Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Disconformidad con obra de renovación de redes y pavimentación realizada por el Ayuntamiento
Exp: 08/392/B
Nº: 72
Herri lanak
2008ko abuztuaren 19an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Andosillako Udalak Turrillas Maisuaren kalea berrurbanizatzeko egindako jardunaren aurka.
Bertan azaltzen zuen Udalak, Montejurrako Mankomunitatearekin elkarlanean, Turrillas Maisuaren kaleko sareak eta zoladura berritu dituela, baina asfaltatu gabe gelditu dela gaur egun bere jabetzakoa den [?] industrialdeko [?] lurzatiaren aurrealdea. Adierazten zuen saiatu dela aurrealde hori asfaltatu gabe zergatik gelditu den jakiten, baina hainbat ahalegin egin arren ez duela lortu Udalak erantzuterik zergatik ez den asfaltatu lurzatiaren aurrealde hori.
Informazio horri guztiz eskasa iritzi genion horren gainean ebazpen egokia emateko, eta 2008ko urriaren 16an, txosten osagarria eskatu genion Andosillako Udalari, idazki horretan agertutako hainbat konturi erantzun ziezaion.
Txosten osagarririk jaso ez genuenez, 2009ko urtarrilaren 26an berriro eskatu genion txostena, eta Andosillako Udalari eskatutako informazioa bidaltzeko bigarren eta azken epea eman genion.
Eskaera horri ere ez dio emandako epean erantzun.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidaltzean arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”
Kexa-egileak dio Udalak, Montejurrako Mankomunitatearekin elkarlanean, Turrillas Maisuaren kaleko sareak eta zoladura berritu dituela, baina asfaltatu gabe gelditu dela gaur egun bere jabetzakoa den [?] industrialdeko [?] lurzatiaren aurrealdea. Adierazi du saiatu dela aurrealde hori asfaltatu gabe zergatik gelditu den jakiten, baina hainbat ahalegin egin arren ez duela lortu Udalak erantzuterik zergatik ez den asfaltatu lurzatiaren aurrealde hori.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Herri administrazioen araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak berak ere ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Hori kontuan hartuta, bi ondorio garrantzitsu atera daitezke: lehena, administrazio isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Gainera, hirigintzaren esparrurako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 8. artikuluak eta Lurzoruaren Legearen Testu Bategina onartzen duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 4. artikuluak xedatzen dutenez, herritar orok du eskubidea, interes jakin bat duela egiaztatu beharrik izan gabe, hirigintzari buruzko informazioa izateko. Eskubide horren barruan sartzen da administrazio eskudunak lurzati jakin bati aplikatzekoa zaion hirigintza antolamenduari buruz modu osatuan, idatziz eta arrazoizko epe batean informatzeko eskubidea.
Andosillako Udalak ez dio inola ere erantzun interesdunak eskatutako hirigintza informazioari, eta, hala, urratu egin du Administrazioari bere eskabideei erantzun espresa eman diezaien eskatzeko eta informazio hori lortzeko duen bidezko interesa.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Ulertzea urratu egin dela [?] andreak eskatutako hirigintza informazioaren inguruan Andosillako Udalak erantzun espresa epe barruan emateko duen eskubidea, Udalak ez baitu kontrakoa egiaztatu.
Andosillako Udalari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Andosillako Udalari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela Araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 8. artikulua betetzea, hau da, herritarren informazio eskabideei idatziz erantzutea eta jakinaraztea.
Andosillako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Andosillako Udalak espediente honetan laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, eta ebazpen honi erantzun arrazoitua ematen ez badio edo bertan ezarritako irizpidea onartzen ez badu, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasoko dudala, eta halaber, Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan ere –Nafarroako arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– horixe jasoko dudala. Erregistroan sartu izana erakunde honen web orrian argitaratuko da, ebazpen honi modu justifikatuan erantzuten ez badio edo hor ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia