Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 29ko 81/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta beste pertsona batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 apirila 29

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con las liquidaciones y reparto de cuotas de urbanización y electrificación de parcelas y falta de resolución de la información solicitada al respecto al Ayuntamiento

Exp: 09/189/U

: 81

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2009ko martxoaren 12an, [?] jaunak eta beste hamabi jabe gehiagok aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Cintrúenigoko Udalaren aurka, herri horretako [?] industrialdeko [?] fasean dauden lurzatien eta pabiloien urbanizazio eta elektrifikazio kuoten likidazioaren eta banaketaren inguruan.

    Azaldu zutenez, 2008ko azaroaren 20an eskabide bat aurkeztu zuten udaletxean, eta haren bidez Udalari eskatu zioten berrikus eta argitu zitzala [?] industrialdeko [?] fasean egindako urbanizazio, elektrifikazio eta kuoten banaketari buruzko espedientean egindako hainbat jardun. Oraindik, ordea, hiru hilabete baino gehiago igaro direlarik ere, Udalak ez dio eskabideari erantzun.

    Bestalde, interesdunek hainbat zalantza dute [?] industrialdeko [?] fasearen urbanizazioa garatu eta gauzatzeari dagokionez, eta hau jakin nahi dute:

    Lehenengoa.- Indarrean dagoen hirigintza plangintzak modurik ematen al duen nekazaritza pabiloien erabilera aldatu eta industria pabiloi bihurtzeko.

    Bigarrena.- Legezkoa ote den Nafarroako Gobernuak interesdunei diru laguntza desberdinak ematea sektorea urbanizatzeko, urbanizazio kuota ordaintzeko moduaren arabera.

    Hirugarrena.- Aldameneko pabiloiak kuotak ordaintzetik salbuesteko arrazoiak.

    Laugarrena.- Iberdrolak elektrifikazioaren guztizko kostuaren inguruan eskatutako neurriz gaineko txostena.

    Bosgarrena.- Transformadorea zergatik ordaintzen duten jabe gutxi batzuek, jabe gehiagok eta etorkizuneko erabiltzaileek onura aterako badiote.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera. dauzkagun zehazteko, Cintruénigoko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko apirilaren 28an, Udaleko alkatearen txostena jaso genuen. Honako agiri hauek biltzen ditu:
    • Udal arkitektoaren txostena, 2009ko apirilaren 22koa. Hauxe dio hitzez hitz:
    • ”Onartutako eta udal planean (1998ko abenduaren 28tik indarrean) sartutako ordenantzetako 10. artikuluarekin bat, nekazaritza pabiloiko jarduera ez da sartzen industria erabilerarekin bateragarriak diren erabileren artean, eta, artikulu horren arabera, debekatuta daude gainerakoak”.
    • Alkateak 2009ko otsailaren 2an nekazaritza pabiloien jabeei igorritako idazkiaren kopia. Hona hemen zer dioen:
      • “2008ko abenduaren 2ko Industria Batzordean adostutakoa eta 2009ko urtarrilaren 16ko idazkariaren txostena kontuan hartuta, Alkatetza honek hau jakinarazten du:
      • Cintruénigoko hiri garapenerako eskumena Udalarena dela, nahiz eta eskumen hori Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu Departamentuarekin partekatzen duen.
      • Konpromisoa hartzen duela landa lurreko pabiloien jabeekin lurzoru industrial gisa birkalifikatzen diren lurrak sustatzeko, Udalari dagokion arloan, kontuan hartuta udal plana onartzeko orduan beste erakunde batzuek esku hartzen dutela”.

AZTERKETA

  1. Interesdunek azaldutako afera da Udalak ez diela erantzun 2008ko azaroaren 20an Cintruénigoko Udalean aurkeztutako eskabideari eta eranskinari.

    Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua): lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Cintruénigoko Udalak ez dio erantzun interesdunek egindako eskabideari; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

    Azken finean, Udalak erantzun espresa eta arrazoitua eman behar die kexaren sustatzaileek 2008ko azaroaren 20an aurkezturiko idazkian agertutako afera guztiei, bai eta beste eskabide batzuetan eta gertaeren aurrekarietan edo kontakizunetan azalduagatik erantzun ez zaien beste batzuei ere.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Cintruénigoko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei —besteak beste, kexaren sustatzaileek aurkeztutakoei— erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

  2. Cintruénigoko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.

  3. Ebazpen hau Cintruénigoko Udalari eta [?] jaunari nahiz kexaren beste sustatzaileei jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia