Partekatu edukia
Justizia
Gaia: Trato incorrecto por la Policía Foral
Exp: 09/231/I
Nº: 80
Barnea
2009ko martxoaren 31n, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, Foruzaingoak izandako jokabide txarrarengatik.
Bertan azaltzen zuenez, haren semea, adingabea bera, egin ez zuen delitu batengatik akusatu zuen Foruzaingoak, eta epaitegiak absolbitu egin zuen.Haren semeari gertatutakoa inguruabar horietan zuzena eta egokia ote zen jakiteko (delituaren egozpen faltsua eta legez kanpoko atxiloketa), [?]ko kuartelera joan zen, eta tratu desegokia eman zion une hartan kasu egin zion agenteak. Azkenik, eskatu du berrikus dadila haren semearen atxiloketa irregularraren inguruko jarduna eta barkamena eska diezaiotela irregulartasun horiengatik.
2009ko apirilaren 23an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
"2009ko apirilaren 2an, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak idazki bat bidali zion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari. Idazki horretan, adierazi zuen [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuela "foruzain baten jardun txarraregantik” eta, ondoren, azaldu zuela haren semea, adingabea bera, “egin ez zuen delitu batengatik salatu eta akusatu zuela Foruzaingoak, eta, beraz, Epaitegiak absolbitu egin zuela”.
Gertaera horien ondorioz, [?] jauna Foruzaingoaren komisaria nagusira joan zen, [?] kalekora, “inguruabar horietan zuzena eta egokia delituaren egozpen faltsua egitea eta legez kanpo atxilotzea ote zen informatzeko”. Adierazi du informazio hori eskatzean “tratu desegokia eman ziola une hartan kasu egin zion agenteak”.
Azkenik, Arartekoaren idazkian xedatutakoarekin bat, [?] jaunak eskatu zuen "berrikus dadila haren semearen atxiloketa irregularraren inguruko jarduna eta barkamena eska diezaietela irregulartasun horiengatik”.
Kontaturiko horretan oinarrituta, badirudi [?] jaunak kexa aurkeztu zuela Nafarroako foruzainen bi jardunengatik. Alde batetik, haren semea atxilotzeagatik, legez kanpokotzat ere jo baitu, eta, beraz delitutzat hartzeko modukoa baita, eta, bestetik, 2009ko martxoaren 30ean komisaria nagusian eman zioten tratuarengatik.
Gertaeren larritasunagatik, txostena eskatu zitzaion Foruzaingoaren Buruzagitzari, eta hark 2009ko apirilaren 14an igorri zuen txostena. Bertan, foruzainen ekintzak zuzenak izan zirela berretsi zuen.
Udaltzainek egindako lehenengo jardunari dagokionez, hau da, adingabea atxilotzeari dagokionez, bidezkoa da adieraztea gorputz horretako kide batek ustez ebasketa delitu bat egiten zuzenean ikusi zuelako atxilotu zutela. Zehazki, ziklomotor bateko maletatik motozikleta kasko bat ostu eta beste ibilgailu bateko maleta bortxatu zuelakoan. Salatzaileak ustezko egile gisa beste motozikleta baten gidaria identifikatu zuen.
Gertaerak kontatzen jarraitu aurretik, honako hau hartu behar da kontuan, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4 n) artikuluan xedatutakoarekin bat: “Lan dedikazioari dagokionez, erabateko dedikazioan arituko dira, eta, hortaz, pertsonen bizia eta osotasuna, legea eta herritarren segurtasuna defendatu behar diren guztietan esku hartuko dute, nonahi egonda, lanean izan ala ez izan, baita edozein delitu saihesteko ere". Jarduteko oinarrizko printzipio hori da polizia jokabidearen muina; titularrak ezin utz diezaioke hala jokatzeari komeni zaionaren arabera, eta haren jarduna soil-soilik egoeraren beraren baldintzek modulatuko dute (lekua, egile kopurua, delitu mota, jarraitzeko beharra, har daitezkeen arriskuak eta abar).
Egoera hartako inguruabarrak neurtuta, jokabide hura ikusi zuen agenteak jakinaren gainean jarri zituen Ikerketa Kriminalaren Arloko Polizia Judizialaren Dibisioari atxikitako Ondarearen aurkako delituen Lantaldeko kideak. Agente horiek arduratu ziren atestatua bideratzeaz, eta, adingabe bat inplikatuta zegoenez, berehala bideratu zitzaion Adingabeen Fiskaltzari, zegozkion aurre eginbideak bideratuta.
Ondarearen Aurkako Delituen Lantaldeko kideek jarraitutako prozedurak une oro etorri ziren bat horretarako ezarritako protokoloekin, eta horien araberakoak izan ziren. Protokolo horiek bereziki arduratsuak dira adingaberen bat tartean bada, eta beti errespetatzen dute arlo horretan indarrean den legeria, Auzipetze Kriminaleko Legea, Adingabeen Zigor Erantzukizunari buruzko Lege Organikoa eta ohorea, intimitatea eta norberaren irudia izateko eskubidea babesteko Lege Organikoa.
Ustez delitu egitateren baten erantzule diren 14 eta 18 urte bitarteko adingabeak zigor arloan adinduentzat aurreikusitako kasu eta inguruabar berberetan atxilotu daitezke. Beraz, adingabeak atxilotzea justifikatzen duten kasuak Auzipetze Kriminaleko Legeko 490, 492 eta 495. artikuluetan jasotakoak dira, eta, osagarri moduan, Adingabeen Zigor Erantzukizunaren Lege Organikoko azken xedapenetako lehenengoa aplika daiteke, hau da:
“Polizia judizialeko agintariak edo agenteak hauek atxilotzeko betebeharra izanen du:
490. artikuluko kasuetatik edozeinetan dagoena.
Delituaren ondoriozko auzipetua, baldin eta kodeak delitu horri zuzenketa-espetxealdiko zigorra baino handiagoa ezartzen bazaio.
Zigor txikiagoa duen delituaren ondoriozko auzipetua, baldin eta horren aurrekariak edo egitatearen inguruabarrak direla-medio uste bada ez dela agertuko agintaritza judizialak deitzen duenean.
Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsita geratzen da auzipetua, baldin eta berehalakoan fidantza ematen badu, eta fidantza hori atxilotzeko ahaleginak egiten dituen agintariaren edo agentearen iritziz, nahiko bada, epaile edo auzitegi eskudunak agertuko dela zentzuz uste izateko.
Agintariak edo agenteak behar besteko eta zentzuzko zioak izatea, egitateak delituaren ezaugarriak dituela uste izateko. 2. Behar besteko zioak izatea, orobat, atxilotu nahi den pertsonak delitu horretan parte hartu duela uste izateko”.
Beste kontu bat da, adingabe bat denez, prozedurari erantsitako berme espezifiko batzuk izatea, hala nola atestatuak dagokion Fiskaltzako Adingabeen Atalera igortzea, Auzitegi Nazionalera delitu terroristen kasuan eta Probintzia Auzitegira gainerako kasuetan; eta, adierazi den bezala, atestatuaren instruktoreek bete zuten izapide hori.
Udaltzainek ez dute atxilotzen modu espontaneo eta irrazionalean; aitzitik, dedukzioak, argudiaketak, gertaeren arteko loturak, frogen azterketak eta zantzuen azterketak dira atxilotzeko arrazoi eta berme, eta, nolanahi ere, kaltetuari ahalik eta kalterik txikiena egiteko moduan egiten da. Uste osoz egindako operazioa da, nahiz eta egia izan ezin jo daitekeela zientzia matematiko zehatz gisa, epailearen erabakiak izan ezin diren bezala. Modu perfektuan eginiko atxiloketek ere ez dute ziurtatzen auzipetua kondenatuko denik; izan ere, epaile jarduleak beste baldintza eta oinarri batzuk hartu behar ditu kontuan auzipetua erantzuletzat jotzeko edo absolbitzeko, eta, hartara iritsita, zigorra ezartzeko. Ez da polizi agentearen eginkizuna atxilotua aurrez “auzipetzea” edo “epaitzea”; hori jurisdikzio ordenako lana da. Poliziak bere ezagutza eta gaitasun profesional guztiak erabili behar ditu, zigor arloko arauren bat hautsi delarik atestatua bideratzeko, frogak biltzeko, ustezko egilea atxilotzeko (uste osoa badu halakorik badela) eta agintaritza judizialaren esku uzteko.
Aldiz, ezin ondoriozta daiteke inola ere auzipetua absolbitzen bada Polizia Gorputzeko kideek zuzen eginiko atxiloketa legez kanpoko atxiloketa bihurtzen denik. Figura hori horrela dago tipifikatuta Zigor Kodean, eta beharrezkoa da hainbat elementu batera izatea hori gauzatzeko. Atxiloketa legez kanpokoa izanen da, legeak baimendutako egoerak alde batera utzita egin bada (lehen transkribatu ditugu), atxilotua agintarien esku uzteko asmorik gabe, eta ezarritako denbora baino gehiago pasatu bada, hau da, atxilotua ez bada askatu edo agintari judizialen esku utzi legez ezarritako epearen barruan, eta abar.
Aipamen berezia merezi du [?] jaunak eginiko beste adierazpen batek, hau da, polizia agenteek (ez du zehaztu polizia judizialeko unitateei atxikitako instruktoreei buruz ari den edo ekintzaz ohartarazi zien hari buruz ari den) delituaren egozpen faltsua egin zutela. Akusazio edo salaketa faltsuaren delituak honako hau exijitzen du:
Elementu subjektiboa alderdi intelektualean dago; izan ere, jakitun da salatutako gertaera faltsua dela eta hori delitu edo falta izan daitekeela; beraz, salatutako ekintzak zigortzeko zigor prozedura bat martxan jartzeko nahia dago (1990-09-19ko eta 1991-12-16ko epaiak). Halako elementurik ez dago salaketa fede onez egin bada, egotzitakoa benetakoa dela pentsatuta, nahiz eta okerra izan (1992-09-24ko epaia). Soil-soilik dolo gisa egotz daiteke, hau da, faltsua dela jakinda edo egiarekiko mespretxu nabarmenez (1993-09-23ko eta 1997-05-21eko epaiak).
[?] jaunak adierazitako bigarren kexa 2009ko martxoaren 30ean kasu egin zion agenteak Foruzaingoaren komisaria nagusian emandako tratu “desegokiari” buruzkoa da. Horri dagokionez, adierazi behar da egun horretan [?] jauna eta [?] andrea izan zirela polizia bulegoan. IPZ [?] duen polizia inspektoreak egin zien harrera, Ondarearen aurkako Delituen Lantaldeko arduradunak, eta hari adierazi zioten “epaitegitik zetozela, beren semea delitutik absolbitu zutela, atxiloketa legez kanpokoa izan zela eta gogobeteko zituen zerbait nahi zutela”.
Inspektoreak, adierazpen horiek entzunda, jakinarazi zien berak egin zuela atestatuaren instrukzioaren eta ikerketaren jarraipena, eta ikuspegi profesional hutsetik uste zuela ondo egin zirela, eta, beraz, ezin zela ezertaz desenkusatu. Aurrekoa gorabehera, han agertu zirenei jakinarazi zien eskubidea zutela beren eskubidearen arabera egoki iritzitako nahi beste salaketa jartzeko edo, bestela, horretarako onartutako kexa edo erreklamazioetarako prozedura jarraitzeko. Erreklamazioa atestatua bideratu zuenari aurkeztea “deserosoa” gertatuz gero, zuzenean edo zeharka faltsukeriaz akusatzen ari baitziren bera, adierazi zien Foruzaingoak Iruñeko Gazteluko Plazan duen Udalaren Auzo Bulegora jo zezaketela.
Jarraian, inspektoreak azaltzen du solaskideekin hitz egin ondoren haiek jarraitu zutela esaten “barkamena eskatu" behar ziela eta besteak beste galdetu ziotela “inporta ote zitzaion haien semea kartzelan edo aske egotea”. Agenteak erantzun zien ez zela bere egitekoa kontu horrekin poztea edo ez, askatasuna kentzea epaileen eta auzitegien eskumena zela".Azkenik, administratuak polizi bulegoetatik bazihoazelarik, [?] andreak hauxe adierazi zuen hitzez hitz: “Hori Foruzaingoa, karteltxo ugari bai, baina badakit ondo nik nolakoak zareten!” (sic).Gaur-gaurkoz, Zuzendaritza Nagusi honetako fitxategi eta erregistro guztiak aztertuta, egiaztatu dugu ez [?] jaunak eta [?] ez andreak ez dutela beren izenean edo adingabe kaltetuaren ordezkari gisa kexarik edo erreklamaziorik aurkeztu kontatutako gertaerengatik.
Zorrotz aztertu ditugu Foruzaingoaren jarduna eragin zuten gertaerak, bai eta esku hartu zuen agentearen jarduteko modua eta ondoren ondarearen aurkako delituen lantaldeak izan zuen jardunbidea, adingabeei kasu hauetan aplikatzekoa zaien legeriaren araberako jardunbidea, azaltzen dituen txosteneko kontakizuna ere, eta, erakunde honen iritziz, guztiz da arrazoizkoa ondorioztatzea Forunzaingoak bere jarduna arautzen duten arauen arabera jokatu zuela. Beraz, nahiz eta salatutako adingabea absolbitu duen epai bat eman den eta hortik ondorioztatu behar den Foruzaingoak hautemate akats bat egin zuela, horrek ez du esan nahi herritarraren konstituzio eskubide bat urratu denik. Aurrekoa adierazita, gure arrazoibidearekin jarraituz, adierazi behar dugu Adingabeen lehenengo zenbakiko Epaitegiak 2009ko martxoaren 16an emandako epaian egotzitako delitutik absolbitu zuela adingabea, iritzi baitzion kargua egozteko frogak (Foruzaingoko agentearen lekukotasuna) ez zuela behar besteko funtsik.
Epai horren funts juridikoa kontuan hartuta, ondoriozta daiteke, eta hala ulertzen du kexaren sustatzaileak, adingabea atxilotu zuen foruzainak akats bat egin zuela, akats ulergarri bat, baina akats bat, gertaerak hautematean, eta, hautemate akats horren ondorioz, adingabea atxilotu eta lau orduz atxiki zutela espetxean. Hala, bada, bere askatasun pertsonala kendu zioten, eta hori pertsonek gehien preziatzen duten oinarrizko eskubideetako bat da.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Foruzaingoari iradokitzea halako kasuetan barkamen espresa ematea kaltetuei funtzio publikoa betetzean egindako akatsengatik.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia