Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 20ko 71/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 apirila 20

Gizarte ongizatea

Gaia: Deficiente funcionamiento de los servicios de transporte adaptados para discapacitados

Exp: 08/574/B

: 71

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2008ko azaroaren 13an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen ezgaituentzat egokitutako garraio zerbitzuen funtzionamendu txarrarengatik.

    Kexaren espedienteari zegozkion izapideak urtarrilaren 13ko 3/2009 Ebazpenarekin amaitu ziren. Haren bidez, gomendio bat egin zen, eta Iruñerriko Mankomunitateak onartu egin zuen gomendio hori, 2009ko otsaileko idazkian.

  2. Nolanahi ere, 2009ko martxoaren 18tik aurrera, [?] jaunak aurkeztutako idazki gehiago sartu ziren erakunde honetan. Horien bidez, goian adierazitako kexaren espedientearekin lotuta, azken bi hilabeteetan ezgaituentzako autobusetako plataformetan gertatu diren zenbait gorabeheraren berri ematen du. Kexan, soil-soilik adierazi du autobus egokituetako plataformek etengabe huts egiten dutela eta informazio eskasa ematen dela halako plataformak dituzten autobusen gainean.

    Idazki horietan, kexaren sustatzaileak xehe-xehe kontatu dizkigu plataformak funtzionatu ez duen edo gaizki funtzionatu duen hainbat eta hainbat kasu, eta zerbitzuan den autobusak halako plataformarik baduen edo ez jakiteko informazioa eskasa edo okerra ematen dela ere adierazi digu. Azaltzen dituen kasu gehienen berri badu Mankomunitateak; izan ere, horiei buruzko azalpen luzea egin zuen erakunde honek 2009ko martxoaren 23ko idazkian. Geroago, kexa-egileak lau idazki gehiago aurkeztu ditu (martxoaren 30ean, apirilaren 2an, apirilaren 6an eta apirilaren 16an), eta antzeko gertaera deskribatu ditu.

  3. Salatutako gertaera horiek ikusirik, kexa berrireki genuen, eta Iruñeko Mankomunitatera jo genuen berriro ere, kexa-egileak azaldutako gertaeren gaineko informazioa eman zezan. 2008ko apirilaren 16an, Mankomunitatearen txosten luze bat sartu zen erakunde honetan. Txosten horren amaieran, ondorio hauek agertzen ziren:
  • Eskualdeko hiri garraiorako autobus guztiak ez daude egokituta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak eramateko. Xede hori 2010. urterako betetzea espero dugu, Iruñerriko Hiri Garraiorako II. Plana 2006-2009 amaitzean. Gaur egun, autobus guztien % 88 daude egokituta, eta espero dugu hilabete igaro baino lehen ere portzentaje hori % 93ra igotzea. Auziak bereziki errefortzuko autobusetan du eragina, bai eta matxuraren bat denean edo mantentze nahiz ikuskatze lanak egin behar direnean autobusen bat zerbitzutik erretiratzen denean jartzen diren ordezko autobusetan ere.
  • Iruñerriko Mankomunitateak ikuskapenak egiten ditu enpresa emakidadunak zerbitzua zuzen ematen duela egiaztatzeko. Aztergai dugun auziari dagokionez, ikuskapen horiek honela egiten dira: aldizkako kontrolak eta ausazko kontrolak autobusen zenbait elementutan, besteak beste arrapaletan, eta, horrez gain, aldizkako eta ausazko ikuskapen berariazkoak arrapalen funtzionamendua aztertzeko.

    Aurtengo urtarriletik martxora 76 ibilgailuren arrapalak ikuskatu dira, eta ikusi da ikuskatutakoen % 88,16k ongi funtzionatzen zutela (% 90,38 ziren aurreko txostenean). Enpresa emakidadunari Mankomunitateko lehendakariaren hainbat ebazpenen bidez eskatu zaio autobusetako hainbat elementu konpontzea, horien artean minusbaliatuentzako arrapalak. Konponketak ondo egin ez direla ikusita, bi zigor espediente ireki dira, urtarrilaren 28ko 24/2009 Ebazpenaren eta apirilaren 2ko 100/2009 Ebazpenaren bidez.

  • Horrez gain, minusbaliatuen arrapalek ondo funtzionatzearekin zerikusia izan dezaketen bestelako jarduketa batzuk ere bildu dira txostenean. Zehazki, Mankomunitateko lehendakariak eskualdeko udalei egindako eskabidea, gaur egun hain ohikoak diren zebra-bide altxatuen diseinua konpon dezaten. Bestalde, minusbaliatuen arrapalen mantentzeari buruzko estipulazioak, eskualdeko hiri garraioaren emakida berria kontratatzeko baldintza agirikoak. Azkenik, minusbaliatuen arrapalak dituzten autobusei buruzko informazio eskasari dagokionez, ohar horiek enpresa emakidadunari bidaliko zaizkio, eta zerbitzua ondo emateko beharra duela gogoraraziko zaio.

AZTERKETA

  1. Aplikatzekoa den legeriari dagokionez, urtarrilaren 13ko 3/2009 Ebazpenean, luze azaldu eta aztertu genituen hala abenduaren 2ko 51/2003 Legea, ezgaituen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta irisgarritasun osoari buruzkoa, nola abenduaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretua, ezgaituek garraiobideak erabiltzeko eskuragarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituena.

    Beraz, alferrik ez errepikatzearren, ikus bedi han egindako azalpen eta azterketa osoa.

  2. Aipatutako araudia eta Iruñerriko Mankomunitateak bere txostenean emandako datuak kontuan hartuta, berriro ere nabarmendu behar dugu erakunde hau ohartzen dela entitate hori ahalegin handia egiten ari dela eskualdeko hiri garraiorako autobus guztiak araudian ezarritako epeetan egokitzeko, ezgaituek erabiltzeko eta ondo funtzionatzeko.

    Hala eta guztiz ere, autobus guztiak egokitzeaz gainera –helburu gisa Iruñerriko Mankomunitateak jarria du 2010erako hori lortzea–, ezgaituentzako egokitutako garraio-zerbitzua zuzen eta modu jarraituan emateko beste alderdi bat da hura integratzen duten elementu guztiek (alboetako belaunka, sarbideko arrapala eta abar) behar den bezala funtzionatzea.

    Alabaina, kexa-egileak kontatutako gertaera ugari horiek ikusirik, Mankomunitateak ez baititu gezurtatu, bat gatoz autobus egokituen funtzionamendua, oro ar, ez dela egokia. Izan ere, denak adierazten du plataformak maiz ez duela funtzionatzen edo ez duela ondo funtzionatzen. Halaber, badirudi askotan ez dela zuzena autobus egokituei buruz ematen den informazioa.

  3. Mankomunitateak jakinarazi digu ikuskapenak egiten dituela enpresa emakidadunak zerbitzua ondo ematen duen ikusteko, hala nola: aldizkako kontrolak eta ausazko kontrolak autobusen zenbait elementutan, besteak beste arrapaletan, eta arrapalen funtzionamenduari buruzko aldizkako eta ausazko ikuskapen berariazkoak. Halaber, adierazi du aurtengo urtarriletik martxora 76 ibilgailuren arrapalak ikuskatu dituela eta ikuskatutakoen % 88,16k ongi funtzionatzen zutela.

    Alabaina, kexa-egileak emandako datuen arabera —Mankomunitateak ez ditu gezurtatu—, hiri garraio zerbitzua ematean maizegi gertatzen dira akatsak arrapalen funtzionamenduan. Beraz, erraz uler daiteke ezarritako ikuskapen programa ez dela nahikoa autobus egokituetako elementuek, batez ere plataformek, behar bezain ondo funtzionatuko dutela bermatzeko. Horregatik, gomendagarria da Mankomunitateak ikuskapen eta kontrol gehiago egitea, behar bezain ondo funtzionatuko dutela hobeto bermatzeko.

    Horri guztiari gehitu behar zaio zerbitzu publikoaren emakida duen enpresa eta, zehazki, gidariak behar bezala kontzientziatu behar direla mugikortasun murriztua duten pertsonen arazo bereziari buruz. Horri dagokionez, erakunde honen iritziz, gomendagarria da, beharrezkoa bada, prestakuntza programaren bat egitea zerbitzuko profesional guztiek sentsibilitate berezia izan dezaten mugikortasun murriztua izan eta beren joan-etorrietan garraio publikoak gero eta gehiago erabili behar izaten dituzten erabiltzaileekin.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñerriko Mankomunitateari gomendatzea gehiago ikuska dezala, bere gaitasun teknikoen eta aurrekontuaren arabera, enpresa emakidaduna, presta dezala ezgaituentzako autobusetako instalazioak teknikoki mantentzeko programa bat eta egin dezala gidariak prestatzeko eta kontzientziatzeko programaren bat, ezgaituentzako plataformek beti arrazoizkoa den bezain ondo funtzionatuko dutela bermatzeko.

  2. Iruñerriko Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñerriko Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia