Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Apirilaren 15eko 68/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 apirila 15

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Discriminación en el acceso al ciclo 0 a 3 de los niños que nacen con posterioridad al mes de abril

Exp: 09/147/E

: 68

Hezkuntza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo otsailaren 25ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen, haurrak 0 eta 3 urte bitarteko zikloan onartzeko prozesuaren inguruan.

    Zehazki, azaltzen zigun aita izanen dela datorren uztailean eta semea lehenbailehen haur eskolan hastea nahi duela. Alabaina, lehen zikloan sartzeko 16 aste beteak izan behar dituenez, uste du beste haurrak baino egoera txarragoan dagoela. Bestalde, adierazten zuen lehen ikasturte horretan bere semea, behar besteko adinik ez duenez, ezin joan daitekeela haur eskola publikora, eta jadanik haur hezkuntzako bigarren ikastaroan matrikulatutako ikasleek dutenez lehentasuna, inork plazari uko egiten ez badio bere semea berriro ere kanpoan geldituko dela.

    Horregatik, eskatzen zuen 2009-2010 ikasturterako gorde dadila plaza baterako eskubidea, dagokion esleipen baremoaren barruan, 16 aste betetzean haurra eskolan has dadin (bere kasuan, bere semea azaroaren 1ean sartuko litzateke), edo, hori bideragarria ez bada, eskatzen zuen datorren ikasturtean, 2010-2011n, bigarren mailako ikasle guztiei ezar dakiela baremoa, 2009ko apirilaren 12a baino lehen jaiotakoendako gordetako plazak kenduta. Izan ere, haren ustez, berriro ere diskriminatu egiten dira, baremo baldintza berberetan, 2009ko apirilaren 13tik abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak.

  2. Kexa aztertuta, Hezkuntza Departamentuari txostena eskatu genion. Aurtengo martxoaren 27an jaso dugu departamentu horren erantzuna. Hauxe dio hitzez hitz:
    Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak otsailaren 2an emandako 21/2009 Ebazpena, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2009/2010 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura onartzen duena, onartuta zegoen ordurako, eta geroago argitaratu zen, 28. zenbakiko NAOn, 2009ko martxoaren 6an. Horregatik, haren eskabidea ezin har daiteke 2009/10 ikasturtekotzat.
    2010/11 ikasturtean aplikatzeko aukerari dagokionez:
    Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak, hauxe xedatzen du 12. artikuluan, onarpenari buruzkoan: “Inola ere ez da onartuko 16 astetik beherako haurrik”. Arau hori ikastetxe publikoetan eta pribatuetan da aplikatzekoa.
    Onarpen prozesua ikasturtean behin egingo da. Alabaina, betiere plazaren bat hutsik gelditu bada eta onarpen prozesu arruntean sortutako itxaronzerrenda agortu bada, onarpen eskabide berriak aurkeztu ahalko dira ikasturtean zehar, ezarritako ohiko epetik kanpo, hurrengo ikasturterako eskabideak aurkezteko epea hasi arte:
  • Betiere haurrek 16 aste beteak badituzte.
  • Betiere eskabidea egiteko orduan 12 hilabete beteak badituzte, bularreko haurrendako instalaziorik ez duten zentroen kasuan.
    Zentro kopuruaren, unitateen, eskainitako plazen eta hizkuntza modalitatearen plangintza egiteko ardura zentroetako erakunde titularrek izanen dute, hau da, udalek eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentuak.
    Gainera, ez da beharrezkoa inork uko egitea 1 eta 2 urte bitarteko haurren unitateetan plaza hutsik izateko. Izan ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, 0 eta 1 urte bitarteko haurren unitateetan 8 haur izan daitezke gehienez ere, eta 1 eta 2 urte bitartekoetan 12.
    Jaio gabeko haurrei 16 aste bete arte eta modu horretan zentroan hasteko aukera izan arte plaza bat gordetzeko aukera emateak berekin ekarriko luke denboraldi batez —zenbait kasutan sei hilabete ere izan litezke— plaza batzuk hutsik geratzea, baldintza guztiak betetzen dituztelarik, are haur hezkuntzako lehen zikloko zentroetan sartzeko ezarritako gutxieneko adina betetzen dutelarik, zentroan sartzerik ez luketen eta itxaronzerrendan egonen liratekeen haurren kaltetan.
    Halaber, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak hezitzailetzat hartzen du haur hezkuntzako lehen zikloa, eta Nafarroako Foru Komunitateak, lehen aipatutako Foru Dekretuaren bidez, helburuak eta printzipio pedagogikoak eta ebaluaziokoak garatzen ditu, bai eta hezkuntza edukiak ere. Haur bakoitzaren gaineko planteamendu pedagogikoa, helburua haurren garapen fisiko, afektibo, sozial eta intelektuala laguntzea delarik, zentroan sartzean hasten da, eta ziklo osoan du jarraipena. Beraz, planteamandu psikopedagokiko ororen kontra doa prozesu hori behin hasitakoan haurrei berriz baremoa ezartzeko aukera, prozesu horrek dakartzan ondorioak kontuan hartuta.

AZTERKETA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak Haur Hezkuntza arautzen du I. kapituluko I. tituluan, eta haurrak jaiotzen direnetik sei urte bete arte hartzen dituen identitate propioko hezkuntza etapa gisa taxutzen du. Orobat, adierazten du etapa hori borondatezkoa dela, eta haurren garapen fisiko, afektibo, sozial eta intelektualean laguntzea duela helburu. Hori bera dio martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak.

  1. Interesdunak planteatzen zuen bazitekeela bere semeak diskriminazioa edo konparaziozko bidegabekeria pairatzea, urtarrilaren 1etik apirilaren 12ra jaiotzen diren beste batzuen aldean. Izan ere, uztailean jaioko da, eta, beraz, ez ditu beharrezko 16 asteak beteak izanen 0-3 urtekoen zikloan onartua izateko.

    Horri dagokionez, Espainiako Konstituzioko 14. artikuluak berdintasunaren printzipioa ezartzen du, honako hau xedatuz: “Ez da inolako bereizkeriarik eginen jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein baldintza zein egoera pertsonal edo sozial dela eta”.

    Artikulu hori Konstituzio Auzitegiak interpretatu du, besteak beste, apirilaren 76/1990 epaian. Izan ere, honela dio: “a).-Legean egiten den tratu desberdintasun orok ez du urratzen Espainiako Konstituzioko 14. artikulua; aitzitik, berdintzat jo daitezkeen egoeren artean diferentzia dakarren eta justifikazio objektibo eta arrazoizkorik ez duen desberdintasun hark soilik sortzen du urratze hori. b) -Berdintasunaren printzipioak exijitzen du egitatezko baldintza berberei ondorio juridiko berberak aplikatzea; hori horrela, elementu diferentziagarriak erabiltzea edo sartzea arbitrarioa denean edo funts arrazionalik ez duenean jo behar dira berdintzat egitatezko bi baldintza. c) -Berdintasun printzipioak ez dio legegileari debekatzen tratu desberdina ematea, baizik eta soilik desberdintasun maltzurrak edo justifikaziorik gabeak ematea, irizpide objektiboetan eta behar bezain arrazoizkoetan oinarrituta ez daudelako, oro har onartutako irizpideen eta balio judizioen arabera. d). -Azkenik, bereizketa egitea konstituzionalki bidezkoa izan dadin, ez da aski horrekin lortu asmo den xedea hala izatea; horrez gainera, nahitaezkoa da bereizketa horren ondorio juridikoak xede horretarako egokiak eta proportzionatuak izatea, halako moldez non hartutako neurriaren, sortu den emaitzaren eta legegileak lortu asmo duen xedearen artean proportzionaltasun judizioa gainditzen den Konstituzioaren esparruan, oso emaitza zailak edo neurriz kanpokoak saihestuta”.
    Interesdunaren semeak beste adin batzuetako haurren aldean duen egoera ez da berbera, eta, beraz, aipatutako jurisprudentzia hori aplikatuz, ezin esan daiteke, zentzu hertsian, berdintasun printzipioa urratzen denik une konkretu batean betekizun jakin batzuk ezartze hutsagatik.

  2. Bestalde, onarpen prozesuari gagozkiolarik, beharrezkoa da adieraztea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak otsailaren 2an emandako 21/2009 Ebazpenak, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2009/2010 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura onartzen duenak, 23. artikuluan xedatzen duela onarpen eskabide gehiago aurkeztu ahalko direla ikasturtean zehar, ezarritako ohiko epetik kanpo, hurrengo ikasturterako eskabideak aurkezteko epea hasi arte.
    1. Betiere haurrek 16 aste beteak badituzte.
    2. Betiere eskabidea egiteko orduan 12 hilabete beteak badituzte, bularreko haurrendako instalaziorik ez duten zentroen kasuan.

      Eskabide horiek plazaren bat hutsik gelditzen bada hartuko dira kontuan, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaronzerrenda agortu bada. Plazak eskabideen aurkezpen egunaren arabera esleituko dira.

      Beraz, interesdunaren semeak 16 aste betetzen dituenean, gutxi gorabehera azaroan, eskabidea aurkeztu ahalko du, eta onartu ahal izanen dute, plazaren bat hutsik gelditzen bada eta itxaronzerrenda agortu bada.

  3. Azkenik, jaio gabeko haurrendako plazak gortzeko aukerari dagokionez, arrazoizkoa dirudi Hezkuntza Departamentuaren jarrerak. Izan ere, interesdunak planteatutakoak ondorio ekarriko luke hutsik dagoen plaza bat okupatzea, betekizun guztiak betetzen dituztelarik zentroan sartu ez diren eta itxaronzerrendan gelditu diren haurren kaltetan.
  4. Aurrekoa gorabehera, egia da, oro har, 0 eta 3 urte bitarteko haurren ziklorako onarpen prozesua arrazoizkoa dela, epe arrunta amaitutakoan eta haurrak eskatutako 16 asteak betetakoan onarpen eskabideak aurkezteko modua ematen duen aldetik, baina, praktikan, apirilaz geroztik jaiotzen diren haurrek ez dute ia batere aukerarik plaza bat lortzeko; izan ere, hutsik geldi litezkeen plazak onarpen epe arruntaren ondoren itxaronzerrendan gelditu diren haurrek beteko dituzte.
    Azken urteetan gure gizartean gertatu diren aldaketa kultural eta ekonomikoek aldatu egin dituzte familia ereduak, eta beste gizarte behar batzuk sortu dira. Behar horiei, bada, erantzun egin behar zaie. Emakumea lan munduan sartzearekin bat, seme-alabak dituzten bikote gehiagok egin behar dituzte bateragarri bien lana eta seme-alaben hezkuntza. Areago gertatzen da hori guraso bakarreko familien kasuan.
    Ondorioz, eztabaidaezina baita ziklo hori hezitzailea dela, erakunde honek uste du eskaintzaren plangintza egiteko orduan kontuan hartu behar direla gurasoen beharrak, familia bizitza eta lan bizitza bateratu ahal izateko.
    Errealitatea hauxe da: urtero, haur asko gelditzen dira 0 eta 3 urte bitartekoen zikloan plaza bat lortzeko itxaronzerrendan, horrek guraso askorentzat lan bizitza eta familia bizitza bateratzeko dakarren kaltearekin. Ziklo horretarako hezkuntza eskaintza ez da nahikoa dagoen eskariari erantzuteko.
    Horri dagokionez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko 15. artikuluak hauxe xedatzen du: “Herri-administrazio publikoek lehen zikloko plaza publikoen eskaintza pixkanaka gehitzea sustatuko dute. Era berean, haien arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetzarako politikak koordinatuko dituzte, ziklo horretan hezkuntza-eskaintza bermatzeko. Horretarako, toki-korporazioekin, beste administrazio batzuekin eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak egin ahal izateko baldintzak zehaztuko dituzte”.
    Horretarako, kontuan hartuta egokitzapenik ez dela 0 eta 3 urte bitarteko haurren zikloan dauden plazen eta ziklo horretan sartzea eskatzen duten haurren kopuruaren artean, erakunde honek uste du beharrezkoa dela plazen eskaintza publikoa handitzea, familia bizitza eta lan bizitza bateratzea errazte aldera.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea egin ditzala beharrezko jarduketak 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako plazen eskaintza publikoa handitzeko, apirilaz geroztik jaiotzen diren haurrek plazaren bat lortzeko benetako aukera izan dezaten.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia