Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Falta de transporte adaptado para acudir a tratamiento médico
Exp: 09/169/S
Nº: 73
Osasuna
2009ko martxoaren 3an, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Iruñetik [?] klinikara joateko garraio zerbitzuaren inguruan.
Interesdunak dio mugimendu eritasun bat duela eta gurpil aulkian ibiltzen dela, eta, horregatik, maiz joan behar izaten duela aipaturiko klinikara, errehabilitazioa egitera. Zentrora joateko, adierazi duenez, autobus linea bakarra dago, eta ez dago egokitua gurpil aulkiak eramateko; beraz, ezin erabil dezake.
Garraiobide hori erabiltzerik ez duenez, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak anbulantzia bat jartzen dio errehabilitaziora joateko, baina ez diote uzten bere gurpil aulki elektrikoan joaten, eta, beraz, eskuzko batean joan behar izaten du. Azaldu du anbulantziaren ainguratzeko gailuak ez daudela garraiorako egoera onean, eta bere gurpil aulkia irauli eta buruan kolpe bat ere hartua dela. Hori dela eta, adierazi du errehabilitazioari uko egitea erabaki duela.
Adierazi du erreklamazio bat jarri zuela aspaldi Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuan, eta, haren iritziz, ez diotela irtenbide egokirik eman haren arazoari.
Interesdunak uste du autobus egokitu bat jarri beharko litzatekeela, berak bezalako arazoa duten pertsonek [?] klinikara normal joateko modua izan dezaten. Halaber, adierazi du halako zerbitzurik ez izanik ere, behintzat neurri batzuk hartu beharko lituzketela, anbulantziak gurpil aulki elektrikoak eramateko egokituta egon daitezen.
2009ko apirilaren 3an, Osasun Departamentuak igorritako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“[?] klinikara joateko, bi modu daude: garraio publikoan, lineako autobusez, edo anbulantzian, egoerak hala eskatzen duenean.
Autobus bidezko garraio zerbitzua [?] enpresari esleitu zitzaion, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraioetako zuzendari nagusiak 2008ko abenduaren 12an emandako ebazpenaren bidez.
Lizitazioan, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitutako ibilgailuak izatea gehienez ere 8 punturekin baloratu eta hartu zen kontuan. Enpresa esleipendunak eskaintza bat egin zuen egoera berezia zuten pazienteak beste bide batzuetatik eramateko, aurrez [?] klinikako Pazienteari Kasu Egiteko Atalak eskabidea eta balorazioa eginez gero.
Orain, Iruñerritik [?] klinikara joateko hiri garraioa handitzeko modua aztertzen ari dira. Hori kontratazioaren klausulen agirian jaso zen, eta, beraz, urte bukaeran eraman liteke aurrera. Joan-etorriak hiriz kanpoko beste edozein garraiobidek eskaintzen dituen baldintza berberetan egingo ditu.
Anbulantzia bidezko garraioari dagokionez, zerbitzua [?] enpresari esleitu zitzaion, abenduaren 18ko 3569/08 Ebazpenaren bidez, eta enpresa horrek ematen du aukera mugitzeko zailtasunak dituzten pazienteak eramateko.
Alabaina, [?] andrearen aulkia erabilgarri dauden anbulantzietan behar bezala lotu eta ainguratzerik ez bada, [?] klinikak beharrezko bideak jarriko ditu haren eskura (langileak eta gurpil egokia), anbulantziatik errehabilitazio gelara eramateko eta, hala, behar dituen tratamenduetara joateko modua izan dezan. Tratamendua bukatzean, berriro ere anbulantziara eramango dute, eta handik etxera. Han, bere gurpil aulkira pasatuko da”.
2009ko apirilaren 9an, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak igorritako txostena sartu zen erakunde honetan. Bertan, honako hau jaso zen:
“Iruñetik [?] klinikara errepidez doan garraio zerbitzu publiko iraunkorra eta bidaiariek eskuarki erabiltzen dutena administrazio baimen berezi baten bidez ematen da. Zerbitzu hori [?] enpresari esleitu zion Garraioetako zuzendari nagusiak, abenduaren 5eko 277/2008 Ebazpenaren bidez.
Baimen hori arautzen duten administrazio baldintza berezien agiriko 14. klausulan, “Kontratuaren iraupena” izenekoan, honako hau zehazten da:
“Kontratuak 2008. urteko abenduaren 31 arte balioko du, eta urteka luzatutzat joko da, hasierako aldia amaitu aurretik inolako abisurik ez bada".
Dena dela, gehienez ere kontratuaren xede den garraio zerbitzuak Iruñerriko hiri garraioaren esparruan sartzen den egunera arte iraungo du.
Baimena arautzen duen preskripzio tekniko berezien agirian, 2.2.1. klausulan (“Ibilgailuak”), zehazten da zerbitzua ematen duten ibilgailuek gutxienez baldintza hauek bete beharko dituztela:
Zerbitzuaren esleipendunak konpromiso hau agertzen zuen lehiaketan aurkeztutako eskaintzan:
“Elbarrientzako eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako zerbitzu berezia Iruñerriko taxi zerbitzura deituta emango da, eta gastu guztiak enpresak ordainduko ditu. Erreserba egiteko orduan, laguntza osagarri horren gaineko informazioa emango da".
Hobekuntza hori administrazio baimenaren preskripzio teknikoen agirian sartu da.
Mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak garraiatzeko egokituta dauden Iruñerriko prestazio bategineko taxiak (27 gaur egun) prest daude gurpil aulki elektrikoan nahiz eskuzkoan doazen pertsonak garraiatzeko.
Bi kasuetan, ibilgailuek beharrezko ainguratze elementuak dituzte, indarrean dauden arauetan adierazten den bezala, erabiltzaileak behar bezalako segurtasunarekin garraiatzeko.
Beraz, uste dugu mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako garraio zerbitzua ematen duela Iruñetik [?] klinikara errepidez joaten den lineako ohiko garraio publiko iraunkorrak, bidaiarien erabilera orokorrekoak”.
Konstituzioak behartu egiten ditu botere publikoak beren politikan gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoen aurreikuspen, tratamendu, birgaitze eta integrazioa bilatzera; horren arabera, behar duten ardura espezializatuaz kontu egin eta bereziki babestuko dituzte gutxituok, Titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideez goza dezaten (49. art.). Agindu horrek berariaz islatzen du Konstituzioko 9.2 artikuluan xedatutako “berdintasun-printzipio materiala” izenekoa; printzipio horren arabera, botere publikoen egitekoa da bideak jartzea banakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten duten oztopoak kentzea, eta herritar guztiei aukera egokia ematea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko.Konstituzioaren aipatu printzipioekin lotuta, ezintasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukerei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako eskubidea bermatu eta egiazko bihurtu nahi du, eta administrazio publikoei orientabideak ematen dizkie ekintza positiboko neurriak hartzeko, pertsona horiek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean guztiz parte hartzeko dauzkaten desabantailak saihestearren edo berdintzearren (1.1 artikulua).
Legearen funtsean dauden printzipioen artean nonahi ibiltzeko aukerari dagokiona dago. Honela definitzen da: “inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izan behar dute, segurtasun eta erasotasun baldintzetan eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere” (2. artikulua, Legeko 10. artikuluarekin lotutakoa).
Lege-araua ezgaitasunaren arloko politikak oinarritu behar dituen zeharkakotasun printzipioari dagokio, eta arlo desberdinetan aplikatzekoa da; besteak beste, garraioen arloan (3. artikulua).
Espedientean bildutako informazioaren arabera, honako hau ikusten dugu:
Egiaz, adierazitakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak (bere Osasun Departamentuaren eta Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren bidez) hartu ditu neurriak mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek, hala nola kexa-egileak, [?] klinikara joateko aukera izan dezaten.
Alabaina, gure ustez, beste neurri batzuk hartu behar dira irisgarritasun printzipioari hobeto erantzuteko, garraioa ahalik eta modurik erosoenean eta naturalenean egin ahal izatea bermatzeko.
Alde batetik, nahiz eta egia izan [?] klinikara doan ohiko garraio zerbitzua arautzen duen kontratuan aurreikusten dela mekanismo bat mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak garraiatzeko (taxi zerbitzuari deituta eta kostua enpresak ordainduta), bidezko neurriak hartu beharko lirateke zerbitzua ematen duten ibilgailuak egokiak izan daitezen pertsona horiek gainerako erabiltzaileek dituzten normaltasun eta erregulartasun baldintza berberetan garraiatzeko.
Bestalde, egia bada (dirudien bezala, ezer ez baita esan kexa-egileak adierazitakoaren kontra) gaur egun anbulantziek ez dituztela gurpil aulki elektrikoak garraiatzen, beharrezko neurriak hartu beharko lirateke kontu hori konpontzeko; izan ere, garbi dago saihestu egin behar direla pertsona horiek lehendik dituztenez aparteko oztopo eta eragozpen erantsiak, joan-etorriak ahalik eta modurik erosoenean eta naturalean egiteko aukera emanda. Are gehiago, ez diruri arrazoizkoa denik anbulantziak ez egokituta egotea gisa honetako aulkiak garraiatzeko; izan ere, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak igorritako txostenean adierazten den bezala, hartarako egokituta daude mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak garraiatzeko taxiak.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Osasun Departamentuari gomendatzea har ditzatela, beren eskumenen esparruan, beste neurri batzuk mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak normaltasun, autonomia eta erosotasun baldintza egokietan garraiatuko direla hobeto bermatzeko; eta zehazki:
Gomendatzea [?] klinikara joateko ohiko garraio zerbitzua ematen duten ibilgailuak egokiak izan daitezela mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak eramateko.
Gomendatzea egokitu daitezela osasun garraio zerbitzua ematen duten anbulantziak, eta eman dezatela modua gurpil aulki elektrikoak edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak erabili ohi dituzten beste motetako gurpilak garraiatzeko.
Nafarroako Gobernuko Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko gomendio hau onartzen duten eta azaldutakoaren ildotik zer neurri hartuko dituzten, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea erabaki hau onartzen ez badute, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia