta berdintasun baldintzetan eskolatu direla bermatzeko. Alabaina, horrek ez digu ahantzarazi behar lehentasun irizpideek, zonifikazioak eta halako teknikek proportzionatuak izan behar dutela, hau da, behar bestekoak izan behar dutela, baina soilik eskolatze prozesua ahalbidetzeko beharrezkoak, eta albait gehien errespetatu behar dutela gurasoek edo legezko tutoreek beren seme-alabentzako ikastetxea hautatzeko duten eskubidea.

Ikuspegi horretatik, Espainiako Konstituzioko 27. artikuluaren esparruan oinarrizko araudiak zehaztutako eskolatze sistemaren aurkakoa izanen da nahitaezkoa edo hautatzeko eskubidearekin partzialki bateraezina den edozein zonifikazio, baldin eta horren proportzionaltasuna justifikatzerik ez bada. Eta, modu berean, ezin ahantz daiteke badirela beste lehentasun irizpide batzuk ere (familiarekin, ezintasunarekin edo errentarekin loturikoak) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta balioetan argi jasota daudenak, eta, beraz, egokiagoak direla beste eskubide batzuk (hala nola ikastetxea hautatzeko eskubidea) mugatzeko edo zedarritzeko. Izan ere, horien aldean, hurbiltasun irizpidea ez da irizpide praktiko bat besterik; baditu legez babesteko modukoak izan daitezkeen ondorioak, baina ez du besteek Konstituzioan duten justifikazio argi hori, eta ez du hain argi justifikatzen diskriminazio irizpide ez-diskriminatzaile bat denik ezintasunen bat dutenak, baliabide ekonomiko gutxiago dutenak edo, neurri txikiagoan, ikastetxean familiakoaren bat dutenak abiapuntutzat hartzea; hori horrela, errazkiago uler daiteke ez dagoela desberdintasun diskriminatzailerik lehentasuna emateagatik.

Aurreko guztia kontuan hartuta, ondorioztatu behar da Iruñean eta Iruñerrian eremu bakar bat ezartzeak ez duela urratzen eskolatzeari buruzko araudia eta hurbiltasun irizpideak garrantzia edo pisua galdu izana, ordenamendu juridikoari doitzeaz gain, aplikatzekoak diren Konstituzioko printzipioei egokitutako aukera bidezkoa dela”.

AZTERKETA

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hainbat arau ezartzen ditu ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolatzeko moduaren inguruan (II. Titulua, II. Kapitulua). Lege horrek berak, 84.1 artikuluan, honako hau ezartzen du: “Hezkuntza arloko administrazioek halako moduan arautuko dute ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua, non bermatuko baitira hezkuntzarako eskubidea eta gurasoek edo tutoreek berdintasunez eta askatasunez ikastetxea hautatu ahal izatea”.

    Argi dago gurasoek ikastetxea hautatzeko eskubidea ezin uler daitekeela modu mugagabean. Alde horretatik, Auzitegi Gorenak honako hau adierazi du: “Oro har, onar daiteke gurasoek edo tutoreek beren seme-alabentzako edo ardurapekoentzako ikastetxea hautatzeko duten eskubidea oinarrizko hezkuntza eskubidearen ohiko osagaia dela, baina egokitasun didaktikoekin talka egiten duenean, eskubide hori lehentasun adierazpen gisa soilik asebete daiteke” (Auzitegi Gorenaren 1993ko martxoaren 20ko epaia).

    Modu antzekoan, Konstituzio Auzitegiak uste du “onarpen” irizpideak izateak ez duela urratzen nahi den ikastetxea hautatzeko eskubidea, “izan ere, aurreikusitako irizpideak ez dira ikasleak ikastetxe jakin batzuetara nahitaez atxikitzeko edo bideratzeko; aitzitik, lekurik ez dagoela-eta ezarritako hautapen irizpide batzuk dira, eta, beraz, ezinbestekoak”.

    Muga horren jakitun, ikasleak ikastetxe publikoetan eta itunduetan onartzeko modua arautzeaz arduratu da legegilea, eta, aldi berean, ikastetxeetan sartzeko orduan berdintasun eskubidea bermatu nahi izan du.

  2. Berdintasuna bermatzeko, hainbat irizpide ezarri dira ikasleak onartzeko mugari dagokionez; irizpide horiek, logikoki, eskabide kopuruak ikastetxe bakoitzean eskainitako leku kopurua gainditzen duenean erabiliko dira. Alde horretatik, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 84.2 artikuluak dio behar beste leku ez dagoenean onarpen prozesua lehentasun irizpide hauek arautuko dutela: ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta edukitzea edo gurasoek edo legezko tutoreek bertan lan egitea; guraso edo legezko tutoreetako baten bizilekua edo lantokia ikastetxetik hurbil egotea; familia unitatearen urteko errentak, familia ugariei errenta kalkulatzeko aplikatzen zaizkien espezialitateak kontuan hartuta; eta ikasleak edo guraso edo anai-arrebetako batek ezintasunen bat izatea. Halaber, xedatzen du irizpide horietako bakar bat ere ez dela izanen baztertzailea.

    Ondorioz, legegileak lau lehentasun irizpide aplikatzea xedatu du ikastetxeetako sarbidean berdintasunerako eskubidea bermatzeko eta nahi den ikastetxea hautatzeko eskubidearen emaitza gisa eskaini baino leku gehiago eskatzen den kasuetan nor onartu erabakitzeko. Lehentasun irizpide horiek, legean xedatutakoaren arabera, batera aplikatu behar dira, modu ez-baztertzailean, eta horien artean dago guraso edo tutoreetako baten bizilekua edo lantokia ikastetxetik hurbil egotea.

    Irizpide hori, bestela ezin izan baitzitekeen, lehentasun kalifikazio berberarekin agertzen da apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan ere, hau da, unibertsitatez besteko irakaskuntza ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko modua arautzen duen dekretuan (9. eta 11. artikuluak).

    Irizpidearen eraginkortasuna, hau da, ikastetxeetan onartzeko irizpide gisa duen birtualtasuna, Administrazioak ikastetxe publikoen eta itunduen eragin esparrua eratzeko duen modu konkretuari lotuta dago.

  3. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak 86.1 artikuluan aurreikusten du hezkuntza administrazioek berdintasuna bermatuko dutela onarpen arauak aplikatzeko orduan. Horren barruan sartzen da eragin esparru berberak ezartzea herri edo lurralde eremu bereko ikastetxe publikoetarako eta pribatu itunduetarako.

    Lege horrekin lotuta, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuko 7. artikuluak Hezkuntza Departamentuaren esku uzten du ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin esparrua mugatzea; bestalde, Foru Dekretuko 11. artikuluak, hurbiltasun irizpidea balioesteko orduan, logikoa den bezala, zonifikazio horretako ikasleei ematen zaien puntuazioaren mende jartzen du hori (bizilekuaren edo lantokiaren kokapena ikastetxearen eragin esparruari dagokionez).

    Gaur egun, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 11ko 12/2009 Foru Agindua da eragin esparruak zehazten dituen tresna arauemailea, eta Iruñea eta Iruñerria eremu bakarrean sartu ditu.

  4. Espediente honek planteatzen duen auzia da Iruñea eta Iruñerria eremu bakar gisa jotzeak goragoko arauetan xedatutakoa urratzen duen ala ez (Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa, batez ere, eta apirilaren 16ko 31/2007 Foru Dekretua), horiek ezarritako onarpen prozesuko lehentasun irizpideetako bat hurbiltasun irizpidea dela kontuan hartuta.

    Garbi dago zonifikazioari buruzko Administrazioaren erabakia, otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduan jasotakoa, eskumen ahalmena baliatzearen emaitza dela, legegileak ez baitu aurretik zehazten zenbat izanen diren eremuak eta zein izanen diren ikastetxeen eragin esparruak. Halako ahalmen guztiekin gertatzen den bezala, a priori ikuspegi juridikotik baliozkoak diren hainbat irtenbide daude.

    Hala ere, nahiz eta egia izan Administrazioak baduela eskumen tarte handi bat, hori bezain egia da legegileak ezarritako mugei lotu behar zaiela. Eta kontuan hartuta hurbiltasun irizpidea onarpen prozesuan hartu behar dela kontuan eta ikusi dugun bezala horren eraginkortasuna zonifikazio konkretuaren araberakoa dela, ulertu behar dugu muga horien artean hartu dela kontuan aipaturiko irizpide hori eta horren lehentasuna. Horrek, gure iritziz, berekin dakar ezartzen den zonifikazio konkretuak ezin izatea, inondik ere, hurbiltasun irizpidea desagerraraztea, eta ezin izatea horren pisua edo garrantzia neurriz gain murriztea ere, hutsal ez bada ere ia batere garrantzirik ez duen irizpide bihurtu arte. Izan ere, hori ez dator bat legegileak onarpen prozesuan ezarri dion eginkizunarekin.

  5. Hezkuntza Departamentuak hainbat eratako argudioekin justifikatu du bere erabakia. Horren inguruan, alde batetik adierazi du eskolatze prozesua batik bat zentroak hautatzeko askatasunerako eskubidea duela oinarri, eta ez lehentasunezko onarpen irizpideak; hala, eremuak ezin izan daitezke oztopo edozein tipologiatako zentroak hautatzeko. Ondorioz, adierazi du lehentasun irizpideek edo zonifikazioak proportzionatuak izan behar dutela, hau da, beharrezkoak izan behar dutela eskolatze prozesua ahalbidetzeko, eta albait gehien errespetatu behar dutela hautatzeko askatasuna. Horrek eragin esparru zabalak eratzera behartzen du (ideia hori 31/2007, 17/2008 eta 12/2009 foru aginduetako zioen azalpenetan bilduta dago).

    Ez dugu ukatzen neurriz gain murriztutako guneen konfigurazioak modu bidegabean mugatzen duenik zentroak hautatzeko askatasuna. Baina garbi dago, halaber, ikasleak onartzeari dagokionez legegileak hurbiltasun irizpidea aurreikusi badu ez dagoela neurriz gaineko esparru zabalik.

    Bestalde, nabarmendu behar dugu hautatzeko askatasunerako eskubidea eta onartzeko lehentasun irizpideak ez direla elkarrengandik bereiz dauden bi alderdi, baizik eta hertsiki daudela elkarri lotuta. Egia da lehentasun irizpide horiek behar beste leku ez dagoenean erabiltzen direla; dena dela, eskolatze prozesuak gurasoen hautatzeko eskubidean eragiten duela onartuta ere, ezin ahantz daiteke praktikan eskubide hori baldintzatu egiten duela onarpen baremoak.

  6. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak adierazi du gainerako lehentasun irizpideen aldean hurbiltasun irizpideak ez duela oinarri garbirik Konstituzioak babestutako eskubide eta balioetan; beraz, irizpide hori da desegokiena onarpena ezartzeko orduan.

    Ez gatoz bat arrazoibide horrekin. Nabarmena iruditzen zaigu ez dela irizpide “praktiko” hutsa, Departamentuak adierazi duen bezala. Izan ere, ikastetxetik hurbil egotearen irizpideak zuzenean egiten du bat botere publikoek familia eta lan bizitza bateratzea sustatzeko duten betekizunarekin.

    Nolanahi ere, irizpide horrek merezi duen garrantzia gorabehera, legegileak ezarria du irizpide hori, bai eta lehentasunezko jo ere. Are gehiago, zalantzan jarritako foru arauari gainezarritako 31/2007 Foru Arauko 10. artikulua eta hurrengoak kontuan hartzen baditugu, ikusiko dugu irizpide hori ez dela besteak baino gutxiago balioetsi.

  7. Ondorioz, abiapuntutzat hartuta legegileak irizpide hori ezarria duela eta lehentasunezkotzat jo duela, kontuan hartuta onarpen irizpideek ere eragiten dutela hautatzeko askatasunerako eskubidea baliatzeko orduan, eta onartuta Administrazioak aukera duela, eta ez askatasun erabatekoa, ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin esparruak zehazteko, sortu den auziari buruzko erabakia eman behar dugu.
    Lehenago adierazi dugun bezala, ez dugu uste Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin bateragarria izanen denik soilik lehentasunezko onarpen irizpideetako batek existitzeari utziz gero; aitzitik, uste dugu bateragarria izanen dela, irizpidea existitzen delarik ere, horren balioa, birtualtasuna, neurrigabe murrizten den kasuetan.

    Eta horixe gertatzen da, gure ustez, hizpide dugun kasu honetan; izan ere, gure biztanle errealitatea kontuan hartuta, Iruñea eta Iruñerria eskolan onartzeko eremu bakar gisa eratzeak ondorio dakar, de facto, irizpidea kentzea ez bada, bai behintzat lehentasunezko izatearekin bat ez datorren balio bat ematea. Iruñean eta Iruñerrian daude gure komunitateko biztanle gehienak, eta, logikoa denez, hortxe dago hezkuntza plazen eskari handiena. Ez da gehiegi esatea eskaerei erantzuteko adina leku ez dagoela-eta lehentasunezko onarpen irizpideak aplikatu behar diren kasuetako asko eremu horretako biztanleen artean edo gurasoak eremu horretan lanean dauzkaten ikasleen artean aplikatu behar direla. Bada, hurbiltasunak kasu horietan guztietan inolako garrantzirik ez izatea ez dator bat gure ustez lehentasunezko onarpen irizpideetako batek izan behar duen balio edo garrantziarekin.

    Gainera, are Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan eta apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan jasota ez egonik ere, onarpen prozeduran eragin dezakete, eta hala gertatzen da praktikan, beste irizpide osagarri batzuek (otsailaren 24ko 28/2009 Foru Agindua, Hezkuntza kontseilariarena, onarpena arautzen duten oinarriak onartzekoa), kexaren egileak adierazi duenak kasu, hau da, aita edo ama ikasle ohia izateak.

    Aipaturiko Foru Dekretua izapidetzen ari zirelarik agerian jarri zen bezala, eztabaidatua izan da irizpide horien legezkotasuna, ez baititu legegileak kontuan hartu. Alabaina, legearekin bateragarria dela onartuta ere, ez zaigu onargarria iruditzen onarpen prozesuan lehentasunezko hurbiltasun irizpideak baino garrantzi handiagoa izatea, eta horixe gerta liteke baldin eta Iruñea eta Iruñerria eremu bakar gisa hartzen baldin badira.

    Erakunde honi, bistan denez, ez dagokio erabakitzea zeinek behar duen izan eskola zonifikazioa, legegileak Administrazioari emandako aukerako eskumena baita hori. Alabaina, erakunde honi dagokio gainbegiratzea Administrazioak eskumen hori nola erabiltzen duen, eta hori legeak ezarritako edo legearen edukitik ondorioztatutako mugak errespetatzea bezala da.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela funts publikoekin ordaindutako hezkuntza zentroetan ikasleak onartzeko prozesuetan benetan betetzea Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak aurreikusitako hurbiltasun irizpidea, horretarako beharrezko neurriak hartuta.

  2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia