Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Denehación de subvención para la instalación de un salvaescaleras en edificio sin ascensor
Exp: 10/71/U
Nº: 70
Etxebizitza
2010eko urtarrilaren 29an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Arkitektura oztopoak kentzeko dirulaguntzarik ez emateari buruzkoa da kexa.
Azaltzen du bere aita [?] jaunak laurogei urte dituela eta Corellako [?] kaleko [?] pisuan bizi dela. Adina, gehiegizko pisua eta dauzkan gaixotasunak (EPOC, zeinak derrigorrezko egiten baitu egunean 18 orduz oxigenoterapiarekin egotea, zainen gutxiegitasuna eta beste batzuk) direla eta, ezinezko zaio eskailerak igotzea bigarren solairuko bere etxebizitzaraino. Nafarroako Mendekotasun Agentziak mendekotasun moderatua duela ebaluatu izan du.
2008an, Tuterako Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegora jo zuen, eta bertatik aditzera eman zioten arkitektura oztopoak kentzeko laguntzak bazeudela.
2009an, eskailerak igotzen laguntzeko plataforma bat jartzea erabaki zuen, zeren eta etxebizitzaren egitura zela-eta ezinezkoa baitzen igogailurik jartzea. Horri buruzko informazioa eskatzeko, bulegora jo zuen, eta jakinarazi zioten erreformei buruzko lege aldaketen ondoren, eskailerak igotzen laguntzeko plataformetarako dirulaguntzak kenduta zituztela. Hori gorabehera, eta aitaren premia ikusita, eskailerak igotzen laguntzeko plataforma jarri zuen. 15.954 euroko kostua zuen.
2010eko urtarrilaren lehenengo egunetan, Tuterako Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegora joan zen berriz ere, babestekoak ziren jarduerei buruz informatzeko, zeren eta, bere iritziz, araudiak ez baitu eragozten eskailerak igotzen laguntzeko plataformetarako dirulaguntzak ematea. Adierazitakoaren arabera, zenbait arautan eta 6/2009 Foru Legean bertan ere, honakoa jasotzen da: “Eraikin eta etxebizitzak zaharberritzeko jarduketa babesgarrien xedeak ondokoak izan ahalko dira:
...mugitzeko ezintasunak dituzten pertsonen sarbidea eta erabilera errazteko asmoz, oztopo arkitektonikoak ezabatzea helburu duten jarduketak”, eta, aurrerago, honakoa esaten da: “Etxebizitzetan bizigarritasun baldintzak lortu edo hobetzea... Foru Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek bizigarritasuna egokitzeko obrak izanen dira: mugikortasunean eragina duten minusbaliotasunak dituzten pertsonen sarbidea eta erabilera errazteko asmoz oztopo arkitektonikoak ezabatzeko egiten direnak.”
Adierazten du laguntza eskatu diola Gizarte Gaietako Departamentuari, adineko pertsonentzako laguntza teknikoen kontzeptuagatik (kasu honetan, eskailerak igotzen laguntzeko plataformarako laguntza jaso daiteke). Alabaina, departamentu horretatik jakinarazi diote aurrekontua 4.000 eurotik gorakoa denean, laguntza Etxebizitza Departamentuak eman behar duela. Gehitzen du Gizarte Gaietako Departamentuaren laguntza horiek ez direla nahitaezkoak eta une hauetan gerarazita daudela, esan diotenaren arabera, aurrekonturik ez dagoelako.
“[?] jaunaren aita bi etxebizitzatarako sarbidea ematen duen eskailera bat duen eraikin batean bizi da. Eskailerak igotzen laguntzeko plataforma bat jarri du eskailera horretan, bigarren solairuko bere etxebizitzara hobeki igotzeko, urte asko baititu eta, gainera, oinez igotzeko eragozpenak dakarzkioten gaixotasunak dituelako.
Gaiaren sakoneko aldean sartu aurretik, formazko bi gai aipatu behar ditugu:
Obrak jada eginik baldin badaude, ezin dira zaharberritze babestutzat jo –eta, horrenbestez, ezin zaie dirulaguntzarik eman–, zeren eta urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak ez baitu biderik ematen aurrez eginiko obrak kalifikatzeko eta haiengatik dirulaguntzarik emateko.
Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez –Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzarik ez emateagatik zenbait etxebizitzatarako sarbidea den eta horrenbestez eraikineko elementu komuna den eskailera batean eskailera hori igotzen laguntzeko plataforma bat jartzeko–, zehaztu beharra dago horren arrazoia dela ez dela jotzen eskailerak igotzen laguntzeko plataformek eraikinak erabiltzeko eta husteko segurtasun baldintzak betetzen dituztenik; horrenbestez, ezin dira sartu arkitektura-oztopoak zuzen kentzen dituzten konponbideen artean. Hain zuzen ere honako hauengatik:
Eskailerak igotzen laguntzeko plataformaren gidek eta eserlekuaren plataforma tolesgarriak eskaileraren zabalera erabilgarria gutxitzen dute, eta oztopo bat izan daitezke eraikina hustu behar izatekotan. Eraikina husteko ibilbidea etetea eta estropezu egiteko arriskua handiagoak dira husteko premia sortzen bada eta eskailerak igotzen laguntzeko plataforma edo haren eserlekua zabalik badaude. Kontuan hartu beharra dago sute kasuan edo eraikina hustu behar denean ikusgarritasun arazoak baldin badaude, zaila dela eraikinekoak ez diren pertsonek, eskaileratik joan beharrekoek, eskailerak igotzen laguntzeko plataformaren elementuak atzematea eta saihestea.
Eskailerak igotzen laguntzeko plataformak etxebizitzen zaharberritze babestuko araubidean (eta dirulaguntzetan) sartzeko irizpideetan izandako aldaketei dagokionez, honakoa esan behar dugu:
Ez da dirulaguntzarik eman eskailerak igotzen laguntzeko plataformak jartzeko etxebizitza kolektiboen eraikinetako eskaileretan. Halakotzat jotzen dira bi edo etxebizitza gehiagotarako diren eskailerak.
Litekeena da gaizki ulertu bat gertatu izana 1. eta 2. puntuetan adierazitako jarduketaren bat adierazterakoan edo/eta entzuterakoan, eta horrenbestez gertatu ez diren irizpide-aldaketak gertatu direla uste izatea”.
Interesdunak kexan planteatzen duen gai nagusia da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzarik ez diola eman eskailerak igotzen laguntzeko plataforma bat jartzeko.
Aurretik, eta formaren ikuspuntu hutsetik, aipatu behar dugu kasu honetan ez dela bidezkoa inongo dirulaguntzarik ematea, zeren eta eskailerak igotzen laguntzeko plataforma jarri baitzen aurrez zaharberritze babestuko espedienterik egin gabe. Izan ere, aurretik espediente hori abiatu behar dela dio Etxebizitza gaietarako jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 84.3 artikuluak.
Horrenbestez, espedientea aipatu foru dekretuaren argitara aztertuta, baiezta daiteke Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ez duela urratu interesdunaren inongo eskubiderik.
Aurrekoa esan ondoren, gogorarazi beharra dago erakunde hau pentsatuta dagoela herritarren konstituzio-eskubideak babesteko ez ezik, haien babes-maila hobetzeko ere. Ikuspuntu horretatik, eta hemen planteatutako kasuaren abstrakzioa eginez, bidezkoa da zehaztea ea eskailerak igotzen laguntzeko plataforma bat ezartzeagatik dirulaguntzarik eman ote daitekeen.
Horri buruz, departamentuak bere txostenean dio etxebizitza kolektiboko eraikinetan ez dela gisa horretako aparatuak jartzeko dirulaguntzarik ematen, zeren eta ez baita jotzen eraikinak erabiltzeko eta husteko segurtasun baldintzak betetzen dituztenik; hori dela eta, ezin dira sartu arkitektura oztopoak zuzen kentzeko balio duten konponbideen artean.
Hala eta guztiz ere, Etxebizitza gaietarako jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, 76. artikuluan, ezartzen du eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko jarduketa babesgarriek helburu izan dezaketela eraikin beteko egokitasun egiturazkoa edo funtzionala, edo biak, lortzea edo hobetzea. Egiturazko egokitasuna lortzeko obratzat hartzen dira, besteak beste, arkitektura oztopoak kendu eta mugimenduzko minusbaliotasuna duten pertsonek etxebizitza horietarako sarbidea izatea eta haiek erabiltzea errazten dutenak.
Ondoren ezartzen du jarduketa babesgarri horien xedea izan daitekeela, besteak beste, etxebizitzetan bizigarritasun baldintzak lortzeko edo hobetzeko lanak egitea, halakotzat hartuz, besteak beste, arkitektura oztopoak kendu eta mugimenduzko minusbaliotasuna duten pertsonek etxebizitza horietarako sarbidea izatea eta haiek erabiltzea errazten dutenak.
Foru dekretuan zehazten da obrek bidea eman behar dutela martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan –edo etorkizunean hura ordeztuko duena– ezarritako baldintzak betetzeko; izan ere, foru dekretu haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dira. Halaber, azken foru dekretu horretan, erabilera komuneko eskailerei dagokienez, honakoa esaten da: “Eskailerek betiere beteko dituzte suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian eskatzen diren baldintzak”.
Ikuspuntu horretatik, bidezkotzat jotzen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea ez dezala Etxebizitza gaietarako jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren interpretazio murriztailerik egin, kasu guztietan eskailerak igotzen laguntzeko aparatuak ezartzeko dirulaguntzak ukatuz.
Bestela esanda, gure ustez bideragarria da igogailu bat jartzeko ezintasuna dakarten inguruabar objektiboak dauden bitartean, suteen aurkako arauetan exijitzekoak diren gainerako baldintzak eta eraikinak erabiltzeko eta husteko segurtasunari doazkionak betetzen badira, dirulaguntzak ematea eskailerak igotzeko aparatu bereziak ezartzeko, horrela mugimenduzko minusbaliotasunak dituzten pertsonei haietara sartzeko eta haiek erabiltzeko erraztasunak emanez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokitzea Etxebizitza gaietarako jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretua interpretatzerakoan bidea eman dezala eskailerak igotzeko aparatu bereziak ezartze aldera dirulaguntzak eman ahal izateko, hain zuzen ere inguruabar objektiboengatik igogailu bat jartzea ezinezkoa den kasuetan, betiere suteen aurkako arauetan exijitzekoak diren gainerako baldintzak eta eraikinak erabiltzeko eta husteko segurtasunari doazkionak betetzen badira, horrela mugimenduzko minusbaliotasunak dituzten pertsonei haietara sartzeko eta haiek erabiltzeko erraztasunak emanez.
Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia