Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Problema de tráfico en el Parque Comercial Galaria
Exp: 10/31/I
Nº: 73
Trafikoa
2010eko urtarrilaren 18an [?]-k aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Galaria merkataritza parketik itzultzeko eta bertara joateko arazoak direla eta.
Azaltzen du Mutiloa Beheitiko industrialdean dauden enpresek zenbait urtetatik hona eragozpen batzuk pairatzen dituztela, bere ustez aipatutako merkataritza-parkeko sarbideak gaizki planifikatuta egotearen ondorioz. Uste dute arazoa bereziki larria dela zeren eta, Galarko Zendean dagoen arren, sarbideak Iruñeko, Galarko eta Arangurengo udalenak diren lurretatik eginik baitaude.
Kexa-egilearen ustez, egoera hobetu beharrean, okerrera egin du, lehen baino jarduera handiagoa dagoelako eta egiten diren obrek inguruko eremuetan eragina izaten dutelako.
Zehazki, azaltzen dute merkataritza-jarduera handieneko orduak bat datozela langileak irteteko orduekin, eta egoera bereziki larria dela ostiraletan edo jai bezperatan, edo Osasunaren edo San Antonio taldearen partidak daudenean. Halaber, jaien aurreko egunetako egoera edo merkataritza garaietakoa kritiko bilakatzen da, eta horrek berekin ekartzen du enpresa batzuk garai horretan itxi behar izatea. Hori dela eta, merkataritza-parkeko zenbait sarbide aldatzea, hobetzea eta zabaltzea eskatzen dute, garai normaletan izaten diren arazoak saihesteko eta merkataritza-jarduera handiko garaietan (Eguberriak, Aste Santua, Sanferminak, zubiak eta abar) eragozpenak gutxitzeko, industrialdearen eta Sarioko eremuaren arteko loturak hobetzea, merkataritza-parkea eta ekialdeko ingurabidea zuzenean lotzea eta NA-2310 eta NA-33 errepideen artean beste sarbide bat egitea.
Amaitzeko, eskatzen dute honako neurriak har daitezela, epe laburrean: trafikoa erregulatzeko langileak, gune beltzetako eta merkataritza-parkeko aparkalekuetako zirkulazioa arintzeko; parkera iristeko garraio publikoaren erabilera sustatzea, linea gehiago jarriz, maiztasun gehiagorekin, eta deskontuak eginez; eta zenbait kaletako sarbideak mugatzeko, merkataritza-jarduera handieneko ordu puntetan.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bana igorri genien Iruñerriko Mankomunitateari, Iruñeko, Galarko Zendeako eta Aranguren Ibarreko udalei eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezaten.
Galarko Udala
“Galarko Udalaren iritziz, bat baino gehiago dira “eragozpenak” sortzeko orduan eragina dutenak:
Galarren merkataritza-parke bat sortzea; Arangurengo industrialdea zabaltzea; industrialdearen ondoan jarduera ekonomikoko eremu bat sortzea Arangurenen, bulegoak nagusiki; industrialdearen ondoan etxebizitzen eremu zabal bat sortzea; udal batean kirol eremu bat zabaltzea; unibertsitatearen kirol eremua sortzea, unibertsitate-ingurunea behin baino gehiagotan zabaltzea eta abar.
Gure ustez, merkataritza-parkea egiterakoan bezalaxe, etxebizitzetarako eremu berriak, ekonomia-eremuak eta kirol eremuak egiterakoan eta lehendik zeudenak zabaltzerakoan, eta, noski, Arangurengo industrialdea egiterakoan, udal mailako eta erkidego mailako betekizunak bete ziren.
Galaria merkataritza-parkeari dagokionez, gune berdeetako, aparkalekuetako eta abarretako betekizunak bete ez ezik, haiek nabarmenki gainditu ziren, exijitzen ziren gutxienekoei erreparatuta, eta antzeko merkataritza-aldeei ere erreparatuta ere bai.
Mutiloako industrialdea sortu zenean, une hartarako baliagarriak ziren baldintza batzuk bete ziren, baina baldintza horiek gaur egun ez dira nahikoak, neurri batean bertako jarduera aldatzen joan delako. Gaur egun erabiltzeko moduan dauden aparkalekuak eta gune berdeak oso gutxi dira.
Mutiloako industrialdea, Galariako merkataritza-parkearen eraginak arrastatuta, merkataritza-alde bat bilakatzen ari da, baina industrialde baten ezaugarriekin, zeinak ez baitira egokienak jarduera berri horretarako. Hori dela eta, gure ustez, enpresa horiek egungo egoeraren arabera EGOKITU beharko da.
Egiazki, enpresa batzuei bilakaera hori ez zaie interesatzen, baina konturatu behar dira auzokide gisa merkataritza-parke bat, etxebizitza- eta kirol-eremu batzuk eta abar edukitzearekin, nahiz eta orain dela ez asko bakarrik zeuden, gauzak asko aldatu direla, finka horietan laboreak zeuzkan nekazariarentzat ere gauzak asko aldatu diren bezalaxe.
Alabaina, ez da zuzena horren guztiaren errua Galaria merkataritza-parkeari egoztea. Galaria merkataritza-parkeak hainbesterainoko “eragozpenak” sortzen dizkien Aranguren Ibarreko enpresa horietako askok aldaketa garrantzitsua egin dute beren jardueran, eta lehen industria-nabe bat zena orain saltokia da, baina gisa horretako jarduera batek eragiten dituen premiei konponbiderik eman gabe eta, horrenbestez, merkataritza-parkearen aparkalekuez, gune berdeez eta gaur egun “sinergia” deitzen dituzten horiezaz baliatuta. Enpresa horien nabeek balio handiagoa dute gaur merkataritza-parkearen ondoan egoteagatik. Erakustoki eta salmentetarako metro koadroak gero eta gehiago dira, baina eraikinetako atzeraemanguneak edo aparkatzeko tokiak ez dira egoera berri horren arabera egokitu.
Industrialdeen edo merkataritza-guneen zabalpenak edo erreformak egiterakoan, sistema orokorrak hobetzeko egin beharreko lanetan parte hartu beharko litzateke. 1998an Galaria merkataritza-parkeko eremua zabaltzea planteatu zenean, Herri Lan Departamentuak ezarritako betekizunetako bat zen glorieta eliptiko bat egitea puntu horretan metatzen ziren trafiko arazoei konponbidea emateko.
Galarko Udalak jo zuen administrazio guztiek, erkidego mailakoek zein toki mailakoek (Iruña, Aranguren eta Galar), hartu behar zutela parte arazoari konponbidea ematen. Guk ez genuen sekula uste izan eta oraindik ere ez dugu uste biribilgunea Galarren (Iruñearekin eta Arangurenekin mugakidea) egote hutsak berekin dakarrenik arazoari soilik Galarrek konponbidea eman behar diola. Bada, une hartan horrelaxe izan zen. Galarko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Herri Lan Departamentuarekin (1998-07-21ean) eta haren bidez udalak kostuaren % 60 ordaindu zuen eta Nafarroako Gobernuak, berriz, gainerako % 40a.
Gai hori bera planteatzen zaigu Iruñearekiko baterako planean, Cordovillan, zeren eta Iruñeak ez baitu onartzen “Iruñeko sarbide” horretan hobekuntzak egiteko ardura bi udalena dela, are gehiago Galarrek inongo arazorik ez duenean scalextric famatuarekin, ez eta zeharkako zirkulazioekin edo Iruñeko sarbidea duintzeko nahiarekin ere. Bada ez, Iruñeak eskatzen du –eta onartu egiten zaio– konponbidea –Iruñeko Udalaren iritziarekin– Galarrek egin behar izatea.
Aurreko kasuan, egiazki arazo nagusia Galarren sortzen zen, Arangurengo eta Iruñeko mugan, baina modu nagusian, ez modu bakarrean. Halere, soilik Galarrek hartu zuen parte konponbidean, nahiz eta Galarko Udalak gero gastuaren finantziazioa merkataritza-parkeko enpresa sustatzaileei jasanarazi.
Laburbilduz, Galarko Udalak, Galaria merkataritza-parkea osatzen duten enpresekin batera, bere helburuen artean dauka Galaria merkataritza parkeko trafiko-arazoetarako konponbideak bilatzea, eta horri dagokionez, saltoki handiko aparkalekua Zaragozako errepidearekin zuzenean lotzeko aukera behin eta berriz egin den aldarrikapena izan da, Herri Lan Departamentuak onetsi ez duena.
Bestalde, eta gaur egun, Galarko Zendeako Udala Arangurenekiko baterako planeko urbanizazio proiektua onesteko izapideak egiten ari da, eta printzipio nagusietako bat izan da arazo horiei guztiei konponbidea ematea; gainera, Galarko Udalaren txostenak eta erabakiak ez dira sekula soilik Galarri buruzkoak izan, baizik eta Arangurengo industrialdeari buruzkoak ere bai. Alabaina, ez legoke batere sobran egonen Arangurengo industrialdearen beraren antolamenduari eta konponbideei buruzko gogoeta bat egitea.
Azkenik, eta elkarteak trafikoa hobetzeko proposatu dituen neurriei buruz udalak duen iritziari buruz Arartekoak eginiko galderari erantzuteko, adierazi behar dugu aurreikusitako lotune eta sarbideak jada aurreikusita daudela Aranguren eta Galarren arteko baterako planaren urbanizazioan. Obra horiek gerarazita daudenez, haien exekuzioa –baterako planak ukitutako lursailetako jabeen kargura egitekoa dena– atzeratu eginen da. Parkean jarduera handia dagoen egunetarako –bezperak eta jai egunak, beherapenak eta abar– konponbideei dagokienez, esan beharra daukagu Galarko Udalak akordio bat duela La Morearekin, egun horietan udalarekin batera lan egin dezan trafikoa erregulatzen.Prest gaude lankidetza hori zabalagoa izan dadin”.
Arangurengo Udala
“Zure erakundearen idazki bat jaso dugu, Mutiloa Beheitiko industrialdeko eta Galaria merkataritza-parkearen (Galarko Zendea) inguruko sarbideei buruzko informazioa eskatzeko. Bada, aditzera eman behar dizut jada Arartekoari eta [?]-k ukitutako udalei arazo horren berri eman geniela. Zure erakundeak berak ere hari buruzko ebazpena eman zuen.
Bide-sarea dela eta, bai Mutiloa Beheitiko industrialdeak, bai merkataritza-parkeak egun duten egoera beste behin argitze aldera, esan behar dugu benetakoa eta egiaztagarria dela ezen sartzeko eta irteteko bideak, ez Mutiloa Beheitiko industrialdean, ez Galarian, ez direla nahikoak eta ezin dutela xurgatu eremu horietara une puntual edo data jakin batzuetan pilatzen diren ibilgailuen kopurua.
Ulertzen dugu Mutiloa Beheitiko industrialdeko enpresak kexu izatea, zeren eta haiengan baitu honek guztiak eraginik handiena lan txandak egiteko sarrerei eta irteerei dagokienez. Galaria merkataritza gunean, berriz, erabiltzaileak dira inguruabar hori pairatzen dutenak, eta saltokietako jabeak, berriz, bigarren plano batean geratzen dira, gaia dela eta ez baitira, itxura batean, batere kezkatzen.
Gogorarazi behar dizut proiektu bat badagoela Osasunaren kirol hiritik, ekialdeko ingurubidera eta Zaragozako etorbidera joanen litzatekeen bidea egiteko, eta hori jada Herri Lan Departamentuarekin eta Arangurengo eta Galarko udalekin adostuta dagoela.
Proiektu hori dela eta, birzatitzea jada onetsita dago eta urbanizazio-proiektua, berriz, aurreratuta dago. Dakigunaren arabera, industrialdeko jabetzaren gehiengoa dutenek betenetako interesa dute obrei laster batean ekiteko, eta, gainera, horrek ez dio inongo gasturik ekarriko administrazio publikoari, zeren eta bide-sistemaren kostu osoa sektore horri jasanaraziko baitzaio.
Obra hori atzeratzen bada edo garatzeko asmorik ez badago, bide zentralaren eraikuntza aurreratzea pentsatu beharko da. Bide horren sarrera eta irteera ekialdeko saihesbidean egonen litzateke eta Administrazio Publikoak ordainduko luke; gero jabeei kargatuko litzaieke, eremua urbanizatzen denean.
Mutiloa Beheitiko industrialdea zeharkatzen duen eskualdeko errepideari dagokionez, nahiz eta ongi dakigun –zure erakundeak jada adierazi zuen bezala eta zalantzarik gabe– haren mantentzea eta kontserbazioa Herri Lan Departamentuaren eskumena direla, udal honek hitzarmen bat sinatu zuen departamentu horrekin, errepide hori Arangurengo Udalari lagatzeko (agiria erantsi dugu), baina lagapen hori izapidetzen ari zen bitartean, Nafarroako Gobernuko Ondare Departamentuaren ebazpen bat jaso genuen (erantsita dator), non errepide hori eta beste batzuk jasotzen baitira. Bada, ebazpen horretan, baldintza guztiz onartezin batzuk jartzen dira errepidea udalari lagatzeko; izan ere, aipatzen da egoera horren itzulketa eskatu ahalko dela, baldin eta etorkizunean hirigintza aprobetxamendurik badago. Gure ustez, hori errealitatetik urrun samar dago, zeren eta lagapen horrek eragina duen tarteak Taxoaren, Zolian eta Labion baitaude, eta herri horiek hirigintza dela-eta igurikimenak baitituzte. Alabaina asmo horien tamaina txikia ikusita, hala eginen balitz orain Mutiloa Beheitiko industrialdea zeharkatzen duen NA-2310 eskualdeko errepidean egin beharreko inbertsioak amortizatu ere ez genituzke eginen.
Herri Lan Departamentuari jakitera eman diogu azken ebazpen hori aurreko hitzarmenari gainjartzen zaiola, eta hori dela-eta konponbide baten zain gaude. Gure harridura adierazi izan dugu gai honetan gertaturiko deskoordinazioarengatik.
Bide-sistemarako balizko konponbideekin amaitzeko, aditzera ematen dizugu ezen eremu horren guztiaren egoera arintzeko oso baliagarria izanen litzatekeela Arangurengo Udalak Amigó Ikastetxearen parean eginiko ingurabidea 85. bidearekin lotzea.
Zure ebazpenean esaten zenuen bide hori etorkizuneko garapenei zama gisa ezarri beharko litzaiekeela, baina hori zaila litzateke zeren eta lur hori NUPeko udalez gaindiko plan sektorialak ukituta baitago, eta horrek etorkizuneko hirigintza-aprobetxamenduak baldintzatzen baititu. Hala eta guztiz ere, NUPeko agintarien adostasuna badaukagu, eta horren arabera, inongo eragozpenik ez lukete jarriko bide hori egiteko. Errepide hori eta Iruñeko mugapena dagoen El Sarioko eraikina lotzen dituen errepideari espaloiak eta argiteria gehituz gero, eremua behar bezala komunikatuta egonen litzateke oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.
Gogorarazi behar dizut Mutiloa Beheitirako garraio publikoko esperientzia bat jarriko dela abian, eta horretan Arangurengo Ibarreko Udalak inplikazio handia izan duela, hura zabaltzeari eta ekonomikoki laguntzeari dagokionez, betiere Nafarroako Gobernuarekin batera, Herri Lan Departamentuaren eta Iruñerriko garraio publikoa kudeatzen duen mankomunitatearen bitartez. Esperientzia hori udaberrian jarriko da abian.
Hemendik gutxira, Arangurengo Udalak inplikatutako entitate publikoak eta [?] ([?]) bilera batera deituko ditu.”
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.
Arangurengo Enpresen Elkarteak planteaturiko kexaren harira igorri zuenaren antzeko txostena igorri du oraingoan ere. Aipatzen du ezen Arartekoaren irailaren 30eko 190/2009 Ebazpenari jarraituz, Arangurengo Udalari erabaki proposamen bat igorria diola eta zeharbideen lagapena izapidetzen ari dela.
Garraio publikoko linea gehiago eta zerbitzuko maiztasun gehiagorekin ezartzeari dagokionez, aipatzen du eskainitako maiztasuna nahikoa dela, ez dela linea gehiago ezartzeko premiarik, eta tarifen zenbatekoa nahiko txikia dela.
Iruñeko Udala
Hiritarren Babesaren Alorreko zuzendariak hitzez hitz honakoa dioen idazkia igorri du:
“Alor honetatik ezer ere ezin dugu egin, zeren eta trafiko arazoak erregulatu ahal diren tokiak gure udalerritik kanpo baitaude. Hori dela eta, ezin dugu udaltzainik bidali gune horiek erregulatzeko”.
Iruñerriko Mankomunitatea
Garraioaren Alorreko zuzendariak txosten luze bat igorri digu. Hona haren ondorioak:
Galaria merkataritza-parkearen diseinuak (komunikazio-korapilo garrantzitsuen ondoan, dohainik aparkatzeko dotazio handiekin, erosketa masiboaren ereduarekin, motordun ibilgailuz iristeko ez bada ia isolaturik eta garraio publikoari inongo lehentasunik eman gabe) ibilgailu pribatuen joan-etorri masiboa eragiten du, eta horrekin ezin dira lehiatu gainerako garraiobideak.
Galaria merkataritza-parkeak eskualdeko hiri garraioko eskaintza bat badauka, Ezkaba – El Sarioko eraikina ibilbidea egiten duen 11. linearen luzapen baten bitartez.
[?]-k garraio publikoa sustatzeko egindako proposamenei dagokienez, 4. atalean aztertu ditugu, eta honako ondorioak atera ditugu.
Ez da arrazoizkoa garraio publikoko linea berriak ezartzea zeren eta garraio sistemak honezkero merkataritza-parkera iristen den bide bat bai baitu eta ibilgailuz aldatzea doakoa baita.
Garraio publikoak orain eskaintzen duen maiztasuna (30’-40’) nahikoa dela jotzen dugu.
Garraio-txartelaren prezioan deskontu handiagoa egitea ez litzateke eraginkorra ibilgailu pribatuarekin lehiatzeko, azken horrek abantaila guztiak baititu, bai eta eremu horietan doan aparkatzeko toki ugari ere. Bestalde, kontuan hartu beharra dago garraio publikoaren prezioa diruz laguntzeko inplikaturiko administrazioek egiten duten ahalegin ekonomiko handia.
Erakunde honek egokitzat jo du ebazpen honetan sartzea horri buruz inplikaturiko administrazioek eginiko txostenetatik ahal den gehiena, zeren eta planteaturiko arazoari behin betiko konponbidea emateko daukaten kezka adierazten baitute.
Haiek arretaz irakurrita, ikusi dugu administrazio gehienek ongi ezagutzen dituztela Galaria merkataritza-parkearen inguruan sortzen diren trafiko arazoak eta badakitela arazo horiek eragina dutela bertara beren erosketak egitera doazen herritarrengan ez ezik, Mutiloa Beheitiko industrialdean eta merkataritza-parkean beren lanpostuak dituzten langileengan ere. Are gehiago, egiaztatu dugu agintari eskudunak aztertzen ari direla kexa-egileek eremuko kongestioa arintzeko proposatzen dituzten neurriak.
Esate baterako, Galarko Udala eta Arangurengo Udala baterako plan bat egiten ari dira, eta hartan helburu garrantzitsuenetako bat trafikoa hobetzea da. Etorkizuneko loturak eta sarbideak aipatzen dira plan horretan. Konponbideen artean, errepide proiektu bat badago Osasunaren kirol hiritik, ekialdeko ingurubidera joanen litzatekeena eta Zaragozako etorbidean bukatuko litzatekeena. Arangurengo Udalak dio industrialdeko jabetzaren gehiengoa dutenek interesa dutela obra horiei hemendik gutxira ekiteko. Eta beraiek obrak egiten ez badituzte, udalak bere buruari planteatu dio bide zentral bat eraikitzea, ekialdeko saihesbidean irteera eta sarrera izanen lituzkeena.
Mutiloa Beheitiko industrialdea zeharkatzen duen eskualdeko errepideari dagokionez, Arangurengo Udalak eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak lagapen hitzarmen bat onetsi zuten. Bi administrazioak hitzarmen hori negoziatzen ari dira une honetan.
Bestalde, bai Iruñerriko Mankomunitateak, bai Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak kexa-egileek garraio publikoa dela eta planteaturiko proposamenak baloratu dituzte, eta ondorio gisa atera dute ez dela arrazoizkoa linea berriak ezartzea, ez eta haien maiztasuna zabaltzea edo deskontu handiagoak egitea ere. Hala eta guztiz ere, Arangurengo Udalak adierazi duenarena arabera, Mutiloa Behetiko industrialdera joateko garraio publikoko esperientzia bat jarriko da abian.
Halaber, Galarko Udalak adierazi du epe laburreko neurri gisa, gainerako jarduketak egiten diren bitartean, akordio bat badaukala La Morearekin, trafikoa erregulatzeko merkataritza-parkean jarduera handia dagoen egunetan.
Iruñeko Udalak adierazi du ezen, trafikoko arazoak beren mugapetik kanpo gertatzen direnez, ezin dituela gune horiek erregulatu.
Erakunde honen ustez, kexa-egileek aipatzen zituzten bideetako batzuk (zehazki, Galaria eta PA-30aren eta Luis Amigó ikastetxeko biribilgunearen arteko zuzeneko komunikazioa, B-5 adarra) Iruñeko Udalaren titularitatekoak dira, eta, horrenbestez, Iruñeko Udalari dagokio hura zaintzea eta, horrenbestez, interesdunek planteatutako proposamenak aztertzea.
Bestalde, eta gainerako bideak Iruñeko Udalaren eskumenekoak ez badira ere, egia da trafiko arazoak gertatzen diren tokia Iruñera sartzeko puntu bat da; horrenbestez, erakunde honen ustez, administrazioen arteko lankidetzaren eta laguntzaren printzipioa betez, gainerako udalekin batera lan egin beharra dago, esparru horren trafikoa arintzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Iruñeko Udalari, Galarko Zendeako Udalari eta Aranguren Ibarreko Udalari, bai eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari ere, iradokitzea ezen haien artean nagusitu behar diren lankidetzazko eta laguntzazko harremanen arabera, kexa-egileek aurkeztutako proposamenak aztertzen eta Galaria-Morea merkataritza parkearen inguruan gertatzen diren trafikoko arazoei konponbidea bilatzen jarrai dezaten.
Iruñeko Udalari iradokitzea “El Sariotik” Mutiloako mugaraino doan errepide-tartea hobetzea azter dezan, halako moduan non espaloiak eta argiteria jarrita, oinezkoek eta ibilgailuek ere erabiliko baitute.
Iruñeko Udalari, Galarko Zendeako Udalari eta Aranguren Ibarreko Udalari, bai eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari ere, bi hilabeteko epea ematea gomendio hau onartu duten ahal ez eta hura dela eta zer neurri hartu behar duten jakinaraz dezaten, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzaten. Halaber, ohartarazten zaie hala egiten ez badute Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia