Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Discriminación en el acceso al ciclo 0 a 3 de los niños que nacen con posterioridad al mes de abril
Exp: 09/175/E
Nº: 75
Hezkuntza
2009ko martxoaren 5ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko Iruñeko Lehen Hezkuntzako lehen zikloko zentroetan 2009/2010 ikasturterako haurrak onartzeko prozeduraren gainean.
Zehazki, kexa-egileak dio ez dagoela ados eskolan onartzeko muga gisa 2009ko apirilaren 26an jaiotakoak jarri izana (baldintza hori bat dator Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak onarpen prozedura arautzeko otsailaren 2an emandako 21/2009 Ebazpeneko lehenengo paragrafoan xedatutakoarekin).
[?] jaunak adierazi du aurreikuspen horrek kendu egiten diela hezkuntza eta laguntza baliabide hori 2009ko apirilaren 26tik aurrera guraso izanen direnei eta lan kontuak direla-eta beren lanaldian seme-alabei kontu egitea behar dutenei. Adierazi du familia horiek ezin eskuratuko dutela zerbitzu publiko hori 2010eko irailera arte, nahiz eta askoz ere lehenago beharko duten, eta, beraz, sektore publikora jotzera behartuko dituztela (eta horrek, kasurik gehienetan, kostu handiagoa duela) edo, bestela, beren seme-alabak zaintzeko uko egin beharko diotela aktibo egoteari, eta alderdi hori ez datorrela bat lan bizitza eta familia bizitza batertzeko helburuarekin.
Bestalde, [?] jaunak adierazi du eskabideak aurkezteko epea erdira murriztu dela iazko ekitaldiaren aldean, eta egoera horrek, lehen adierazitako beste muga horrekin batera, ondorio ekar dezakeela ez jakitea benetan zenbat plaza behar diren dagoen eskariari erantzuteko.
Eskatutako txostena apirilaren 15ean jaso genuen eta hortik ondorio hauek ateratzen dira:
Adinari dagokion muga Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aplikatzearen ondorio da; izan ere, 12. artikuluak xedatzen du inola ere ez dela onartuko 16 astetik beherako haurrik.Onarpen prozesua ikasturtean behin egingo da. Alabaina, betiere lekuren bat hutsik gelditu bada eta onarpen prozesu arruntean sortutako itxaronzerrenda agortu bada, onarpen eskabide berriak aurkeztu ahalko dira ezarritako epetik kanpo.
Gainera, onarpen eskabideak aurkezteko epeak hezkuntza sistemako beste etapa batzuetako epeetara albait gehien hurbiltzeko ahalegina egin da (astebete Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta beste astebete Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan).
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 12. artikulua Haur Hezkuntzari buruz ari da irakaskuntzei eta horien antolamenduari buruzko tituluan, eta “haurrak jaiotzen direnetik sei urte betetzen dituzten arteko haurrak hartzen dituen hezkuntza etapa” gisa taxutzen du.
Hezkuntzarako eskubidearen prestazio dimentsioa kontuan hartuta, legegileak administrazio publikoei agintzen die berma dezatela ziklo horretako hezkuntza eskaintza behar bestekoa izatea. Zehazki, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 15.1. artikuluak honako hau aurreikusten du:
“Herri-administrazio publikoek lehen zikloko plaza publikoen eskaintza pixkanaka gehitzea sustatuko du. Era berean, haien arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetzarako politikak koordinatuko dituzte, ziklo horretan hezkuntza-eskaintza bermatzeko. Horretarako, toki-korporazioekin, beste administrazio batzuekin eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak egin ahal izateko baldintzak zehaztuko dituzte”.
Beraz, argi dago legegilearen nahia dela Administrazioak lehen hezkuntza ziklo honetako plazak eskariaren eta eskaintzaren arabera doi ditzala bermatzea. Horretarako, plaza publikoak pixkanaka ugaritzea aurreikusten da, bai eta administrazioen arteko edo Administrazioaren eta irabazi asmorik gabeko entitateen arteko lankidetza mekanismoak egituratzea ere.
Kexa-egileak zalantzan jartzen du plazak eskuratzeko gutxieneko adin bat eskatzearen ondorioz zerbitzu publiko horretara sartzeko aukera mugatzea. Zehazki, adierazten du 2009ko apirilaren 26tik aurrera guraso izan behar dutenek (data hori ageri da onarpen prozesua arautzen duen ebazpenean) ezin eskuratuko dutela baliabide hori 2010eko irailera arte, nahiz eta askoz ere lehenago beharko duten, eta horrek sektore publikora jotzera behartuko dituela (eta horrek, kasurik gehienetan, kostu handiagoa duela), edo, bestela, beren seme-alabak zaintzeko uko egin behar diotela aktibo egoteari, eta alderdi hori ez datorrela bat lan bizitza eta familia bizitza bateratzeko helburuarekin.
Ziklo hau arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen du inola ere ez dela onartuko 16 astetik beherako haurrik. Hori aurreikusita, kontuan hartuta onarpen prozedura urtean behin egiten dela, prozesu hori arautzen duen ebazpenak mugaegun bat jartzen du, eta, beraz, egun horretatik aurrera jaiotzen direnek ez dute aukerarik izanen gainerako haurrekin batera hurrengo ikasturteari dagozkion plazak eskuratzeko.
Modu abstraktuan, muga horrek ez dakar automatikoki dagokion ikasturtean plaza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe gelditzea; izan ere, aurrekarietan adierazi dugun bezala, eska liteke plaza bat 16 asteak betetzean. Alabaina, antzeko edukia zuen beste espediente batean adierazi dugun bezala, apirilaz geroztik jaiotako haurrek ia ez dute batere aukerarik plazaren bat lortzeko, eta, beraz, sartzea posible izanen da “betiere leku hutsik gelditzen bada eta prozesu arruntean sortutako itxaronzerrenda agortu bada”.
Aukera hori praktikan izan dadin, plaza publikoen eskaintza eskariari lotu behar zaio. Baina ez da halakorik gertatzen; izan ere, urtero, haur asko 0 eta 3 urte bitartekoen zikloan plaza bat lortzeko itxaronzerrendan gelditzen dira, horrek guraso askorentzat lan bizitza eta familia bizitza bateratzeko dakarren kaltearekin. Ziklo horretarako hezkuntza eskaintza ez da nahikoa dagoen eskariari erantzuteko.
Gainera, aipaturiko muga ezartzen bada, hainbat haur, jaio diren egunaren arabera eta beren familia egoerez eta inguruabar pertsonalez harago, berez, ezin eskuratuko dute zerbitzu publiko hori, egun horretatik urtebete igaro baino lehen.
Ondorioz, nahiz eta arrazoizkoa izan daitekeen zentroek ez hartzea 16 astetik beherako haurrik, gure iritziz, plaza publiko gehiago eskaini behar dira; izan ere, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak zuzenean hala exijitzeaz gain, eskaintza eta eskaria doitu nahi baititu, hala egiten ez bada neurriz kanpo mugatuko da pertsona jakin batzuen sartzeko aukera, soil-soilik jaio diren egunaren arabera.
Bestalde, kexaren idazkian beste kontu bat ere planteatzen zen, nahiz eta bigarren mailan, hau da, eskabideak aurkezteko epea murriztu dela, aurreko ikasturtearen aldean.
Horri dagokionez, Administrazioak badu eskumen tarte bat, eta erakunde honek ezin du zalantzan jarri hartutako erabakia, non eta garbi ez dagoen arbitrarioa, irrazionala edo nabarmen funtsik gabea dela. Espedientea izapidetzen ari ginelarik, horren inguruan galdetu genion Hezkuntza Departamentuari, eta hark ebazpen honetako aurrekarietan jasotako justifikazioa aurkeztu zuen.
Kontu honen inguruko erabakiarekin ados egon ahalko gara edo ez, baina ez dugu ikusten legez kontrakorik ezer, ez eta ordenamendu juridikoak babesturiko eskubideei kalte egiten dien ezer ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari iradokitzea egin ditzala beharrezko jarduketak 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako plazen eskaintza publikoa handitzeko, apirilaz geroztik jaiotzen diren haurrek plazaren bat lortzeko benetako aukera izan dezaten.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia