Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos y otras afecciones producidas en instalación deportiva municipal
Exp: 09/872/M
Nº: 67
Ingurumena
2009ko abenduaren 18an, [?] andreak (eta beste bi pertsonak) izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Iruñeko Udalaren aurka, udalaren San Agustin kaleko kirol instalazioak [?] kaleko [?] zenbakietako bizilagunengan eragiten dituen eragozpenengatik.
Azaltzen dute “Pamplona Casco Histórico” sozietate publikoak, zeinak kirol instalazioaren obrak sustatzen baititu, ez duela axolarik batere erakutsi bizilagunek kirol instalazioan atzeman dituzten gabeziak eta irregulartasunak direla eta.
Gabezi nagusiak aipatzen dituzte; honakoak, besteak beste:
Lehenengoa.- Instalazioak sortzen dituen zaratak, edozeinentzat jasanezinak eta arauetan ezarritako gehieneko maila gainditzen dutenak.
Kexa-egileek eskatzen dute arauetan ezarritako mugak errespeta daitezela.
Bigarrena.- Fatxadan leihoak ireki dituzte, 296 lursailetik ([?], 29) 1,5 metro baino distantzia txikiagoan. Leihoak 1,20 x 3,00 metrokoak dira, finkoak eta kristal gardenekoak.
Kexa-egileek eskatzen dute kode zibilean adierazitako distantziak eta neurriak bete daitezela.
Azpimarratzen dute, halaber, ezen, lege-alderdiak alde batera utzita, zentzurik ez duela sukaldeen eta logelen aurrean lau metro baino distantzia txikiagoan leihoak jartzea.
Hirugarrena.- [?] kaleko [?] zenbakiko 29. ataria eta kirol instalazioa bereizten dituen horma (antzinako eraikineko fatxada) ez da eraitsi, antzinako eraikineko gainerako guztia eraitsi bada ere.
Kexa-egileek konponbide bat eskatzen dute, haientzat inongo kostu ekonomikorik izanen ez duena.
Laugarrena.- Obrak egin bitartean, zenbait kalte eragin dira. Horiek identifikatuta daude, argazkiak atera baitzaizkio, eta “Pamplona Casco Histórico” sozietate publikoari eskuratu zaizkio.
Gaur egun, konpondu gabe daude, eta sozietate publikoak, gainera, ez du bere erantzukizuna onartu.
Kexa-egileek eskatzen dute epe bat ezar dadila behar diren konponketa lanak egiteko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkadan zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Atal horri dagokionez, jabetzakook jakitera ematen dizugu ezen 2009ko irailaren 25ean (inaugurazioa baino bost egun lehenago), zuzendaritza fakultatiboak jabeei egindako neurketa akustikoen ziurtagiria eman ziola. Bertan, adierazten zien indarreko arauak (135/1989 Foru Dekretua) betetzen zirela. Dokumentu hori obra amaierari buruzko dokumentazioaren zati bat zen. Zuzendaritza fakultatiboak ziurtatutako betetzean oinarrituta, instalazioak urrian zabaldu zituen ateak. Behin instalazioa abian jarri ondoren, PCH sozietatearen bulegoetan auzokideen deiak jaso ziren. Haietan, baieztatzen zen gauez zarata handia zegoela. Auzokideek behin eta berriz kexa bera egiten zutenez, PCHk Iruñeko Udaleko Garapen Iraunkorraren Alorreko Ingurumen Ingeniaritzari ikuskapen bat eskatu zion. Lehenengo txostenean –2009ko urriaren 30ekoan hain zuzen–, ikuskapenean ondorioztatzen da 135/89 Foru Dekretuko 15. artikuluko 1. idatz-zatia ez dela betetzen, eta PCHri proposatzen dio behar diren neurri zuzentzaileak ezar ditzan ukitutako etxebizitzetako fatxadetan gertatzen zen immisioa gutxitzeko, hain zuzen ere ezarritako mugez beheiti egon zedin.
Lehenengo txosten horren ondoren, sistemaren aukerak aprobetxatuta, instalazioak klimatizatzeko sistemaren funtzionamendu osoa berritik programatu zen. Funtzionatzeko bi era ezarri ziren: egunekoa eta gauekoa; horren helburua zen gaueko ordutegian instalazioak gutxieneko funtzionamendu bat izatea, tenperaturaren eta hezetasunaren aldetik gutxieneko baldintzei eusteko.
Erabaki zen, halaber, 2. eraikineko aldageletarako estraktoreetan programazio sistemak (erlojuak) jartzea, halako moduz non gauez estraktoreek ez zuten funtzionatuko.
Gauean, oinarrizko klimatizazio bati eusten zaio, non airearen berriztatzea gutxienekoetan mantentzen baita, barneko tenperatura eta hezetasun baldintzak kontrolatuz halako moduz non instalazioak egunez funtzionatzeko ordutegian exijitzekoak diren konforteko baldintzak berehala berreskuratuko diren.
Gaueko zarata horrela mugatuta, 2009ko azaroaren 24an, ikuskatzaileek neurketa akustikoak berriz ere egin zituzten, egiaztatzeko funtzionamendu modu berriak norainoko eragina edukia zuen zarata gutxitzeko. Txostenean berriz ere ondorioztatzen da gaueko eta eguneko ordutegian ez direla betetzen 135/1989 Foru Dekretuko 15.1 artikuluan ezarritako mugak. Hori dela eta, PCHri proposatu zitzaion behar diren neurri zuzentzaileak har zitzan, fatxadan immisioa gutxitzeko, hain zuzen ere legez ezarritako mugez beheiti egon daitezen.
Egoera horretan, zuzendaritza fakultatiboak honakoak bereizten ditu zarata-emisio handiena eragiten duten iturri gisa:
Klimatizatzailearen zarata zuzentzeko neurri gisa, bi isilgailu jarri dira inpultsioan eta egozketan. Txosten hau egiteko egunean jada instalatuta daude.
25 metroko igerilekuaren azpiko eremuko zarata zuzentzeko, barrera akustikoak jartzea planteatu da, betiere igerilekuaren azpiko eremua mantentzeko eta aireztatzeko behar diren sarbideak bermatuta. Lanak atzo hasi ziren, 2010eko urtarrilaren 13an, eta aurreikusitakoaren arabera astebete baino gutxiago iraunen dute.
Behin, lan guztiak amaituta, neurketak eginen dira berriz ere, zarata gutxitu den egiaztatzeko, hain zuzen ere 135/1989 Foru Dekretuko 15.1 artikulua betetzearen ondorioetarako.
Behin kexa aztertu ondoren, ulertzen dugu [?] andreak aipatzen dituen leihoak beheko solairuan daudela; bi dira, zehazki: bata aquavoxeko administrazio-guneko bulego bateko leihoa eta bestea beheko solairuko biltegiko leihoa.
Bada, hormatik kasuko leihora doan ardatzeko neurriak egiaztatu ditugu eta atzeman dugu ez dagoela legeak exijitzen duen bi metroko distantzia.
Horrenbestez, jakitera ematen dugu arazo horri konponbidea emateko, gure asmoa dela leiho hori estaltzea binilo-paper trasluzido batekin.
Bi atal horiek, azterketaren ondorioetarako, kexa bakartzat hartuko ditugu, bien artean dagoen lotura dela eta.
Lehenbizi, gustatuko litzaidake argitzea idazkian aipatzen den horma ez dela antzinako eraikineko fatxada; izan ere, 323. lursaila (San Agustin 17) eta 295. lursaila bereizten dituen mehelin-horma da. Hain zuzen ere, txosten honetako bigarren ataleko irudian ageri den horma da.
Horma hori eraistea gutxi gorabehera orain dela bi urtetik hona kexa-egileekin aztertu dugun gaia da.
Hasiera batean lortu zen akordioa zen aipatu horma kexa-egileek berek eraistea, betiere horrek eragindako gastu guztiak PCHk bere gain hartuta.
Halaber, erabaki zen behin eraisketa egin ondoren, PCHk obretan zehar eragindako kalteak konpontzea.
II. eranskin gisa bi aldeen artean idatzi zen behin betiko kontratua ageri da. Hartan, izan ere, PCHk konpromisoa hartzen du hormaren eraisketaren gastua ordaintzeko eta, gainera, obren ondorioz gertaturiko kalteak konpontzeko. Halaber, zenbakiko eranskin gisa, PCHko aholkulari juridikoak eta [?]-ko jabeen ordezkariak elkarri bidalitako posta elektroniko batzuk ageri dira: haietan jasota dago hormaren eraisketa dela-eta izaniko elkarrizketak.
Puntu honetara iritsita, azpimarratu beharra dago ezen, zenbakiko eranskin gisa gehitu dugun kontratua sinatu ez bada, PCHren borondateaz kanpoko arrazoiengatik izan dela; izan ere, beste aldeari kontratua sinatzeko eta, horrenbestez, aipaturiko horma eraisteko lanak hasteko eskatu zaionean, beti arazoren konponbidea geroratu duen eragozpenen bat topatu dugu.
Horrenbestez, PCHk aditzera ematen du zalantzarik gabe gaiari konponbidea eman nahi diola, baina, nabarmena denez, betiere [?]-ko erakineko jabeekin garai batean erdietsitako akordioen barruan –hain zuzen ere, erantsitako dokumentazioan ageri direnak dira–.
Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz azaldu du bere iritzia kutsadura akustikoak Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan eta 18. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan aitorturiko oinarrizko eskubideetan duen eraginari buruz. Zehazki, 119/2001 epaian adierazia du partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando). Halaber, aipatu berri dugun epaian honakoa ohartarazten du: “Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diote maila jakin batzuk gainditzen dituztenean, eta kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen dira, eta kaltetuak ez du haiek pairatzeko betebeharrik. Immisio horiek oso kaltegarriak dira pertsonari bere etxebizitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat dira (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia).
Auzitegi Gorenak horren gaineko interpretazio jurisprudentziala egin du, hain zuzen ere 2007ko azaroaren 26ko eta 12ko epaietan laburbilduta ageri dena. Horien arabera, etxebizitza batean zaraten immisioak ezarritako mailak gainditzen baldin baditu, pertsonaren eta familiaren etxebizitza barreneko intimitaterako oinarrizko eskubidea urratzen ari da, nortasunaren garapen librea eragozten edo larriki zailtzen den neurrian.
Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarrek dauzkaten eskubideen babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Herritarren eskubideen babes hori lehentasunezkoa da, toki administrazioak berak eskain ditzakeen aisiako zerbitzuen aldean. Horrenbestez, pertsonaren giza eskubideak errespetatzea izanen da gisa guztietako udal zerbitzuen jarduera hasteko eta garatzeko baldintza.
Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez. Erakunde honen iritziz, pasibotasun horrek, udal araua hautsi duena udala bera denean, udala herritarren eskubideak urratzen dituen legez kanpoko jardueraren subjektu aktibo, egile nagusi eta arduradun bihurtzen du.
Kanpoko zarata-maila ezagutu gabe ere, bereziki gaueko ordutegian, Iruñeko San Agustin kaleko 9-17 zenbakietako udalaren kirol instalaziotik (aquavox) hurbilen dauden etxebizitzetan, eta kontuan izanda kexa-egileak eta beste batzuek behin eta berriz aurkeztu dituzten kexak eta salaketak, bai eta 2009ko urrian eta azaroan egindako bi sonometrien emaitzak –haien ondorioa da ez direla betetzen eguneko eta gaueko ordutegian aplikatzekoak diren arauen arauetan ezarritako mugak–, udalaren betebeharra da, bere eskumenez baliatuz eta bere betebeharrak betez, ukitutako jabetzaren mugan kanpoko zarataren maila neurtzea (hain zuzen ere [?] andrearen etxebizitzako leihoan, [?] kaleko 29. zenbakiko bigarren pisuan), ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 6. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarri bezala. Eta kanpoko zarata-mailak ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15. artikuluak –izan ere, artikulu horrek ezartzen du ez dela baimenduko etxebizitzetan eta lokaletan egunez 40 dezibelioko maila eta gauez 35 dezibelioko maila gainditzen duten jardueren eta instalazioen funtzionamendua– eta 16. eta 17. artikuluek ezarritako balioak gainditzen baldin baditu (dbA-tan neurtuta), Zaratak eta bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen 135/1989 foru Dekretuko VI. kapituluan, arau-hauste eta zehapenei buruzkoan, ezarritakoa aplikatu beharko da.
Aipaturiko xedapenak ez betetzea 135/1989 Foru Dekretuko 26. artikuluan jasotako honako jarduerak eraginen ditu:
Udalaren kirol instalazioko (aquavox) fatxadetako batean, hain zuzen ere [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzekin mugakidea denean, 1,20 x 3,00 neurriko leihoak zabaldu dira, kristal gardenarekin, bizilagunen jabetzatik bi metroko distantzia bete gabe, Kode Zibileko 582. artikuluan ezarritakoa urratuz. Udalak ez-betetze hori konpontzeko hartutako neurria –leihoak binilo-paper trasluzidoarekin estaltzea– ez dator bat azaldutako gaiari buruz arauetan eta jurisprudentzian eskatzen denarekin. Arau horiek, gehienez ere, onartzen dute material trasluzido solido eta gogorra erabiltzea, zeinak, argia pasatzen utzita ere, ez duen biderik emanen forma argiak ikusteko; izan ere, gehienez ere, formarik gabeko argi eta itzalak ikusten utziko du.
Horrenbestez, uste dugu hartutako arkitektura-konponbideak Kode Zibileko 582. artikuluan ezarritakoa urratzen duela.
Udalak, bere garaian, antzinako erakineko fatxadako gehiena eraitsi zuen, eta haren zati bat baizik ez zuen zutik utzi; izan ere, [?] kaleko erakineko patiotik bereizteko horma da zutik utzitakoa.
Hormaren izaera alde batera utzita (mehelin-horma da, udalaren arabera, eta udalaren jabetzakoa da guztiz, bizilagunen arabera), aldeen arteko ezin konta ahalako adostasunen eta desadostasunen amaierako ondorioan planteaturiko gaian zentratu beharra daukagu azterketa.
Erakunde honen iritziz, udalak eta bizilagunek hartutako erabakia izan zen azken horiek izapide burokratikoak egitea eta horma eraisteko obra bera exekutatzea eta udalak gastu guztiak ordaintzea.
Horma eraisteko aurrekontua, 4.000 eurokoa, udalari aurkeztu zitzaion, eta azken horrek, 2009ko otsailaren 12ko posta elektroniko baten bidez onartu egin zuen. Honakoa zioen, hitzez hitz: “[?] jauna: Ez dago inongo eragozpenik aurkeztutako aurrekontuari buruz. Nolanahi ere, eta gure betebehar batzuk direla eta, eskertuko nizuke ahal bezain laster kontusailen azalpen bat igortzea”. Azalpen hori biharamunean igorri zen.
Horrenbestez, bidezkoa da, udalaren eta herritarren arteko harremanetan elkarri aitortu beharreko fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioei jarraituz, udalak horma eraisteko proiektuaren egile den bizilagunari berehala honako zenbatekoak ordaintzea: 283,42 euro horma eraisteko proiektuarengatik eta haren bisatuarengatik, 27,54 euro eraisketaren asegurua kontratatzeagatik, eta 220,44 euro Administrazioari obretarako udal lizentziarengatik ordaindutako zenbatekoarengatik. Izan ere, diru-zenbateko horiek guztiak aipatutako bizilagunak aurrez ordaindu baititu. Ondoren, bizilagunek horma eraisteko lana burutuko dute eta, ondoren, udalak eraisketaren kostu osoa ordaindu beharko du –ezin izanen da 3.468,60 euro baino handiagoa izan–.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez ingurumenaren arloan dauzkan eskumenak eta erantzukizunak bete egin behar dituela.
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez bere jarduera, bao eta leihoak zabaltzeari dagokionez, Kode Zibilean ezarritakoaren arabera egokitu behar duela.
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez, bere herritarrekiko harremanetan, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioen arabera jokatu behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia