Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 29ko 82/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 apirila 29

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Disconformidad con el inicio de un procedimiento sancionador por presunta infracción de la Ley Foral del Taxi

Exp: 09/195/O

: 82

Zerbitzu Publikoak

AURREKARIAK

  1. 2009ko martxoaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Garesko Udalak haren aurkako zigor prozedura bat hasi zuelako eta baja eman ziolako jarduera ekonomikoen gaineko zergan, ustez Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean tipifikatutako arau-hauste batzuen erantzule izateagatik.

    Azaltzen zuen aurten, otsailaren 3an, alkatearen ebazpenaren bidez, honako hau adierazi ziotela: “Egiaztatu dugu [?] jaunak, jatorrizko lizentzia eskualdatu ondoren, lurreko garraio zerbitzuak eman dituela, ez bakarrik aurreko emakidaren xede izan zitezkeen bidaiak egiteko, baizik baita banakoekin aldi baterako hitzartutako beste zerbitzu batzuk emateko ere, eta horietarako hitzarmenak ere egin dituela beste herri batzuetako autotaxi lizentzien titularrekin. Horregatik, taxiari buruzko araudia urratu duela jotzen da, ustez arauzko lizentziarik, baimenik edo bisarik gabe zerbitzua ematen aritu delako, eta beste pertsona batzuen izenean emandako lizentziak edo baimenak erabili dituelako (Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeko 59. artikulua, a eta d idatz zatiak).

    [?] jaunak agiri hauek aurkeztu zituen: Garesko Udalak taxi zerbitzua bere izenean emateko eman zion baimenaren ziurtagiria (1996ko irailaren 6ko ziurtagiria eta 1997ko irailaren 3ko ziurtagiria); zerbitzu publikoa emateko ibilgailuaren zirkulazio baimena (1995eko uztaila); eta jarduera industrialak, merkataritzakoak, zerbitzukoak, profesionalak, artistikoak eta kirolarekin loturikoak egiteko lizentzia fiskala (1995. urtea). Halaber, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak 2009ko martxoaren 3an idatzitako gutuna aurkeztu du. Gutun horretan, Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiak 1997ko irailaren 12an emandako 318/1997 Ebazpena aipatzen da, hau da, interesdunari Garesen bederatzi plazako taxi bat jartzeko baimena eman zion ebazpena, Garesko Udalaren 1996ko irailaren 6ko eta 1997ko irailaren 3ko ziurtagiriak oinarritzat hartuta.

    Horregatik guztiagatik, eskatu zuen aztertu eta egiazta zedila benetan ba ote dagoen zehatzeko arrazoirik. Izan ere, haren ustez, nahasten ari dira haren aitari, [?]ri, emandako taxi plaza eta berari 1995. urtean emandako lizentzia.

  2. Kexa jasota, Garesko Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko apirilaren 22an sartu zen gure erakundean Udal horri eskatutako txostena. Gure intereseko auziari dagokionez, honako hau dio:
  • “Udal artxiboetan ez dago espedienterik [?] jaunari arauzko taxi lizentziarik eman zaiola jasotzen duenik. Bada espediente bat haren aitari, [?] jaunari, taxi lizentzia deialdi publikoko arauzko fasean eman zaiola jasotzen duena. Deialdi hartan, hiru eskabide aurkeztu ziren, eta hari baizik ez zitzaion eman lizentzia. Izan ere, Udalbatzak iritzi zion herriko errealitatea kontuan hartuta ezin izan zitekeela errentagarria plaza bat baizik, biztanle kopurua kontuan hartuta eman zitezkeen bietatik.
  • Badira noizbehinka gidatzeko baimenak (ez lizentziak), [?] jaunak bere seme-alabentzat, [?] jaunarentzat eta [?] andrearentzat, eskatu eta emandakoak.
  • Baimen terminoa (eta berriro diot ez dela lizentzia) ageri da [?] jaunak bere idazkian aipatzen dituen 1996/09/06ko eta 1997/09/03ko agirietan”.

Txostenarekin batera, Udaleko idazkariak interesdunak aurkeztutako alegazioen inguruan egindako txostenaren kopia erantsi du, bai eta alkatearen 2009ko martxoaren 11ko ebazpenaren kopia ere. Haren bidez, amaitutzat ematen da espedientea, eta ebazten du interesdunak arau-hauste larri gisa kalifikatutako egintzak egin dituela, taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Arauan arau-hauste larri gisa tipifikatutakoak. Hala ere, adierazten du ez dagoela garbi kexa-egileak egitateak nahita egin ote dituen; beraz, adierazten du ez dela bidezkoa zehapen ekonomikorik jartzea, eta bidezkoa dela ofizioz baja ematea jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erroldan, ez baita baimena ematen duen titulurik ageri gaur egun, nahiz eta noizbehinka baimena izan arauzko alta formalizatzeko zio izan zen jarduera egiteko.

AZTERKETA

AZTERKETA

  1. Espediente honetan argitu beharreko kontua hauxe da: interesduna taxi jarduera egiteko udal lizentzia baten titularra den, berak dioen bezala, edo, aldiz, halakorik ez duen, Garesko Udalak dioen bezala.
  2. Espedientea aztertuta, gertaera eta dokumentu hauek egiaztatu ditugu:
    • Garesko Udalak 1990eko martxoaren 16ko osoko bilkuran hartu zuen erabakiaren bidez, hiriko taxi zerbitzurako lizentzia eman zitzaion [?] jaunari, kexaren sustatzailearen aitari.
    • Garesko Udaleko idazkariak 1996ko irailaren 6an emandako ziurtagiria ageri da. Izan ere, adierazten du [?] jaunak Udalaren baimena duela [?] ibilgailuarekin 9 plazako taxi zerbitzua emateko.
    • Horrez gain, udal idazkariak 1997ko irailaren 3an egindako ziurtagiria ageri da. Han adierazten denez, interesduna taxi bidezko garraio jardueraren katastroko titularra da, eta ordainduta dauzka jarduera horren orain arteko zerga obligazioak, bai eta jarduera hori egiteko ([?]) bere jabetzako ibilgailuaren lizentzia fiskalari dagozkion kuotak ere. Gainera, ziurtagiri horretan adierazten da [?] jaunak Udalaren baimena duela [?] matrikulako ibilgailuarekin taxi zerbitzua emateko.
    • Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiak 1997ko irailaren 12an emandako 318/1997 Ebazpenaren bidez, interesdunari baimena eman zitzaion Garesen bederatzi plazako —gidariarena barne— taxi bat jartzeko. Emakida horregatik uste du Departamentuak, udal baimenak ikusita, Udalak dagokion lizentzia eman ziola.
    • Espedientean jarduera ekonomikoen zergaren alta ere ageri da. Hain zuzen ere, 1995eko martxoaren 2an eman zuen izena, bidaiariak garraiatzeko jardueran.
    • Alkatearen 2003ko urtarrilaren 20ko ebazpenaren bidez, interesdunari baimena eman zitzaion [?] matrikulako ibigailua aldatu eta haren ordez bederatzi plazako bat jartzeko, [?] matrikulakoa.
    • Nafarroako Gobernuak emandako garraio txartela ageri da, bai eta [?] ibilgailuaren zirkulazio baimena ere, 1995eko uztailekoa; hor adierazten denez, ematen duen zerbitzua “publikoa” da.
  3. Taxi lizentziak emateko, bi prozedura daude: alde batetik, Udalaren taxi lizentzia, udal eskumenekoa eta deialdi publikoa egin ondoren ematen dena; eta, bestetik, herri arteko garraiorako baimena, Nafarroako Garraio Batzordearen eskumenekoa; alabaina, halako baimenak emateko aurrez udal lizentzia lortu behar da, eta, beraz, aurrekoaren mendeko prozedura eta baimen bat da.

    Bidaiariak herri barruan nahiz herriz kanpo garraiatzeko zerbitzu publikoaren araudiak, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, honako hau xedatzen du:
    ”Araudi honetan arautzen diren zerbitzu publikoak emateko, ezinbestean izan beharko da toki erakundearen lizentzia. Lizentzia interesdunak berak eskatu beharko du, eta honako alderdi hauek egiaztatu beharko ditu: bere baldintza pertsonal eta profesionalak, ibilgailuaren marka eta modeloa, eta, hala badagokio, homologazioa eta, talde baten izenean eskatu badu, taldearen izena. Sortutako lizentzia kopuruari dagozkion eskabideak aurkezteko epea amaitzean, organo esleitzaileak “pronbintziako aldizkari ofizialean” argitaratuko du zerrenda. [..]. Lizentziak lehiaketa bidez esleitzen badira, tokiko kontratazio arauen arabera eginen da prozedura”.

    Udalak dio udal artxiboetan ez dagoela espedienterik [?] jaunari arauzko taxi lizentzia eman zaiola adierazten duenik, baizik eta noizbehinka gidatzeko baimenak ageri direla, [?] jaunak eskaturikoak eta haren seme-alabei emanikoak, familia lankidetza erabatekoaren erregimenean; hala, Udalaren ustez, baimen guztiak emandako lizentzia bakarra oinarritzat hartuta eman ziren. Alabaina, txostenarekin batera Udalak ez du aurkeztu eskabide horien eta baimena emateko ebazpenen kopiarik.

    Bestalde, interesdunak aurkeztutako udal idazkariaren 1996ko irailaren 6ko eta 1997ko irailaren 3ko ziurtagiriek ez dute aldi baterako mugarik ezartzen, eta ez daude baldintzatuta kexa-egilearen aitari emandako lizentziaren arabera. Hauxe diote hitzez hitz ziurtagiri horiek: “[?] jaunak Udal honen baimena du 9 plazako taxi zerbitzua emateko”.

    Beraz, agiriak kontuan hartuta, erakunde honen iritziz, egia izanik ere Udalak ez zuela jarraitu taxi lizentziak emateko legez ezarrita dagoen prozedura, ez baitzuen deialdi publikorik eta lehiaketarik egin, beharbada modu irregularrean eman zion baimena interesdunari jarduera inolako mugarik gabe egiteko.

    Zein termino erabili den —baimena edo lizentzia— berdin dio ondorio hauetarako. Izan ere, erabilitako hitzak ez du aldatzen gauzen izaera. Hain zuzen ere, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak honako hau dio 319. artikuluan: “Baimenak eta lizentziak arau hauen arabera emanen dira”.

    Hala ulertu zuen Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazioetako Departamentuko Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusiak irailaren 12ko 318/1997 Ebazpenean eta Departamentu horrek berak 2009ko martxoaren 3an egindako idazkian. Hona hemen zer dioen: “Baieztapen hau aipaturiko espedientean jasota dauden bi ziurtagirietan oinarritzen da. Ziurtagiri horiek Garesko Udaleko idazkariek egin zituzten, 1996ko irailaren 6an eta 1997ko irailaren 3an, eta horietan berariaz adierazten da [?] jaunak Udal horren baimena duela 9 plazako [?] matrikulako ibilgailuarekin taxi zerbitzua emateko”.

    Are gehiago, 2003. urtean, urtarrilaren 20ko alkatearen ebazpenaren bidez, interesdunari (eta ez haren aitari) baimena eman zitzaion ibilgailua aldatzeko. Baimen horretan, honako hau jakinarazi zioten: “Udal honek baimen honekin ez du inolako erantzukizunik bere gain hartzen baimendutako jardueraren funtzionamenduari dagokionez, eta aplikatzekoak zaizkion sektoreko arauek behartuko dute; halaber, aplika dakizkiokeen zerga, lan eta bestelako betebehar guztiak bete beharko ditu”. Alabaina, baimen horretan ez da aipatzen interesdunaren aitari emandako lizentziaren babesean eman denik ibilgailuz aldatzeko baimena, eta ez dio ohartarazten aldi baterako mugak izan ditzakeenik ere.

    Eta egia bada ere lizentzia fiskala ordaintzeak ez duela legitimatzen jarduera bat egitea, harrigarria behintzat bada 1996. urtean interesdunak zerga hori ordaintzea taxi jarduera egiteagatik, baldin eta, Udalaren iritziz, halako lizentziarik ez bazuen.

  4. Puntu horretara iritsita, atera daitekeen ondorio bakarra da kexaren sustatzailea taxi lizentzia baten titularra dela. Eta Udalak uste badu bere garaian emandako lizentzia baliogabea dela, ezarritako prozedura guztiz alde batera utzita eman zelako, ofizioz berrikusteko prozedura hasi beharko du, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1993 Legeko 102. artikuluak adierazten duen bezala, eta, bidezkoa bada, zenbateko kalte-ordaina dagokion adierazi beharko du. Halaber, kontuan hartu beharko du lege horretako 106. artikulua; horren arabera, berrikusteko ahalmena ezin erabil daiteke baldin eta ahalmen hori erabiltzea ekitatearen, fede onaren, herritarren eskubidearen eta legeen aurkakoa bada, ekintzak preskribitu direlako, denbora asko igaro delako edo beste inguruabar batzuk tartean direlako.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Garesko Udalari gomendatzea onar dezala bere garaian [?] jaunari emandako baimenak taxi lizentzia ematearen balio bera duela. Eta legez ezarritako prozedura bazter utzita eman zela iritziz gero, has dezala ofizioz berrikusteko prozedura, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 106. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Garesko Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Garesko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia