Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 26ko 76/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Pedro [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 apirila 26

Ogasuna

Gaia: Procedimiento de apremio y embargo irregular

Exp: 10/17/H

: 76

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 13an, Pedro [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen bere ondasunen aurka bideratutako premiamendu- eta bahitura-prozedura dela eta.

    Kexan azaltzen zuen Nafarroako Zerga Ogasunean jakinarazi ziotela 3.148,38 euroko zor bat ordaintzeko –2007ko PFEZa ez ordaintzeagatik ordaindu beharrekoa– hura zatitzea eska zezakeela, eta hori izapidetzeko zor zuen zenbatekoaren % 30 ordaindu behar zuela. Une hartan, diru-kopuru hori ez zeukanez, proposatu zioten irailean zati bat ordaintzea eta azaroaren 10era arteko epea eman zioten beste ordainketa egiteko eta zenbateko osoaren zatitzea eskatzeko. Egun hartan bertan, 472,3 euro ordaindu zituen eta urriaren 22an 472,3 euro gehiago (egiaztagiria erantsi du), eta eskatu zuen zor zuen gainerakoa zatitzeko, eta zorra zatitzeari ekina ziotela jakinarazi zioten.

    Jarraian, azaltzen du bere harridurarako Zerga Ogasunak hartu dituen erabakiak ez datozela bat informazioa eman zioten eta zorra zatitzeko modua adostu zuen funtzionarioekin hitzartutakoa. Izan ere, lehenengo 472,35 euroko zenbatekoa ordainduta, bere kontu korrontetik 3.148,38 euro bahitu zizkioten, 4 euroko saldoa utzita; horrenbestez, ezin izan zuen ez alokairua, ez bertan helbideratutako gainerako ordainagiriak ordaindu. Horren aurrean, dirubilketa exekutiboko bulegora jo zuen ([?]), eta azken horrek adostutako eragiketa osoari ikus-onespena eman zion, eta adierazi zion bahitutako zenbatekoa (3.148,38 euro) itzuliko ziotela. Azkenean, ordea, ez da halakorik gertatu.

    Egitate horiek direla-eta eskatzen zuen, laburbiltzeko, Administrazioak 2007ko aitorpenean eginiko akatsa zuzentzeko, eta bahitutako zenbatekoa ken % 30a itzultzeko, eta zorra zatitzeari ekin dakiola, bere garaian eskatu zuen bezala, zeren eta uneoro Zerga Ogasuneko funtzionarioek adierazitako moduan jokatu baitzuen. Halaber, eskatzen zuen ez kargatzeko 2008ko PFEZaren zorrari dagozkion berandutza interesak eta adierazteko zergatik ez dioten itzuli 472,35 euroko zenbatekoa, Administrazioaren esanetan jada ordainduta diotena.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, 2010eko urtarrilaren 1ean txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Emandako epean txosten-eskari horri erantzun ez zaionez, 2010eko martxoaren 30ean berriz ere egin zitzaion eskaria.

  3. 2010eko apirilaren 19an, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren txostena sartu zen gure erakundean. Honakoa zioen hitzez hitz:
“Derrigorrezko Diru-bilketaren Atalak premiamenduzko prozedura abiatu du zordun duen Pedro [?] jaunaren aurka –[?] IFZa–, Nafarroako Zerga Ogasunarekin dauzkan zorrengatik.

Honakoa izan da prozeduraren kronologia:

2009ko otsailaren 4an, 2007ko zergaldiko PFEZari zegokion zorrarengatiko –3.148,38 euroko zenbatekoa– premiamenduzko probidentzia eman zen. 2009ko ekainaren 5ean jakinarazi zen.

2009ko abuztuaren 3an, bahitura probidentzia eman zen, aipatutako zorrarengatik, eta 2009ko abenduaren 2ko 148. NAOn argitaratutako ediktu batez jakinarazi zen.

2009ko irailaren 7an, sistema informatikoan alta eman zitzaion banku-kontuen gaineko bahitura-eginbideari.

2009ko irailaren 30ean, [?] entitateari banku-kontuen gaineko bahitura-eginbidearen berri eman zitzaion.

2009ko abenduaren 6an, entitateak 3.148,38 euroko zenbatekoa trabatu zuen, hain zuzen ere kexa-egileak zor zuen guztia. 2009ko urriaren 15ean bahitura-eginbidea eman zen, eta 2009ko azaroaren 6an jakinarazi zitzaion zordunari.

2009ko azaroaren 25ean, premiamenduzko probidentzia jakinarazi zitzaion interesdunari, 2008ko zergaldiko PFEZarengatik, eta zorra nahitaezko aldiko interes eta errekarguekin handitu zen, 878,09 euroko zenbatekora iritsi arte (721,45 euro, 12,35 euroko interesak, 144,39 euroko premiamenduzko errekargu arrunta).

Bestalde, honakoa da interesdunak zorrak direla-eta Nafarroako Zerga Ogasunaren aurka burutako egitateak eta egintzak:

2009ko maiatzaren 22an, interesdunak 2008ko zergaldiari dagokion PFEZaren aitorpena aurkeztu zuen. Egun horretan bertan, zorra geroratzeko eskatu zuen. Eskaria 20091247303 dokumentu-zenbakiarekin erregistratu zen.

2009ko irailaren 24an, zordunak 472,35 euroko zenbatekoa ingresatu zuen, 2007ko zergaldiko PFEZaren zorraren kontura. 2009ko urriaren 22an, zordunak 472,35 euroko zenbatekoa ingresatu zuen 2007ko zergaldiko PFEZaren zorraren kontura, eta eskatu zuen 2007ko PFEZarengatik premiamenduzko bidean zegoen zorra geroratzeko, arestian aipatutako ordainketak haren % 30aren kontura eginiko ordainketa baten gisara hartuta. Eskaria 2009/485168 dokumentu-zenbakiarekin erregistratu zen.

2009ko azaroaren 19an, interesdunak errekurtsoa aurkeztu zuen 2008ko zergaldiko PFEZetik heldutako zorrarengatik emandako premiamenduzko probidentziaren aurka. 2009/542307 zenbakiarekin erregistratu zen.

2009ko abenduaren 1ean, interesdunak 2008ko zergaldiko PFEZari zegokion eta premiamenduzko bidean zegoen zorra geroratzeko eskatu zuen, eta 238,08 euroko zenbatekoa ordaindu zuen. Eskaria 2009/564566 dokumentu-zenbakiarekin erregistratu zen.

2009ko abenduaren 4an,. interesdunak 2009/568988 dokumentu-zenbakiarekin erregistratu zen idazkia aurkeztu zuen. Haren bidez, 2009ko urriaren 22an ingresaturiko 472,35 euroko zenbatekoa eta exekutatutako bahituraren 2.203,68 euroko zenbatekoa itzultzeko eskatu zuen. (2009/568988 dokumentua).

2010eko urtarrilaren 13an, interesdunak erreklamazio ekonomiko administratibo bat aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Ekonomiko Administratiboan 2010/13287 dokumentu zenbakiarekin erregistratu zen–.

Horren guztiaren harira, honakoak izan ziren Nafarroako Zerga Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuak emandako erantzunak:

2009ko ekainaren 10ean, Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak ebazpena eman zuen. Haren bidez, ezezkoa ematen dio 2008ko zergaldiko PFEZri dagokion zorra geroratzeari, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketa Erregelamenduko 48.2 artikuluan ezarritakoaren indarrez, zordunak premiamenduzko bidean ordaindu gabeko zorrak edukitzeagatik (2007ko PFEZa); izan ere, horrek berekin dakar borondatezko aldiko geroratze-eskariari automatikoki ezezkoa ematea.

(2009/247303 dokumentua). Ebazpen hori 2009ko irailaren 1ko 108. NAOn argitaraturiko ediktu baten bidez jakinarazi zen.

2010eko otsailaren 19an, Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak ebazpena eman zuen. Haren bidez, ezetsi egin zituen 2007ko PFEZari zegokion premiamenduzko probidentziaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa eta 2009ko urriaren 15eko banku-kontuko bahitura-eginbidea deuseztatzeko eskaria. Izan ere, zorra geroratzeko eskaria aurkeztu zen behin aipatutako zorra kobratzeko hasitako premiamenduzko prozedura amaituta zegoenean, hain zuzen ere banku-kontuaren bahitura-eginbidea gauzaturik zegoelako. Horrenbestez, geroratzeko eskari hori izapiderik egin gabe itxi zen. (2009/485168; 2009/542307 eta 2009/568988 dokumentuak).

Bidezkoa da esatea gutxienez ere hurrengo arauak aplikatu beharrekoak direla kexaren ustezko xedea dela eta:

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 125. artikuluak, kexa-egilearen idazkian aipatzen denak, honakoa dio:

“125. artikulua. Premiamendu prozeduraren etenaldia.

  1. Premiamendu prozedura eten eginen da errekurtso eta erreklamazio ekonomikoak eta administratiboak arautzen dituzten xedapenetan aurreikusiriko moduan eta baldintzetan.
  2. Premiamendu prozedura berehala etengo da, bermea jarri beharrik gabe, interesatuak frogatzen baldin badu ezen, zorra zehazterakoan, akats material, aritmetiko edo egitateko bat suertatu dela bere kaltetan, edo zorra pagatu dela, barkatu, konpentsatu, atzeratu edo eten egin dela.

Ondorio horietarako, “Ordainketa geroratu eta zatikatzearen” arloan, Nafarroako Foru Komunitatearen dirubilketa erregelamenduko honako arauak dira apikatzekoak –uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretua–:

“48. artikulua. Zein zor diren geroratzekoak eta zein geroratu ezinak.

  1. (…)
  1. Aurreko lerroaldean agintzen dena ezertan galarazi gabe, gerokotzea besterik gabe ukatuko da baldin kasuko zorretan premiamendu biderik hasi ez bada eta haien titularrengan honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

(…)

- Epeburua pasatako zorra, premiamendu bidean eskatzeko modukoa, egotea.

“54. artikulua. Eskaera

  1. Edozein gerokotze edo zatikatze tramitatzeko, eskatzaileak beti eskaera bakarra aurkeztu beharko du.
  2. Gerokotzeko eskaerak Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztuko zaizkio, epe hauetan:
    1. Premiamendu prozedura hasi zaien zorretarako, bahitutako ondasunak besterentzeko baimena eman baino lehenagoko edozein unetan.
    2. Beste zorretarako, premiamendu prozedura hasi baino lehen.
  3. Gerokotzeko eskaerak Nafarroako Zerga Ogasunak emanen duen ereduan eginak aurkeztuko dira, nahitaez honako datuekin:
  4. (…)
    1. d) Hala bide denean, gerokotzea eskatzen zaien zorren 100eko 30 sartu izanaren frogagiria.
  5. (…)
  6. Gerokotze edo zatikatze eskaera tramitatzeko, ezinbestekoa izanen da eskaera-egileak eguneraturik edukitzea bere zerga eginkizunak.”

“55. artikulua. Tramitazioa

  1. Dirubilketa organoek gerokotze eskaerak eta aurkeztutako dokumentazioa errebisatzeko, honela jokatuko dute:
    1. Eskaera hori, behar bezala egina eta dokumentatua, premiamendu prozedura hasi baino lehen aurkezten bada, ebatzi ez den artean ez da prozedura hori hasiko.
    2. (…)
  2. Eskaera premiamendu prozedura hasi ondoren aurkezten bada, prozedurak aurrera egitea ezertan galarazi gabe, zilegi izanen da bahitutako ondasunak besterentzeko egintzak geldiaraztea gerokotzea ebazten den arte.

(…).”

“56. artikulua. Ebazpena

  1. Pagua gerokotu edo zatikatzeko eskaerei ebazpen espresua egin beharko zaie hiru hilabeteko epean, erregelamendu honetako 52 eta 55. artikuluek agintzen dutena ezertan galarazi gabe. Epe horretan ebazpen espresurik egiten ez bada, eskaera ukatu dela ulertu ahalko da.
  2. Gerokotze edo zatikatzea ematen bada, organo eskudunak finkatuko du zein epe, kopuru eta baldintzatan eginen diren, interesatuak proposatu dituenak berak izan ala ez”.

“57. artikulua. Jakinarazpena

  1. Ebazpenak interesatuei jakinarazi behar zaizkie.
  2. Ebazpena onartzekoa bada, jakinarazpenak, hala bide denean, epeak zehaztu behar ditu eta epe bakoitzean zenbateko dirusarrera eginen den ere bai, eta berandutze interesak adierazi.
  3. Ebazpena ukatzekoa bada, jakinarazpenak zehaztu beharko du zergatik ukatu den, zenbateko dirusarrera egin behar den, hala bide denean berandutze interesak adierazita, eta dirusarrera egiteko epea, hau da:
    1. Gerokotzea premiamendu prozedura hasi baino lehen egin bada, ebazpena jakinarazi den egunetik hamabost egun. Epe hori iragan eta zorra pagatu ez bada, premiamendu prozeduraren bidez eskatuko da pagua.
    2. Gerokotzea derrigorrezko aldian eskatu bada, premiamendu prozedurak aurrera eginen du.

Gordailu-entitateetan irekitako kontuetako dirua bahitzeari dagokionez, bidezko da dirubilketa erregelamenduko honako xedapena aipatzea:

“109. artikulua. Dirua entitate gordailuzainetan irekitako kontuetan bahitzea.

  1. (…)
  2. 8. idatz-zatia. Atxikitako dirukopuruak Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzaren kontu mugatuetan sartuko da, trabaren datatik hogei egun iragan eta dirubilketa organoak kontrakorik agindu ez badio kasuko entitate edo bulegoari.

Epekako kontua bada, aurreko lerroaldean esan den datan egin beharko da dirusarrera hori edo bestela epea bete eta biharamunean, zein den geroagokoa. Hala ere, Gordailuzainak eskumena badu gordailatuta dagoen dirua aurrez erabiltzeko, bahitura eginbidea jakinaraztean adieraziko zaio zordunari aukera duela eskumen hori baliatzeko entitate gordailuzainaren aurrean, ezarri ziren baldintzen arabera; hartara, ezeztatu eta biharamunean eginen da dirusarrera Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan”.

2007ko zergaldiko PFEZari dagokion zorrarengatiko premiamenduzko prozedura:

Diru-bilketa erregelamenduko 54.3 artikuluan xedatuaren arabera, ezin da geroratze-eskaritzat hartu arau horretan aurreikusitako betekizunak betetzen ez dituena, nahiz eta zordunak ordainketa geroratzeko borondatea eduki izan.

Horrenbestez, 2009/485168 dokumentu zenbakia duen geroratze-eskariak, urriaren 22koak, hain zuzen ere interesdunak behin premiamenduzko prozedura hasi ondoren eta zor zituen zenbatekoak zordunaren banku-kontuan trabatuta egon ondoren aurkeztutakoak, ez ditu eteten premiamenduzko prozeduraren jarduketak, Diru-bilketa Erregelamenduko 55.2 artikuluak ezarri bezala, are gutxiago prozeduraren amaieran zor guztia bahitu denean.

Azkenik, gogorarazi beharra dago ezen Nafarroako Gobernuko Erregistroan ageri denez eta jada adierazi den bezala, [?] jaunak, 2010eko urtarrilaren 13an, erreklamazio ekonomiko administratibo bat aurkeztu zuen, 1328712010 dokumentu zenbakiarekin erregistratutakoa, Nafarroako Auzitegi Ekonomiko Administratiboan. Erakunde autonomo hau ez da eskuduna haren izapidetzean.

2008k zergaldiko PFEZari dagokion zorraren aurkako premiamenduzko prozedura. Hauxe da laburpena:

2009ko azaroaren 16ko konpentsazioa, 472,35 euroko zenbatekoa duena, interesak eta errekargua doituz, konpentsazio hori premiamenduzko probidentzia jakinarazi aurretik gertatzeagatik.

  • Adierazitako egitate eta arauei erreparatuta, honako ondorioak atera behar ditugu.

  • 2009ko abenduaren 15eko ordainketa, 238,08 eurokoa, interesak eta errekargua doituz, ordainketa premiamenduzko probidentzia jakinarazi eta biharamunetik kontatuta hilabeteko epea iragan baino lehen gertatu delako.

  • Ordaintzeko geratzen da 60.84 euroko zenbatekoa (kuota, 11,02 euro; errekargua, 49,63 euro; interesak, 0,19 euro)”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Arartekoaren erakundeak helburu du herritarrei Konstituzioak aitortutako eskubideak eta askatasunak defendatzea eta haien babes-maila hobetzea. Haren eginkizun nagusia da herritarrak Administrazio Publikoaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea (uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 1. artikulua). Zaindu beharra dauka, bada, herritarrei Konstituzioak aitorturiko eskubideen babesa, eta saihestu behar du horiek arriskuan jar daitezela Zuzenbidearen aurkako jarduketa administratiboen ondorioz, edo, eskubide horiek direla-eta emaitza zuzengabeak eta kaltegarriak ekar ditzaketen arau indardunen interpretazio edo aplikazioen ondorioz.

    Planteaturiko kasuan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako erantzun exhaustiboa ikusita, ez dugu atzeman jarduketa administratibo irregularrik izan denik, legezko nahiz erregelamenduzko arauren bat urratu izatearen ondorioz. Aitzitik, itxura guztien arabera, Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketa aplikatzekoa den araudiaren araberakoa izan da, eta guzti-guztia behar adinako zehaztasunez dago azalduta Zerga Ogasunak igorritako txostenean.

    Horrenbestez, premiamenduzko prozedurei eta tributu-zorren zatitzeari buruzko arauak kasu honetan aplikatzearen ikuspuntu zehatzetik, ezin dugu ondorioztatu Zerga Ogasunak, bera baita ikuskatzen ari garena, kexa-egilearen konstituzio-eskubideak urratu dituenik.

  2. Hala eta guztiz ere, eta aurrekoa ezertan ere kendu gabe, erakunde hau jabetzen da eta atsekabea agertzen du Zerga Ogasunak bahitutako zenbatekoak kexa-egilearen ekonomian eragin dituen kalteengatik (bankuko kontua saldorik gabe uztea eta abar). Eta, itxura guztien arabera, kalte horiek heldu dira tributu zorra zatitu ahal izateko eta zatitzea eta zenbateko desberdinak ordaintzeko epeak edo aldiak ezartzeko kexa-egileak kontsulta egindako funtzionarioak edo funtzionarioek emandako informazioaren eta geroan Derrigorrezko Diru-bilketaren Atalak hartutako erabakien artean gertatutako koordinazio ezaren ondorioz; izan ere, atal horrek, aurrekoa ezagutu gabe eta arauak hertsiki aplikatuz, ulertu zuen ezinezkoa zela premiamenduzko prozedura etetea, eta kexa-egilearen banku kontua bahitzeari ekin zion. Horri dagokionez, nabarmendu beharra dago txostenean ez dugula iritzirik ematen kexa-egileak hori dela-eta eginiko egozteei buruz, eta ez diela, ezta ere, horiei kontra egin behar.
  3. Kexa-egileari emandako informazioaren eta geroan Tributu Ogasuneko Diru-bilketako Bulegoak eginiko jarduketaren arteko koordinazio faltaren puntu zehatz horretan jarrita, gogora ekarri beharra dago herritarrek informazio administratiborako daukaten eskubidea, bai eta fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak ere.

    Herritarrek, administrazioekiko beren hartu-emanetan, zenbait eskubide aitortuta dauzkate legez. Hemen interesatzen zaigunari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela xedapen indardunek egitea proposatzen diren proiektu, jarduketa edo eskariei ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoei buruzko informazioa eta orientabideak lortzeko.

    Eskubide horren norainokoa jurisprudentziak ezarri du, honakoa adierazi baitu: “zalantzarik gabe informazioaren egiazkotasuna eta egokitasuna eskubide horren osagai bat dira, halako moduz non –orokorrean eta aparteko kasuetan izan ezik– prestazio baten eskatzaileak prestazio hori emateko eskuduna den entitate kudeatzailearen orientabideak jarraituz gero, ezin baita kalteturik atera jasotako informazioa eta geroko jardun administratiboa bat ez etortzearen ondorioz” (Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia, 2001eko urtarrilaren 11koa – AS/2001/664-).

    Eskubide hori osatu beharra dago, era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen beraren 3.1 artikuluan jasotako printzipio orokorrarekin; izan ere, azken horrek administrazioei agintzen die beren jardunean fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak errespeta ditzaten.

    Valentziako Auzitegi Nagusiak 2008ko urriaren 22an emandako epaiak –JUR/2009/64822– printzipio horri buru jurisprudentzian ezarritako doktrina biltzen du, hain zuzen ere honelaxe:

    “Bai Konstituzio Auzitegiak, bai Auzitegi Gorenak jo izan dute fede onaren printzipioak besteren jokabidean, arrazoiarekin, jarritako konfiantza babesten duela eta norberaren jokabidean koherentzia izateko betebeharra ezartzen duela; hau da, printzipio horrek berekin dakar halako jokabide bat izatea non etorkizunean aurreko egintzek aurreikusten zuten joera gordeko den eta norberaren egintzetatik heldu diren ondorio loteslean onartuko diren; izan ere, “venire contra factum propium” delakoa aldeen konfiantza legitimoaren urraketa bat izanen da. Norberaren egintzen doktrina deitutakoa –“venire contra factum propium” delakoa onartezina dela ezartzen duen araua– hasiera batean Zuzenbide pribatuaren esparruan sortu zen, eta adierazten du orokorrean izaera tazitua duen borondate-adierazpen bat lotuta dagoela hark daukan esanahi objektiboarekin, eta geroztik ezin dela jokabide kontraesankorrik izan. Horren azken buruko funtsa dira besteren jokabidean arrazoiak edukiz jarri den konfiantzak objektiboki eskatzen duen babesa eta fede onaren araua, zeinak jokabideetan koherentzia izateko betebeharra ezartzen duen eta, horrenbestez, eskubide objektiboak baliatzea mugatzen duen (Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 21eko 73/1988 epaia).

    Horri dagokionez, Auzitegi Gorenaren (Administrazioarekiko Auzien Sala) 2001eko ekainaren 4ko epaiak agertzera ematen du ezen “konfiantza legitimoa babesteko printzipioak, zeina lotuta baitago gure antolamenduan tradizio handiagoa duten segurtasun juridikoaren eta Administrazioaren eta partikularren arteko harremanetan nagusitu behar den fede onaren printzipioarekin, berarekin dakarrela, Europako Erkidegoetako Auzitegiak ezarritako doktrinaren eta sala honen jurisprudentziaren arabera, ezen agintari publikoak ezin duela bere erabakietan egon behar duen arrazoizko egonkortasunak induzitutako itxaropenaren aurkako neurririk hartu. (...)".

    Halaber, Auzitegi Gorenak berrikiago, 2006ko abenduaren 27an, eman duen epaian, honakoa adierazten da: “Fede onaren aurkako jokabide administratiboa dela-eta ofiziozko errebisio bat egin dadin baloratzea justifikatuko duen konfiantza bat atzemateko, beste zerbait beharko da: Administrazioak era bateko edo besteko adierazpenen bat egin izana bere jokabide administratiboaren alderdi edo elementu zehatz baten baliozkotasunari buruz, eta horrek irudiaraztea Administrazioak gai hori lehendik aztertua eta baloratua zuela; eta, gero, ofiziozko errebisioa sustatzea elementu horrexen baliogabetasunean oinarrituta eta gai zehatz horri buruzko aurrez adierazitakoaren aurka. Justifikazio gabekoa da, halaber, hirugarrenen konfiantza horren eta aipatu ohi den segurtasun juridikoaren printzipioaren urratzea...”.

    Nolanahi ere, printzipio hori ezin da aipatu, Zuzenbide publikoaren esparruan, ordenamendu juridikoaren aurkako egoerak mantentzeko edo zabaltzeko, ez eta aurretiko egintza kontraesanean dagoenean arau juridiko batek babestutako xede edo interesarekin, baldin eta arau horrek, bere izateagatik, ezin badu babestu Administrazioaren jokabide diskrezionala, haren egintza berekietatik heldu diren eskubide edo/eta betebehar batzuen aitorpena dakarrena. Izan ere, kontrakoa ulertzeak berekin ekarriko luke borondatearen autonomiaren printzipioa sartzea Zuzenbide publikoaren harremanen esparruan, aginduzko arauek erregulatutako arloak antolatzeko metodo gisa; hain zuzen ere, arau horietan, legezkotasunaren printzipioak zaindutako interes publikoa nagusitzen da, eta printzipio hori urratu eginen litzateke baldin eta balioa emanen balitzaio ordenamendu juridikoaren aurka Administrazioak izandako jokabide bati, soilik Administrazioak horixe erabaki duelako edo administrazio horrek horri buruzko aurrekari bat baduelako. Gauza bat da eskubideak adierazteko egintza berekiak atzeraezinak izatea legean egintza horiek berrikusteko ezarritako bideetatik kanpo (1958ko Administrazio Prozedurari buruzko legeko 109. eta 110. artikuluak eta 4/1999 Legearen bidez aldatutako 30/1992 Legeko 102. eta 103. artikuluak), eta beste gauza bat, berriz, norberaren jarduketa batek sorturiko konfiantza legitimoarekiko errespetua, zeina diskrezionalitatearen edo autonomiaren esparruan proiektatu behar baita ezinbestez, eta ez araututako alderdietan edo betekizun normatiboetan; izan ere, Zuzenbide Administratiboan, haien gainetik ezin da jarri haien aurkakoa den egintza edo aurrekari batean ebatzitakoa. Bestela esanda, ezin da esan legitimoa denik nagusi den arauaren aurkakoa den egintza edo aurrekari batean jarritako konfiantza.” (Auzitegi Gorenaren 1999ko otsailaren 1eko epaia).

  4. Jurisprudentziaren doktrina horretatik, hemen interesatzen zaigunari begira, honako bi irizpide hauek atera daitezke: batetik, herritarra ezin da kalteturik atera jasotako informazioa eta geroan administrazioak izandako jokabidea bat ez etortzeagatik; bestetik, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak, zeinek herritarra babesten baitute, Zuzenbide publikoaren esparruan, ezin dira zabaldu ordenamendu juridikoaren aurkakoak diren egoeretara; izan ere, kontrakoa ulertzeak berekin ekarriko luke borondatearen autonomiaren printzipioa sartzea Zuzenbide publikoaren harremanen esparruan, aginduzko arauek araututako arloak antolatzeko metodo gisa; hain zuzen ere, arau horietan, legezkotasunaren printzipioak zaindutako interes publikoa nagusitzen da, eta printzipio hori urratu eginen litzateke baldin eta balioa emanen balitzaio ordenamendu juridikoaren aurka Administrazioak izandako jokabide bati, soilik Administrazioak horixe erabaki duelako edo administrazio horrek horri buruzko aurrekari bat baduelako.

    Parametro juridiko horietan jarrita, erakunde honek usten du onargarria eta arrazoizkoa dela Zerga Ogasunak berriz ere aztertzea kexa-egileak eginikoak, kexan azaldutako eskariak betetze aldera –eskari horiek heldu dira bere garaian eman zioten informaziotik–, betiere asmo horiek betetzea aplikatzekoa den ordenamendu juridikoarekin bat baldin badator.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea ezen Nafarroako Zerga Ogasunari jarraibideak eman diezazkion, ardura duten kudeaketa-unitateetan interesdunak eginikoak berrazter daitezen, kexan azaldutako eskariak betetze aldera –eskari horiek heldu dira bere garaian eman zioten informaziotik–, betiere asmo horiek betetzea aplikatzekoa den ordenamendu juridikoarekin bat baldin badator.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia