Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Discoformidad con procedimiento de oposición de Técnico de Administración Pública (rama jurídica)
Exp: 10/98/F
Nº: 77
Funtzio publikoa
2010eko otsailaren 4an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa) izateko 52 lanpostu betetzeko prozedura dela eta. Deialdia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 16ko 91/2008 Ebazpenaren bidez onetsi zen.
Interesdunak azaltzen du oposizio horretan zehar, bere ustez, irregulartasun ugari egin zirela, eta irregulartasun horiek hautapen-prozedura biziatu zutela. Izan ere, gora jotzeko bi errekurtso aurkeztu ziren hirugarren ariketaren eta azken ariketaren emaitzak onesteko egintzaren aurka (2009ko uztailaren 23ko errekurtsoa) eta izendapen egintzaren aurka (2009ko abenduaren 18ko errekurtsoa). Kexa-egileak berretsitzat ematen ditu haietan jasotako argudioak.
Errekurtsoei ez zitzaienez erantzun, kexa aurkezteko unean erakunde honengana jotzen du bidezkotzat jotzen dituen era guztietako neurriak har ditzan.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiari buruz.
Informazioa igortzeko emandako epea iraganda, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentutik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 23ko 31/2010 Ebazpenaren kopia bat igorri digute; izan ere, horren bitartez ebatzi eta ezesten da aipatutako errekurtsoetatik lehenengoa (hirugarren ariketaren emaitzaren aurka aurkeztutakoa). Haren edukia emantzat jotzen dugu, bai departamentuak, bai kexa-egileak ezagutzen dutelako.
Beste ezer baino lehen, kexaren edukia eta aurrekarietan aipatutako datuak ikusita, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogorarazi behar diogu herritarrek aurkeztutako errekurtsoak, legez, arau indardunetan ezarritako epeetan izapidetu eta ebatzi behar dituela (hiru hilabete, gora jotzeko errekurtsoen kasuan, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 115. artikuluari jarraituz).
Legezko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak, 7. artikuluan, herritarrei administrazio egokia izateko aitortzen dien eskubidearen korrelatiboa da. Hori dela eta, erakunde honek, nahiz eta ongi ulertzen dituen aurkeztutakoen antzerako errekurtsoen izapidetzeak dauzkan ezaugarri bereziak, ezinbestez legezko betebeharren gogorarazpen hau eman beharra dauka gaiari buruz.
Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, berriz, kexan zenbait irregulartasun salatzen dira, gisa desberdinetakoak, erreferentziako hautapen prozesuan eragina izan dutenak. Interesdunak ulertzen du ezen, horietatik guztietatik, funtzio publikora berdintasun baldintzetan eta merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera sartzeko konstituzio-eskubidearen urraketa bat gertatu dela.
Alde batetik, salatzen da –izendapen egintzaren aurka aurkeztutako errekurtsoan– lehenengo ariketa zuzentzerakoan ez zela izangaien anonimotasuna bermatu.
Horri dagokionez, deialdiak, seigarren oinarrian, ezartzen du hiru ariketa eginen direla, bi teorikoak (“test” gisako lehenengo ariketa bat eta gaiak garatzeko bigarren ariketa bat) eta bestea praktikoa (hirugarren ariketa, txosten edo irizpen juridiko bat idazteari buruzkoa)
Bigarren eta hirugarren ariketei dagokienez, deialdiak ezartzen du pliken sistema erabiliz eginen direla, baina ezer ere ez da aurreikusten lehenengo ariketa zuzentzeko moduari buruz.
Egia da Nafarroako Auzitegi Nagusiak planteatutakoaren antzeko gai baten inguruan, 2004ko maiatzaren 31ko epaian, liburutegiko arduradun lanpostu baterako oposizio prozedurari buruzkoan, honakoa erabaki zuela:
“Deialdiko oinarrietan ez dago bakarra ere ezartzen duena lehenengo ariketa (idatziz erantzutea aukerako erantzunak dauzkan test gisako galdetegi bati) izangaia identifikatu gabe egin behar denik, baina aurreikuspen hori ez da deialdiaren berezko edo ezinbesteko aurreikuspen bat, baizik eta inpartzialtasuna bermatzeko neurri bat, epaimahai kalifikatzaileak, kasua bada, erabaki beharrekoa.
Hautapen prozeduran objektibotasuna bermatzeko betebeharrari dagokion zerbait denez, eta ez ariketen formari edo edukiari dagokiona, ez da beharrezkoa anonimotasuna deialdiko oinarrietan ezartzea, zeren eta neurri horren premia administrazioan berdintasun baldintzetan sartzeko printzipioak exijitzen baitu; eta premia hori berezkoa da epaimahaiaren aurrean irakurtzekoak ez diren ariketa idatzietan.
Hain zuzen ere, epaimahai kalifikatzailearen egitekoa da aipatutako printzipio edo eskubide horiek zaintzea ariketak egiten diren bitartean, eta xede hori betetzeko zenbait neurri badaude –izangaien anonimotasuna bermatzera zuzendutakoak esate baterako– ez direnak zuhurtziarakotasunezkoak, baizik eta behar-beharrezkoak; bestela esanda, inpartzialtasuna ez dago bermaturik, izangaien identitaterako sekretuari eusten ez bazaio.
Oposizioko lehenengo ariketa izangaien identitatea ezagutu gabe egiteko eta zuzentzeko modua bazegoen.
Horrenbestez, neurri hori, hartzeko modukoa izateaz gainera, beharrezkoa zen hautapen prozedurako inpartzialtasuna bermatzeko.
Izangaien identifikazioa, beste eragin batzuetarako beharrezkoa ez zena, beharrezkoa zen, ordea, berdintasunezko parte-hartzea bermatzeko.
Ez da beharrezkoa arau batek –ez eta deialdiko oinarriek ere– izangaien anonimotasuna bermatzeko betebeharra ezartzea, zeren eta arau hori, berdintasunaren edo inpartzialtasunaren condictio sine qua non diren gainerako guztiak bezala, arestian aipaturiko printzipio eta eskubideek berezko baitute.
Hautapen-probak izangai batzuei abantailarik eta beste batzuei desabantailarik ematea bideratuko ez duten modu eta baldintzetan egin behar dira. Identifikazioak tratu desberdina emateko bidea ematen du, eta arrazoi horrek berak Konstituzioko 23.1 eta 103. artikuluak urratzen ditu, hori justifikatuko duen arrazoirik ez baldin badago (ez da hori kasua, lehenengo ariketaren ezaugarriak direla medio)”.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren interpretazio hori Auzitegi Gorenak berretsi zuen, 2009ko urtarrilaren 19ko epaian. Honakoa dio, hain zuzen ere:
“Izan ere, epaiak ez ditu behar ez bezala aplikatzen Konstituzioko 23.2 eta 103. artikuluak, eta ez du, ezta ere, arau juridiko berririk sortzen, oinarrietatik edo arau horietatik kanpo. Aitzitik, haiek defendatzen ditu eta baieztatzen du oinarrien aplikazio zuzenak eskatzen zuela oposizioko lehenengo ariketa egin zedila bermatuz ezen, hura zuzentzeko garaian, ez zirela galdetegiei erantzuteko orrietan ageriko kasuko izangaiaren identitatea. Betebehar hori ez da oinarrizko testuaren artikulu haiezaz kanpokoa, eta, erreparatuz gero, ikusten da deialdiko oinarriak ere ez direla haiezaz kanpokoak, zeren eta proba materialki egiteko moduari buruz esaten ez duten arren, ongi markatzen baitute lehengoaren eta bigarrenaren arteko desberdintasuna, azken horren ariketa epaimahai kalifikatzailearen aurrean irakurri behar dela exijitzen dutelako. Horrek esan nahi du, nabarmenak diren arrazoiengatik, horretan anonimotasuna baztertu dela. Hala eta guztiz ere, lehenengo proba egiteko moduari buruzko isiltasunak ez zuen baimenik ematen hura anonimotasuna bermatu gabe egiteko.
Horrenbestez, epaiak arrazoia dauka. Hautapen prozesuetan, funtzio publikoan sartzeko berdintasunaren eta Administrazioaren jokabidean egon behar duten inpartzialtasunaren eta objektibotasunaren bermea, honakoa bezalako kasuetan, segurtatuko da ariketetan izangaien identitatea jaso dadila saihestuz. Oinarriak zuzen interpretatzeak, aipatutako irizpide konstituzionalen argitara, ondorio hori dakar berekin, ezinbestez eta zailtasunik gabe. Alabaina, jokatu zen bezala jokatzerakoan, prozedurako elementu objektibo eta beharrezko bat utzi zen alde batera, eta horrek determinatu zuen prozedura berez biziatuta egotea”.
0Hautapen prozedura arautzen duten konstituzioko eskubide eta printzipioek berezkoa dute funtzio publikora sartzeko probak zuzentzeko izapidetzean anonimotasuna exijitzea; izan ere, berezko ondorio hori Konstituzioaren 23. eta 103. artikuluetatik zuzenean heldu da eta hartan amore eman ahalko da, soilik eta justifikatuta baldin badago, egin beharreko probaren izateak eta ezaugarriek kontrako konponbidea determinatzen dutenean (horixe da irakurketa publikoko proben kasua).
Exijentzia hori prozesua gidatzen duten printzipioen berme objektibo bat da; horrenbestez, berme hori ezarri egin beharko da, probaren izaeraren eta ezaugarrien kontrakoa ez den bitartean. Hautapen prozesuan zehar printzipio horiek ez betetzeari buruzko aztarnarik ez izatea ez da arrazoi nahikoa jotzeko anonimotasunaren exijentzia ez dela beharrezkoa, zeren eta bere birtualtasuna, hain zuzen ere, prebentiboa baita.
Aurrekoa suposatuta, bai deialdiko oinarriak bai hura aplikatzeko egintzak printzipio orokor horren arabera egokitu behar dira, zeren eta bai oinarriak, bai egintzak, lehenbizi konstituzioaren aipatutako aginduekin lotuta baitaude.
Zuzenketetan anonimotasuna gordetzeko printzipio orokorra ezin da aplikatu oposizio-egileak bere ariketaren irakurketa publiko eta pertsonala egin behar duen kasuetan, ariketa dagoen gutun-azal itxia ireki eta ondoren. Kasu horretan, beste edozein oposizio-egile edo interesdun irakurketa horretara joan daiteke, gutun-azal itxia ematen zaiola egiazta dezake eta oposizio-egilearen azterketa erazagutu dezake.
Hori dela eta, erakunde honek bidezkotzat jotzen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala anonimotasuna bermatzeko funtzio publikoan sartzek probak zuzentzerakoan, salbu eta, ariketaren ezaugarrien izatea eta ezaugarriak direla medio, kontrako konponbidea onartzeko modukoa den kasuetan (ariketa epaimahaiaren aurrean ekitaldi publiko batean irakurri edo defendatu behar den kasuetan gertatzen den bezala).
Aurrekoaz gainera, kexan epaimahai kalifikatzailearen zenbait jarduketa salatzen dira, egileaz beste izangai batzuek jarraitutakoek, hirugarren ariketa egitearen karietara. Horri dagokionez, azaltzen da epaimahaiak “dei bakarraren” araua ahaztu zuela, eta azterketara atzerapenez iritsi ziren bi izangairi ariketa egiteko bidea eman ziela. Bestalde, kexa-egileak baieztatzen du oposizio-egile batzuek ez zutela errespetatu orrialde bakarretik idazteko emandako agindua, eta horren inguruko inongo neurririk ez zela hartu.
Egitate horiei buruz, epaimahai kalifikatzaileak azaltzen du “orrialde bakarretik” idazteko jarraibidearen helburua zela zuzenketa-lana erraztea, baina hura ez betetzeak ez zuela inongo zigorrik (besterik litzateke azterketa sinatzea edo izangaia identifikatzea ekar lezaketen beste ikur batzuk egitea).
Deialdiaren gaiari dagokionez, epaimahaiak baieztatzen du egiaz gertatu zena izan zela bi pertsona azterketa egin behar zen gelan sartu zirela ez haien izena esan eta berehala, baizik eta segundo batzuk beranduago, baina, nolanahi ere, deialdia amaitu baino lehen eta gelako ateak itxi baino lehen ere. Hori dela eta, jo zen ez zela bi izangai horien ez-agertzerik gertatu.
Gure aldetik, esleituta daukagun erakunde-eginkizuna ikusita, adierazi beharra daukagu aipatutako egitateetan ez dugula atzematen kexa-egilearen eskubideak urratu direnik.
Horri dagokionez, baieztatu beharra daukagu ezen epaimahaiaren jokabideak bestelakoa izan behar zuela ondorioztatuko bagenu ere, ezinbesteko ondorioa izanen litzatekeela ulertzea hirugarrenentzako kaltegarria den neurri bat hartu behar zela, baina ez kexa-egilearen eskubide eta interes legitimoak babesteko inongo neurririk. Eta hori guztia horrela da, zeren eta egitate horiek ez baitute eraginik kexa-egilearen proba zuzentzerakoan hartutako erabaki zehatzarekin (bera izanen litzateke), eta ez dugu atzeman, ezta ere, ondoriorik izan dezakeenik jarraitutako hautapen prozeduraren osotasunean.
Ohartarazi behar dugu ezen Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak aurreikusten duela kexa bat errefusatu ahal izatea, haren izapidetzeak hirugarren pertsona baten eskubide legitimoan eragina izan dezakeenean. Nabarmena denez, norgehiagoka araubideko prozedura administratiboetan, zeinetan berdintasunaren printzipioa baita araua, xedapen orokor hori planteatzeak berezitasun batzuk badauzka, zeren eta Administrazioak batzuei buruz har ditzakeen erabakiek eragina izan baitezakete beste batzuen interes legitimoetan. Hala eta guztiz ere, ez dugu atzeman interesdunarengan eragin hori gertatu denik, atal honetan aipatzen diren jarduketa zehatzei dagokienez, eta hori dela-eta erakunde honek ez du uste gai zehatz honi buruz inongo erabakirik hartu behar duenik.
Bestalde, aipatzen da epaimahaikideetako bat ez zela zuzenketa- eta ebaluazio-saioetara joaten. Horri dagokionez, oinarri arautzaileetan ezer ezartzen ez bada, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako arau orokorrei begiratu beharko zaie; haietan, izan ere, organo kolegiatuen funtzionamenduari dagokionez, 26. artikuluan ezartzen baita organoa zuzen eratzeko, saioak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari begira, beharrezkoa izanen dela lehendakaria eta idazkaria bertan egotea, edo bestela, haien ordezkoak, eta, gainera, epaimahaikideen erdiak.
Ez dugu atzeman kasu honetan arau hori urratu zenik eta, horrenbestez, epaimahaiaren erabakiek aipatzen den bizioa zutenik.
Salatzen da, bestalde, hirugarren ariketa zuzentzeko epaimahaiak ezarritako irizpideak ez zirela Zuzenbidearen araberakoa. Horri buruz, argudiatzen da “hartutako konponbidearen koherentzia eta azalpenaren argitasuna” baloratzeko irizpideak objektibagarriak ez diren parametro batzuk sortzen dituela. Gainera, “kasuetan agertzen diren gai guztiak edo gai gehienak” aztertzeko irizpideari dagokionez, kexa-egileak usten du irizpide hori osatu gabea dela, zeren eta ez baita zehazten zein puntuazio merezi zuen aztertutako gai bakoitzak, edo erantzun bati puntu gehiago eman behar ote zitzaizkion beste bati baino.
Erakunde honek ez du uste irizpide horiek erabiltzeak hautapen prozesuko arau nagusia izan behar duten printzipioak urratzen dituenik. Naturala denez, zuzenketa irizpide batzuen edo besteen egokitasuna baloratzeko, probaren xedea hartu behar da, nahitaez, abiapuntu gisa. Kasu honetan, txosten edo irizpen juridiko bat idaztean zetzan proba; hau da, idatziz arrazoitu behar zen planteatutako gai edo arazo batzuei buruz, zenbait ondoriotara iristeko.
Adierazitakoa bezalako proba batean koherentzia eta adierazitakoaren argitasuna bezalako alderdiak baloratzea arrazoizkoa –eta are exijitzekoa ere– iruditzen zaigu, zeren eta badirudi alderdi horiek berezkoak direla horrelako proba batean, baita idazketaren ekintzan bertan ere.
Bestalde, epaimahaiak irizpide bakoitzaren edo planteatzen diren gai edo arazo zehatz bakoitzaren balioa zehaztasun handiagoz ez neurtzea gure ustez ez dakar berekin antolamendu juridikoa urratu izatea.
Nabarmena da ezen, ezarritako irizpideak aplikatzerakoan, epaimahaiak atzemate-tarte zabala zeukala, baina horixe da, hain zuzen ere, organo kalifikatzaileei buruz aipatzen da zuhurtziarakotasun teknikoaren printzipioaren bereizgarria, jurisprudentziak behin eta berriz aitortutakoa. Irizpen juridiko bat idaztean datzan proba bat araupeko jarduera bihurtzea ia ezinezkoa da, eta erakunde honek ez du uste ezarritako irizpideen formulazioak ezinbestez prozedura arautu behar duten konstituzio-printzipioak urratzen dituenik.
Kexa-egileak uste du epaimahai kalifikatzaileak hirugarren ariketa zuzentzerakoan izandako jokabidean motibazio falta izan zela, eta, horrekin lotuta, uste du babesgabetasuna eragin ziola.
Horrelako prozeduretan erabakien oinarria kanporako adierazteari dagokionez, egia da, Administrazioak dioenez, Auzitegi Gorenak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 54.2 artikuluan ezarritakoa betez, zenbait epai eman dituela, non baiesten baitu probaren puntuazioa dela, hain zuzen ere, kalifikatzeko eta ebaluatzeko amaierako egintzaren motibazioa, eta horrek motibazio baliogabetzaile oro kanpo uzten duela (2008ko urtarrilaren 15eko epaia).
Hemen aztergai dugun kasuan, atzeman dugu ezen ariketa egin ondoren, epaimahai kalifikatzaileak proba osatzen zuten kasu praktikoetan jarritako puntuazioak argitaratu zituela, eta, gero, bi epaimahaikidek kexa-egilearekin egon zirela, haren ariketa aztertzeko eta emaitzak determinatu zituzten akatsak azaltzeko. Atzeman dugu, halaber, gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenean bertan bi kasu praktikoen analisia biltzen dela.
Aurrekoa ikusita, erakunde honek ezin du baietsi jarduera administratiboa antolamendu juridiko indarduna urratu duenik, ez eta interesdunari babesgabetasuna eragin dionik ere, nahiz eta interesduna harekin ados egon ez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkeztutako errekurtsoak izapidetzera eta dagokien epean ebaztera.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala anonimotasuna bermatzeko funtzio publikoan sartzek probak zuzentzerakoan, salbu eta, ariketaren ezaugarrien izatea eta ezaugarriak direla medio, kontrako konponbidea onartzeko modukoa den kasuetan.
Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion ebazpen hau onartzen duen eta azaldutakoaren bidetik neurri egokiak hartu dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia