Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Exceso de ruidos derivados de actividad de "piperos"
Exp: 10/180/M
Nº: 75
Ingurumena
[?] [?] finkako bizilagun jabekideek bere protestarik gogorrena adierazi nahi diete Iruñeko Udaleko ordezkariei, zeren eta zenbait urtetatik hona “piperoak” deitutako aisiako gutxienez ere zazpi lokalen presentzia pairatzen baitute. Metro gutxitan daude lokal horiek guztiak, saturazio-gradu izugarria eraginez.
Lokal horien erabilerak guztiz desagerrarazi du inguru horretako bizilagunek lehen zeukaten lasaitasuna, zeren eta ugari baitira eguneko eta gaueko edozein ordutan kaletik iristen diren zaratek eta zalapartek eragindako eragozpenak; batzuetan, leihoetara zenbait gauza –yogurrak, ontziak eta abar– jaurtikitzera ere iritsi dira lokal horien erabiltzaileak.
Bizilagunek ez dakite lokal horiek behar diren isolamendu-baldintzak betetzen dituzten. Udalari eskatzen diote lokal horien erabilera-baldintzak berrazter ditzan, lokalen aforoa eta isolamendu akustikoa egiazta ditzan, udaltzainen presentzia handiagoa bidera dezan eta lokalen erabilera-baldintzak (suteen aurkako sistemak, instalazio elektrikoa, isolamendu akustikoa, lokalak “etxebizitza” gisa ez erabiltzea) aldizka berrazter ditzan, eta lokalak behartu ditzan ordutegiak erregularizatzeko.
Bizilagunen ustez, udalaren betebeharra da [?] [?] eraikinean beren eguneroko bizitza bakean garatu nahi duten herritarren interesak zaintzea.
Azkenean, eskatzen dute eraikin horretan dauden etxabeei buruzko irekitzeko lizentzia guztiak geraraz daitezen.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Iruñeko Udalari, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadan.
10/116/M espedientea dela eta jada adierazitakoari, oraingoan gehitzen da gaur egun Hirigintza eta Etxebizitza Alorrean lanean ari dela egiaztatzeko zein aukera dauden lokalei isolamendu handiagoa exijitzeko. Aldi batean, Hiritarren Babesaren Alorrari eskatu zaio eremu horretako lokalen gaineko berariazko kontrola egin dezan.
10/116/M kexa-espedientea, egitate berei buruzkoa dena, erakunde honen martxoaren 16ko 53/2010 Ebazpenaren bidez ebatzi zen. Horrenbestez, inguruabarrak aldatu ez direnez, nahikoa da hemen berrestea, kexa honen edukiari dagokionez, ebazpen hartan eginiko analisia. Honako arrazoiak eman genituen orduan:
“Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are behar bezain aktiboa ez dena ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).
Aztergai dugun kasuan, bi etxabetan egiten diren eta erabilerarako lizentziak eduki arren azken urteetan gaueko ordutegiko gehieneko zarata-maila gainditu duten jarduera batzuk egiaztatu dira. Espedientean hori egiaztatzen duten sonometriak badaude. Hori dela eta, gehiegizko zarata egiteagatik gutxienez ere bi aldiz zehapenak ezarri zaizkie, behin 2007an eta beste behin 2009an.
Bestalde, atzeman dugu Iruñeko Udalak prestutasunez jokatu duela salatutako jarduerak kontrolatzeko eginkizunetan. Horrenbestez, ezin da ondorioztatu udal horrek bere eginkizunetan utzikeria huts eta soilez jokatu duenik.
Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.
Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek beste neurri batzuk ere aurreikusten dituztela, diru-zehapenez gainera.
Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea justifikatuta egon daiteke, aldi baterako zein betiko.”
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela kexaren xedea den jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.
Udal horri gomendatzea ezen, jardueraren funtzionamenduari buruzko ez-betetze gehiago atzematen badu, neurri bizkorragoak har ditzala, eta, kasua bada, bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten lokalak aldi baterako edo behin betiko itxi ditzala.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari egindako gogorarazpenak eta gomendioa onartu dituen ala ez eta haiek direla-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatutako 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia