Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Demora en citación para revisión de Ginecología
Exp: 10/94/S
Nº: 80
Osasuna
2010eko otsailaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du ginekologiako azterketa baterako zitazioan gertaturiko atzerapenarengatik.
Azaltzen du otsailaren 1ean dagokion Emakumeari Laguntzeko Zentroarekin harremanetan jarri zela, ginekologiako azterketa baterako zita bati buruz galdetzeko (adierazten duenaren arabera, apirilean egitea dagokio).
Azaltzen du telefono-dei horretan, adierazi ziotela dagokion sendagilea erretiratu egin dela eta ordezkorik ez duela; horrenbestez, urte osoan ezin omen zaio zitarik eman, berariazko arazoren bat ez baldin badu behintzat.
Azaltzen du azken azterketa 2007ko apirilean egin zuela, eta denbora luzea iragan den arren ez diotela beste azterketa baterako zitarik eman.
Azaltzen du beste osasun prestazio batzuetarako zentro pribatuetarako deribazioak baimentzen diren bezalaxe, gauza bera egin beharko litzatekeela arlo honetan (interesdunak ginekologiako azterketak eta bularreko minbiziari aurrea hartzeko azterketak aipatzen ditu).
Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“Lehenbizi, esan beharra dago aldizkako azterketa ginekologikoa umetokiko lepoko minbizia atzemateko programa prebentibo bat dela. Elkarte zientifikoek eta adituen komiteek gomendatzen dute arrisku gutxiko emakumeen kasuan azterketa 3 eta 5 urte bitarteko epean egitea, eta gogorarazi beharra dago gaixoari azken azterketa 2007ko apirilean egin zitzaiola.
Bestalde, ohartu beharra dago prebentziozko programa bati buruz ari garela, eta ez inolaz ere sintoma jakin batzuen aurrean patologia bat edukitzeko kasu bati buruz; horrenbestez, ez litzateke kasua Itxaronaldien Bermeei buruzko legearen barruan sartu behar.
Azterketa batetik besterako tartean gaixoak arazoren bat baldin badu, bere familiako sendagilea izanen da, behar den balorazioa egin ondoren, erabakiko duena espezialistaren kontsultara joan behar duen ala ez, bai eta nolako lehentasun-mailaz joan behar duen ere”.
Kexa aurkeztu da azterketa ginekologiko baterako zitazioan gertaturiko atzerapenarengatik. Interesdunari 2007ko apirilean egin zitzaion azken azterketa, eta haren arabera, hurrengo zitazioari buruz galdetzeko unean (2010eko apirilerako zegoen aurreikusita), hitzez jakitera eman zitzaion hura artatzen zuen sendagilea erretiratua zenez, ezin izanen zitzaiola urte osoan zitarik eman, berariazko arazorik ez baldin bazuen behintzat. Informazio horren aurrean, interesdunak uste du azterketarako eskubidea aitortu beharko litzaiokeela (nahiz eta azterketa hori bide pribatutik egin) eta kasuko zenbatekoa ordaindu beharko litzaiokeela.
Osasun Departamentuak, bere aldetik, aditzera ematen du azterketa prebentibo horretarako gomendatzen den aldizkakotasuna hiru eta bost urte bitartekoa dela arrisku txikiko emakumeen kasuan. Gainera, programaren izaera prebentiboa ikusita, baieztatzen du ezin dela aplikatu osasunaren arloko itxaronaldien bermea erregulatzen duen legea.
Planteaturiko gaia lotuta dago irailaren 22ko 259/1997 Foru Dekretuan xedatutakoarekin; haren bidez, izan ere, tokoginekologiako eta familia-plangintzako osasun prestazioen antolaketa ezartzen da. Zehazki, erregelamendu horretako 3. artikuluak bularreko minbiziko arrisku taldeak atzemateko eta bularreko minbiziaren atzemate goiztiarreko programak ezartzen ditu.
Aurreikuspen hori, orain interesatzen zaigunari begira, azaroaren 20ko 320/2000 Foru Aginduaren bitartez osatu zen; izan ere, agindu horrek umetokiko lepoko minbiziaren atzemate goiztiarrerako programa ezarri zuen. Frogak egiteko maiztasunari dagokionez, honako aurreikuspenak daude (2. artikulua):
Arrisku txikiko emakumeak: froga 3 edo 5 urtetik behin eginen da eta emaitza negatiboa bada, medikuaren aginduaren arabera.
Susmo klinikoa eta talde erasangarriak: medikuaren aginduaren arabera.
Vidondo andrearen kasuan, azken froga 2007ko apirilean egin zitzaion, eta dauzkagun datuen arabera, argi dago medikuaren agindua zela hiru urte geroago berriz egitea (horri buruz, kexan esaten da, eta Administrazioak ez du kontrakorik esan, printzipioz froga 2010eko apirilean egin behar zitzaiola).
Hori dela eta, Osasun Departamentuaren txostenean adierazitakoa onartuta ere, arrisku txikiko emakumeentzat gomendatzen den maiztasun-tarteari dagokionez (aipatutako foru aginduan ezarritakoari dagokio), egia da Mª Rosario Vidondo Villava andreari adierazitakoa izan zela proba hiru urte geroago errepikatuko zitzaiola.
Horrenbestez, egokitzat jotzen da Osasun Departamentuari gomendatzea interesdunari zita eman diezaiola ahal bezain laster, eta Osasun Administrazioak berak preskribitu eta gero barneko antolamenduko kontu batengatik deuseztatutako azterketa ginekologikoa egin dakiola.
Aurrekoa ezertan kendu gabe, zuzentzat jotzen dugu Administrazioak emaniko erantzuna, prestazio horrek, bere izaera dela eta, osasun arloko itxaroteko bermeei buruzko legedian tokirik ez izateari dagokionez.
Osasun Laguntza Espezializatuaren arloko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Legeak ezarri zuen bere helburua dela osasun laguntza espezializatu programatuan eta larrialdietatik kanpokoan erantzunak emateko bermeak ezartzea, O-NOZen egin beharreko ebakuntza kirurgikoei, kanpoko kontsultak ezartzeari eta proba diagnostikoei dagokienez.
Foru lege hori irakurrita –zehazki haren 3. artikulua, zeinak gehieneko itxaronaldiak arautzen baititu– ez dugu ondorioztatzen umetokiko edo bularreko minbizikoa bezalako azterketa prebentiboek berariazko berme bat dutenik eta, horrenbestez, Osasun Departamentuak, prestazio hori zuzenean ematerik ez badu, gaixoa itundutako zentro batera deribatu eta horren kostua ordaindu behar duenik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari gomendatzea ahal bezain laster kexa-egileari zita eman eta Osasun Administrazioak berak preskribitu eta gero barneko antolamenduko kontu batengatik deuseztatutako azterketa ginekologikoa egin diezaiola.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azaltzeko. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia