Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Inadecuación de medios dedicados a las clases de euskera recibidas por empleados de la Administración, organizadas por Euskarabidea-Instituto Navarro del Vascuence
Exp: 09/149/E
Nº: 66
Hezkuntza
2009ko otsailaren 25ean, idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten, Euskarabideak Administrazioko enplegatuentzat antolatutako euskara eskoletarako jarri zituen baliabideak desegokiak zirela eta.
Bertan azaltzen denez, duela 12 urtetik, eskolak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan eman izan dira. Egoitza aldatuko zutela ohartarazita, ikasleei jakinarazi zitzaien Donibane Institutua zela horretarako hautatutako lekua. Eskariari erantzuteko 10 eta 15 ikasgela bitartean behar ziren, eta soil-soilik 5 edo 6 egokitu zituzten. Beraz, euskara eskolak 07:00etatik 09:00etara hartzen dituzten taldeek Jose Maria Iribarren ikastetxera joan behar izan zuten.
Horrez gain, adierazi dute ikastetxe horretan izan zuten lehen eskola egunean ez zutela sartzerik ere izan, ez zegoelako atea irekiko zien inor, eta denbora luzean itxaron ondoren alde egin behar izan zutela.
Salatu dute irakasleak etortzerik izan ez duenean ezin izan dutela eskolarik hartu, ordezkorik jarri ez dutelako.
Gainera, baieztatu dute ikastetxe horretan ez dutela ikus-entzunezko baliabide egokirik ikasteko, eta lehen bazituztela.
Azken batean, salatu dute giza baliabideak eta baliabide materialak nabarmen eskasagoak direla, eta horren ondorioz okertu egin dela euskararen irakaskuntzaren kalitatea.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari. Zehazki, alderdi hauen gaineko informazioa eskatu zitzaion:
“Kontuan hartuta martxoaren 5ean idazki bat bidali zenigula eta haren bidez kexa bat berri helarazi zenigula Euskarabideak Administrazioko enplegatuentzat antolatutako euskara eskoletarako baliabideak desegokiak direla dioena, hona hemen egindako lau galderen erantzuna.
a) Zergatik aldatu den eskolak emateko lekua, eta, zehazki, zergatik aldatu diren ikasle jakin batzuk hasieran aurreikusitako ikastetxera ez beste batera.
Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa sortu zuen irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuak ezartzen duenez, institutu horren eginkizunetako bat da euskara irakasteko —bereziki helduei irakasteko— giza baliabideak eta baliabide tekniko eta materialak kudeatzea.
Horren ondorioz, ENIko euskaltegi zaharra Euskarabidera pasatu zen, Hezkuntza Departamentuan sartutako erakunde autonomora, alegia. Horregatik planifikatu zen euskarako ikasgelak ENItik ateratzea eta Hezkuntza Departamentuaren mendeko zentroetara eramatea. Euskarabide osoko bulegoak eta despatxuak Donibane zentroan bateratu dira, eta han kokatuko dira Euskarabideko teknikari guztien despatxuak, hala plangintza teknikarienak nola trebakuntza teknikarienak.
Trebakuntza eskoletarako ikasgelak behar zirenez, planifikatu zen 07:00etatik 09:00etara ematen diren ikastaroak Jose Maria Iribarren ikastetxean emango zirela; izan ere, ikastetxe horretan helduen irakaskuntza ematen da, eta, beraz, ikasgelak libre daude ordutegi horretan. Jose M. Iribarren ikastetxea oso leku egokian dago; izan ere, aparkaleku handi bat du, nahiko gertu dago ospitale eremutik —eta hor langile asko dago euskaraz trebatzeko zerbitzua eskatzen duena—, garraio publikoa du, eta, azkenik, ikastetxe hori Euskarabidearen egoitzatik gertu dagoenez, erraz lekualda daitezke zeregin horiez arduratzen diren teknikariak.
Gainerako ikastaroak Euskarabidearen egoitzan, Donibane Institutuan, emateko planifikatu ziren.
b) Zer dela-eta dagoen salatutako ikasgela gabezia hori, eskaria kontuan hartuta.
Gaur egun, Euskarabidea 410 funtzionariori ari zaie euskarazko eskolak ematen, 27 taldetan banatuta. Donibane egoitzan, 8 ikasgela arrunt eta informatikako gela bat daude, eta 20 talderi ematen zaizkie eskolak egoitza horretan. Gainerako zazpi taldeei Jose M. Iribarren ikastetxe publikoan ematen zaizkie eskolak. Ez dago ikasgela gabeziarik. Ez baitago ikasgelarik ez duen talderik.
Euskarabideak 2009-2010 ikasturterako bere prestakuntza eskaintza handitzea proposatzen du, eta, horretarako, zentro eta egoitza berriak erabili ahal izatea proposatzen du, prestakuntza eskolak eman ahal izateko. Ez dago inolako asmorik eskolak soil-soilik Donibane egoitzan emateko; aitzitik, beharraren arabera, beste instalazio batzuk erabiliko dira.
c) Zergatik ez den, dirudienez, eskolarik eman egun batzuetan.
Egun bakar batean ez da eman eskolarik, 2009ko ikasturteko lehen egunean hain zuzen ere. Jose M. Iribarren ikastetxea goizeko zazpietan ireki behar zuen pertsona ez zen agertu, eta, beraz, ez Euskarabideko Trebakuntza Ataleko burua eta ez irakasleak eta ikasleak ezin izan ziren eskolara normal joan. Hala, Ataleko buruak eskolak bertan behera utzi zituen goizeko zazpi eta erdietan, zentrora sartzerik ez zutenez gero.
Oso bestelako kontua dira irakasleek hartutako baja medikoen ondorioz zerbitzuan izan diren gorabeherak. Hala, baja laburrak sortzen direnean, zentroak berak ematen dizkie eskolak ikasleei, bere ohiko baliabideekin (trebakuntza teknikarien ordutegian sartuta dago ordezkatzeak egiteko denbora tartea, eta koordinazio didaktikoaz arduratzen den teknikariak, muturreko kasuetan, badu denbora tarte bat talde horiek baimentzeko).
Baja medikoa luzea bada, ordezkoa eskatzen zaio Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari. Horretarako, une hauetan, ordezkoen bi zerrenda daude. Lehenengoa, hautaketa proben deialdi batetik egin zen (urtarrilaren 228/2008 Ebazpena). Zerrenda hori, batzuetan, agortuta egoten da. Bigarrena, berriz, otsailean egin ziren proba batzuetatik egin zen. Zerrenda horretatik, gaur egun, pertsona bat dago kontratatuta (2009ko urtarrileko 108/2009 Ebazpena).
Bigarren kontu horren gaineko kexaren arrazoiei dagokienez, adierazi behar da abenduan eta urtarrilean hainbat baja gertatu zirela aldi berean.
Gaur egungo zerrenda agortuta dago, eta zailtasunak izan genituen hutsik gelditutako lanpostuak behar besteko bizkortasunez eta lastertasunez betetzeko. Nolanahi ere, lehen egunetan baliabide propioekin jardun zen, harik eta pertsona bat kontratatu zen arte. Hark bi astean eman zuen zerbitzua, Eguberrietako oporrak arte. Urtarrilaren bukaeran, beste pertsona batek baja hartu behar izan zuen, eta hura berehala ordezkatu zen. Otsailean ere izan zen arazo bat beste talde bati eskolak emateko, eta beharrezkoa izan zen plantillatik aparteko beste langile bat kontratatzea. Eta, gaur egun, zerbitzu osoak normal funtzionatzen du.
Hau da, egun bakar batean utzi behar izan zituzten eskolak bertan behera, eskolazaina zentroa irekitzera etorri ez zelako. Ondoren, langileren batek gaixo-agiria hartzen badu, beste teknikari bat arduratzen da haren taldeaz, tutore lana egin gabe, eta gaixoaldia luzatuz gero, beste tutore bat izendatzen da.
d) Zer dela-eta falta diren, ustez, ikasteko baliabide material egokiak.
ENIko ikasgelak Euskarabidearen egoitzara eta Jose M. Iribarren ikastetxera abenduan aldatu ziren, eskolak amaitu zirela baliatuta. Lekualdatze horretan, beharrezko materiala ekarri zen ENIko ikasgeletatik (mahaiak, aulkiak, armairuak, telebistak eta irudia eta soinua erreproduzitzeko tresnak).
Material horrez gain, teknikariek egiten duten trebakuntza lanerako beharrezko material guztia lekualdatu eta instalatu zen, eta funtzionamenduan jarri (ordenagailuak, erreproduzigailuak, eskanerra, fotokopiagailua eta abar). Euskarabidearen egoitzan ikasgela berriak martxan jarrita, ordenagailu bana jarri da ikasgela bakoitzean, bai eta armairu berriak ere.
Lekualdatze horretan, material ugari berritu da: ordenagailuak, bideoak eta abar. Hala, inolako zalantzarik gabe baiezta daiteke gaur egungo materiala lehengoa baino hobea dela. Horrek ez du esan nahi hobetu beharreko materialik ez dagoenik. Institutuaren zeregina da hondatzen den materiala konpontzea eta zaharkitua dagoena aldatzea. Hala, iaztik, ikus-entzunezko materiala aldatzen gabiltza, horien iraunkortasuna ziurtatzeko eta teknologia berrien aurrerapen prozesura euskarri egoki batekin egokitzeko. Horretarako, hainbat tresna erosi dira, eta denbora inbertitzen ari gara.
Bestalde, autoikaskuntza ikastaroak egiteko modua ematen duten aplikazio informatikoak mantentzen, ezartzen eta hobetzen ari da Euskarabidea. 2009. urtean, ikastaro horiek egokituko dira, MOODLE plataforma berriaren bidez. Horretarako, teknikariak tresna berri hori erabiltzeko trebatzen ari dira, eta materialen egokitzapen informatikoa (formatuak) egiten ari gara.
Nabarmendu behar da Nafarroako Gobernuak 900.000 eurotik gora inbertitu dituela Euskarabideak Donibane Institutuan dituen instalazio guztiak berritzeko. Modu horretan, hala ikasgelak nola irakasleen gela, bulegoak eta beste gelak guztiz berritzea lortu da. 700.000 eurotik gora erabili dira berriztatze lanetarako, eta 120.000 euro baliabide material, informatiko, ikus-entzunezko eta abarretarako”.
Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak xedatzen du gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak direla, eta, beraz, herritar guztiek dutela ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea (2.1 artikulua).
Lege arau horren beraren helburua da herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea, Nafarroako euskararen berreskurapena eta garapena babestea eta euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea (1.2 artikulua).
Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz, 18/1986 Foru Legeko 24. artikuluak Foru Komunitateko Administrazioaren esku uzten du euskaraz trebatzeko ikastaroak antolatzea, hizkuntza horretan dakiten behar beste langile badirela ziurtatzeko.
Aurkeztutako kexan aipatzen da ez dagoela baliabide egokirik Foru Komunitateko Administrazioak enplegatu publikoentzat hala enplegatuen beren interesean nola oro har gure komunitatean erakunde publikoarekin harremanak dituzten herritarrenean antolatzen dituen gaitze ikastaro horietako batean.
Jakina, Administrazioak bere baliabideak izan behar ditu ikastaro horiek antolatzeko, modu egokian egin daitezen. Printzipio hori ez da herritar guztiek zerbitzu publikoak behar besteko kalitatearekin emateko duten eskubidearen adierazpen bat baizik (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 13.2 artikulua).
Argi dago, halaber, bere giza baliabideak edo baliabide materialak antolatzeko orduan Administrazioak baduela aukeratzeko tarte bat, eta gauza bera dela hori esatea eta lege ikuspegitik baliozkoak diren hainbat irtenbide har ditzakeela esatea, non eta irtenbide horiek ez duten inolako funtsik, eta ez diren arbitrarioak edo irrazionalak. Alde horretatik, kexaren edukiari dagokionez, erakunde honek ezin du eztabaidatu zein diren egokiagoak, egoitza batean edo bestean ematen diren ikastaroak. Izan ere, nahikoa justifikatu da erabaki hori zergatik hartu den.
Daukagun informazioa kontuan hartuta, ezin ondoriozta dezakegu Euskarabidea, oro har, bere legezko betebeharra betetzen ari ez denik, euskarazko trebakuntza ikastaroen garapen egokia bermatzeko behar beste neurri hartzeari dagokionez.
Dena dela, adierazi behar dugu badirela hobetu daitezkeen eta hobetu behar diren hainbat alderdi. Hala, ezin utz dezakegu aipatu gabe gaitzesgarria eta Administrazioari egotzi beharrekoa dela eskola bat bertan behera uztea, inor zentroa irekitzera joan ez delako. Ezin har daiteke normaltzat ere langile ugarik gaixo-agiria hartu dutela-eta ikasleei behar bezalako arreta ezin ematea. Izan ere, Administrazioaren betebeharra da behar besteko langile baliabideak izatea halako kasuetan ordezkoak ekartzeko.
Azkenik, zehazki Jose Maria Iribarren ikastetxean dauden baliabide materialei dagokienez, badakigu ikasgela bakoitzak ez duela ordenagailu bat, eta, bidali diguten txostenaren arabera, Euskarabidearen egoitzan ikasgela bakoitzeko bat badela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea har ditzala behar diren neurriak langileria arloan eta baliabide materialen hornikuntzaren arloan, Administrazio Publikoko langileendako euskarazko trebakuntza ikastaroak behar bezala garatuko direla guztiz bermatzeko.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia