Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 22ko 74/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 apirila 22

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Deficiente atención por parte de los servicios sociales del Ayuntamiento de Puente La Reina

Exp: 10/157/D

: 74

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 25ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen udaleko gizarte zerbitzuen aurka, bere arazoei eta premiei arreta eskasa emateagatik.

    Azaltzen du [?] kaleko [?] zenbakian bizi zela, bere aita [?] jaunari adjudikatutako apartamentu babestu batean, baina gaixotasun arrazoiengatik aita alabarekin bizitzera joan zela Beriainera. Ondoren, berak apartamentu babestuan bizitzen jarraitzen zuenez, udalak hura uzteko eskatu ziola, nahiz eta diru baliabide propiorik ez duen, begietako ebakuntza baten gaixondokoan eta beste ebakuntza batzuk egiteko zorian egon eta % 67ko aitortutako minusbaliotasuna izan. Azkenean, apartamentu babestutik joan behar izan zuen.

    Amaitzeko, adierazten du harrez geroztik sentitu duela Garesko Udalak eta udaleko gizarte zerbitzuek babesik gabe utzi zutela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Garesko Udalari. 2010eko apirilaren 121an, Garesko alkateak idazki bat igorri zigun, non, laburbilduz, honakoa aipatzen baitu:
    1. 2005eko abuztuan, kexa-egilearen aita [?] jaunari apartamentu babestu baten erabilera adjudikatu zitzaion, eta adjudikazio-baldintzei eta apartamentu babestuen erabilera-baldintzei jarraituz, erabileraren lagapena izaera pertsonalarekin egin zen, eskatzaile/adjudikazio-hartzailearengan biltzen ziren inguruabar bereziak zirela eta. Ezin dira inongo arrazoirengatik ere erabileraren adjudikazioa eragin duten inguruabarrak beste batzuei zabaldu, eta subrogazioak ere ezinezkoak dira.

    2. 2008ko martxoaren 31n, [?] jaunak adjudikatuta zeukan apartamentu babestuari uko egin zion, eta Beriainera joan zen bizitzera.

    3. Alkatetzaren 2008ko irailaren 16ko Ebazpenaz, adjudikazioa eta apartamentu babestuen erabilera arautzen dituen baldintzen multzoaren arabera, [?] andreari eskatu zitzaion bere aitari adjudikatutako apartamentu babestua uzteko, hari uko egin ziolako.

    4. Kontuan eduki beharra dago gizarte prestazio hori eskatzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskaerak etengabe iristen direla, eta udalak dauzkan aukeren arabera haiei erantzutera behartuta dagoela.

AZTERKETA

  1. Hasteko, esan beharra dago kexaren xedea den apartamentu babestuaren adjudikazioa eta erabilera direla-eta udalak izan duen jokabidea, erakunde honen ustez, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa izan zela. Izan ere, udalak apartamentu babestuak laga, adjudikatu eta erabiltzeko onetsitako baldintzen multzoa arretaz irakurrita, ondorioztatu beharra dago udalak, kexaren xedea den jokabidean, hau da, kexa-egileari apartamentu babestua uzteko eginiko errekerimenduan, ez duela baldintzen multzo hori urratu, eta hartan ezarritakoak zorrotz bete dituela.
  2. Aurrekoa ezarrita, atzeman daiteke, era berean, kexa-egilearen inguruabarretan udal zerbitzuen arreta justifikatzen duten arrazoiak badaudela. Espedientean ageri den dokumentazioa ikusita, kexa-egilea dirusarrera propiorik gabeko pertsona bat da, menpekotzat hartu daitekeena, zeren eta buru-osasuneko arazo larriak baitauzka; gainera, ezgaitasun horiek direla eta, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak (Nafarroako Mendekotasunaren Agentzia, gaur egun) % 67ko minusbaliotasuna aitortu zion.

    Eta egiaz kexa-egileak planteatzen diguna da Garesko Udalak ez diela bere premiei arreta ematen, eta hori dela-eta, bere hitzetan, herri horretako gizarte zerbitzuek guztiz babesgabe eta laguntza gabe utzi dutela sentitzen duela.

    Testuinguru horretan, egokia da gogoraraztea Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeko 6. artikuluak gisa horretako pertsonei eskubide batzuk aitortzen dizkiela; besteak beste, gizarte-prestazio eta -zerbitzuen balizko hartzaileek eskuragarri dauden baliabideei eta prestazio horiek eskuratzeko behar diren baldintzei buruzko informazio nahikoa jasotzeko eskubidea, beren egoerari eta premiei buruzko balorazioa egiteko eskubidea, banakako jarduera-plan bat edukitzek eskubidea eta beste batzuk.

    Bada, azaldutako inguruabarrei erreparatuta, erakunde honek bidezkotzat jotzen du Garesko Udaleko gizarte zerbitzuei gomendatzea kexa-egilearen egungo egoera eta balizko premiak azter ditzaten, dauzkan premien araberako erantzun bat diseinatu ahal izateko, edo, kasua bada, oinarrizko gizarte zerbitzuko programaren batera edo bestelako gizarte zerbitzu espezializatu batzuetara deribatzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Garesko Udalari gomendatzea bere gizarte zerbitzuak premia ditzan kexa-egilearen egungo egoera eta balizko premiak azter ditzaten, kexa-egileak dauzkan gabezien eta premien araberako erantzun bat diseinatu ahal izateko, edo, kasua bada, oinarrizko gizarte zerbitzuko programaren batera edo bestelako gizarte zerbitzu espezializatu batzuetara deribatzeko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Garesko Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Garesko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia