Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Deficiente estado de conservación de la travesía de Berriozar
Exp: 09/418/O
Nº: 158
Herrilanak eta zerbitzuak
2009ko ekainaren 16an, Gipuzkoako etorbideko galtzadaren egoerari buruzko kexa bat sartu zen erakunde honetan. Kexa, hain zuzen ere Berriozarko sarreratik (Decatlhonen biribilgunea) hasi eta trenbidera bitarteko tarteari –Aitzoaingo norabidean– buruzkoa zen.
Kexan azaltzen da errepidea, tarte horretan, kontserbazio egoera oso txarrean dagoela, zulo, pitzadura eta hutsune ugarirekin. Horiek bereziki pairatzen dituzte bizikletan edo ziklomotorrean ibiltzen direnek.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.
2009ko uztailaren 16an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“Berriozarko zeharkalea Iruña eta Gasteiz arteko N-240-A errepideko 3+690 eta 5+030 kilometro puntuen artekoa da. Horrenbestez, 1.340 metroko luzera dauka. Galtzadaren zabalera 7,6 metrokoa da, eta bi errei dauzka, bana zirkulazioaren norabide bakoitzean. Zirkulazioaren eguneko batez besteko intentsitatea 9.064 ibilgailukoa da.
Tartea guztiz urbanizaturik dago, eta bi aldeetan plataformatik bertatik isuritako euri-urak hartzeko eremu batzuk dauzka, bi ubidek eta 0,75 metroko sareta duten isurbideek osatuak.
3+700 eta 4+630 kilometro puntuen artean (erreklamazioaren xedea dena) zola, orokorrean, partzialki zahartuta dago, baina ez du inongo arriskurik bide-segurtasunerako, kontuan hartzen bada eremu osoan abiadura orduko 50 km-tara mugatuta dagoela. Gainera, semaforoekin erregulatutako bide-gurutze ugari daude, eta horrek egiaz eragozten du gurpildun ibilgailuen trafikoak abiadura hartzea.
Deskribatu berri dugun eremuak, hori bai, zanga, bide-gurutze eta udal zerbitzuen paralelismo ugari dauzka, zuzen exekutatuta ez daudenak. Hori dela eta, asentamendu partzialak sortu dira, legar-geruzak behar adina trinkotu ez direlako; horrek ur-putzu txikiak eragiten ditu euria dagoenean, baina horretaz gainera azalerako drainatzea txarra da eta errodadurarako geruza zenbait arlotan hondatuta dago. Horiek guztiak aldizka konpondu behar izaten dituzte, behin-behineko moduan, kontserbazio-brigadek. Ondorioa da errodadura deserosoa dela zeharkaleko erabiltzaileentzat, baina zirkulaziorako segurua dela.
Horrenbestez, objektiboki arrazoizkoa den arren zeharkalea etorkizunean hobetu beharrekoa dela, errodadurarako geruza berriz jarriz, egoera horrek ez du inolaz ere arriskuan jartzen bideko erabiltzaileen bide-segurtasuna.
Etorkizuneko aurrekontuen arabera, behar diren jarduerak eginen dira egungo egoera hobetzeko”.
Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeko 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoa da Nafarroako Errepideen Sareko titularra (sare horretan sartzen dira Foru Komunitateko lurraldean barrena doazen eta Nafarroako Errepideen Katalogoan ageri diren errepideak). Eta titularra den aldetik bide-zerbitzu publikoaren erantzulea da, bai eta lege-arau horretan aitortzen zaizkion ahalmen eta eskumenez behar bezala baliatzeko ardura duena ere.
Bestalde, 5/2007 Foru Legeko 67. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkio zeharkaleen titulartasuna eta kudeaketa. Kexan aipatzen den errepidea, hain zuzen ere, zeharkale bat da.
Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legeak jarduteko ezarri zituen irizpide orokorren artean (7. artikulua) honakoak topatu ditugu:
Zerbitzuaren funtzionaltasuna, erosotasuna eta kalitatea erabiltzailearentzat, Nafarroako errepide sareak zerbitzu publikoaren eginkizuna bete dezan eta behar sozial eta ekonomikoekin bat erabil dadin.
Bide segurtasuna. Hobekuntzak Nafarroako errepide sarean egiten diren jarduketa guztietan izan beharko du tokia.
Kontserbatzea eta mantentzea. Erabilgarri dagoen bide sarearen kalitateak eta egoera onak lehentasuna izanen dute, bide ondarea zaindua egon dadin eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzu publikoaren maila ere egokia izan dadin.
Lege-arau horiek aipatuta, kexan sorturiko gaia arauen ikuspuntutik kokatzerakoan ikusten dugu hartan Berriozarko zeharkalearen kontserbazio-egoera txarra salatzen dela.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak galtzadaren egoeran akatsak badaudela eta etorkizunean hura egoki kontserbatzeko eta hobetzeko lanak egitea komeni dela aitortzen duen arren, azpimarratzen du zolaren egungo egoerak ez duela inongo arriskurik ekartzen bide-segurtasunerako.
Nafarroako errepideetan akatsak egoteak berak ezin du erakunde hau eraman ondorioztatzera Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bere legezko betebeharrak betetzen ez dituenik.
Argi dago bide-azpiegitura guztiak (eta, orokorrean, azpiegitura guztiak) hobetu egin daitezkeela, eta Administrazioak, aldizka, behar diren lanak egin beharko ditu helburu hori betetzeko. Horri dagokionez, egia da komunikabide askoren egora ez dela optimoa, eta komeni dela haietan lanak egitea, baina, halaber, nabarmena da lan horiei ekiteko dauden baliabideak mugatuak direla, eta horrek berak modu erabakigarrian baldintzatzen du Administrazioaren jarduera orain aztergai duguna bezalako esparruetan.
Hori guztia gorabehera, kontuan izanda erakunde honek esleitua duela ez soilik herritarren eskubideen defentsa, baita haien babes maila hobetzea ere, eta kontuan izanda, orobat, aurkeztutako kexa guztiz oinarrituta dagoela, zeren eta, Administrazioak berak aitortzen duen bezala, bidearen egoera nabarmen hobetzeko modukoa baita, bidezkotzat jotzen dugu Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari iradokitzea behar diren jarduerak egin daitezela erreferentziako zeharkalearen egoera hobetzeko. Adierazi dugun bezala, legegileak arlo honetan ezarritako printzipio orokorrek helburu dute ez soilik bide segurtasuna bermatzea (alderdi hori, noski, funtsezkoa da), baita haren funtzionaltasuna, erosotasuna eta bide-sarearen egoera ona bermatzea ere, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa emanez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari iradokitzea behar diren jarduerak egin ditzan Berriozarko zeharkaleko galtzada hobetzeko.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko iradokizun hau onartzen duen eta azaldutakoaren bidetik egokiak diren neurriak hartu behar dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia