Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 22ko 72/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Tuterako Udalaren haur eskoletako haur erabiltzaileen gurasoen talde batek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 apirila 22

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con el régimen de tarifas en Escuelas Infantiles de Tudela

Exp: 10/139/E

: 72

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 19an Tuterako Udaleko haur eskoletako haur erabiltzaileen gurasoen talde batek aurkeztutako kexa bat sartu zen gure erakundean. Eskola horietan aplikatzekoa den tarifen araubideari buruzkoa zen kexa.

    Azaltzen du ezen, ikasturte honetan, Tuterako 0-3 urteko udal eskolek bi aukera eman zizkietela gurasoei, lanaldiaren erdia edo lanaldi osoa, eta horrek aukera eman ziela gurasoei beren beharren eta baldintza partikularren arabera hautatzeko. Hala eta guztiz ere, adierazten duen bezala, lanaldi osoaren tarifa aplikatzen da bakarrik, Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2009 Foru Aginduan lanaldiaren erdiko tarifa ere aurreikusten den arren. Inguruabar hori dela eta, lanaldiaren erdiko zerbitzua hautatu zuten familiek, gaur egun, lanaldi osoari dagokion tarifa ordaintzen ari dira, eta ez eskaini zitzaien eta erabiltzen ari diren zerbitzuari dagokiona.

    Halaber, baieztatzen du Tuteran dauden hiru udal eskoletan zerbitzuen eskaintza era askotakoa dela, eta ikastetxeetara sartu eta irteteko ordutegi desberdinak daudela. Azaltzen da tarifak ez direla aniztasun horren arabera egokitzen, halako moduan non kuota berdinak ordaintzen baitira, egiaz ematen den zerbitzua zein den (3 ordu, 4 ordu, 5 ordu edo 7 ordu) alde batera utzita.

    Kexa-egileak adierazten du familia batzuek, 2009ko irailean, idazki bat aurkeztu zutela Tuterako Udalean, egoera hori salatzeko eta eskatzeko tarifak egiaz emandako eta erabilitako zerbitzuen arabera egokitu daitezela.

    Hala eta guztiz ere, adierazitakoaren arabera ez zaie baiezko erantzunik eman. Hori dela eta, erakunde honengana jo dute.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Tuterako Udalari.

  3. Tuterako Udalak gaiari buruzko dokumentazioa igorri dio erakunde honi. Azken batean, udalak ondorioztatzen du sartzeko eta irteteko ordutegietan nolabaiteko malgutasuna dagoen arren, gaur egun ez dagoela lanaldi osoarenaz beste araubiderik, zeren eta eskoletako bakarrean ere inongo adin-tartetan ez baitzen iristen lanaldiaren erdiko edo lanaldi murriztuko unitateak jartzeko behar zen ratiora.

AZTERKETA

  1. Ikus daitekeen bezala, aurkeztutako kexan aipatzen dira Tuterako haur eskoletan egiaz ematen den zerbitzua eta aplikatzen den tarifen araubidea. Horri dagokionez, gurasoek esaten dute ezen, beren seme-alabak eskolara zenbat orduz joaten diren alde batera utzita, zerbitzuagatik ordaindu beharreko zenbatekoa bat bera dela.

    Udalak, igorritako txostenean adierazitakoaren arabera, agertzera ematen da gaur egun lanaldi osoaren araubidea baizik ez dagoela eskola horietan, nahiz eta aukera ematen den ordutegi desberdinetan zentrora sartu eta zentrotik irteteko, interesdunei komeni zaienaren arabera.

  2. Gai hori jada erakunde honek aztertua du aurreko beste espediente baten harira (AO-24-09), eta orduan iradokizun bat egin genion Tuterako Udalari ordaindu beharreko tarifa bat etor dadin zentroaren erabilerarekin, ordutegiak direla-eta aurrez ezarritako modalitateen arabera.

    Espediente hartan, erakunde honek adierazten zuen arloari buruzko foru araudiak malgutasunaren printzipioa aipatzen duela zerbitzuak eta ordutegiak antolatzeari dagokionez, lana eta familia bateragarri egitearen ikuspuntutik. Hori dela eta, agerikoa denez, zerbitzu-modalitate desberdinak eskaintzearen aldeko apustua egiten da (lanaldi osoa, lanaldiaren erdia, lanaldi murriztua...).

    Aipatzen genuen ezen zikloa arautzen duen foru dekretuak unitateen araberako banaketa aurreikusteak arrazoi bat duela: unitate horietako bakoitzean gehienez ere egon daitezkeen haurren kopurua zehaztea, adinaren arabera. Halaber, unitateak ezartzea baliagarri gerta daiteke zehazteko gutxienez ere zenbat profesional eduki behar duen zentroak eta unitate bakoitzak. Hori guztia ez dago unitateak eta ordutegi-araubide desberdinak bateragarri egiteko aukeraren aurka, edo lanaldi partziala edo murriztua erabiltzeko kasuetan udalak ezartzen duen tarifa lanaldi bakoitzaren araberakoa –hain zuzen ere aurrez ezarritako ordutegi modalitateen araberakoa– izatearen aurka.

    Espediente honetan, aurreko gogoeta horiek berretsi beharrean gaude, eta egindako iradokizuna berriz gogoratu behar dugu, hain zuzen ere Tuterako haur eskoletako tarifak ematen duten zerbitzuaren arabera egokitu daitezen, aurrez ezarritako ordutegi-araubideen arabera.

  3. Nolanahi ere, eta erakunde honek eginiko iradokizun zehatza alde batera utzita, udalak lanaldi osoaz beste zerbitzu-araubiderik eskaintzen ez baldin badu, eta tarifa araubide horren arabera ezartzen badu, gure ustez gai hori formularioetan, eskabideetan eta herritarren eskura jartzen diren eta ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoak diren gainerako agirietan argitu beharko luke. Eta hori diogu zeren eta agiri horietan, “Zentroko ordutegia” atalean, honako kontzeptuak aipatzen baitira: “goizeko lanaldi erdia, jantokirik gabe”, “lau ordu goizez, jantokiarekin”, “zazpi ordu jarraian, jantokiarekin”. Hori ikusita, logikoa eta naturala denez, jendeak pentsa dezake prezioa hautatzen den aukeraren araberakoa izanen dela.

    Lanaldi osokoaz beste ordutegi-araubiderik ez baldin badago, nabarmena iruditzen zaigu interesdun guztiek eskubidea dutela zerbitzua lanaldi osoaz erabiltzeko (besterik da ezen, eskubide hori izanda, beren interes propioarengatik, erabakitzea seme-alabak ordu gutxiago egotea zentroan eta, logikoa denez, exijitzekoa izatea zentroari ordutegia jakinaraztea eta harekin koordinatuta jokatzea, haurren sarrera eta irteera ongi antolatzeko; bada, zehaztapen hori ez dagokio ikasleak onartzeko prozedurari, ez eta hura ebazteko egintza administratiboari ere). Dena den, gure iritziz desegokia dena eta nahasmena nabarmenki eragiten duena da ikasleak onartzeko eskabideetan ordutegi modalitate desberdinak aipatzea eta, hala ere, amaieran, prezioa bera izatea, hautatzen den ordutegia hautatzen dela ere.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari iradokitzea ezen Tuterako haur eskoletako tarifak ematen duten zerbitzuaren arabera egokitu ditzala, aurrez ezarritako ordutegi-araubideen arabera.

  2. Tuterako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartu duen eta adierazitako zentzuan neurriak hartu dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea ebazpena onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileei eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia