Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Disconformidad con la exclusión de la atención bucodental básica del tratamiento que precisa para su enfermedad
Exp: 09/69/B
Nº: 60
Sanidad
Aurtengo urtarrilaren 29an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere semearentzako laguntza odontologikoa ordaintzeko behar duen laguntza ekonomikoa ez jasotzeagatik.
Azaltzen du 41 urteko seme bat duela, [?] jauna, nahaste eskizofreniko paranoidea duena eta % 65eko minusbaliotasun gradua aitortua duena. Tratamendu medikoaren ondorioz, hortzerian narriadura larria dauka, eta hura guztiz konpondu beharra dauka, txosten medikoen bitartez egiaztatzen duen moduan. Sendagile estomatologo batzuekin harremanetan jarri ondoren, 5.000 eurotik 15.000 eurora bitarteko aurrekontuak eman dizkiote. Horiek interesdunak ezin ordain ditzakeen kopuruak dira, ezta zatika ere.
Hori dela eta, 2007an, laguntza berezi bat eskatu zuen kostu horri aurre egin ahal izateko. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 12ko 558/2007 Ebazpenaren bitartez, ezezkoa eman zioten. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen (2007/132631 dokumentua), baina gaur arte ez du erantzunik jaso.
Hori guztia dela eta, eskatzen du laguntza ekonomikoa eman diezaioten, semeak behar duen laguntza odontologikoaren kostua gutxienez ere zati batean ordaindu ahal izateko. Halaber, eskatzen du administrazio publikoak gehiago inplika daitezen buru-gaixoekin eta haien familiekin.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri zion Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak idazki bat igorri zigun, eta hartan adierazi zuen 2006ko azaroaren 22an, [?] jaunak ezgaitasunak dituzten pertsonen arloan laguntza berezia jasotzeko eskaria aurkeztu zuela. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 12ko 558/2007 Ebazpenaren bitartez, ezezkoa eman zitzaion eskatutako laguntzari, jotzen baitzen ez zuela zerikusirik minusbaliotasunaren sailkapena ekarri zuen diagnosiarekin, alde batera utzita jasotzen duen tratamendu farmakologikoarekin loturaren bat ote duen. 2007ko martxoaren 23an, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Irailaren 11ko 215/2007 Foru Aginduaren bitartez ebatzi zen. Foru agindu hori, berriz, interesdunaren helbidean jakinarazi zen 2007ko irailaren 27an, erantsi den jaso izanaren agirian ageri den bezala.
Osasun Departamentuak erantzuna eman zuen adieraziz 70/2003 Foru Dekretuak, apirilaren 7koak, minusbaliatuentzako hortzetarako laguntza arautzen duela. 1. artikuluan, prestazio horiek jasotzeko eskubidea duen populazioa definitzen du: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargura osasun laguntzarako eskubidea duten pertsonak dira, beste baldintza batzuen artean, % 75eko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutenak. Hori dela eta, eta ikusita interesdunak baldintza hori ez duela betetzen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez ditu kontzeptu horrengatiko laguntzak kudeatzen.
Espainiako Konstituzioko 43. artikuluak osasun babeserako eskubidea aitortzen die herritarrei. Horrek bidea eman du osasun eredu publiko bat ezartzeko, zeinak honako oinarriak baititu prestazioa dela-eta: sarbide unibertsalekoa, solidarioa eta segurtasun publiko eta bakarrekoa izatea eta prestazio-maia desberdinetan jarraitutasuna edukitzea. Hori guztia, antolaketa integratu baten barrenean, Osasun Sistema Nazionala, Estatuko Administrazioaren eta autonomia erkidegoen osasun zerbitzu guztiek osatua. Sistema hori Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legeaz diseinatu zen eta haren garapena, gure lurralde esparruan, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bitartez gauzatu zen, besteak beste.
Bestalde, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuen azaroaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak, bigarren eranskineko bederatzigarren idatz-zatian, aho-hortzetako laguntza arautzen du, eta adierazten du honako tratamendu hauek aho-hortzetako laguntzatik kanpo geratzen direla: hotzak aldi baterako konpontzeko tratamendua, ortodontzia-tratamenduak, pieza osasuntsuen exodontziak, xede estetiko hutsa duten tratamenduak eta hortz-inplanteak. Horrenbestez, exodontziak eta hotz-inplanteak aho-hortzetako oinarrizko laguntzatik kanpo daude.
Interesdunak nahaste eskizofreniko paranoide kronikoa dauka, eta % 65eko minusbaliotasun gradua du aitortua. Igorritako txostenean, Osasun Departamentuak dio minusbaliatuentzako hortzetako laguntzaren programara biltzeko nahitaezkoa dela % 75eko minusbaliotasun gradua aitortua izatea eta, horrenbestez, interesduna ezin dela programa horretara bildu.
Aurrekoa gorabehera, interesdunaren amak adierazten du semearen hortzeriaren narriadura larria hatu behar izaten duen medikazioaren ondorioa dela, eta Psikiatria Zerbitzuaren 2007ko abuztuaren 2ko txostenaren bitartez egiaztatzen du hori. Izan ere, txosten horretan honakoa ageri da:
“[?] jaunak nahaste eskizofreniko paranoide kronikoa dauka, 15 urte dituenetik, eta maiz gaizkiagotze akutuak ere izan ditu, eta unitate honetan eta Adimen Osasuneko Sareko beste egoitza batzuetan ospitaleratze psikiatrikoak behin eta berriz behar izan ditu. Gaur egun, 39 urte dauzka, eta 20 urte baino gehiago daramatza farmako neuroleptikoak, atipsikotiko atipikoak eta antsiolitikoak hartzen, eta horiek ere dosi handitan izan dituen deskonpentsazio akutuek iraun duten bitartean, eta dosi apalagoetan gainerako denbora guztian, 20 urtez. Farmako horien tratamendu jarraituaren ondorioz eta gaixotasun eskizofrenikoarekin berarekin zuzenetan lotutako ohitura higienikoak galtzearen ondorioz, [?] jaunak gaur egun hortzeriaren narriadura larria dauka, eta hura guztiz konpontzeko premia dauka”.
Horrenbestez, txosten horren arabera, interesdunaren hortzeriaren narriadura larria, daukan gaixotasuna tratatzeko modu jarraituan hartu duen medikazioaren ondorioa da, eta gaixotasun eskizofrenikoaren larritasunarekin berarekin zuzeneko lotura duen ohitura higienikoen galeraren ondorioa ere bai.
Bestela esanda, interesdunaren gaixotasun odontologikoen jatorria sortuta dago gaixotasunarekin lotutako ohitura higienikoen galerarekin ez ezik, farmako neuroleptiko, antipsikotiko atipiko eta antsiolitiko ugari modu jarraituan hartzearekin ere, hain zuzen ere azkeneko hogei urtetan hartu izan dituenekin.
Horrek esan nahi du interesdunari hortzeriaren narriadura larria sortu zaiola, hein handi batean, osasun administrazioak –hari baitagokio– gaixotasun kroniko eta larri bati ematen dion tratamendu edo laguntzaren baitan, hain zuzen ere adimen-gaixotasun baten tratamenduaren baitan. Tratamendu farmakologiko psikiatrikoaren hondar edo albo-ondorio bat da, eta halakotzat hartu behar du osasun administrazioak, ukituaren minusbaliotasun gradua zein den alde batera utzita.
Horrenbestez, interesdunak minusbaliatuentzako aho-hortzetako laguntza-programara biltzerik ez duenez, erakunde honek uste du osasun administrazioak interesdunari laguntza ekonomiko bat eman beharko liokeela, behar duen tratamendu odontologikoa, zati batean besterik ez bada ere, ordaindu ahal izateko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Osasun Departamentuari iradokitzea interesdunari laguntza ekonomiko bat eman diezaion, besteak beste farmakoen bidezko tratamendu jarraituaren ondorioz behar duen tratamendu odontologikoa gutxienez ere zati batean ordaindu ahal izateko.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartu beharko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia