Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de respuesta a una instancia sobre incompatibilidad de funciones
Exp: 09/219/D
Nº: 77
Eskubideen sustapena
2009ko martxoaren 25ean, [...] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Barañaingo Udalaren aurka, interesdunak aurkeztutako eskabide bati erantzunik eman ez ziolako.
Bertan azaltzen zuen 2007ko ekainean idazki bat aurkeztu zuela Udaleko erregistroan (2007003244 zenbakikoa), eta hauxe eskatu zuela: "Ebazpen bat eman zezala dokumentu horretan adierazitako jarduerak Udal horretan ematen zituen zerbitzuekin bateraezinak zirela adierazteko".
Gaineratu zuen eskabide hori berriro aurkeztu zuela udaletxean, 2007ko abuztuaren 23an aurkeztutako idazki baten bidez (2007004332 zenbakikoa), eta horrekin batera aurkeztu zituela Udalak lehen eskabidearen gainean ebazteko 2007ko ekainaren 12ko idazkian (erregistroko 2007001489 zenbakia) eskatu zizkion agiriak ere.
Azkenik, eskatu du premiatu dadila Udala, erantzunik eman ez duenez, kexa-egileak aurkeztutako eskabidearen gainean ebazpena eman eta jakinaraz dezan.
2009ko apirilaren 17an, Udaleko alkatearen txostena jaso genuen. Bertan, luze azaldu zituen kasu honetako gertaerak eta inguruabarrak.
Kexaren espedienteko edukiarekin lotura handiagoa dutela eta, udal txosteneko atal hauek transkribatu ditugu:
“Interesdunak ez zuen beharrezko dokumentazioa aurkeztu Oliteko eta Castejongo udalekin izenpetutako kontratuei zegozkien jarduerak bateragarritzat jotzeko, eta tokiko erakunde honek ezin izan zuen ebazpenik eman haren eskabidearen gainean. Izan ere, ezinbestekoa zen eskakizun hori egiaztatzea, Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/194 Legeko 1.1 artikulua ez dela urratu ikusteko”.
Arreta kexaren xedean jartzeko, zeina ez baita kexa-egileak aurkeztutako bi idazkiri Udalak ez erantzun izana besterik, inola ere eskabideen edukian eta udal txostenaren zatirik handienean sartu gabe (bateraezintasunak eta diziplina espedientea), honako hau adierazi behar da:
Administrazio prozedura erkidean bada arau klasiko eta funtsezko bat: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak berak ere ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Hori kontuan hartuta, bi ondorio garrantzitsu atera daitezke:
lehena, administrazio isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Barañaingo Udalak ez die erantzun interesdunak aurkeztutako bi eskabideei. Egia da hasieran lehen eskabidea onartu zuela eta dokumentazio osagarria eskatu zuela, baina interesdunak bigarren eskabidean edo errekerimenduaren erantzunean adierazi zuelarik ez zeukala dokumentazio hori, Udalak beste erantzun espres bat eman behar zuen, eskabidearen funtsa onartzeko edo ezesteko, behar bezala arrazoituta.
Azken batean, Barañaingo Udalak ez zuen aintzat hartu interesdunak interes legitimoa eta eskubidea dituela Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Barañaingo Udalari gogoraraztea beti bete behar duela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua.
Barañaingo Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia