Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 17ko 70/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 apirila 17

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Falta de audiencia del propietario afectado en un expediente de modificación catastral

Exp: 09/11/U

: 70

Hirigintza eta etxebizitza

AURREKARIAK

1. 2009ko urtarrilaren 13an [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Arakilgo udalari buruzko kexa bat aurkezten du.

Interesdunak azaltzen du beste partikular batek, [?] jaunak, eskatuta, katastroa aldatzeko prozedura bat abiarazi zela, aginduzkoa den bezala hura ados zegoen jakin gabe. Horren ondorioz, udalari eskatu zion katastroko aldaketa hori indargabe uzteko; izan ere, haren karietara, bere etxabeari zegozkion metroak gutxitu egiten ziren.

Adierazten du udalak bere eskabidea onetsi eta aipatu aldaketa indarrik gabe uztea erabaki zuen arrean, azkenean erabaki hori ez dela gauzatu eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Departamentuan ez dela behar den eskabidea izapidetu. Horrenbestez, lurralde aberastasuneko ordainagiria ez da zuzendu.

Interesdunak adierazten du berariaz eskatu duela behar den jarduera egiteko, okerbidez eginiko katastro-aldaketa indarrik gabe uzteko. Hala eta guztiz ere, udalak ez du behar den bezala jardun.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Arakilgo Udalari.

Eskatutako txostena 2009ko martxoaren 31n iritsi da erakunde honetara. Bertan, honakoa jasotzen da:

a) Kontuan hartu behar da katastroa helburu fiskaletarako erregistro bat dela. Horrenbestez, etxabearen errealitate fisikoa ez da ezertan aldatu; bai aldatu da, ordea, ondorio fiskaletarako nola hartzen den.

b) Udala da katastroko datuak gaurkotzeko eskuduna den administrazioa. Aldaketen behin betiko onespena, berriz, Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren eskumena da. Zerbitzu horrek, katastro-aldaketako espedienteetan akatsen bat atzemanez gero, udalari eskatzen dio zuzentzeko. Halakorik ez zen gertatu, ordea, kexa ekarri duen espedientearen kasuan.

c) [?]ren protesta aztertu dugu, katastroaren mantentze-lanetarako udalak [?]rekin duen lankidetzaren barrenean. Azken entitate horren teknikariak jakinarazi du edozein zuzenketa egiteko dokumentazioa aurkeztu behar dela (azaleraren neurri erreala islatzen duen lan topografikoa edo jabetzaren titulua, azalera katastroan islatutakoarekin alderatzeko). Interesdunari hitzez eman zaio horri guztiari buruzko informazioa.

AZTERKETA

1. Hasteko, adierazi beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen duela: administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak ?haien eskumenekoak direnak? ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

Eskura daukagun dokumentazioaren arabera, kexaren xedea den gaiari dagokionez, [?] jaunak, 2008kok irailaren 30ean, katastroa zuzentzeko eskari bat aurkeztu zuen, udalari zuzendua. Interesdunak eskubidea du hura ebatzia izateko eta hari buruz hartzen den erabakiari buruzko jakinarazpen formala jasotzeko. Eskubide horrek, eta Administrazioak modu korrelatiboan duen betebeharrak, ez du zerikusirik ebazpenaren edukiarekin; hau da, sakoneko gaiarekin.

2. Aurrekoa gorabehera, iritzia eman behar dugu auzia ekarri duen sakoneko gaiari buruz. Haren jatorria, esan bezala, da kexa-egileak aurretik egindako katastro-aldaketa bat zuzen dadin eskatu duela. Izan ere, hasierako katastro-aldaketa hura hark prozeduran parte hartu gabe egin zen, eta berarekin ekarri zuen lursail baten azalera aldatzea.

Udalak dioen bezala, katastroa helburu fiskaletarako erregistro bat da, eta, horrenbestez, ez du eraginik etxabearen errealitate fisikoan, ez eta haren titularitate zibilean ere. Hala eta guztiz ere, egiaztapen hori garrantzirik gabekoa da hemen aztergai ditugun ondorioetarako. Horrelako erregistro baten eraginak zein diren alde batera utzita, argi dago hura lurzatien errealitate fisikoari eta juridikoari egokitu behar zaiola, eta kexa aurkeztu duenak guztiz zilegi duela premiatzea bere lurzatiari buruz katastroan dagoen informazioa errealitatearen araberakoa izan dadin. Horixe ondoriozta daiteke Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legetik.

3. Kexaren jatorria katastroa aldatzeko prozedura bat izan zen, beste herritar baten ekimenez izapidetutakoa. Haren ondorioz, [?] jaunaren etxabeari esleitutako metroak gutxitu egin ziren. Kexa-egileak hiri-kontribuzioa igorri ziotenean erreparatu zion aldaketari.

Katastroa aldatzeko espedienteei dagokienez, azaroaren 21eko 12/2006 Foru legeak ezartzen du interesdunei entzunaldia eman behar zaiela, administrazio prozedura erkideari buruzko legedi orokorrean ezarritakoaren arabera, ukitutako titularrek eskatzen den aldaketaren gainean duten iritzia argi eta garbi eman dezaten. Aurreikuspen horrek gogora ekartzen du Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa, administrazio-prozedura ororen gainean egon behar duen kontraesan printzipioaren betebeharrei dagokienean.

Gainera, eta aurrekoarekin lotuta, aipatu foru legeak ezartzen du aldaketa-eskabiderik ez dela izapidetu behar espedienteari erantsitako informazioaren ondorioz agerian gelditzen bada auzi zibil bat badagoela, inskribaturik titularrak elkarren aurka daudelako. Halakoetan, uneko egoerari eutsiko zaio, harik eta jurisdikzio zibilean epai irmoa izan arte edo ukitutako guztien artean akordio batera iritsi arte.

Eskura daukagun informazioaren arabera, kexa aurkeztu duenaren erreakzioa eragin duen aldaketa-espedientean kautela horiek ez ziren aintzat hartu eta interesdunaren lurzati baten katastro-egoera aldarazi zien hark prozeduran parte hartu gabe. Horixe ondorioztatzen da, halaber, udaleko idazkariak 2007ko urriaren 30ean eginiko txostenetik, non hurrengoa adierazi baitzuen:

?2006ko ekitaldian, San Migel Koloniako etxabe bati buruzko katastro-aldaketa izapidetu zen. Aldaketa horrek eragina izan zuen [?] jaunaren lurzatian, baina inon ez da jaso hura espedientearekin ados dagoenik. Horrenbestez, eta lurralde aberastasunari buruzko lege berrian ezarritakoari jarraituz, ukituta partikularraren adostasuna jaso ezean, interesdunari itzuli behar zaio katastro-aldaketa egiteko eskaria?.

Azaldutakoa dela eta, katastro-aldaketa gauzatu zen kexa-egileak prozeduran parte hartzeko eta haren aurka azaltzeko zuen eskubidea kontuan hartu gabe.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Arakilgo Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikulua bete behar dituela, eta herritarrek aurkezturiko eskariak behar den denboran eta moduan ebatzi behar dituela.

2. Udal horri gomendatzea behar diren urratsak egin ditzan izapidetutako aldaketa zuzentzeko.

3. Bi hilabeteko epea ematea Arakilgo Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.

4. Kexa-egileari eta Arakilgo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia