Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Molestias ocasionadas por la ubicación de parada de autobuses
Exp: 10/104/O
Nº: 69
Zerbitzu publikoak
2010eko otsailaren 5ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Azagrako Udalaren aurka, autobus geltoki baten kokapenarengatik eta baldintzengatik.
Kexa-egileak, zeina [?] kaleko [?] zenbakian bizi baita, azaltzen du joan den udan Azagrako Udalak autobus geltoki bat jarri zuela bere etxebizitzako ateriaren parean.
Adierazten du ordutik zenbait konpainiatako autobusak bere etxebizitzaren aurrean gelditzen direla eta haien zain dauden pertsonek bere atarian bilatzen dutela babesa. Hori dela eta, gisa guztietako eragozpenak sortzen dituzte; esate baterako, egunsentirako zaratak hastea, zikinkeria, ezin aparkatzea...
Azaltzen du bere atariaren ondoan garaje plaza bat daukala eta, askotan, autobusak bertatik kentzeko zain egon behar izaten duela bere ibilgailuarekin irten ahal izateko.
Adierazten du udalak aukeratu duen tokia ez dela egokia, bizilagunei eragiten dizkien eragozpenengatik; halaber, azaltzen du autobus geltokiak ez duela markesinarik, eta ez dituela funtzionatzeko behar diren ezaugarriak biltzen.
Baieztatzen du bi idazkiren bidez Azagrako Udalera jo duela (2009ko irailaren 3an eta 2010eko urtarrilaren 26an) egoera salatzeko eta konponbide bat eskatzeko (zehazki, bere iritziz geltokia jartzeko guztiz egokiak izan daitezkeen beste toki batzuk adierazi zituen, behar bezala egokitutako geltokia izateko eta bizilagunei eragozpenik ez sortzeko). Hala eta guztiz ere, interesdunak dioenaren arabera, udalak ez die idazki horiei erantzunik eman.
Udal horrek igorri eta alkateak sinatutako txostenean, honakoa ageri da:
Geltokia ez zela joan den urtean jarri, eta orain dela urte asko jarri zela toki horretan.
Haurrak San Adriango Institutura eta jendea Kalagorrira eramateko autobusak baizik ez direla bertan gelditzen. Gainerako autobusek noizean behin gelditzen dira inguruetan, baina ez kexa-egilearen atarian.
Kexa-egileak geltokia jartzeko beste toki batzuk adierazi dituela, baina horiek ez direla udalarenak eta, berak adierazitako tokian, autobusek ezin dutela buelta eman beren jomugara joateko.
Erakunde honetan aurkeztutako kexa Azagrako Udalaren jardunaren aurkakoa da, geltoki baten kokapenarengatik eta geltoki hori gaizki egokituta egoteagatik. Kexa-egilea, zeina geltokiaren ondoko etxebizitza batean bizi baita, bi idazki igorri zizkion Azagrako Udalari. Haietan, pairatutako enbarazuak salatzen zituen eta kokapena aldatzeko eskatzen zuen.
Idazkiak ez ebazteari dagokionez, esan beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen duela: administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Gainera, aplikatzekoa den araudian ezarritako gehieneko epeak bete beharko dira.
Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela, eta hiru hilabeteko epean egin behar duela hori, aurkakoa dioen arau berariazkoagorik ez badago.
Udalaren txostenean aitortzen da ez zaiola interesdunaren eskariari erantzun espresik eman; hori dela eta, ezinbestez horren inguruko legezko betebeharren gogorarazpena egin behar diogu udalari, adieraziz, nolanahi ere, planteatutako sakoneko arazoari buruzko erabakia zein den alde batera utzita, Azagrako Udala herritarrak aurkeztutako eskaria ebatzi beharrean dagoela.
Sakoneko gaiari dagokionez, berriz, kexan aipatzen da zeinen desegokia den autobus geltokiaren kokapena eta egituratzea. Izan ere, horrek guztiak eragozpenak eta deserosotasunak eragiten dizkio interesdunari.
Azagrako Udalak, berriz, baieztatu du autobus geltokia kokatzeko beste aukera batzuk aztertzen ari dela; zehazki, balizko beste kokaleku batzuk baloratzen ari direla dio, enbarazuak saihesteko eta arazoari konponbidea emateko.
Oro har, adierazi beharra daukagu herritarrei zuzendu ohi zaizkien zerbitzu publikoek edo jendearentzako zerbitzuek zenbait eragozpen sortzea –batzuetan saihestezinak baitira– ez dela, berez, Konstituzioak babesturiko eskubideak urratzea, horiexek baitira erakunde honek zaindu behar dituenak, betiere eragozpen horiek jasan daitekeenaren eta arrazoizkoa denaren barruan baldin badaude. Hala eta guztiz ere, administrazio publikoek eta udalek, bereziki, ahaleginak egin behar dituzte, beren eskumenen barruan, eragozpen horiek ahal den guztian gutxitzeko, eta balizko konponbideen artean, xede horretarako lagungarri gertatzen direnen alde egin behar dute.
Planteaturiko kasu zehatzean, kexaren nolakoa eta udalak emandako informazioa bera kontuan izanda –izan ere, geltokia kokatzeko beste aukera bat bilatzen ari da–, gure ondorioa da egiazki herritarrak egindako salaketak oinarria baduela eta, horrenbestez, udalari iradoki nahi diogu ahal den bezain laster hasitako kudeaketak buka ditzan, geltokia enbarazu gutxien sortuko dituen beste toki batean jartzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Azagrako Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarren eskabideei eta eskariei espresuki erantzutera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Azagrako Udalari iradokitzea ahal den bezain laster hasitako kudeaketak buka ditzan, geltokia enbarazu gutxien sortuko dituen beste toki batean jartzeko.
Azagrako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2010eko urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia