Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Organización del trasporte sanitario en la zona de Estella
Exp: 10/479/S
Nº: 130
Osasuna
2010eko ekainaren 10ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten du Osasun Departamentuaren aurka, Lizarra aldeko osasun garraioaren zerbitzua dela eta.
Kexa-idazkian azaltzen du ezen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak [?] enpresarekin Lizarra aldeko osasun garraioaren zerbitzua kontratatua duela. Azaltzen duenaren arabera, izenpetutako hitzarmenaren indarrez, enpresak anbulantzia medikalizatu bat eta larrialdietarako anbulantzia bat jarri behar ditu, biak ere eguneko hogeita lau orduetan erabiltzeko prest. Bete behar horretatik kanpo, beste anbulantzia eta langile batzuekin programatutako garraioa egin behar du.
Adierazten du badakiela, “inongo zalantzarik gabe”, enpresak, kostuak gutxitzeko xedez, arratsaldeetan larrialdietako anbulantzia erabiltzen duela ospitale-altek dakarten lana egiteko; lan hori, ordea, programatutakoa da eta beste bitarteko batzuekin egin beharko litzateke. Adierazten du horrek arrisku handi bat dakarrela zerbitzua zuzen emateko eta, horrenbestez, erabiltzaileen osasunerako.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.
“Osasun garraioaren zerbitzua Lizarra aldean emateko kontratuak, egun indarrean dagoenak, enpresa adjudikatzailea behartzen du larrialdiko garraiorako oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat (SAMU) edukitzera, hain zuzen ere Lizarran ezarritako basean, eta bizi-euskarri aurreratuko beste anbulantzia bat (SAMU-UCI) García Orcoyen Ospitalean.
Baliabide horietaz gainera, enpresak SAMU erako bi anbulantzia eta erreserbako beste SAMU-UCI bat dauzka, beharraren arabera edo hitzartutakoetako batek matxura duenean erabiltzeko.
Larrialdiko Osasun Garraioko Sareko baliabideen erabilera SOS-Navarraren koordinazio zentroak (Nafarroako Larrietako Agentziak) agintzen du, sendagile koordinatzailearen jarraibideen arabera eta jarduteko ezarritako prozedurei jarraituz.
Ospitaleko altak, normalean, garraio programatuak izaten dira, 24 ordu lehenagotik alta gertatzen den osasun zentroko arduradunek eskatutakoak.
Larrialdietako zerbitzuen programatzerik izan ez diren alten kasuan, ez da exijitzen 24 ordu lehenagotik abisatzea.
Larrialdietakoak ez diren garraio horietarako, garraio programaturako baliabideak erabiltzen dira, hau da, anbulantzia arruntak.
Azpimarratu beharra dago izenpetutako kontratuaren arabera, anbulantzietako enpresak konpromisoa hartzen duela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak baimendutako garraio guztiak egiteko eta enpresa adjudikazio-hartzaileari ez zaiola egiten duen garraio-lan bakoitzarengatik ordaintzen, baizik eta hamabi hilabeteko ordainketatan banatutako urteko kanon bat.
Planteatutako kexa Lizarra aldeko osasun garraioaren zerbitzua emateari buruzkoa da. Garraio zerbitzu horren gaineko eskumena eta titulartasuna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarena da, eta zeharka, [?] anbulantzien enpresarekin eginiko kontratuaren bitartez kudeatzen da.
Bildutako informaziotik ondorioztatzen denaren arabera, zerbitzua ematerakoan larrialdiko garraiorako bi anbulantzia edukitzea ziurtatu beharra dago: esaten da egun indarrean dagoen kontratuak enpresa adjudikatzailea behartzen duela larrialdiko garraiorako oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat (SAMU) edukitzera, hain zuzen ere Lizarran ezarritako basean, eta bizi-euskarri aurreratuko beste anbulantzia bat (SAMU-UCI) García Orcoyen Ospitalean.
Halaber, igorritako txostenean esaten da larrialdietakoak ez diren garraioetarako, garraio programatuko baliabideak erabiltzen direla, hau da, anbulantzia arruntak.
Kexa-egileak adierazten du kontratuaren aurreikuspen hori ez dela betetzen ari, zeren eta, dioenaren arabera, larrialdietako beharretan laguntzeko erabiltzen den anbulantzietako bat beste xede batzuetarako erabiltzen baita (ospitaleratze programatuak eta larrialdietakoak ez direnak); haren ustez, jokabide horrek auzitan jar dezake zerbitzuaren funtzionamendu zuzena, eta arriskua ekar diezaieke herritarrei.
Osasun Departamentuak igorritako txostenean zerbitzua antolatzeko modua zein den eta kontratuan jasota exijentziak nolakoak diren azaltzen da, baina erakunde honek ez du antzeman inongo pronuntziamendu argirik egiten denik salatutako egitateari buruz.
Gure iritziz, baldin eta larrialdietako garraiorako oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eduki behar baldin bada, biak ere erreferentziako osasun zentroetan kokatuak, ulertu beharra dago aurreikuspen hori zerbitzuaren funtzionamendu zuzenaren bermea dela eta, horrenbestez, ibilgailu horiek berariazko xede baterako erabili behar direla (larrialdietan laguntza ematea edo larrialdien zain geratzea). Baldin eta ibilgailu horiek bestelako xede batzuetarako erabiltzen ari badira (ospitaleratze programatuak eta larrialdietakoak ez direnak) eta osasun larrialdietarako baliabideak gutxitzen ari baldin badira, orduan kontratua ez da betetzen ari eta utzikeriaz jokatzen ari da zerbitzua emateko moduari dagokionez.
Erakunde honek, salatutako egitateak egiaztatutzat ematerik ez duen arren, egokitzat jotzen du Osasun Departamentuari gomendio bat egitea, alegia, ikuskapeneko ahalmenaz balia dadin egitate horiek aztertzeko, eta behar diren bitartekoak jar ditzan larrialdietarako zerbitzuetarako beti eskuragarri egon daitezen xede horretarako berariaz ezarritako baliabideak.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari gomendatzea ikuskapeneko ahalmenaz balia dadin kexa-egileak salatutako egitateei dagokienez, eta behar diren neurriak har ditzan larrialdietako zerbitzuetarako berariaz ezarritako ibilgailuak modu iraunkorrean erabilgarri egon daitezen.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia