Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Disconformidad con la desestimación de una reclamación de responsabilidad patrimonial por caída en la acera
Exp: 09/185/O
Nº: 78
Zerbitzu Publikoak
Aurtengo martxoaren 10ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen duen Tuterako Udalaren aurka, bide publikoan erori eta ondare erantzukizuna eskatzeko jarri zuen erreklamazioa ezetsi ziolako.
Azaltzen zuen 2007ko abenduaren 21ean idazki bat aurkeztu zuela, 2007ko abenduaren 19an erori eta horren ondorioz izandako kalteen ondare erantzukizuna erreklamatzeko. Izan ere, Juan Antonio Fernandez kaleko espaloian lauza batzuk hautsita zeudelako erori zen, eta, horren ondorioz, orkatila bihurritu zitzaion. Idazkiarekin batera, Sofia Erregina ospitaleko Larrialdi Zerbitzuaren txostena aurkeztu zuen.
2008ko urtarrilaren 9an, jakinarazi zioten espedientea ireki zela eta izandako kaltearen ebaluazio ekonomikoa eskatu zioten. Erreklamazio-jartzaileak, urtarrilaren 23an, [?]k eginiko txosten medikoaren bidez, adierazi zuen 24 egunez egon zela baja medikoa hartuta, eta kaltea 1.200 eurokoa zela.
Urriaren 20an, alkateak 880/08 Ebazpena eman zuen, eta, horren bidez, ondare erantzukizunaren erreklamazioa ezestea erabaki zuen. Izan ere, argudiatzen zuen ez dela frogarik bat ere aurkeztu kaltearen eta bide publikoak mantentzeko udal zerbitzuaren arteko kausa harremanaren fede emateko, eta, beraz, litekeena dela nora ezean ibiltzeagatik eta galtzadaren egoerari arretarik ez jartzeagatik erori izatea.
Interesdunak Udaltzaingoak egindako txostena aurkeztu du. Hauxe dio espresuki: "Tokian bertan izan gara, eta ikusi dugu gertaerak egia direla. Hain zuzen ere, ikusi dugu eskuineko espaloian, noranzkoaren arabera, bi lauza aske, hautsita eta barrura sartuta daudela, eta horien ondorioz, litekeena dela zapaltzean estropezu egin eta oina gaizki bermatzea ere”.
Nabarmentzekoa da, gainera, urtarrilaren 28an (ia hilabete geroago), Udalak eginiko txosten teknikoak berriro ere baieztatzen duela lauza batzuk aske eta hautsita daudela, eta “gehienez ere zentimetro bateko desnibela sortzen dutela aldamenekoekin”.
Toki Araubideko Oinarrien apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.2. artikuluan dio udalerriak beti beteko dituela herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzeko eskumenak. Azken batean, interesdunaren iritziz, egiaztatuta gelditu da espaloia gaizki zegoela, erori egin zela eta lesioak izan zituela, bai eta kausa lotura ere. Horregatik guztiagatik, eskatzen du aintzat har dadila ondare erantzukizunaren erreklamazioa eta eman dakiola baja medikoa hartuta egon zen 24 egun horien kalte-ordaina.
Kexa jasota, Tuterako Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko apirilaren 13an, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“2007-12-21ean, [?] andreak erreklamazio bat aurkeztu zuen Udalaren kontra, bide publikoan erori eta horren ondorioz izandako kalteengatik; izan ere, orkatila bihurritu zuen.
Alkateak 2008-01-09an ebazpena eman zuen horren inguruan, eta ondare erantzukizunaren espedientea ireki zuen. Espediente hori Lege Aholkularitzak izapidetu zuen, aplikatzekoa den legeriak ezarritako gidalerroei jarraiki.
Instruktoreak espedientea izapidetu ondoren, alkateari erreklamazioa ezesteko proposamena igorri zitzaion. Izan ere, haren ustez, ez zen nahikoa izandako kaltea edo lesioak egiaztatzearekin; horrez gainera, horien eta udal zerbitzuaren arteko kausa lotura ere egiaztatu behar zela zioen, eta, gure iritziz, ez da halakorik egin.
Erreklamazioa ezesteko ebazpena jakinarazi zitzaion interesdunari, eta ados egon ezean horren aurka zer errekurtso jar zitzakeen adierazi zitzaion, bai eta arartekoari kexa aurkezteko eskubidea zuela ere, eta azken hori egin du.
Alkatetza honek ez du inolako arrazoirik ikusten ebazpena aldatzeko eta espedientearen instruktoreak egindako proposamena aldatzeko; beraz, ados ez bazaude, auzitegietara jo beharko duzu, eta azkenean haiek hartuko dute dagokion azken erabakia”.
Konstituzioko 106.2 artikuluak xedatzen duenez, partikularrek eskubidea izanen dute kalte-ordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero”.Konstituzioko arau hori garatuz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluak berriro onartzen du eskubide hori, eta zehazten du lesioa eskubidea izanen dela zerbitzu publikoen funtzionamendu onaren edo txarren ondorio izanez gero.
Zergadunak eta legegileak diseinatutako Administrazio Publikoaren ondare erantzukizunaren sistema objektiboa da. Beraz, horren oinarria biktimaren ondarea babestean eta bermatzean datza, eta bilatu eta nahi ez zen eta kaltetuak jasateko betebehar juridikorik ez duen kalte orotatik babesten du, betiere kaltea administrazio ekintzaren ondorio izanez gero. Administrazioak zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz izandako lesio ororen erantzukizuna hartzen du bere gain. Borondatea eta are eragilearen aurreikuspena zeinahi delarik ere da hori hala, are kaltea eragin duen ekintza legea betez egin bada ere eta inolako funtzionamendu irregularrik izan ez bada ere, ordaindu beharrekoa den lesioa eragin duen ekintzaren bidezkotasuna edo bidegabekeria guztiz alde batera utzita (horietarako guztietarako, ikus Auzitegi Gorenak 1997ko abenduaren 19an emandako epaia). Jurisprudentziak behin eta berriz dioen bezala, aski da benetako kaltea eragin duen emaitza kaltegarri bat izatea, ekonomikoki ebaluagarria eta pertsona batengan edo pertsona talde batengan pertsonalizatua, kalte-ordaina emateko betebeharra sortzeko; halakoetan, ez da behar egintzaren eta kaltearen kausa harremana beste baldintzarik eta bazter uztekoa da Administrazioaren jarduna erregularra edo irregularra izan den.
Beraz, erantzukizuna objektiboa edo emaitzaren araberakoa da, berdin baitio administrazioak ondo edo gaizki jardun duen; hori horrela, aski da halakotzat jotzeko horren ondorio zuzen gisa legez jasan beharrik ez dagoen benetako kalte bat izatea, ekonomikoki ebaluagarria eta pertsonari mugatua.
Erantzukizuna izateko beharrezko gertaerak frogatzea kalte-ordaina erreklamatu duenari dagokio; Administrazioak, berriz, zerbitzuak ondo funtzionatzen duela frogatu behar du, edo kaltea ezinbestez gertatu dela, edo biktimak doloz zein zabarkeriaz jokatu duela, kausa lotura hautsitzat jotzeko moduan.
Aztertu beharreko gaia, kexa-egilearen erreklamazioa ezestea determinatu zuena, da zerbitzu publikoaren eta eragindako kaltearen arteko behar den kausazko lotura egon zen ala ez zen egon. Tuterako Udalak ukatu egin du lotura hori, uste baitu erreklamazio-jartzaileak ez duela hori behar bezain ondo egiaztatu, eta adierazi du “erortzea soilik ez dela nahikoa halakotzat jotzeko, gerta baitaiteke egunero espaloi horretan ibiltzen zen erreklamazio-jartzaile horren ardura edo faltagatik izatea.
Kausa loturarik baden erabakitzeko, jurisprudentziak bi teoria erabiltzen ditu. Horietan lehenak nola edo hala azken emaitza, kaltea, sorrarazi duten gertaera edo baldintza guztiak hartzen ditu kontuan (baldintzen baliokidetasunaren teoria). Bigarrenak dio egitate bat kaltearen kausatzat hartu ahal izateko beharrezkoa dela berez aproposa izatea hura sorrarazteko, esperientzia komunaren arabera; hau da, bereziki gai izatea lesio eragina sorrarazteko (kausalitate egokiaren teoria). Ondorio frogagarri edo eztabaidaezinak lortzeko zailtasunak badira, teoria bat eta bestea batera erabiltzen dira, justiziaren arloan onargarria den emaitza bat lortzeko asmoz, oro har onartzen diren balio kontzeptuen arabera.
Kasu honetan, honako hau gertatu dela ikusten dugu:
- a) Interesduna erori egin zen 2007ko abenduaren 19an, eta orkatila bihurritu zuen. Erori zenean, [?] andreak Udaltzaingora deitu zuen, eta 60. zenbakiko agentea bertaratu zen. Gainera, medikuaren txostena aurkeztu zuen, eta haren bidez egiaztatu zuen 24 egunez egon zela gaixo agiria hartuta.
- b) Horri buruz izapidetutako espedientean, Udaltzaingoak urtarrilaren 8an egindako txostena ageri da. Bertan, honako hau adierazten da: “Tokian bertan izan gara, eta ikusi dugu gertaerak egia direla. Hain zuzen ere, ikusi dugu eskuineko espaloian, noranzkoaren arabera, bi lauza aske, hautsita eta barrura sartuta daudela, eta horien ondorioz, litekeena dela zapaltzean estropezu egin eta oina gaizki bermatzea ere”.
- c) Halaber, Tuterako Udaleko Herri-lanetako ingeniari teknikoak urtarrilaren 28an egindako txostena dator espedientea. Honako hau dio: “Ingurua ikuskatu dugu, eta ikusi dugu adierazitako farmaziaren parean 25 x 25 cm-ko hiru lauza aske daudela; horietako bi hautsita daude, eta gutxi gorabehera zentimetro bateko desnibela sortzen dute gehienez aldamenekoen aldean”.
Txosten horiek ikusita, ezin uler daiteke kausa lotura hautsitzat, soil-soilik kaltetuari espaloian zuhurtasun edo arretarik gabe ibiltzea egotzita. Argudio horrekin, Tokiko Administrazioak beti izanen du ondare erantzukizun apalagoa bide publikoko zoladuran diren akatsengatik sortutako kalteei dagokienez.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak, 2002ko ekainaren 18ko epaian (JUR 2002, 232401), honako hau adierazi zuen: “Normal ibiltzea galarazten duten oztopoak ezin dira ontzat eman, ez badira behar den bezala seinalatzen edo ez bada beharrezko neurririk hartzen istripurik ez izateko, eta ez badira behar bezala zaintzen, normal ibiltzeko eta bideen xedea betetzeko moduan. Tokian tokiko kaleetan eta pasealeku publikoetan segurtasuneko gutxieneko eta funtsezko baldintzak mantentzeko arreta eta kontu falta hori Administrazioaren ondare erantzukizuntzat hartu izan da Auzitegi Gorenaren 1994ko azaroaren 10eko epaian (RJ 1994,8749) eta 1994ko abenduaren 22ko epaian (RJ 1994,10703)”.
Auzitegi horrek berak, 2001eko apirilaren 20ko epaian (RJCA 2001, 914), honakoa esana zuen: “horrela, udal zerbitzu publikoen barruan dago bide publikoak erabilera segurua izateko moduan kontserbatzea (Toki Araubideko Oinarrien Legeko 25. artikulua); horrenbestez, jo beharra dago lesioa udal zerbitzu publikoari egotzi ahal zaiola. Eta kausa-ondorioa erlazio hori ezin da ahuldu herritar erabiltzaileak ustez egin duen hutsegite batengatik, zeren eta herritarrak, kaletik doala, ahal duen arreta guztia jarri behar baitu ibilgailuen zirkulazioan, oztopoak saihestean edo beste oinezko batzuk egotean, baina ezin zaio exijitu errepidearen erregulartasunari erreparatzea, zeren eta uste izatekoa baita hura aproposa dela eta kontserbazio egoera ezin hobean dagoela.
Udalak, aitzakiarik gabe, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako irekitako bide publikoak mantentzeko betebeharra dauka, eta bide horiek halako mantentze egoeran egon behar dute beren berariazko erabilerarako, non haiek erabiltzen dituztenen segurtasuna normalki bermaturik egonen baita.
Horrenbestez, oinezkoen nahiz ibilgailuen zirkulazio normalerako oztopoak ezin dira ontzat eman, behar den bezala seinalatzen ez badira edo prebentziorako behar diren neurriak hartzen ez badira.” (...)
Gainerakoan, kasu honetan ez da zabarkeriarik ikusten demandatzailean; izan ere, normal ibilita, galtzada zaintza baldintza normal eta egokietan egoteak ematen duen konfiantzaren ondorio, adierazi den bezala ez baitzaio exijitu behar galtzada ondo dagoela egiaztatzea, bere helbururako baldintza egokietan dagoela jo behar baita”.
Aurkeztutako datuak eta dokumentuak aztertuta, zalantzan jarri ezina da, erakunde honen iritziz, kaltea ekarri duen istripu hori kalea ondo egonda gertatu zenik eta oztopoak kentzeko arduratsu izan behar duena Udala dela. Hala ezartzen du Toki Araubideko Oinarrien Legeko 25. artikuluak: “udalerriak beti beteko ditu herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzeko eskumenak”.
Udalak, aitzakiarik gabe, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako irekitako bide publikoak mantentzeko betebeharra dauka, eta bide horiek halako mantentze egoeran egon behar dute beren berariazko erabilerarako, non haiek erabiltzen dituztenen segurtasuna normalki bermaturik egonen baita.
Azken batean, hala emaitzaren kausa kontuan hartuta (orkatila bihurritzea) nola emaitza hori izatea ekarri duten faktoreak aztertuta (konpondu gabeko lauza hautsiak izatea bide publikoan), garbi dago galtzada ondo zainduta ez zegoenez, Udalak ondo zaindu ez zuelako, zerbitzu publikoak ez duela normal funtzionatu.
Bestalde, Udalak ez du egiaztatu biktimak kausa lotura hausteko moduan jokatu duenik zabarkeriaz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Tuterako Udalari gomendatzea kasu honetan duen ondare-erantzukizuna bere gain har dezan, eta biktimari dagokion kalte-ordaina ordain diezaion.
Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia