Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 16ko 68/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 apirila 16

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Discrepancia respecto de la forma de corregir una prueba en la oposición a policía municipal de Tudela

Exp: 10/300/F

: 68

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko apirilaren 7an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Tuterako Udaleko udaltzain izateko oposizioko azterketa bat zuzentzeko moduarekin.

    Azaltzen du martxoaren 29an proba teorikoa egin zuela udaltzain izateko oposizioetan. Proba horrek hiru atal zeuzkan: atal teoriko bat, kale-izendegiari buruzko atal bat eta diktaketa eta idazketa ariketa bat. Adierazten du oposizioko, epaimahaiak azken atala zuzendu zuela lehenbizi, hau da, idazketa eta diktaketa, eta atal hori ez zuela gainditu. Gehitzen du, atal hori gainditu gabe zuenez, epaimahaiak jo zuela ez zuela probako gainerakoa baloratzeko beharrik; horrenbestez, bazekien suspendituta zegoela, baina ez zekien ezer ere egindako gainerako proben balorazioari buruz.

    Gehitzen du epaimahaiak ebaluatzeko erabili zuen modu hori ez zela zuzena izan, eta eskubidea zeukala ariketako hiru atalak zuzenduak eta puntuatuak izateko.

  2. Kexa aurkeztuta, Tuterako Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2010eko apirilaren 14an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, honakoa ageri da hitzez hitz:

 

Tuterako Udaltzaingoko 8 lanpostu betetzeko deialdia 2010eko urtarrilaren 18ko 8. NAOn argitaratu zen.

 

Oinarrietako 5. puntuan (Oposizioa nola eginen den), ezartzen da ezen bigarren proba (“C”) izanen dela idatzizko hiru ariketa egitea, “a”, “b” eta “c”, eta honakoa zehazten da: “Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren”.

 

Epaimahaiak erabaki zuen hiru ariketak egun berean egitea, zehazki 2010eko martxoaren 29an.

 

Deialdiko 6. oinarriak (Proben balorazioa) ezartzen du probak eta probetako ariketak nola baloratuko diren. Zehazki, bigarren probarako, hain zuzen kexa aurkeztu duen kexa-egileak aipatzen duenerako, ezartzen du zenbat puntu emanen diren ariketa bakoitzean eta zenbat izanen diren ariketa bakoitzean gutxienez ere lortu beharreko puntuak. Jasota ageri da bazterturik geratuko direla edozein ariketatan gutxieneko kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

 

Zuzenketan arintasun handiagoa lortzeko, epaimahaiak erabaki zuen bigarren probako (“C”) “e” ariketa zuzentzea lehenbizi; gero “a” ariketa zuzenduko zuten; eta, azkena, “b” ariketa.

 

6. oinarrian ezarritakoa betez, ariketa bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortzen ez zuten izangaiei, baztertuta geratu ondoren, ez zitzaizkien gainerako ariketak zuzenduko, zeren eta, horietan gehieneko puntuazioa lortuta ere, EZ GAI deklaratuko baitziren, deialdiaren arabera ariketa guztiak gainditu behar baitira.

 

16. plikak –plikak irekitzeko ekitaldiaren ondoren ikusi zen [?] jaunari zegokiola– 10,75 puntu lortu zituen bigarren probako “e” ariketan; hartarako, izan ere, deialdian exijitzen zen gutxienez ere 12,5 puntu lortzea; hori dela eta, izangaia bazterturik geratu zen eta ez zen plika horren ariketa gehiago zuzendu.

 

Horrenbestez, epaimahaiak deialdiko oinarriak betearazi besterik ez zuen egin, hain zuzen ere deialdian ezarritako moduan.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 2010eko urtarrilaren 18ko 8. zenbakian argitaratutako deialdia eta Tuterako Udalak emandako txostena irakurrita, ondorioztatzen dugu kexa eragin duen jarduketan, epaimahai kalifikatzaileak ez dituela deialdiko oinarriak urratu, ez eta funtzio publikoan sartzeko inongo araurik ere. Ez dio, ezta ere, babesgabetasunik eragin kexa-egileari.

    Ariketak zuzentzeko prozesua diseinatzeko daukan zuhurtziarakotasun teknikoaren barruan, epaimahai kalifikatzaileak hautatu du oposizioko bigarren ariketa azkarren zuzentzeko eta amaitzeko sistema.

    Ez dugu atzeman, beraz, kexa-egileak funtzio publikora sartzeko daukan eskubidea urratu denik.

  2. Aurrekoa ezarrita, atzeman daiteke epaimahai kalifikatzailearen jokabideak ez dituela ase azterketa-egileen nahiak eta igurikapenak, hain zuzen ere izangaiei, logikoa denez, interesatzen baitzaie jakitea egindako proba edo ariketa guztietan epaimahai kalifikatzaileak zein balorazio egin duen, zeren eta ezagutza horrek aukera emanen bailieke, ziur asko, nolako prestakuntza-maila duten egiaztatzeko, zehazki behar zen gutxieneko puntuazioa erdietsi ez duten gaietan edo ariketetan; izan ere, horrela aukera izanen lukete beren ezagutzak osatzeko edo perfekzionatzeko eta hurrengo deialdietarako hobeki prestatzeko.

    Azaldutakoa dela eta, gogora ekar daitezke herritarren eskubide batzuk eta jardun administratiboan –eta horrenbestez epaimahai kalifikatzaileen jardunean– aplikatzekoak diren printzipioak; esate baterako, informaziorako eskubidea, administrazioaren funtzionamenduan gardentasuna izateko eskubidea, herritarrei arreta egokia emateko eskubidea, agintariek eta funtzionarioek begiramenez tratatuak izateko eskubidea eta antzeko beste batzuk. Eta administrazioek, izan ere, herritarren eskubide horien betebehar korrelatiboak badauzkate; besteak beste, hartu-eman administratiboetan haiei informazioa eta laguntza emateko betebeharra. Berriz ere diogu ez dugula atzeman eskubide horietako bakarra ere urratu denik. Alabaina, organo administratiboek, beren jardueretan, eskubide horiek oso presente egoteak berekin ekar dezake inplikatutako herritarrekiko jokabide zintzoagoak edo haien aldekoagoak.

    Azken batean, kontuan izanda izangaiek epaimahai kalifikatzailearen eskutik ahal den informazio gehien lortzeko daukaten nahi arrazoizkoa eta, harekin batera, organo administratiboek, epaimahai kalifikatzaileek barne, arestian aipatutako herritarren eskubideak –bereziki, informaziorako eskubidea– eraginkorrago egiteko beti egin behar duten ahalegina, erakunde honen iritziz gomendagarria da ezen administrazioetako lanpostuak betetzeko oposizioetan izangaiek eginiko probetako fase edo ariketa guztiak zuzen daitezela, nahiz eta fase edo ariketa horiek baztertzaileak izan, eta izangaiei ariketa bakoitzean eta proba osoan lortutako puntuazioa eman dakiela.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

 

EBATZI DUT:

 

  1. Tuterako Udalari iradokitzea behar diren jarraibideak eman diezazkiela epaimahai kalifikatzaileei izangaiek oposizioetan eginiko fase edo probetako ariketa guztiak zuzentzeko eta puntuatzeko, eta izangaiei ariketa bakoitzean lortutako puntuazioa jakinarazteko. Iradokizun hori kasu zehatz honetan ere beteko litzateke, nahiz eta horrek inongo eraginik ez izan orain arte egindakoa aldarazteko.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

     

  3. Interesdunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia